Gizartea

Amaieraren abiapuntua

Amaieraren abiapuntua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bizkaia hondoratzen hasi zen 1937ko martxoan. Matxitxakon ziren ontzien kanoien zartadekin abiatu zen hilabetea, eta Durangora jaurtitako 281 obusekin bukatu. Hilotzak kostaldetik eta airetik. Lehorrean borrokalariak, guduari hasiera emango zion txistuaren zain. Prest. Bizkaia konkistatzeko erasoaldia abiatu zuten faxistek martxoaren bukaeran. Amaieraren hasiera izan zen lurraldearentzat. Baina ezohiko irudiak ere utzi zituen hilabete hark. Fusilaren eta trikitiaren bueltan ospatu zuten milaka gudarik 1937ko martxoaren 28an Aberri Eguna, lubakietan. Eusko Lurra egunkaria: "Aurtengo Aberri Egunak indar berezia du, euskal lurraldearen zati bat etsaiak inbadituta dagoelako". Egun berean, Defentsa Sailaren telegrama bat iritsi zen Iurretan Euzko Gudarosteak zuen kuartelera: "Indar alemanak, italiarrak eta moroak Gasteizera iritsi dira gerra material ugarirekin. 25 ehiza hegazkin eta hamalau bonbaketari daude. Mola eta Kindelman ere iritsi dira. Azken txostenaren arabera, astelehenean egingo dute eraso". Handia zen bando bateko eta besteko armen arteko aldea, eta gerra armategi horietan irabazi eta galdu zen Bizkaia.

Zaila da kontaketa zehatza egitea. Iturri guztiak ez datoz bat faxistek eta euskal armadak zituzten armen datuetan. Edonola ere, ondorio bera dute zenbaketa guztiek: Francoren aldeko indarren nagusitasuna erabatekoa zen Bizkaia hartzeko operazioa hastean. Jose Antonio Urgoitia euskal armadako kide eta historialariak bildutako datuek erakusten dute armategian zegoen aldea. Urgoitiaren arabera, Molaren armadak 23.620 soldadu zituen martxoan, Legutioko frontea hausteko, eta 11.675 borrokalari zituen euskal armadak. Gudu kanoien diferentzia ere nabarmena zen: 123 zituzten faxistek, eta 23 errepublikanoek. Berdin gurdi blindatuen kasuan: hamazazpi, zortziren aurka. Hegazkin kopuruan dago alderik handiena, baina, Urgoitiak bildutako datuen arabera: 152 zituzten matxinoek martxo bukaeran, eta hamazazpi errepublikanoek.

1937ko ekainean, Burdin Hesia hausteko batailan ere nabarmena zen batzuen eta besteen arteko aldea. Soldaduei dagokienez, antzeko kopuruak zituzten bi bandoek: 12.000 faxistek, eta 10.500 errepublikanoek. Armategian zegoen gakoa: 200 gudu kanoi, hamazortzi gurdi blindatu eta 110 hegazkin zituzten Francoren aldekoek; errepublikanoek, aldiz, ez zuten hegazkinik, eta hogei gudu kanoi besterik ez zituzten Burdin Hesia defenditzeko.

Gerra egiteko modu berriak

Indar militarrean zuten nagusitasunaz jakitun ziren faxistak, eta Bizkaiaren aurkako erasoa martxoan abiatu izana ez zen kasualitatea izan. Madril hartzeko guduan Francoren armadak izandako porrota dago, besteak beste, erabakiaren atzean. Espainiako hiriburua konkistatzeko ezintasunak lur jota utzi zuen bando nazionala. "Martxoa hilabete lazgarria izan zen errebeldeentzat. Hondamenez betetako hilabetea izan zen, eta Madril sekula hartuko ez zuten susmoa zen nagusi", idatzi zuen George Steer kazetariak. Bi hausnarketa nagusi atera zituzten faxistek porrot hartatik: batetik, gerrak uste baino luzeago joko zuela eta denboran irauteko baliabideak beharrezkoak zituztela; eta, bestetik, erabateko garaipena lortu nahi bazen gerra estrategia aldatzea beharrezkoa zela. Bizkaian aurkitu zuten irtenbidea.

Lurraldea aberatsa zen industria siderurgiko, meategi, ontziola eta merkataritza ontzidiari dagokienez, eta, Bizkaia mendean hartzea, gerrari aurre egiteko baliabideak eskuratzeko bide gisa ikusi zuten Francoren aldekoek.

Estrategia militarrak aldatzera bultzatu zituen, bestetik, Madrilgo batailan izandako hondamenak. "Francok ulertu zuen orduko indarrekin ezin zuela Errepublika garaitu, eta Hitlerrengana jo zuen berriz, abiazio eta tanke gehiago eskatzeko". Francori laguntza emateko Hitlerrek izendatu zuen Eneke koronel alemanaren hitzak dira horiek. Martxotik aurrera, lurretik ez, airez egin zuten gerra faxistek. Eta Bizkaia izan zen Francoren aldekoek, Italiako faxisten eta Alemaniako nazien laguntzarekin batera, gerra egiteko modu berria frogatzeko aukeratutako lurraldea. Herman Wilhem Goring politikari naziak Nurenbergeko epaitegian aitortu zuen euskal lurraldea Luftwaffe Alemaniako aire armadaren "proba bankua" izan zela.

Molak berak sinatutako panfletoek eman zuten martxoan hasi eta lurraldea hartu bitartean jazoko zenaren berri. "Azken abisua: Espainiako iparraldean gerra bizkor bukatzea erabaki dut. Hilketarik egin ez eta armak edo beren buruak entregatuko dituztenen bizitzak eta jabetzak errespetatuko ditugu. Zuen sumisioa berehalakoa ez bada, Bizkaia txikituko dut, gerra industrietatik hasita. Nahikoa ahal badut horretarako".

Bazen errepublikanoen aurkakoek aldeko zuten beste aldagai bat ere: Oviedo hartzeko saiakera egin zuten errepublikanoek aurreko hilabeteetan, eta Euzko Gudarosteko hainbat indarrek parte hartu zuten erasoan. Galera ugari izan zituzten, eta Euskal Herriko borrokalarien gogo aldarte txarra aldeko zuten errepublikanoen aurkakoek.

Erabakia hartua zuten: Bizkaia menpean hartzeko ordua iritsi zen. Martxoaren 31n eman zuten lehen kolpea, Durangoren aurkako bonbardaketarekin. 336 herritar hil ziren erasoaren ondorioz —8.797 biztanle zituen orduan—. "Populazio zibilaren kontrako bonbardaketarik ikaragarriena izan zen momentu hartara arte, gizadiaren historian ez zen halakorik gertatu 1937ko martxoaren 31 arte", idatzi zuen Steer kazetariak Times egunkarian. Claude G. Bowers AEBetako kontsulak ere hala azaldu zuen bere memorietan: "Populazio zuriaren kontra ezagutzen den bonbardaketarik izugarriena". Apirilean, are gogorrago jo zuten hegazkin faxistek Bizkaiko hainbat herritan. Ondorengo gertakarien atarikoa izan zen Durango.

Aire erasoekin batera Legutioko frontea hausten saiatu ziren faxistak. "Gaur egunsentian hasi da behin eta berriz iragarritako erasoaldia", idatzi zion Jose Antonio Agirre lehendakariak Indalecio Prieto Espainiako Errepublikako Defentsa ministroari. Ez zen ustekabean iritsi. Martxoaren 23an hasi zuten faxistek Bizkaiari erasotzeko tropen lekualdatzea, eta 28an abiatu nahi zuten lurraldearen aurkako lehen erasoa; VI. Aberri Egunaren ospakizun egunean, hain zuzen. Baina, eguraldiak behartuta, hiru egunez atzeratu zen erasoa.

Aberri Eguna, lubakietan

Gerra testuinguruan ospatu zuten 1937ko Aberri Eguna oraindik errepublikanoak ziren euskal lurraldeetan. Bilbon egin zuten ekitaldi nagusia, baina beste hainbat herritan ere egin zituzten ospakizunak; tartean, Gernikan, Durangon eta Lekeition. Indar erakustaldia izan behar zuen Pazko Eguneko hitzorduak, eta eguna girotzen aritu ziren hedabideak. Eguna egunkariak martxoaren 24an argitaratutako artikulua da adibidea: "Dirdaitsu ta handiro antolatu beaŕ dogu aurtengo abeŕi eguna. Zenbat eta gure eŕia jazartuago, ainbat eta euzko abeŕtzaleak sutsuago; zenbat eta gure arerioak amoŕatuago, ainbat eta gu eŕimeago eta langileago abeŕiaren aldez. Ara or gureatzako egikeriarik egokiena".

Herrietako ekitaldietan ez ezik, lubakietan ere ospatu zuten eguna gudariek. 1932an egin zen lehen Aberri Eguna, Bilbon. Lehendabizikoa egin zutenetik, Donostiak, Gasteizek, Iruñeak eta beste hainbat herrik hartu zuten festa abertzalearen lekukoa. Berezia izan zen 1937koa, gerra betean ospatu baitzen eta antolatzen zen azkena baitzen. 1978ra arte legez kanpoa izan zen jaia. Luciano Kintana Madaria Nik marrazkilariak egin zuen VI. edizioa iragartzeko kartela. Gudari aldizkariaren arima bihurtu ziren Kintanak egindako marrazkiak. 1937ko martxoaren 6an argitaratu zen Gudari aldizkariaren lehen zenbakia, eta Bilbo erori arte izan zen martxan. Guztira, 11 aldizkari kaleratu zituzten.

Faxisten erasoak aurreikusi eta armada antolatzetik haragoko lanak zituen Eusko Jaurlaritzak Bizkaian. Haren menpean zegoen lurralde bakarra zen, eta herritarrak babesteko eta beren beharrizanak asetzeko ardura ere bazuen. Honako galdera hau egin zioten Martin Ugalde idazle gipuzkoarrari: "Bonbek ala goseak, zerk arduratzen zituen gehiago Bilboko herritarrak?". La Guerra en Euzkadi liburuan (Txertoa) ageri da Ugalderen lekukotza. Gipuzkoarra zen sortzez, baina frankistek lurraldea hartu ahala jo zuen Bizkaiko hiriburura babes bila. Hala erantzun zion idazleak galderari: "Goseak. Bonbardaketak aldian-aldian jasaten genituen [...] Babeslekura jotzen genuen korrika [...] babesa sentitzen genuen [...] Babeslekuan goseaz hitz egiten genuen, beti goseaz. Ogi puska bat eskuratu, segituan jan eta egun osoa jan gabe igaro behar izaten genuen. Izugarria zen". Oinarrizko beharra zen elikadura, eta, elikagaien eskasiak eraginda, errazionamendua ezarri zuen Jaurlaritzaren Merkataritza eta Hornikuntza Sailak. Ostatu eta jatetxeetan ere, plater bakarreko otorduak izenez ezagutzen den araua jarri zuten indarrean 1937ko otsailean, eta jatetxeen salneurriak ere mugatu zituzten.

Datuek ematen dute orduko errealitatearen berri. Iñaki Egaña historialariak Gerra Zibila Euskal Herrian liburukietan (Aralar) bildutako datuen arabera, Bizkaiko Erruki Elkarteak 3.897 behartsu hartu zituen 1937ko apirilean. Hilabete berean, 51.586 bazkari eta 44.182 afari eman zituen elkarteak, baita haurrentzako prestatutako 3.000 zopa plater ere. Haurrak babesteko ardura zuen Gizarte Laguntza Sailak martxoaren 20an egin zuen lehen ebakuazioa. Bermeotik atera zen lehen ontzia, 450 haur zituela, Donibane Lohizunera. Faxisten erasoak ugaritu ahala areagotu ziren haurrak atzerriratzeko espedizioak.

Matxitxakon hasi eta Durangon bukatu zen duela 80 urteko martxoa. Atariko hilabetea. Zetorrenaren iragarlea. Amaieraren abiapuntua.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

berria.eus/oroiteria

Herriaren ordezkari isilduak

Herriaren ordezkari isilduak

N. Salazar Orbe
Ezohiko irudia utzi du Gernikako Batzar Etxeak asteon. Aginte lekuetan oraindik nagusi izan ohi den gizonen presentzia nabarmena alde batera utzi, eta emakumeek hartu dute lurralde historikoaren ordezkaritza eta partaidetzaren organo na...

Uhin erradiazioa gutxitzeko neurriak iragarri ditu Plentziako Udalak

Uhin erradiazioa gutxitzeko neurriak iragarri ditu Plentziako Udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Erradiazio elektromagnetiko handiegia du Plentziak. Hori ondorioztatu du uhin elektromagnetikoetako aditu Raul de la Rosak egindako ikerketak. Europako Batzordeak gomendatutako neurriak nabarmen gainditzen ditu hainbat gunetan, eta hori aldatzeko asmoa duela iragarri du udalak; erradiazioak gutxitzeko neurriak hartuko dituela.

Herriaren erdiguneak du kutsadura handiena, azterketaren arabera. Etxebizitza batzuetan, Europako Batzordeak gomendatutako neurriak 30 aldiz gainditzen ditu. Zenbait kale eta parke publikotan, gomendatutakoa baino sei aldiz erradiazio handiagoa neurtu da.

Andra Mari kaleko 17. zenbakiaren ingurukoa da egoera okerrena. Telefoniako antena-konplexua dago han, eta, hain zuzen, horrek kezkatuta eskatu zioten hainbat herritarrek udalari gaiari heltzeko. Plentziako Udalak horrexegatik egin du azterketa.

De la Rosak grafikoki marraztu du herriaren egoera, mapa elektromagnetiko bat eginda. Egoera larrienak gorriz margotu ditu —0,1 mikrovatio/cm2 baino gehiago dutenak—; beste neurri kezkagarriak, horiz. Hala nabarmendu ditu Europako Batzordeak 2011n onartu zuen 1815 ebazpenean ezarritako mugak gainditu dituzten neurketak. Plentziako Udalak bere egin zuen Europako gomendioen ebazpena, iazko maiatzean. Erradiazioen muga 0,1 mikrovatio/cm2-an jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez, eta epe ertainera 0,01 mikrovatio/cm2-ra gutxitzea.

Bizkaian ezartzen den Espainiako araudia, ordea, oso urruti dago Europako Batzordeak egindako gomendioetatik. Uhin elektromagnetikoen muga Europak gomendatutakoa baino 4.500 aldiz gorago ezarria du Espainiak. "Horrek ez du osasuna babestea bermatzen", dio De la Rosak.

Legez onartutako maila

Plentzian egindako neurketetan jasotako erradiazio mailak ez ditu gainditzen Espainiako araudian jasotako neurriak. Baina osasunari eta bizi kalitateari erreparatu nahi bazaio Europaren gomendioak oinarri hartu behar direla ohartarazi du adituak.

Bide horri jarraitu nahi dio Plentziako Udalak ere. Eta, behin azterketaren emaitzak jasota, neurriak hartuko dituela azaldu du. Lehenik eta behin, Andra Mari kaleko antena-konplexuaren egoerari jarraipen zorrotza egingo dio, arau hausterik ba ote den egiaztatzeko. Bestetik, osasuna bermatuko duen ordenantza berezi baterako proposamena aurkeztuko du, aurki.

Elkartasun gurpilari biraka

Elkartasun gurpilari biraka

Eider Mugartegi

Iparraldeko Done Jakue bidea egiten duten erromesek bidaide berezia aurkituko dute uda honetan: traktore gurpil handi bat. Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko asmoz, Irun (Gipuzkoa) eta Santiago (Galizia) lotzea helburu duen proiektua jarri du abian lagun talde batek. Uztailaren 6an hasiko dira gurpilari bueltak ematen Irunen, eta 23rako Santiagora heltzea nahi dute.

Re-vuelcate izena darama proiektuak eta 2016an jaio zen, Asturiasen. Orduan, Fran Linares asturiarrak gidatutako lagun talde batek traktore baten gurpila eraman zuen Sotondriotik Covadongaraino, minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko asmoz. Milaka lagunen eta zaldien indarrak batu zituzten gurpilak biraka jarrai zezan, eta 8.000 euro lortu zituzten.

Aurten, erronka handiagoa izatea nahi dute. Euskal Herria, Kantabria, Asturias eta Galizia igaro nahi dituzte Iparraldeko Done Jakue bidean zehar, 800 kilometro gutxi gorabehera gurpilari bueltak emanez. Kalkulatu dutenez, 80.000 buelta eman beharko diote gurpilari, eta hori guztia lortzeko laguntza handia beharko dute.

Iraulita

Etxebarriko Antsotegi hotelekoek hartu dute Euskal Herriko zatiaren antolakuntzaren ardura. "Badakigu bira asko direla, kilometro asko, eta esfortzua are eta handiagoa. Baina aldi berean badakigu bihotzarekin egindako lanek ez dutela sakrifiziorik eskatzen", diote.

Badira lau urte minbiziak Antsotegikoen etxeko atea jo zuela. Hori dela eta, nahitaezkoa iruditu zaie gaixotasun horri "eguneroko borrokagaz aurre egin eta horrelako egitasmoekin menperatzen laguntzea".

Asturiasko mendizale batzuen bitartez izan dute proiektuaren berri; "aitaren laguna zen mendizale famatu baten bitartez". Aita, Emilio Hernando, Martin Zabaletarekin Everestera igo zen lehen euskal espedizio hartako mendizaleetako bat izan zen, euskal alpinismoari ekarpen handia egin dion gizona. Horrela, Euskal Herriko zatia lotzeko laguntza eske joan zitzaienean, eta proposamenaren helburua jakinda, ezin izan zutela ezetzik esan nabarmendu dute. "Denon artean lortuko dugulako".

Uztailaren 6an hasiko dira gurpilari bueltak ematen, 20:00etan, Irunen, eta, uztailaren 23an Santiagora heldu arte, gau eta egun etenik barik, biraka mantentzeko erronka dute. Euskal Herriko tartea bost egunean zeharkatu nahi dute: uztailaren 6an jarriko dute gurpila biraka, eta Ontonen (Kantabria) utziko dute uztailaren 10ean, 15:00etan.

Gurpila ez dute biraka eramango; irauli egingo dute, eta buelta bakoitzeko euro bat lortzea da asmoa. "Horregatik guztiagatik, jendearen parte hartzea eskatzen dugu. Gurpilari tiraka, diru laguntza emanez edo soilik egitasmoa zabalduz lagundu daiteke, mezua mundu guztiari helaraziz", azaldu du Antsotegiko Julen Hernandok. "Denon laguntza behar dugu; ez guk soilik, egunerokoan gaixotasun horren aurka borrokan ari diren heroi horiek batez ere".

Nahi duenak kontu korronte bat edukiko du borondatea emateko. Horrez gain, itsulapikoak jarriko dituzte hainbat txokotan. Lortzen duten diruaren zati bat Oviedoko elkarte batentzat izango da, eta beste bat, Euskal Herriko elkarteentzat.

Gurpilari birak emateko jendea lortzen ere hasi dira. Kirol taldeetara jo dute lehendabizi: "24 ordu jarraian izango dira, eta txanda gogorrenak lotzen hasi gara, baina gure asmoa egitasmoa ahalik eta parte hartzaileena izatea da".

Gurpilak orduko 2 kilometroko abiaduran joan behar du; haren erritmoa neurtuta daukate. Ordutegi denak ere zehaztuak dituzte, non egingo diren aldaketak... Beraz, mendiko tarteak kirolarien esku utziko dituzte, eta, gero, herri inguruetan dauden tarteak egiteko, elkarteengana jo eta parte hartzeko aukera emango diete. Horrela egingo dute gurpila igaroko den herri guztietan; proiektua herriz herri eta elkartez elkarte azalduko dute: Irun, Hondarribia, Donostia, Zarautz, Deba, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Bilbo, Portugalete, Pobeña eta Onton.

"Korapilatsuagoa da antolaketa, baina iruditzen zaigu jendeari parte hartzeko aukera ematea askoz erakargarri eta interesgarriagoa dela. Jendeak proiektuagaz bat egitea lortu nahi dugu. Azken finean, guztiok edo askok dugu inguruan bateren bat minbiziak eragin diona".

Parte hartzeko prest agertzen direnen arabera banatuko dituzte tarteak. Pertsona batek besteari pasatuko dio gurpila, horrek beste bati eta hark hurrengoari... elkartasun katea sortuz. Azpimarratu dute garrantzitsuena gurpilak erritmo berbera, aldaketarik gabea mantentzea dela, epeak bete ahal izateko. "Horretarako, gurpilagaz batera beti joango da arduradun bat, edozein momentutan lagundu ahal izateko. "Antolakuntza handia da. Horregatik, gure asmoa Antsotegi oinarrizko kanpamentu bihurtzea da. Pertsona batzuk han geratuko dira lotan, eta garraioa ere prest edukiko dugu bakoitza behar den lekura eramateko".

Euskal Herriko zatia asteburuan egokitzea aldeko dela uste dute: "Jendeak aukera gehiago izango du parte hartzeko".

Ezberdintasunean hezi

Ezberdintasunean hezi

Natalia Salazar Orbe

Patakon piratari kostatu egiten zaio bizikletan ibiltzea. Hanka bakarra du, bestea zurezkoa baitu. Eta ez da erraza era horretan pedalei eragitea. Anerekin bidegorrian doala, Olaiarekin eta haren aitarekin egiten dute topo. Olaiari ere besteei baino gehiago kostatzen zaio gauza asko ikasi eta barneratzea. Down sindromea du. Baina badaki garrantzitsuena saiatzea dela, eta gainerakoek ulerkor jokatu beharko luketela. Ane damu da, behar baino pazientzia gutxiago izan duelako Patakonekin.

Pertsona desberdinek munduari ematen dioten aberastasuna irudikatzen du BBK-k eta Bizipoza elkarteak abiatu duten proiektu berriak. Down sindromedunek, ijitoek zein minbizia duten umeek bizitzak zein gizarteak berak ezarritako zailtasunengatik bizi duten egunerokoa islatzen duten bost film labur argitaratu dituzte elkarlanean. Baita horiekin lotutako hiru joko ere.

Ixone Zubieta BBK-ko teknikariak azaldu ditu helburu nagusiak: "Ume eta pertsona horiekin lan egiten duten elkarte eta erakundeei lagundu nahi diegu. Euren lana zein den zabaltzea dugu helburu". Bost elkartek parte hartu dute proiektuan: Bizkaiko Aspanovas —minbizia duten umeen gurasoen elkartea—; Gure Señeak —gaixotasun arraroak edota adimen urritasunen bat duten neska-mutilen familiei laguntzeko elkartea—; Euskal Herriko Down Sindromearen Fundazioa; Kale Dor Kayiko ijitoen elkartea; eta Gizakien Lurra —politika, arraza, erlijio eta sexu bereizkeriarik gabeko eskubideen aldeko elkartea—.

Herritar ororentzat eskuragarri jarriko dute materiala elkarteotako webguneetan eta Bizipoza.eus eta Bbk.eus-en. Horrez gain, Bizkaiko 280 ikastetxetara ere bidali dute. Ikasgeletan teknologia berrietara egokitutako hezkuntza tresna legez erabiltzea da asmoa.

Hala, finean, ipuina baliatuko dute balioetan hezteko eta premia bereziak dituzten neska-mutikoek gainditu beharreko erronkak ezagutarazteko. Filmak Irria aldizkarian euskaraz argitaratutako haur ipuinetan daude oinarrituta. Irrien Lagunak Klubaren aldizkaria da hori.

Marimotots da beste protagonistetako bat. Ospitalean dago, minbiziarekin. Eta Aspanovas elkarteak osasun etxeetan irria zabaltzeko egiten duen lanari aitortza egiteaz gain, hezur muina ematearen garrantziaz ere ohartarazi nahi du filmak. Ospitaletik ezin aterata dago Marimo, baina zoriontasun leiho bat zabalduko dioten elementuak beharrezko ditu bertan. Horrez gain, Anek Patakon aurkitu du pasaguneetan. Hezur muina eman gura du. Horretarako, nahikoa du odola ematearekin. Zain geratuko da bere hezur muinarekin bateragarria den gaixoren bat agertu arte. Urteak ere pasa daitezke inork berea behar izan arte. Agian inoiz ezin izango du eman; ez, behintzat, berearekin bateragarria denik ez bada azaltzen.

Beste egun batean Israelen etxera joango da Ane, etxeko lanak egitera. Familiako hainbat kide daude bertan. Denak ez dira bizi han, baina sarri elkartzen dira. Israelen ama pozik dago, eskolaren garrantziaz jabetuta. Baita aitona ere. "Nik ez nuen izan ikasteko aukerarik, baina gure ondorengoek jende ikasia izan behar dute", dio.

Zerua teilatu eta zelaia zoru duen ijitoen banderak liluratuta utzi du Ane. "Nik ezer gutxi dakit zuei buruz", aitortzen dio Israeli: "Soilik jende gehienak mesfidantzaz begiratzen dituela ijitoak". Eta hark erantzun: "Hori da ez gaituztelako ezagutzen".

Tabuak eta aurreiritziak

Bideoak eta jokoak baliabide erabilgarritzat jo dituzte, umeek alde batera utz ditzaten sortzen diren hainbat tabu eta aurreiritzi. Horrez gain, txikienen artean elkartasun, maitasun eta begirune balioak zabaltzeko ere baliagarriak dira.

Irria aldizkariak komikien bidez ematen zituen mezuak erakargarriago egiteko ideiarekin sortu zen proiektua. "Mezua askoz ere hurbilagoa da marrazki bizidunen formatuan". Emaitza bistakoa da: "Elkarteek eta pertsonek zer-nolako beharrizanak dituzten kontatzen da era erraz-erraz batean. Bitartekari darabiltzate, gainera, umeentzat ezagunak diren pertsonaiak. Horrek are gehiago laguntzen du umeen artean mezua zabaltzen".

Joko errazak

5 eta 8 urte arteko umeentzat dira filmak zein jokoak. Azken horiek "errazak" dira; hiru motatakoak. Haietako batean, ipuinetako irudiak baliatuta, kronologikoki antolatu behar dituzte umeek horiek. Beste batean, irudi bat eta silueta beltzak ematen zaizkie. Eta haurrek identifikatu egin behar dute zein silueta dagokion irudiari. Azkena puzzlea da.

Umeei begira antolatuta dago kanpaina. Hala ere, jakina da familiengan ere eragina izan behar duela, horietan ere izan daitezkeen aurreiritziak aldatzen laguntzeko. "Umeentzako baliabideak dira prestatu ditugunak, baina familia barruan lantzekoak ere badira. Eskolan landu baditzakete, zergatik ez etxean?". Aurkeztutako lanak onak direla sinetsita daude sustatzaileak. "Edozeinek ikusteko modukoak dira. Hala ere, hizkuntza erraz batean egin nahi izan ditugu; bereziki, umeei begira".

Itomenetik ihes egiteko bidexkak urratzen

Itomenetik ihes egiteko bidexkak urratzen

Aitziber Laskibar Lizarribar

Energiarik berdeena kontsumitzen ez dena da". Argi du Iratxe Arriola Eako alkateak. Eta argi du, era berean, eraldatu egin behar dela energiaren inguruan ezarria dagoen sistema guztia. Ez hori bakarrik; seguru dago "bizitzeko eredua" ere aldatu beharko dela. "Trantsizioa" ez du gertu ikusten, baina lehenago edo beranduago egin egin beharko dela dio; ezinbestean egin beharko dela. Bide horretan, "pauso txikiei" begiratzen die, eta horiei heldu die bera buru duen udalak ere. Energia berriztagarrietara jauzi egiteko beharrari buruz hausnarketa egin, herrian bertan autokontsumorako proiektu txiki batzuk martxan jarri, eraginkortasunari begirako neurriak hartu, eta, aurten, energia guztiz berriztagarria merkaturatzen duen kooperatiba batekin kontratatu du herriko argindar guztia: Goienerrekin. "Ez da iraultza", dio alkateak; "baina egin beharreko pauso txikiak dira".

Eakoa ez da energia kontsumitzeko modua eraldatzeko urratsa egin duen udal bakarra. Bai, ordea, lehenetarikoa, eta pauso sendoenak eman dituenetarikoa. Izan ere, nahiz eta Bizkaian herri asko dauden bonbilla zaharrak kontsumoa gutxitzen dutenekin aldatu eta kontsumoa murrizteko beste zenbait neurri hartu dituztenak, kontsumituko duen argindar guztiaren jatorria energia berriztagarria izateko urratsa egin duen lehenetarikoa da Ea. Busturia du aurretik. Eta gehiago etorriko dira: dozena erdi udalek, gutxienez, aurreratuta dauzkate hartarako tramiteak.

Udalei zaila egin zaie, orain arte, energiaren jatorriei erreparatu gabe aritzen diren enpresa elektriko nagusien saretik ihes egitea. Gaur egun ere, kontsumitzaile orok Espainiako Gobernuak araututa dauzkan bost enpresen bidez jaso behar ditu, ezinbestean, zerbitzu asko. Energia sare osoak Red Electrica de Españarenak izan behar duela zehaztua du, eta bost banatzailek soilik garraia dezaketela energia: Hego Euskal Herrirako, Iberdrola jarria du banatzaile gisa.

Garraio eta banaketa hori, beraz, Espainiako Gobernuak araututa dituen enpresa erraldoien bidez egin behar da, ezinbestean. Energia etxeetara iritsi arteko lehen eta azken pausoak, aldiz, liberalizatuta daude: sortzea, eta merkaturatzea edo kontsumoa. Horietan esku har dezakete bestelako enpresa edo kooperatiba txikiagoek. Hau da, berak salduko duen energia sortu dezake nahi duen enpresak, nahi duen bezala —esate baterako, energia berriztagarria soilik—. Hori garraiatu eta banatzeko, Iberdrolaren tutuak erabiliko ditu.

Sistema horren ondorioz, Bizkaiko etxe, enpresa eta instituzio ia guztiek Iberdrolarekin dute kontratu osoa egina, automatikoki. Hori alda daitekeela ohartarazi dute, ordea, energia berriztagarria sortu eta merkaturatzeari begira sortzen ari diren kooperatibek. Bestelako enpresa horietako batera jo, eta eurek bideratzen dute aldaketa. Hori, kontsumitzaile partikularrei dagokienez.

Udalen bidea konplexuagoa da. Kontratuak lizitazio publikora atera behar dituzte instituzioek, legez, eta, oso gai tekniko eta itxia izanik, zaila da hartarako pleguak egitea. Iaz, ordea, urrats handia egin zen bide horretan: udalx100berriztagarri plataforma soziala sortu zen. "Pertsona eta herrientzat seguruak diren energiak" bultzatzeko konpromisoarekin sortu da plataforma. Energia nuklearrari espresuki uko egiten dio, eta energia berriztagarrien alde egiten du, "klima aldaketaren aurka ekin ahal izateko nahitaezko estrategia gisa". Eredu energetikoaren demokratizazioaren eta "oligopolio baten eskuetan dagoen merkatuaren deskontzentrazioaren alde" ere egiten du, besteak beste.

Udalei begirako egitasmoa da iaz sortutakoa, "erosketa publiko jasangarri eta arduratsuaren oinarriekin konprometitu daitezela eskatzeko". Hartarako, abokatu eta adituek egindako tresna tekniko-juridikoak eskaintzen ditu; garrantzitsuena, lizitaziorako pleguak. Energia komertzializatzeko aurkeztuko diren enpresek kontratatuko duten energia guztia iturri berriztagarrien bitartez ekoitzia izan behar dela zehazten du, eta klausula sozialak eta elebitasunari dagozkienak ere ezartzen ditu, besteak beste. Oinarri hori erabilita hasi dira udalak energiari dagokion kontratuak aldatzen, eta hala egin du, esate baterako, Eakoak ere.

Gero eta herritar gehiago

Herritarren artean ere, gero eta handiagoa da energia berriztagarrien eskaera, eta gero eta herritar gehiago egiten ari dira enpresa erraldoietatik kooperatiba txikietarako jauzia. 2013. urtean 700 bazkiderentzat komertzializatzen hasi zen Goiener kooperatibak, adibidez, 5.750 bazkide inguru ditu gaur egun —1.850 bat Bizkaian—, eta ia 7.000 kontratu. Gero eta abiada handiagoan hazten ari da, gainera: iazko urtarrilean 116 bazkide berri egin zituen, eta 2017koan, 260. Otsailean, dagoeneko 224 bazkide batu zaizkio; horietako 73, Bizkaian. Euskal Herrian indartsu sartu den Som Energiak, berriz, 319 bazkide ditu Bizkaian, eta 407 kontratu. Halako kooperatiben bidez kontsumitzen den energia guztiak jatorri berriztagarria du, zentral nuklearrak, termikoak eta amaitzen diren materialak ustiatuta sortutakoa baztertuta.

Larrialdi zerbitzuak, kolokan

Larrialdi zerbitzuak, kolokan

Nerea Bedialauneta Alkorta

Larrialdiak-Eulen Aldi Baterako Enpresa Elkarteak kudeatzen dituen Bizkaiko 25 anbulantzien langileen lan baldintzak "tamalgarriak" direla ohartarazi dute beharginek eurek. Duten egoera "jasanezina" salatu dute. Orain, itxaropenerako leiho bat zabaldu zaie. Datorren hilean enpresaz aldatuta, baldintzek hobera egin dezaketela sinetsita daude. Hala ere, hainbat arlo konpondu gabe dituzte.

Larrialdiak-Eulen ABEE-k 2015eko irailean hartu zuen zerbitzuaren ardura, eta, geroztik, prekaritatea areagotu egin da. "Ondo geunden, baina kaos egoera batean gaude orain. Lehengo egoera bestelakoa zen. Hainbat urte egin ditugu DYAn, Gurutze Gorrian eta Ambuiberican, eta horrelako arazorik ez dugu sekula eduki". Hala azaldu dute langileek.

Enpresak ez ditu betetzen kontratuan azaldutako hainbat baldintza; besteak beste, ez dira bermatzen atseden hartzeko legeak ezartzen dituen gutxieneko baldintzak. Langileetako askok, 12 orduko lanaldia amaitu eta gero, beharrean jarraitu behar izaten dute. Enpresak erreleborik ez duela aurkitzen eta zerbitzua ematea nahitaezkoa dela argudiatuta, ordezkoren bat bidali arte lanpostuan egotera behartuta egoten dira. Batzuetan, langileek 24 orduko lan txandak egin behar izaten dituzte jarraian. Horrek eragina du langileen osasunean eta atsedenaldian. Eta, azkenean, nola ez, zerbitzu guztian. "Ez dago inorentzako segurtasun bermerik. Ez anbulantzia gidatzen doanarentzat, ez barruan doanarentzat. Batzuetan, anbulantzia gidari batzuk 36 orduz jarraian egon dira lanean. Baldintza horietan lanean jarraitzea ezinezkoa da".

Behin-behinekoak, txarrago

Praktiketako kontratua edo behin-behineko kontratua dutenen egoera are kaskarragoa da. "Ez dute koadrante finkorik, eta edonoiz jaso dezakete txanda betetzeko deia".

Egoera horretan dauden langileetako batzuek, esaterako, 30 egunean bi egun besterik ez dute atseden hartzeko —berez, lau egun jarraian lan egin, eta hurrengo bostak atseden hartu behar dituzte—. "Ezetz esan eta lanetik botako gaituzten beldur garenez, egoera aprobetxatzen dute. Aurreko batean, lanean nengoela lo hartzen hasi nintzen. Ezin nien begiei irekita eutsi ere", azaldu du praktiketako langile batek. Are gehiago: haietako asko, praktika epea amaitu ostean ere, praktika kontratuarekin ari dira lanean.

Soldatak ere ez dituzte askotan garaiz kobratzen. Urtarrileko nominak, esaterako, oso atzeratuta jaso dituzte: hilaren erdian. "Diru sarrera egin digute; baina, nominarik ez digutenez eman, ez dakigu zer kobratu dugun ere. Berandutze hau arazo teknikoengatik izan dela erantzun digute; antza denez, nomina programa berritu dutelako".

Nominetan ez ezik, aparteko orduen ordainketetan ere atzerapen nabarmenak pairatu dituzte. "Jaiegunak eta gaueko lanaren plusa ere ez dira behar bezala ordaintzen ari. Horiek ere berandu ari dira ordaintzen. Aparteko orduen kasuan, bestalde, batzuei milaka euro zor dizkiete. Eta horiek kobratzeko era bakarra salaketa jarri eta auzitara joatea da".

Lan baldintzak oso txarrak izateaz gain, ohartarazi dute anbulantzia oso zaharretan ari direla lanean. Bizkaiko toki askotan, esaterako, bederatzi urteko erreserba anbulantzia zaharkitu batekin ibili dira larrialdi zerbitzua ematen. "Erreserbako anbulantzia asko egoera tamalgarrian daude. Lehengo legediaren arabera, zortzi urte baino gehiagoko anbulantziak kendu egin behar ziren, baina legea orain bestelakoa da".

Material falta nabarmena

Ondarroan, esate baterako, erreserbako anbulantziarekin ari dira egun zerbitzua ematen. "Lehenik eta behin, oso anbulantzia handia ekarri zieten, baina ibilgailu hori ez da Ondarroako toki askotan sartzen. Hainbat protesta egin, eta, erabiltzaileek salaketa bat jarri ostean, beste anbulantzia txikiago bat ekartzea lortu zuten. Hori ere ez zen herriko toki askotan sartzen, ordea, eta, hainbat eskabide egin ostean, herriko toki gehienetan sartu ahal izateko moduko anbulantzia ekarri zieten".

Ekarritako anbulantzia berriak, ostera, hainbat arazo tekniko eduki ditu. Horrenbestez, erreserbako anbulantzia erabili behar dute. Horrek ere nahikoa arazo eman ditu. Hainbat astez berogailurik gabe egon dira, esaterako. "Aurreko batean, gaixo bat etxeko manta eta guzti atera behar izan zuten, ez hozteko".

Askotan, pazienteak artatzeko materiala ere faltan izaten dute. "Anbulantzia batean oxigenoa hil edo bizikoa da, eta askotan batere barik egoten gara. Aurreko batean, esaterako, anbulantzia zerbitzuz kanpo jarri behar izan zuten, oxigenorik ez zutelako". Antzeko arrazoiengatik, anbulantzia asko zerbitzurik eman ezinda egon dira azken hileotan. "Lehen halakorik ez zen gertatzen. Gorabehera horiek gure lana oztopatu besterik ez dute egiten".

Zornotzara, derrigorrean

Anbulantziekin edo materialarekin edozein gorabehera dutenean, berriz, Zornotzako egoitza nagusira joan behar izaten dute, eta, han dauden denboran, ezin izaten dituzte larrialdiak artatu. Nola edo hala konpondu behar izaten dute. Izan ere, enpresak debekatu egin die momentu horretan larrialdiak koordinatzen dituen zerbitzuari operatibo ez daudela jakinaraztea. "Koordinazio zentrotik non gauden galdezka deitzen digutenean, askotan, gezurra esan behar izaten dugu".

Lanean pairatzen dituzten baldintzak erabat kaskarrak direla salatzeko, hainbat protesta egin dituzte azken asteotan. Aurreko hilean, esaterako, bi manifestazio egin zituzten Bilboko kaleetan. Otsailaren 6an, bestalde, greban hastekoak ziren, baina, lortutako akordio bati esker, protesta horiek bertan behera geratu ziren. Akordioa zentzu batean soilik lortu dela argitu dute: "Beste hainbat eskaerak bere horretan jarraitzen dute".

Era berean, Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren utzikeria ere salatu dute: "Funtsezko zerbitzua ematen dugula jakinda, ez dugu ulertzen Jaurlaritzak zelan onartzen dituen horren lan baldintza prekarioak. Era berean, ulertezina da enpresak hainbat kexa jaso arren beste esleipen batzuk ere enpresa hari zelan eman dizkioten".

Egoera zailean dauden arren, aurrera begira itxaropentsu daude. Eskaintzen duten oinarrizko zerbitzuaren ardura datozen asteetan beste enpresa bati esleituko diotela espero dute. "Anbu-iberica ez da egon konforme esleipena egin zuten moduarekin, eta, orain, epaiketa irabazi du". Beraz, datorren hilean enpresaz aldatuko dituztela uste dute. Hala ere, otsaileko nomina kobratuko ez duten beldur dira.

Euskararen sarrera epaitegietan

Euskararen sarrera epaitegietan

Izaro Mendieta
Auzi batzuk euskaraz gauzatzea posible da, eta horren frogak badira. Orain artekoak gutxi izan dira, baina etorkizunekoak gehiago izango dira. Edo, behintzat, hala izateko lanean ari dira zenbait eragile.Justizia arloan erabili beharreko...