Uhin erradiazioa gutxitzeko neurriak iragarri ditu Plentziako Udalak

Uhin erradiazioa gutxitzeko neurriak iragarri ditu Plentziako Udalak

Aitziber Laskibar Lizarribar

Erradiazio elektromagnetiko handiegia du Plentziak. Hori ondorioztatu du uhin elektromagnetikoetako aditu Raul de la Rosak egindako ikerketak. Europako Batzordeak gomendatutako neurriak nabarmen gainditzen ditu hainbat gunetan, eta hori aldatzeko asmoa duela iragarri du udalak; erradiazioak gutxitzeko neurriak hartuko dituela.

Herriaren erdiguneak du kutsadura handiena, azterketaren arabera. Etxebizitza batzuetan, Europako Batzordeak gomendatutako neurriak 30 aldiz gainditzen ditu. Zenbait kale eta parke publikotan, gomendatutakoa baino sei aldiz erradiazio handiagoa neurtu da.

Andra Mari kaleko 17. zenbakiaren ingurukoa da egoera okerrena. Telefoniako antena-konplexua dago han, eta, hain zuzen, horrek kezkatuta eskatu zioten hainbat herritarrek udalari gaiari heltzeko. Plentziako Udalak horrexegatik egin du azterketa.

De la Rosak grafikoki marraztu du herriaren egoera, mapa elektromagnetiko bat eginda. Egoera larrienak gorriz margotu ditu —0,1 mikrovatio/cm2 baino gehiago dutenak—; beste neurri kezkagarriak, horiz. Hala nabarmendu ditu Europako Batzordeak 2011n onartu zuen 1815 ebazpenean ezarritako mugak gainditu dituzten neurketak. Plentziako Udalak bere egin zuen Europako gomendioen ebazpena, iazko maiatzean. Erradiazioen muga 0,1 mikrovatio/cm2-an jartzea onartu zuen udalbatzak aho batez, eta epe ertainera 0,01 mikrovatio/cm2-ra gutxitzea.

Bizkaian ezartzen den Espainiako araudia, ordea, oso urruti dago Europako Batzordeak egindako gomendioetatik. Uhin elektromagnetikoen muga Europak gomendatutakoa baino 4.500 aldiz gorago ezarria du Espainiak. “Horrek ez du osasuna babestea bermatzen”, dio De la Rosak.

Legez onartutako maila

Plentzian egindako neurketetan jasotako erradiazio mailak ez ditu gainditzen Espainiako araudian jasotako neurriak. Baina osasunari eta bizi kalitateari erreparatu nahi bazaio Europaren gomendioak oinarri hartu behar direla ohartarazi du adituak.

Bide horri jarraitu nahi dio Plentziako Udalak ere. Eta, behin azterketaren emaitzak jasota, neurriak hartuko dituela azaldu du. Lehenik eta behin, Andra Mari kaleko antena-konplexuaren egoerari jarraipen zorrotza egingo dio, arau hausterik ba ote den egiaztatzeko. Bestetik, osasuna bermatuko duen ordenantza berezi baterako proposamena aurkeztuko du, aurki.