Herriaren ordezkari isilduak

Herriaren ordezkari isilduak

N. Salazar Orbe

Ezohiko irudia utzi du Gernikako Batzar Etxeak asteon. Aginte lekuetan oraindik nagusi izan ohi den gizonen presentzia nabarmena alde batera utzi, eta emakumeek hartu dute lurralde historikoaren ordezkaritza eta partaidetzaren organo nagusia. Andreek soilik. Berdintasunaren aldeko Euskal Emakume Hautetsien Lehenengo Batzarra egin zuten bertan. Asteazkenekoa bilera sinbolikoa izan bazen ere, aurrera begira jarraitutasuna izan dezan nahi dute, eta edukiz eta eginbeharrez janzteko organo bilakatu.

Hainbat erakundetako ordezkari eta agintariek egin zuten bat aldarrikapen saioan: udaletako ordezkariak, batzar nagusietako kideak, legebiltzarkideak eta alderdi politikoetako agintariak elkartu ziren askatasunen sinboloaren inguruan. Han izan ziren EAJ, EH Bildu, PSE-EE, PP, Udalberri eta alderdi independenteren bateko ordezkariak.

Zenbait datu esanguratsu ekarri zituzten gogora lurraldeko udalerrietako emakume alkateek eta zinegotziek irakurri zuten adierazpenean. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako, %24,7 soilik dira emakume alkateak. 2015ean alderdi politikoek aukeratutako zerrendaburuen artean %32,58 soilik izan ziren emakumeak. Sindikatu nagusien artean, bakarrean da idazkari nagusi emakume bat. Eta hemen egoitza duten finantza erakundeetako batean ere ez dago emakumezko lehendakaririk.

Sinbolismoz betetako ekitaldia egin zuten. Francisco Mendieta margolariak irudikatutakoa errealitate bihurtu zuten. Haren El Besamanos koadroa hemizikloaren hormatik jaitsi zuten egun horretarako. 1609an margotutako lan horrek 1476ko ekainaren 30ean gertatutako une historiko bat islatzen du: Fernando V.ena erregeak bizkaitarrei euren foruak berretsi zizkien Gernikako arbolaren azpian. Ekitaldi haren bitartez, jauntzat hartu zuten.

Margolanean hainbat emakume ageri dira, hitzarmenaren baliozkotasunaren lekuko gisa. Egun hartan han zeudenak ez ziren emakumeak, ordea, historialarien arabera. Jaurerriko herri guztietako alkateek egin zuten bat ekitaldi hartan. Eta, jakina, denak ziren gizonezkoak.

Emakumeon presentzia aktibo horrek esanahi sinboliko sakona dauka. Errealitate historikoaren faltsutze hutsa baino gehiago, adierazpen politiko aitzindari gisa deskribatu dute adituek. Bizkaiko herriaren ordezkaritza osoa hartzen dute andreok.

El Besamanos artelan horrek protagonismo handia hartu zuen ekitaldian. Hura ardatz hartuta, erakusketa egingo dute, maiatzean hasita. Gertakari garrantzitsuetan emakumeen presentzia sinbolikoa erakustea du helburu.

Mitoak hautsiz

Bestalde, emakumeek sortutako enpresei buruzko hainbat mito eta aurreiritzi erauzi ditu andre enpresaburuen egoera zein den aztertzeko egin duten lehenengo ikerketak. AED Bizkaiko Emakumezko Enpresari eta Zuzendarien elkarteak eta aldundiak egin dute azterketa, elkarlanean. Besteak beste, ez da egia andreek enpresak sortzen dituztela etxeko ekonomian laguntzeko.

Hainbat datu utzi ditu agerian. Bizkaian 7.200 emakume enpresari eta zuzendari daude. Soldatapeko emakume landunen %3 dira horiek. 48.000 pertsonari baino gehiagori ematen diete lana zuzenean, eta 4.500 milioi euro inguru fakturatzen dituzte.

Enpresa sendoak gidatzen dituzte emakumeok; hogei urtetik gorako ibilbidea duten enpresak, hain zuzen ere. 36 eta 45 urte bitarteko andreak dira. Gehienek unibertsitate ikasketak dituzte, edo goi mailako Lanbide Heziketakoak. Gehienetan, inongo diru laguntzarik gabe eratu dituzte enpresak, euren bitartekoak baliatuta. Zerbitzu sektorean aritzen dira, batez ere: saltokietan zein ostalaritza arloetan.

Familia ekonomiaren sostengu nagusia dira emakume horietako asko. Hamar emakume enpresaritik lauk etxeko diru sarreren %75en baino gehiagoren ekarpena egiten dute; eta beste lauk, %50etik gorakoa.

Enpresak ez dituzte sortu langabezian edo aspertuta zeudelako. Bokazioa da beste ezeren gainetik emakumeek aipatu duten bultzada. Emakumeek Bizkaian sortutako enpresen erradiografia hori egiteko, 500 inkesta egin dizkiete beste horrenbeste emakume enpresariri.

AED elkartea emakume enpresarien eta zuzendarien lana ezagutarazteko eta erabakitze postuetan jartzeko sortu zuten. Emakume horien artean aukerak sortzeko eta elkarri laguntzeko helburua ere badu. Ikerketak agerian utzi du zenbat emakume enpresarik sortzen duten lana, eta zer motatakoa den; alegia, iraupen luzekoa.