Amaieraren abiapuntua

Amaieraren abiapuntua

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Bizkaia hondoratzen hasi zen 1937ko martxoan. Matxitxakon ziren ontzien kanoien zartadekin abiatu zen hilabetea, eta Durangora jaurtitako 281 obusekin bukatu. Hilotzak kostaldetik eta airetik. Lehorrean borrokalariak, guduari hasiera emango zion txistuaren zain. Prest. Bizkaia konkistatzeko erasoaldia abiatu zuten faxistek martxoaren bukaeran. Amaieraren hasiera izan zen lurraldearentzat. Baina ezohiko irudiak ere utzi zituen hilabete hark. Fusilaren eta trikitiaren bueltan ospatu zuten milaka gudarik 1937ko martxoaren 28an Aberri Eguna, lubakietan. Eusko Lurra egunkaria: “Aurtengo Aberri Egunak indar berezia du, euskal lurraldearen zati bat etsaiak inbadituta dagoelako”. Egun berean, Defentsa Sailaren telegrama bat iritsi zen Iurretan Euzko Gudarosteak zuen kuartelera: “Indar alemanak, italiarrak eta moroak Gasteizera iritsi dira gerra material ugarirekin. 25 ehiza hegazkin eta hamalau bonbaketari daude. Mola eta Kindelman ere iritsi dira. Azken txostenaren arabera, astelehenean egingo dute eraso”. Handia zen bando bateko eta besteko armen arteko aldea, eta gerra armategi horietan irabazi eta galdu zen Bizkaia.

Zaila da kontaketa zehatza egitea. Iturri guztiak ez datoz bat faxistek eta euskal armadak zituzten armen datuetan. Edonola ere, ondorio bera dute zenbaketa guztiek: Francoren aldeko indarren nagusitasuna erabatekoa zen Bizkaia hartzeko operazioa hastean. Jose Antonio Urgoitia euskal armadako kide eta historialariak bildutako datuek erakusten dute armategian zegoen aldea. Urgoitiaren arabera, Molaren armadak 23.620 soldadu zituen martxoan, Legutioko frontea hausteko, eta 11.675 borrokalari zituen euskal armadak. Gudu kanoien diferentzia ere nabarmena zen: 123 zituzten faxistek, eta 23 errepublikanoek. Berdin gurdi blindatuen kasuan: hamazazpi, zortziren aurka. Hegazkin kopuruan dago alderik handiena, baina, Urgoitiak bildutako datuen arabera: 152 zituzten matxinoek martxo bukaeran, eta hamazazpi errepublikanoek.

1937ko ekainean, Burdin Hesia hausteko batailan ere nabarmena zen batzuen eta besteen arteko aldea. Soldaduei dagokienez, antzeko kopuruak zituzten bi bandoek: 12.000 faxistek, eta 10.500 errepublikanoek. Armategian zegoen gakoa: 200 gudu kanoi, hamazortzi gurdi blindatu eta 110 hegazkin zituzten Francoren aldekoek; errepublikanoek, aldiz, ez zuten hegazkinik, eta hogei gudu kanoi besterik ez zituzten Burdin Hesia defenditzeko.

Gerra egiteko modu berriak

Indar militarrean zuten nagusitasunaz jakitun ziren faxistak, eta Bizkaiaren aurkako erasoa martxoan abiatu izana ez zen kasualitatea izan. Madril hartzeko guduan Francoren armadak izandako porrota dago, besteak beste, erabakiaren atzean. Espainiako hiriburua konkistatzeko ezintasunak lur jota utzi zuen bando nazionala. “Martxoa hilabete lazgarria izan zen errebeldeentzat. Hondamenez betetako hilabetea izan zen, eta Madril sekula hartuko ez zuten susmoa zen nagusi”, idatzi zuen George Steer kazetariak. Bi hausnarketa nagusi atera zituzten faxistek porrot hartatik: batetik, gerrak uste baino luzeago joko zuela eta denboran irauteko baliabideak beharrezkoak zituztela; eta, bestetik, erabateko garaipena lortu nahi bazen gerra estrategia aldatzea beharrezkoa zela. Bizkaian aurkitu zuten irtenbidea.

Lurraldea aberatsa zen industria siderurgiko, meategi, ontziola eta merkataritza ontzidiari dagokienez, eta, Bizkaia mendean hartzea, gerrari aurre egiteko baliabideak eskuratzeko bide gisa ikusi zuten Francoren aldekoek.

Estrategia militarrak aldatzera bultzatu zituen, bestetik, Madrilgo batailan izandako hondamenak. “Francok ulertu zuen orduko indarrekin ezin zuela Errepublika garaitu, eta Hitlerrengana jo zuen berriz, abiazio eta tanke gehiago eskatzeko”. Francori laguntza emateko Hitlerrek izendatu zuen Eneke koronel alemanaren hitzak dira horiek. Martxotik aurrera, lurretik ez, airez egin zuten gerra faxistek. Eta Bizkaia izan zen Francoren aldekoek, Italiako faxisten eta Alemaniako nazien laguntzarekin batera, gerra egiteko modu berria frogatzeko aukeratutako lurraldea. Herman Wilhem Goring politikari naziak Nurenbergeko epaitegian aitortu zuen euskal lurraldea Luftwaffe Alemaniako aire armadaren “proba bankua” izan zela.

Molak berak sinatutako panfletoek eman zuten martxoan hasi eta lurraldea hartu bitartean jazoko zenaren berri. “Azken abisua: Espainiako iparraldean gerra bizkor bukatzea erabaki dut. Hilketarik egin ez eta armak edo beren buruak entregatuko dituztenen bizitzak eta jabetzak errespetatuko ditugu. Zuen sumisioa berehalakoa ez bada, Bizkaia txikituko dut, gerra industrietatik hasita. Nahikoa ahal badut horretarako”.

Bazen errepublikanoen aurkakoek aldeko zuten beste aldagai bat ere: Oviedo hartzeko saiakera egin zuten errepublikanoek aurreko hilabeteetan, eta Euzko Gudarosteko hainbat indarrek parte hartu zuten erasoan. Galera ugari izan zituzten, eta Euskal Herriko borrokalarien gogo aldarte txarra aldeko zuten errepublikanoen aurkakoek.

Erabakia hartua zuten: Bizkaia menpean hartzeko ordua iritsi zen. Martxoaren 31n eman zuten lehen kolpea, Durangoren aurkako bonbardaketarekin. 336 herritar hil ziren erasoaren ondorioz —8.797 biztanle zituen orduan—. “Populazio zibilaren kontrako bonbardaketarik ikaragarriena izan zen momentu hartara arte, gizadiaren historian ez zen halakorik gertatu 1937ko martxoaren 31 arte”, idatzi zuen Steer kazetariak Times egunkarian. Claude G. Bowers AEBetako kontsulak ere hala azaldu zuen bere memorietan: “Populazio zuriaren kontra ezagutzen den bonbardaketarik izugarriena”. Apirilean, are gogorrago jo zuten hegazkin faxistek Bizkaiko hainbat herritan. Ondorengo gertakarien atarikoa izan zen Durango.

Aire erasoekin batera Legutioko frontea hausten saiatu ziren faxistak. “Gaur egunsentian hasi da behin eta berriz iragarritako erasoaldia”, idatzi zion Jose Antonio Agirre lehendakariak Indalecio Prieto Espainiako Errepublikako Defentsa ministroari. Ez zen ustekabean iritsi. Martxoaren 23an hasi zuten faxistek Bizkaiari erasotzeko tropen lekualdatzea, eta 28an abiatu nahi zuten lurraldearen aurkako lehen erasoa; VI. Aberri Egunaren ospakizun egunean, hain zuzen. Baina, eguraldiak behartuta, hiru egunez atzeratu zen erasoa.

Aberri Eguna, lubakietan

Gerra testuinguruan ospatu zuten 1937ko Aberri Eguna oraindik errepublikanoak ziren euskal lurraldeetan. Bilbon egin zuten ekitaldi nagusia, baina beste hainbat herritan ere egin zituzten ospakizunak; tartean, Gernikan, Durangon eta Lekeition. Indar erakustaldia izan behar zuen Pazko Eguneko hitzorduak, eta eguna girotzen aritu ziren hedabideak. Eguna egunkariak martxoaren 24an argitaratutako artikulua da adibidea: “Dirdaitsu ta handiro antolatu beaŕ dogu aurtengo abeŕi eguna. Zenbat eta gure eŕia jazartuago, ainbat eta euzko abeŕtzaleak sutsuago; zenbat eta gure arerioak amoŕatuago, ainbat eta gu eŕimeago eta langileago abeŕiaren aldez. Ara or gureatzako egikeriarik egokiena”.

Herrietako ekitaldietan ez ezik, lubakietan ere ospatu zuten eguna gudariek. 1932an egin zen lehen Aberri Eguna, Bilbon. Lehendabizikoa egin zutenetik, Donostiak, Gasteizek, Iruñeak eta beste hainbat herrik hartu zuten festa abertzalearen lekukoa. Berezia izan zen 1937koa, gerra betean ospatu baitzen eta antolatzen zen azkena baitzen. 1978ra arte legez kanpoa izan zen jaia. Luciano Kintana Madaria Nik marrazkilariak egin zuen VI. edizioa iragartzeko kartela. Gudari aldizkariaren arima bihurtu ziren Kintanak egindako marrazkiak. 1937ko martxoaren 6an argitaratu zen Gudari aldizkariaren lehen zenbakia, eta Bilbo erori arte izan zen martxan. Guztira, 11 aldizkari kaleratu zituzten.

Faxisten erasoak aurreikusi eta armada antolatzetik haragoko lanak zituen Eusko Jaurlaritzak Bizkaian. Haren menpean zegoen lurralde bakarra zen, eta herritarrak babesteko eta beren beharrizanak asetzeko ardura ere bazuen. Honako galdera hau egin zioten Martin Ugalde idazle gipuzkoarrari: “Bonbek ala goseak, zerk arduratzen zituen gehiago Bilboko herritarrak?”. La Guerra en Euzkadi liburuan (Txertoa) ageri da Ugalderen lekukotza. Gipuzkoarra zen sortzez, baina frankistek lurraldea hartu ahala jo zuen Bizkaiko hiriburura babes bila. Hala erantzun zion idazleak galderari: “Goseak. Bonbardaketak aldian-aldian jasaten genituen […] Babeslekura jotzen genuen korrika […] babesa sentitzen genuen […] Babeslekuan goseaz hitz egiten genuen, beti goseaz. Ogi puska bat eskuratu, segituan jan eta egun osoa jan gabe igaro behar izaten genuen. Izugarria zen”. Oinarrizko beharra zen elikadura, eta, elikagaien eskasiak eraginda, errazionamendua ezarri zuen Jaurlaritzaren Merkataritza eta Hornikuntza Sailak. Ostatu eta jatetxeetan ere, plater bakarreko otorduak izenez ezagutzen den araua jarri zuten indarrean 1937ko otsailean, eta jatetxeen salneurriak ere mugatu zituzten.

Datuek ematen dute orduko errealitatearen berri. Iñaki Egaña historialariak Gerra Zibila Euskal Herrian liburukietan (Aralar) bildutako datuen arabera, Bizkaiko Erruki Elkarteak 3.897 behartsu hartu zituen 1937ko apirilean. Hilabete berean, 51.586 bazkari eta 44.182 afari eman zituen elkarteak, baita haurrentzako prestatutako 3.000 zopa plater ere. Haurrak babesteko ardura zuen Gizarte Laguntza Sailak martxoaren 20an egin zuen lehen ebakuazioa. Bermeotik atera zen lehen ontzia, 450 haur zituela, Donibane Lohizunera. Faxisten erasoak ugaritu ahala areagotu ziren haurrak atzerriratzeko espedizioak.

Matxitxakon hasi eta Durangon bukatu zen duela 80 urteko martxoa. Atariko hilabetea. Zetorrenaren iragarlea. Amaieraren abiapuntua.

Informazio gehiago nahi izanez gero, jo webgune honetara:

berria.eus/oroiteria