Elkartasun gurpilari biraka

Elkartasun gurpilari biraka

Eider Mugartegi

Iparraldeko Done Jakue bidea egiten duten erromesek bidaide berezia aurkituko dute uda honetan: traktore gurpil handi bat. Fibrosi kistikoaren eta minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko asmoz, Irun (Gipuzkoa) eta Santiago (Galizia) lotzea helburu duen proiektua jarri du abian lagun talde batek. Uztailaren 6an hasiko dira gurpilari bueltak ematen Irunen, eta 23rako Santiagora heltzea nahi dute.

Re-vuelcate izena darama proiektuak eta 2016an jaio zen, Asturiasen. Orduan, Fran Linares asturiarrak gidatutako lagun talde batek traktore baten gurpila eraman zuen Sotondriotik Covadongaraino, minbiziaren ikerketarako dirua biltzeko asmoz. Milaka lagunen eta zaldien indarrak batu zituzten gurpilak biraka jarrai zezan, eta 8.000 euro lortu zituzten.

Aurten, erronka handiagoa izatea nahi dute. Euskal Herria, Kantabria, Asturias eta Galizia igaro nahi dituzte Iparraldeko Done Jakue bidean zehar, 800 kilometro gutxi gorabehera gurpilari bueltak emanez. Kalkulatu dutenez, 80.000 buelta eman beharko diote gurpilari, eta hori guztia lortzeko laguntza handia beharko dute.

Iraulita

Etxebarriko Antsotegi hotelekoek hartu dute Euskal Herriko zatiaren antolakuntzaren ardura. “Badakigu bira asko direla, kilometro asko, eta esfortzua are eta handiagoa. Baina aldi berean badakigu bihotzarekin egindako lanek ez dutela sakrifiziorik eskatzen”, diote.

Badira lau urte minbiziak Antsotegikoen etxeko atea jo zuela. Hori dela eta, nahitaezkoa iruditu zaie gaixotasun horri “eguneroko borrokagaz aurre egin eta horrelako egitasmoekin menperatzen laguntzea”.

Asturiasko mendizale batzuen bitartez izan dute proiektuaren berri; “aitaren laguna zen mendizale famatu baten bitartez”. Aita, Emilio Hernando, Martin Zabaletarekin Everestera igo zen lehen euskal espedizio hartako mendizaleetako bat izan zen, euskal alpinismoari ekarpen handia egin dion gizona. Horrela, Euskal Herriko zatia lotzeko laguntza eske joan zitzaienean, eta proposamenaren helburua jakinda, ezin izan zutela ezetzik esan nabarmendu dute. “Denon artean lortuko dugulako”.

Uztailaren 6an hasiko dira gurpilari bueltak ematen, 20:00etan, Irunen, eta, uztailaren 23an Santiagora heldu arte, gau eta egun etenik barik, biraka mantentzeko erronka dute. Euskal Herriko tartea bost egunean zeharkatu nahi dute: uztailaren 6an jarriko dute gurpila biraka, eta Ontonen (Kantabria) utziko dute uztailaren 10ean, 15:00etan.

Gurpila ez dute biraka eramango; irauli egingo dute, eta buelta bakoitzeko euro bat lortzea da asmoa. “Horregatik guztiagatik, jendearen parte hartzea eskatzen dugu. Gurpilari tiraka, diru laguntza emanez edo soilik egitasmoa zabalduz lagundu daiteke, mezua mundu guztiari helaraziz”, azaldu du Antsotegiko Julen Hernandok. “Denon laguntza behar dugu; ez guk soilik, egunerokoan gaixotasun horren aurka borrokan ari diren heroi horiek batez ere”.

Nahi duenak kontu korronte bat edukiko du borondatea emateko. Horrez gain, itsulapikoak jarriko dituzte hainbat txokotan. Lortzen duten diruaren zati bat Oviedoko elkarte batentzat izango da, eta beste bat, Euskal Herriko elkarteentzat.

Gurpilari birak emateko jendea lortzen ere hasi dira. Kirol taldeetara jo dute lehendabizi: “24 ordu jarraian izango dira, eta txanda gogorrenak lotzen hasi gara, baina gure asmoa egitasmoa ahalik eta parte hartzaileena izatea da”.

Gurpilak orduko 2 kilometroko abiaduran joan behar du; haren erritmoa neurtuta daukate. Ordutegi denak ere zehaztuak dituzte, non egingo diren aldaketak… Beraz, mendiko tarteak kirolarien esku utziko dituzte, eta, gero, herri inguruetan dauden tarteak egiteko, elkarteengana jo eta parte hartzeko aukera emango diete. Horrela egingo dute gurpila igaroko den herri guztietan; proiektua herriz herri eta elkartez elkarte azalduko dute: Irun, Hondarribia, Donostia, Zarautz, Deba, Markina-Xemein, Gernika-Lumo, Bilbo, Portugalete, Pobeña eta Onton.

“Korapilatsuagoa da antolaketa, baina iruditzen zaigu jendeari parte hartzeko aukera ematea askoz erakargarri eta interesgarriagoa dela. Jendeak proiektuagaz bat egitea lortu nahi dugu. Azken finean, guztiok edo askok dugu inguruan bateren bat minbiziak eragin diona”.

Parte hartzeko prest agertzen direnen arabera banatuko dituzte tarteak. Pertsona batek besteari pasatuko dio gurpila, horrek beste bati eta hark hurrengoari… elkartasun katea sortuz. Azpimarratu dute garrantzitsuena gurpilak erritmo berbera, aldaketarik gabea mantentzea dela, epeak bete ahal izateko. “Horretarako, gurpilagaz batera beti joango da arduradun bat, edozein momentutan lagundu ahal izateko. “Antolakuntza handia da. Horregatik, gure asmoa Antsotegi oinarrizko kanpamentu bihurtzea da. Pertsona batzuk han geratuko dira lotan, eta garraioa ere prest edukiko dugu bakoitza behar den lekura eramateko”.

Euskal Herriko zatia asteburuan egokitzea aldeko dela uste dute: “Jendeak aukera gehiago izango du parte hartzeko”.