Ekonomia

Harri malgua, belar gogorra

Harri malgua, belar gogorra

Aitziber Laskibar Lizarribar

Harrizko xafla malgua; algekin egindako lanparen estalkia; goroldiozko soinu isolatzailea; argi izpiak igarotzen uzten duen egurrezko xafla; dolar faltsu edo baliogabeak birrindu eta prentsatuta sortutako harlauza; edo zikintzen ez den bat eta arrastoak bere kasa konpontzen dituena. Material Connexion proiektuak Bilbon jarri duen materiotekan ikus daitezkeen produktu berritzaileetako batzuk dira. Punta- puntakoak, harrigarriak, eta sarritan, logika guztien kontrakoak diruditenak.

Material asko dira arkitektura eta barneen diseinuari begirakoak Zabalguneko eraikinean dagoen materiotekan; etxeetan eta eraikinetan erabiltzekoak. Baina beste mota askotakoak ere badaude: nekazal hondakinekin eta onddoekin egindako paper moduko bilgarria ikus eta ukitu daiteke, esate baterako. Petrolioaren alternatiba gisa azukre kanabera lehengai duen polietilenoa ere bai. Eta ioi eta litiozko bateria malgu moldagarria, argindarra behar duten arropa adimentsuentzako aproposa. Bada jantzi bakeroentzako ehun berezi bat ere, gastatzen den heinean kolore ezberdinetako lerroak bistaratzen dituena.

Munduko material iraunkor eta aurreratuenak biltzen dituen Material Connexion proiektuak Bilbora ekarri duen erakusketan dauden 600 material berezien laginetako gutxi batzuek besterik ez dira horiek. Guztien bistara eta eskura daudenak, edonork ikusi eta ukitzeko moduan.

Baina proiektuaren helburua ez da bitxikeriak erakutsi eta jakingura asetze soila. Berrikuntza eta teknologia sustatzeak eta alor horretan lanean dabiltzanentzat lagungarri izateak ematen dio zentzua. Ideiak ematea du xede. Munduan egiten diren materialen onurak ezagutaraztea, proiektu berrientzat inspirazio iturri izatea, eta bertako enpresa handi zein txikiek egiten dituzten material berritzaileen zabalkunderako plataforma izatea.

Hain zuzen, mundu mailako proiektua da Material Connexion, eta beste sei hiritan ditu materiotekak: New Yorken, Milanen, Tokion, Bangkoken, Daegun (Hego Korea) eta Skövden (Suedia). Bilbokoa da berriena, eta handiena. Online ere ematen da material berritzaile horien berri; saretuta dauden mundu mailako sortzaile, enpresa eta bezeroak batzen dituen plataformak 7.000 materialen erreferentziak ditu. Sustatzaileen esanetan, Bilbon jarri den egoitzari esker, Euskal Herrian berrikuntza eta teknologia alorrean ari diren ekoizleei nazioarteko merkatuan kokatzeko aukera emango zaie.

Italiako Material Connexionen luzapen gisara sortu da Bilbokoa. Hango presidente Rodrigo Rodriguezek azaldu du kokalekutzat Bizkaia aukeratu izanaren arrazoia: "Euskal Herria berrikuntzari oso zabalik dago, hiru parke teknologiko handi eta Mondragon taldea edo Tecnalia bezalako enpresa handiak ditu. Gainera, ikerkuntza eta garapenera bideratzen den dirua beste lekuetakoa baino askoz handiagoa da".

Ezagutza partekatzeko

Hartara, euskal enpresak sormenerako duten ahalmenean eta gaitasun zientifiko zein teknologikoan sakontzeko deia egin du. Ideiak sortu, gauzatu eta merkaturatzekoa. Horretan lagundu nahi du, hain zuzen, Material Connexionen Bilboko egoitzak, eta aholkularitza zerbitzua eskainiko du proiektu bakoitzarentzat egokienak diren materialak identifikatzeko.

Sortzen den jakintza berritzailea partekatu ere egin nahi du; "ezagutza transferitu". Horregatik ari da elkarlanean EHUko Material Aurreratuen Ingeniaritzako unibertsitate masterrarekin, Deustuko Unibertsitateko Industria Diseinuko Ingeniaritza graduarekin eta Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroarekin.

Higiezinen zerga garestitu egingo da bilbotarren erdientzat

Higiezinen zerga garestitu egingo da bilbotarren erdientzat

Natalia Salazar Orbe

Bilbotarrek irailaren 1etik aurrera jakingo dute OHZ ondasun higiezinen gaineko zerga zenbat ordaindu beharko duten. Bizkaiko Foru Aldundiak ondasun higiezinen katastroaren berrikusketa egin du, eta %316 handitu da Bilbon horien balioa. Udalak OHZ arautzeko onartutako ordenantza berriak neurri zuzentzaileak jaso ditu zergaren hazkundea ez dadin horrenbestekoa izan. Oraingoz xehetasun handirik ematerik ez dagoen arren, datu orokorrak ondoko hauek dira: zergadunen %51k orain arte baino gehiago ordainduko dute zerga hori; gainerakoek, gutxiago. Bestalde, ordainagirien %45 merkatuko dira, edo 20 eurotik behera garestitu.

Bizitegi erabilerarako etxebizitzei dagozkie ordainagirien %87. Kasu horietan, bilbotarren %23ri 20 eurotik behera garestituko zaie zerga; %19ri, 20 eta 60 euro artean; eta, azkenik, %7ri 60 eurotik gora garestituko zaie .

Zerga mota berriak onartuta, udalak bi milioi euro gehiago eskuratuko ditu. Udal gobernua osatzen duten EAJren eta PSE-EEren babesarekin soilik onartu zuen udalbatzak datorren urteko tasa eta zergen zenbatekoa bere horretan uztea. OHZ eta gainbalioaren eta estolderiaren zergak dira atal horretan aldatuko dituzten bakarrak. Horiek kalkulatzeko, aldundiak berrikusi dituen katastro balioak erabiltzen dira.

Alderdien irizpideak

PPk zergen jaitsiera defendatu zuen joan den asteko osoko bilkuran. Oposizioko gainerako alderdien ustez, bertan behera geratu da zerga politika justuago eta aurrerazaleago batekin baliabide gehiago eskuratzeko aukera. EH Bildu abstenitu egin zen OHZ berriari buruzko bozketan. Hala ere, tasen kontra bozkatu zuen. Lander Etxebarriak emandako argudioetako bat ondoko hau izan zen: "Ez da bereizketarik egiten multinazional baten edo saltoki bat jarauntsi duen familia baten irabazien artean".

Udalberriko bozeramaile Carmen Muñozek "justizia irizpideak" eskatu ditu OHZ ezartzeko orduan. "Kopurua bera baino gehiago, progresibitatea da uztartu beharrekoa". Antzeko irizpideari eutsi dio Goazen taldeak ere. Francisco Samirren esanetan, zerga eguneratuta udalak bilduko dituen diru sarrera berri horiek ez dituzte "aberatsek soilik ordainduko; goialdeko eta periferiako auzoetatik" iritsiko dira.

Osoko bilkuran eztabaidatu zituzten gaien artean, alderdi guztiak ados jartzea lortu zuenik ere izan zen. Zazpikaleetan taberna gehiago zabaltzeko mugak onartu zituzten denek; PP abstenitu egin zen. Ingurune horretan era horretako lokal gehiegi daudela iritzita hartu dute erabakia. Lehiaren Euskal Agintaritzak egindako kontrako txostena kontuan hartu gabe onartu dute, beraz, Zazpikaleak Birgaitzeko Plan Berezia. Antzeko erabakia hartu du udal plangintzako aholku batzordeak hirigunerako.

Era horretako lokalentzako gehienezko dentsitatea zehaztu du udalak. Hark emandako datuen arabera, Zazpikaleetako hogei kale eta plaza ingurutan dentsitate hori gainditu da jada. Hori dela eta, ezin izango dira lokal gehiago zabaldu. Neurri horretatik kanpo geratzen dira barrarik ez duten jatetxeak eta alkoholik saltzen ez duten lokalak.

Zazpikaleetan betidanik egon diren merkatarien eta tabernen arteko oreka lortzea du helburu neurriak. Izan ere, 2008 eta 2015 urteen artean %15 egin du gora taberna eta jatetxe kopuruak. Garai berean, denden kopurua %11 murriztu da. Hain zuzen, 36 ostalaritza lokal zabaldu ziren —273 daude denera—, eta 79 saltoki txiki itxi dituzte —623 daude guztira—.

Lehiaren Euskal Agintaritzaren ustez, udalak hartutako neurriak ez dira beharrezkoak. Hala, "kalte gutxiago" eragingo duten neurriak hartzeko eskaera egin dio. Juan Mari Aburto alkatea "pozik" azaldu da auzokide, ostalari eta merkatarien artean izandako adostasunagatik. Neurriaren helburua "bilbotarrentzako Zazpikale hobeak" izatea dela dio.

Galdeketen araudia

Herritarren galdeketak arautzeko araudia osatzeko konpromisoa hartu du udalak. Udalberrik egindako proposamena onartu du udalbatzak, aho batez. Datorren urtean egingo dute. Pozik azaldu da Muñoz: "Galdeketak egin egin behar dira, baina horretarako arauek eta irizpideek ezarrita egon behar dute". Galdeketa horiek ez dira aintzat hartzekoak izango, baina udalak biztanleria zabal baten irizpideen aurka egitea zailago izango duela uste du. Zezenketei buruzko kontsulta du hark buruan, besteak beste. Baina ez da bakarra izango: "Herritarrek galdeketak egiteko ate bat zabalduko da araudiari esker".

Adimena, gurpil gainean

Adimena, gurpil gainean

Aitziber Laskibar Lizarribar
Euren azkartasuna lehian jarriko dute ingeniaritzako ikasleek datozen egunetan; jakintza eta adimen azkarra gurpil gaineko abiadura eta energia eraginkorraren bidez frogatuko dute Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakul...

Txakolinaren sorlekua, haren erakusleiho

Txakolinaren sorlekua, haren erakusleiho

Natalia Salazar Orbe

Bizkaiko Txakolinaren sorlekuetako batean egun handia izango dute domekan. Lezamako Txakolin Eguna ospatuko dute herrian. Hamabosgarrena dute aurtengoa. "Txakolin ekoizleen lana eta txakolinaren mundua ezagutzera ematea du helburu nagusi". Hala azaldu du Asier Saenz udaleko Kultur teknikariak. Mahatsaren salda zuriak gero eta arrakasta handiagoa du, eta gero eta ezagunagoa da. Azken uztaren ezaugarriak gogoraraziko dituzte etzi, eta ekoizleentzako "erakusleiho" bihurtuko da azoka.

36 saltokik osatutako erakustazoka aurkituko dute bisitariek. Herriko eta eskualdeko sei upelategiren uztek emandakoak aurkeztuko dituzte. Garkalde, Magalarte, Basalbeiti, Erdikoetxe, Sasines eta Bitxia ekoizleen txakolina izango da dastagai.

Lezamako Txakolin Egunaren bidez, "nekazaritzaren sektorean dihardutenei babesa" eman gura die Lezamako Udalak. Hala, bertako zein "ahalik eta gertueneko" ekoizle anitzek euren produktuak merkaturatzeko aukera izango dute domekan. Eztia, gazta, ogia, euskal pastela, barazkiak, loreak, kontserba produktuak, foie... Era horretako azoketan ohikoak diren elikagaiak aurkituko dituzte Lezamara joaten direnek.

Forman eta edukian azokotan ohikoa ez den elementurik ere izango da. Berritasun gisa, itsaskiak izango dira dastagai. Ez dituzte saltoki batean eskainiko, ordea. Food track deritzen furgonetetako batek eramango ditu itsasoko fruituak Udaletxeko plazara. "Dena den, txakolinari zabalkundea ematea da gure helburu nagusia. Gainerako guztia osagarria da".

Omenaldia Sasinesi

Aurten, Sasines Larrabetzuko upategiari egingo diote omenaldia. "Historiko bat da Txorierrin, eta urteetan etorritakoa Lezamara, hainbat azokatara; oso ezaguna". Plaka oroigarri bat jasoko du upategiko Ziriako Dañobeitiak.

Omenduaren antzera, gainerako bost upategiak ere oso ezagunak dira inguruetan zein kanpoan. "Hainbat sari irabazi dituzte. Munduan barrena dominak jasotakoak ere badira".

Lau emakume enbaxadore

Lau emakume izango dira 2016an Lezamako txakolinaren enbaxadoreak. Udalak eta txakolin ekoizleek elkarlanean antolatzen duten egunean aukeratzen dute irudi sinboliko hori. Duela hiru urte ekin zioten izendapen horri. Orain artean, herriko bi kazetarik hartu dute kargua. "Aurten, Athleticeko jokalariak aukeratu ditugu. Emakumeen taldea hartu dugu. Goi mailan ari dira-eta, ligak irabazten". Amaia Olabarrieta, Joana Flaviano, Leia Zarate eta Sara Barbosa lezamarrek hartuko dute erantzukizuna. "Kargu sinbolikoa da. Eurak omentzeko modu bat da, baita gure txakolina ahalik eta ezagunen bilakatzekoa ere".

12:45ean irekiko dute, modu ofizialean, azoka. Hala ere, 11:00etatik aurrera aurkituko dute zabalik bisitariek. Kortxoa atera eta brindisa eginda modu ofizialean inauguratutzat emango dute. Bertso saio labur batek festa giroa emango die omenaldiari eta enbaxadoreen izendapenari.

Taloak saltzeko bi txosna prestatuko dituzte antolatzaileek. Eta mokadu bereziagorik eskuratzeko aukera ere izango dute bisitariek. Lezama Saretzen merkatari, enpresari eta saltzaileen elkarteak hanburger txikiak prestatuko ditu aurten.

Eguraldi ona izanez gero milaka bisitari erakartzen dituen eguna bihurtu da Lezamakoa. Hasieran, irail bukaeran edo urrian egiten zuten. "Uzta eguna zeritzon orduan. Baina garai horretan txakolin ekoizleak gogor ari ohi dira lanean. Haiek eskatuta erabaki genuen data aldatzea eta ekainean jartzea". Urrian ere badute lehen sektoreari lotutako beste hitzordu bat: nekazaritza azoka.

Txakolin ekoizleentzako ere jai eguna izango da etzikoa. "Upategian urte osoan egindako lana plazaratuko dute". Salmentetarako egunik aproposena izaten ez bada ere, txakolin egileei laguntzeko modu bat da. "Lezamakoez gain, Bilboko, Getxoko, Barakaldoko zein urrutiagoko bisitariak ere etortzen dira". Jai giro aparta aurkituko dute, une oro musikaz lagunduta. Arratsaldeko bostak arte bermatuta dago festa.

Kalitatezko garagardo berritzailea merkaturatu du Urban Beerrek

Kalitatezko garagardo berritzailea merkaturatu du Urban Beerrek

Berritzailea, modernoa eta kalitatezkoa. Halakoxea da Urban Beer garagardoa, Arantxa Jordek eta Iñigo Garciak amestutako proiektua. Gazteak eta ekintzaileak dira senar-emazteak. Hala azaldu du Jordek. Gaztetasun eta berritze nahi horrek beste garagardoetatik bereizten diren produktu aldaerak sortzea ahalbidetu diete. Artisau eran egindako garagardoak dira haienak.

Ingurunearekiko eta gizartearekiko konpromiso zorrotza darabil bikoteak, ekoizpena Zamudiora eramanda. Ekoizpen teknika tradizionalari eutsi diote: "Karbohidratazio naturala egiten dugu, karbono dioxidorik erantsi gabe".

Garagardoa ekoizteko bertako produktuak erabiltzen dituzte. "Kalitate handiko lehengaiak dira. Eta ez dugu kostuak merkatzeko osagairik erabiltzen; gure garagardoen zaporea nabarmentzen dutenak soilik".

Duela gutxi atera dira merkatura. Leku bat egitea ez dute izan lan erraza. Marka komertzialek menderatua dute dena. Baina badira garagardo berriak dastatzeko irrikaz dauden kontsumitzaile asko ere. "Produktu bereziak" dakartza Urban Beerrek: "Geure errezeta propioak lantzen ditugu. Estilo tradizionalari itzulia eman eta garagardo berritzaileak sortu gura ditugu, garagardoaren arima eta bihotza bilatu".

Produktuari plus bat emango dioten ezaugarrien bila aritu dira etengabean. Lehengai onak erabiltzen dituzte horretarako. "Hori oso garrantzitsua da. Oinarria ona baldin bada, eta garagardoa egiten baldin badakizu, pentsa zer-nolako produktua atera dezakezun".

Edari mota hori ondo baino hobeto ezagutzen dute. Atzerrira hainbat bidaia egindakoa da bikotea. "Artisau eran egindako oso garagardo onak edan ditugu kanpoan, eta hori gurera ekarri gura genuen". Hain zuzen, Urban Beer sortzea horietako bidaia batean erabaki zuten. "Zeelanda Berrira eta Australiara egin genuen bidaian ostatua eta garagardotegia zituen leku bat aurkitu genuen. Asko gustatu zitzaigun, eta ideia Euskal Herrira ekarri behar genuela pentsatu genuen".

Garciak aspaldi ekin zion garagardoa egiteari. Etxean egiten zuen, eta lagunen artean banatu. Bostonen (AEB) ezagutu zuen artisauen artean modurik artisauena garagardoa egiteko: etxerako kit bat baliatzen zuen horretarako. "Prozesua hobetuz joan zen, eta azterketak egiteari ere ekin zion". Hala, pauso bat gehiago ematea erabaki zuten. "Etxea txiki geratu zitzaigun, eta maila profesionalean garatzeko erabakia hartu genuen".

Lau aukera

Lau garagardo aldaera aurkeztu dituzte: Blonde Ale, Black Lager, Cream Ale eta Trigo. Horiak, ilunak, urre kolorekoak zein gariaren antzeko hori ilun koloreak dauzkaten produktuak prestatu dituzte. "Pilsner garagardo komertzialetatik desberdinak dira, baina edateko errazak. Herritarrek garagardo errazak baina kalitatezkoak proba ditzaten gura dugu".

Kontsumitzaileei, sarri asko, kostatu egiten zaie etxeko produktuei aukera ematea. Jordek uste du garrantzitsua dela "garagardo asko eta estilo askotakoak probatzea. Asko dastatu dituzunean, badakizu zer den gustuko duzuna, eta zer ez. Sekretua da garagardoari arima jartzea. Eta pentsatzea: honek merezi du; honek ez". Litro asko bota dituzte eurek ere gura zuten produktua lortu arte.

Zapore berriak dastatzeko eginahal horretan Euskal Garagardo Elkartearen barruan ere lanean ari dira. "Bertan egindako garagardoaren aldeko apustua egiten dugu". Horrez gain, Eusko Jaurlaritzarekin batera Km 0-ko garagardo bat garatzeko lanean ari dira. Bertako ekoizleei lagunduta, %100 bertako produktua garatzeko ilusioz beterik daude Urban Beerren.

ESKAINTZAREN DATUAK

Ekoizlea. Urban Beer Bilboko garagardo artisauak.

Telefonoa. 661-87 25 48.

Eskaintza. 12 garagardo botilako kaxa: Blonde Ale, Black Lager, Cream Ale eta Trigo aldaerak.

Prezioa. 24 euro.

Webgunea. www.euskalherrikoplaza.com