Euskal Herria Italiara zabalduz

Natalia Salazar Orbe

Italiaren eta Euskal Herriaren arteko loturak estutzeko eta herrialde bataren eta bestearen baliabideei probetxua ateratzeko proiektua sendotzen ari da. Euskaditaliak bere egoitza inauguratu berri du Bilbon. Astearte iluntzean egin zuten ospakizun ekitaldia. Oraingoz Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko eremura mugatzen bada ere, etorkizunera begira, Euskal Herri osora zabaltzeko asmoa du kultura bateragune gisa aurkeztu duten egitasmoak.

Bi herrialdeen arteko lotura linguistiko, kultural eta sozio-ekonomikoak hurbiltzeko lanean ari da kultura bateragunea, Bizkaiko hiriburuan. Eta hainbat asmo ditu. Batetik, italiar eta euskal kulturen artean kohesiorako espazio bat bilatu gura du. Hainbat alor landuko dituzte esparru horretan: artea, literatura, zinematografia, gastronomia eta turismoa. Bestalde, erakunde eta enpresa egituren arteko elkarrizketan solaskide pribilegiatu bihurtu gura du. Hala, elkarren arteko trukerako eta zabalkunderako ateak zabaldu dituzte.

Ardatz estrategikoen artean, bost nabarmendu dituzte. Italia eta Euskal Herriaren artean kultura batasunerako espazio bat sortzea da horietako bat. Trebakuntza, kultura eta enpresa zerbitzu aukera zabala eskaini gura dute, bestalde. Euskal Herrian Italiaren bikaintasunaren erreferente gisa aritu, eta atzerrian, Euskal Herriaren enbaxadore lanak egitea du beste eginbeharretako bat.

Bi herrien artean lankidetzarako sare transbertsalak sortzen ere parte hartuko du. Azkenik, garapen sozial, ekonomiko eta turistikoari bultzada ematea du helburu.

Negozioaren alorrari dagokionez, xede argia dauka: enpresa ekimenak eta inbertsioak erakartzea. Horretarako, kontaktu sare mamitsua sendotuko dute, eta enpresei zerbitzu aukera zabala eskainiko diete. Zerbitzu horien artean, itzulpengintza eta interpretazioa, aholkularitza, azoketarako eta enpresen arteko batzarretarako laguntza tekniko-linguistikoa eta nazioarteko mugikortasun programak eskainiko dituzte, besteak beste.

Euskaditaliaren egoitzak baliatuko du enpresen eta erakundeen arteko harremanak eta kontaktuak egiteko espazioa. 300 metro koadroko azalera du horretarako.

Espazio horren erdigunea liburuen erakusleku gisa erabiliko dute. Erakusketarako gune ere bihur daiteke. Horrez gain, artistentzako eta gazte profesionalentzako sormena eta talentua adierazteko eta erakusteko eremua ere bada.

Turismoa indartu

Euskal Herriaren izena atzerrian zabaltzeko enbaxadore bilakatuko da Euskaditalia. Jakina da etengabe hazten ari dela turismoaren sektorea, eta berau sustatzeko babesa eskaini diete arlo horretan diharduten erakundeei. Euskal Herriko turismoari buruzko atari digitala sortuko dute, italiera hutsean idatzita. Mugikorrerako aplikazioa ere garatuko dute. Hala, euskaditalia.com atariaren bidez, Euskal Herrira bidaiatu nahi duten italiarrentzako informazio interesgarria zabalduko dute. Nazioarteko turismoa erakartzeko eta Euskadi marka bultzatzeko tresna eraginkortzat jo dute beronen sustatzaileek.

Zinema eta gastronomia dira lantzen dituzten beste bi indarguneak. Italiako zinema soilik lantzen duen Zinecitta datorren otsailean itzuliko da Bilbora, Zinebirekin elkarlanean.

Duela hiru urte jarri zen martxan La Divina Comida. Haren bitartez, Italiako gastronomia irakasteko tailerrak ematen ditu hango sukaldari batek.

Eta trebakuntza alorra Casaitaliaren bitartez landuko dute: Italiar Hizkuntza eta Kulturaren Institutu Ofiziala. Azterketa ofizialak egin eta ziurtagiria emateko gaitasuna du horrek. 2012az geroztik italierazko eskolak ematen ditu EHUn.

Harremanak estutzeko eta interes guneak indartzeko aukerak josiko ditu, beraz, Euskaditaliak.