Larri dago Astondoa piroteknia, hartzekodunen konkurtsoan, zorrengatik

Larri dago Astondoa piroteknia, hartzekodunen konkurtsoan, zorrengatik

A.L.L.

Ixteko mamua bizkar gainean du Astondoa Pirotekniak. Euskal Herriko su festen hornitzaile nagusietakoa den Areatzako enpresa ezagunak urte txarrak igaro ditu, eta hilez hil zorrak pilatuz joan da azken urteetan. Jabeen esanetan, krisiak eraginda. Egoera txar horren erdian, gainera, hilzorian utzi duen kolpe gogor bat jaso du: Bilboko Sozial arloko 4. Epaitegiak langile bati 90.000 euroko kalte-ordaina ematera zigortu du Astondoa. Argudioa: langilea iaz bidegabe kaleratu izana. Ordaindu gabeko soldatengatik langileari beste 9.000 euro ematera ere zigortu du epaitegiak piroteknia enpresa.

Urteetako gainbeheraren eraginez pilatutako zorren ondorioz, hartzekodunen konkurtsoan dago egun Astondoa. Bizkar gainean duen zamaren erakusgarri da hori, baina egoera horrek zama arintzen ere lagun diezaioke. Soldatak bermatzeko betebeharra duen Fogasa funtsaren aterkipean geratu da Areatzako enpresa. Ondorioz, funts horrek ordaindu behar luke baliabiderik ez duen enpresak langileari pagatu beharreko ordaina.

Mugak ere baditu horrek, halere: Fogasak 18.000 euro pasatxo ematen ditu, gehienez, kalte-ordainak kitatzeko; eta, soldatak ordaintzeko, 6.000 euro inguru. Langileak, beraz, 24.000 euro inguru jasoko lituzke, gehienez, funts horretatik; Bilboko epaitegiak agindutako 99.000 euroetatik urruti.

Enpresa, aurrera begira

Enpresako arduradunak, hala ere, ez dira erabat ezkor. Ezer ziurtatzerik ez dagoela eta ixteko aukera erreala dela adierazi arren, aurrera egitea lor daitekeela diote; horretan saiatzen ari direla eta hala segituko dutela.

Izaskun Astondoak, enpresako zuzendariak, behin baino gehiagotan hitz egin du jendaurrean gaiaz. Urte txarrak igaro dituztela eta zenbaitetan langileen soldaten ordainketak atzeratu behar izan dituztela azaldu du. Baina “guztien ahaleginarekin”, aurrera egiten saiatzen ari direla.

Hain zuzen, soldatak ez ordaintzeagatik salatu zuen Astondoa orain kalte-ordaina jasoko duen langileak. Hilabeteetan sosik jaso gabe lanean aritu zela salatu du, eta egoera jasangaitz bihurtu zitzaiola. Beste langile batek ere salaketa bera egin zuen hasieran, baina atzera egin zuen ondoren.

Astondoak ez du ukatu ordainketak atzeratu egin direla. Ez du onartzen ordaindu ez izana, baina bai atzeratu izana;”ahal izan denean” pagatu dutela dio. Edozein kasutan, hori langileekin hitzartuta egin dutela. Eta aurrera egiteko aukera ere langileen jarrerari esker dagoela nabarmendu du. Egoerarik zailena igaro dela dio zuzendariak, eta “guztien lanarekin” zulotik ateratzen saiatzen ari direla.