Bizkaiko kaleak ezin hustu

Bizkaiko kaleak ezin hustu

Ainhoa Larrabe Arnaiz

Lan gatazkak pilatu zaizkio Bizkaiari azken hilabeteetan. Urtea hasi zenetik, kaleak hartu dituzte zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten enpresetako langileek. Eta pankarta gehienen atzean, hitz bera izan dute beharginek: “prekarizazioa”. Zerbitzu publikoak kudeatzeko katean, azken katebegia dira langileak. Aldundiak enpresen esku uzten ditu administrazioak eman beharreko hainbat zerbitzu publiko, eta horiek eskaintzeagatik diru publikoa jasotzen dute enpresek. Hortik lortzen dute soldata langileek, besteak beste. Baina estu dabiltza aspaldian. Autobusetako beharginak, zahar etxeetakoak ala museoetakoak bat datoz: azken urtean okerrera egin dute haien lan baldintzek, eta horren erantzukizuna aldundiarena ere bada.

Gero eta gehiago dira diputazioaren menpe dauden zerbitzuetako langileen protestak. Urtea hasi zenetik, Bizkaibuseko langileek, zahar etxeetakoak, hondakinak kudeatzeko plantakoek eta museoetakoek protestak egin dituzte aldundiaren egoitzaren aurrean. Eta gatazkak arlo ugaritakoak izan badira ere, denek izan dute mezu bera administrazioarentzat: zerbitzu publikoko beharginak diren heinean, lan gatazketan zeresana du aldundiak, eta horietan esku hartu behar du. Batzar Nagusietan ere izan dira langile batzordeetako ordezkariak beraien eskaerekin. Baina erantzun bera izan du aldundiak protesta guztiei aurre egiteko. Lan gatazkak diren heinean, enpresen eta beharginen artean konpondu beharreko auziak dira denak.

Jarrera horrekin ez dator bat EH Bildu. Koalizio abertzaleak behin eta berriz adierazi du aldundiak azpikontratatu dituen zerbitzuekiko ardura izan behar duela. Eta ez soilik gatazka bat sortzen denean. Zerbitzua adjudikatzen denetik, enpresen, langileen eta administrazioaren arteko hartu-emanak iraunkorra izan behar duela uste du Josu Unanue EH Bilduko kideak. “Zerbitzu publiko baten kudeaketa esleitu ondoren aldundiak ezin du lotura guztiz galdu”. Arauz Besteko Proposamena egin berri du koalizio abertzaleak hori bermatzeko. “Kontratuak esleitzeko diru publikoa bideratzen da, eta zerbitzuaren titulartasun publikoa bada, haren gaineko kontrol zorrotza izan beharko luke; kudeaketa edozeinena bada ere, titulartasuna eta azken ardura beti izango baita aldundiarena”.

Kalean, berriz, “bigarren mailako” langile direla diote beharginek. Bizkaitarrentzat lan egiten dute Bizkaiko Administrazioaren izenean. Baina ez dute sentitzen aldundiaren babesa. Eta lan karga pilatu zaiela eta soldata murriztu ala izoztu zaiela besterik ez dute ikusi azken hilabeteetan. Hori salatu du ELA sindikatuak behin eta berriz. Hori gerta ez dadin, zerbitzuak adjudikatzeko arauetan lan baldintzen inguruko klausula bat jartzea proposatu du EH Bilduk Batzar Nagusietan. Eta erantzun dio horri Isabel Sanchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuak: “Adjudikazioetako baldintzetan jaso egiten da beharginen lan baldintzak bermatu beharra”.

Zahar etxeetako langileak:
Protestak, bi urterik behin
Astearte honetan, zazpi eguneko lanuztea bukatu dute Bizkaiko zahar etxeetako langileek. Bi urtean behin berritzen den irudia da. Lan hitzarmena bukatzen zaien aldiro, kalera ateratzen dira zahar etxeetako beharginak, eta bandera bera daramate zerbitzua kudeatzen den enpresetara: langileen eskubideen defentsa. Beharginek enpresa pribatuekin dute lan kontratua, baina bizkaitarrentzat egiten dute lan; lurraldeko adinekoak zaintzen dituzte, Bizkaiko Foru Aldundiaren izenean. Azpikontratupean daude langileak. Baina diputazioak eskaintzen duen zerbitzua da, eta lan baldintzak okertzearen arduraren parte bat egozten dio ELA sindikatuak horregatik.
Guztira, 10.070 ohe daude Bizkaiko zahar etxeetan, eta horietako 5.200 dira itunpekoak. Hau da, erdiak baino gehiago finantzatzen ditu aldundiak. Eta gaur-gaurkoz, Gesca, Elbe eta Lares patronal nagusiek kudeatzen dituzte horiek. Abenduan iraungi zitzaien lan ituna zahar etxeetako langileei. Eta iraungitakoa baino baldintza okerragoak dituen proposamena egin diete enpresek beharginei. Negoziazio mahaian dituen ordezkariak altxatu zituen ELA sindikatuak hori ikusita, beharginen eskubideetan atzerapauso nabaria ematen zela argudiatuta, eta kalera atera dira patronalei eta diputazioari presio egiteko. Gainontzeko sindikatuak bat datoz ELAk egiten duen interpretazioarekin, baina ez dituzte babestu azken asteetako mobilizazioak. Edonola ere, hamar ordezkaritik sei ditu ELAk, eta babes zabala izan dute azken egunetako protestek.
Argia da beharginek egiten duten salaketa: aldundiak azpikontratatuak dituzten zahar etxeetako beharginen lan baldintzak ez dira duinak. Azken urteetan lan karga handitu zaiela salatu dute. Diotenez, gora egin du langile bakoitzak zaindu beharreko adinekoen ratioak, eta soldatei beren hartan eusten dietela salatu dute. Baina kontrako norabidea hartu dute aldundiak eskaintzen dituen oheen prezioak. Langileen arabera, diputazioak gero eta diru gehiago jasotzen du ohe horien bidez. Beharginen lepora patronala aberasten ari dela salatu du ELAk. Eta argi du sindikatuak: lan gatazkan parte hartu behar du diputazioak.
Erakundea ez dator bat beharginen salaketekin. Isabel Sanchez Robles Bizkaiko Gizarte Ekintza diputatuaren esanetan, lan hitzarmenaren negoziazioak hasi arte langileek ez dituzte salatu ratioak eta lan baldintzak. Batzar Nagusietako bileran egin zituen adierazpen horiek, joan den astean. Roblesen arabera, foru ikuskatzaileek ez dute antzeman beharginek salatutako «muturreko lan baldintzarik», eta, Bizkaiko Foru Aldundiak egiten dituen adjudikazio guztietako oinarrien artean, langileen lan baldintzak bermatu beharra ageri da.

TMB planta:
Aldundiak esku hartzeko zain
Bi hilabetean baino gehiagoan dihardute greba mugagabean TMB Arraizeko 127 langilek. Lan hitzarmenaren negoziazioa eskatzen dute  beharginek. Eta bi konpromiso jaso nahi dituzte itun horretan. Bat: soldata prekarioak bukatzea. Eta bi: gehiegizko lanaldiak etetea. Eta aldundiari lan gatazkan esku ez hartzea leporatzen diote. Sacyr Vallehermosok eta Pabisa enpresek kudeatzen dute planta. Baina Garbiker foru elkartearen menpe dago TMB Arraiz, eta tratamendu mekaniko-biologikoak egiten dituzte.
ELA sindikatuaren arabera, langileen egoeran zeresana du diputazioak, planta haiena den aldetik. Baina langileen arabera, «beste toki batera» begiratzen ari da erakundea, eta horrek egoera larriagotu besterik ez du egiten. Argi diote langileek: «bigarren mailako behargintzat» hartzen ditu aldundiak TMB plantako langileak.
Grebak iraun bitartean, gutxieneko zerbitzuak bermatzeko neurriak jartzeko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburu Angel Toñak. Eta beharginek salatu dute lanuztean dauden langileak ordezkatzen ari direla Sacyr eta Pabisa enpresak. Auzitegian salaketa jarri du ELA sindikatuak, «oinarrizko eskubideen zaintza eta askatasun sindikala» urratzen ari dela argudiatuta. Baina ez da hori sindikatuak jarri duen salaketa bakarra. Plantan dagoen «arrisku» egoeragatik ere kexa jarri du Lan Ikuskaritzan.
2014an TMB martxan jarri zenetik, bi ezusteko izan dira plantan. 2014 bukaeran, animalien gorpuzki batzuen ondorioz, Q sukarrak jo zituen hainbat behargin. Iazko udaberrian, metalezko pieza erradioaktibo bat agertu zen. Horregatik, segurtasun neurri zorrotzagoak eskatzen dituzte langileek. Edonola ere, Elena Unzueta Bizkaiko Iraunkortasun diputatuak Batzar Nagusietan azaldutakoaren arabera, plantako segurtasuna Europako «zorrotzena» da, eta, gaur egun, beharginek ez dute inolako arriskurik.

Bizkaibus:
Hirugarren protesta saioa
Bizkaibuseko gatazka da azken hiru urteetan Bizkaiko zerbitzu publikoen auzien artean zeresan gehien eman dutenetako bat. 2013tik, enplegua «suntsitzeko» saioa ikusi dute langileek aldundiak zerbitzua egokitzeko egin zuen proposamenean. Linea batzuk kendu, beste batzuk aldatu edota berriak jartzea erabaki zuen diputazioak egokitzapen hartan. Eta 300 lanpostu galduko zirela salatu zuten UGT, CCOO, ELA, LAB eta USO sindikatuek orduan. Autobus zerbitzu berrituan orduko lanpostu kopuruari eusteko konpromisoa hartu zuen diputazioak, beharginek egindako presioaren ondorioz. Aurten, konpromiso hori hautsi dutela salatzeko atera dira kalera berriz.
Bizkaibuseko beharginek enpresa pribatuekin egiten dute lan. Eta zerbitzua kudeatzeko aldundiak kontratatzen dituen bost enpresetan lan hitzarmenen negoziazioak hasi zituzten langileek urte hasieran. Aldundiak zerbitzu berria martxan jarri zuenetik itunik gabe zeuden beharginak, eta sindikatuek salatu zuten tarte horretan «prekarizatu eta eskubideak murriztu» egin zituztela langileen lan baldintzak. Are gehiago, 2013an galtzear ikusi zituzten lanpostuak kentzeko saioak ere ikusi zituzten beharginek. Hori guztia salatzeko eta 2013an aldundiarekin adostutakoa bete dadila eskatzeko protestak abiatu zituzten horregatik.
Aldundiak argi utzi zuen bere jarrera auziaren hasieratik: enpresen eta beharginen arteko tirabira zen lan hitzarmenen negoziazioa, eta haien artean konpondu beharrekoa zen gatazka. Sindikatuek, ordea, aldundiaren esku hartzea eskatu zuten behin eta berriz. Bizkaibus kudeatzeko enpresak diputazioak berak kontratatzen dituelako, eta zerbitzua erakunde publikoaren erantzukizuna delako. Ia hilabete eman dute protestan beharginek. Eta aldundiak ez du esku hartu auzian.
Hilabete hasieran bukatu da gatazka, bost enpresekin lan hitzarmenak adostea lortu baitute sindikatuek. Baina enpresa bakoitzean ezberdina da langileekin adostu dituzten baldintzak. ELAren arabera, enpresa bakarrak jaso du enplegua ez amortizatzeko konpromisoa: Arratia, Durangaldea eta Hego Uribeko lineak kudeatzen dituenak, alegia. Negoziazioetan aurrera egin ahala utzi diote protesta egiteari sindikatuek, eskualdeka. Txorierri eta Mungialdeko lineetako beharginak izan dira lanuzteak utzi dituzten azkenak.
Bost enpresa, bost eskualde eta bost lan hitzarmen ditu Bizkaibus zerbitzuak orain. Eta hiru urtean hirutan izan dira kalean langileak, enpleguak ez amortizatzeko bandera hartuta. ELAren arabera, itunetan ez da hori jaso, eta, horregatik, ikusteko dago aurtengoa azken protesta saioa den ala ez.

Arte Eder Museoa:
«Hiperrealismo prekarioa»
Eskultura hiperrealista 1973-2016 erakusketa ziren zabaltzekoak Bilboko Arte Ederren Museoan hilabete hasieran. Baina greba mugagabean daude museoko langileak. Eta egunerokoan beharginek duten errealitatearen erakusketarekin ordezkatuko dute museoak hartzen dituen artelanak. «Hiperrealismo prekarioan» murgilduta daude museoko beharginak, ELA eta LAB sindikatuen arabera. Eta beren lan baldintzak hobetzeko  eskatzeko protestan ari dira bisitariei harrera egiten dieten langileak, Manpower enpresakoak.
Museoaren Patronatuak kontratatutako enpresa da Manpower Group Solution SLU. Eta Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak osatzen dute Patronatu hori. Maiatzean, lan baldintza duinak eskatzeko greba egin zuten enpresa horrek azpikontratatuta dituen museoko beharginek, eta ez zuten jaso inolako erantzunik. Horregatik, greba mugagabean murgildu ziren hilaren 7an. Beharginek hainbat hartu-eman izan dituzte erakundeetako kideekin, baina beharginek azaldu dute harreman horiek ez dutela izan inolako emaitzarik. Salatu dute museoaren zuzendaritzak berak ere ez dakiela zein den langileen egoera. «Museoko zuzendaritzak berak ez badaki zein den museoan bertan dituen langileen egoera, zer espero genezake gainontzeko erakundeetatik?».
ELA eta LAB sindikatuek azaldu dute museoko lanpostuek ez dutela jarraitutasun bermerik, lanaldi partzialak dituztela eta soldatak 880 eurokoak direla. «Jasanezina da langileen egoera». Eta salatu dute erakundeek ez dutela onartzen gatazkan duten erantzukizuna, eta egoera horren ondorioz, kaltetu bakarra dagoela auzian: beharginak.