59

Kaleratzeko arriskuan dauden Negarrako langileak. 59 behargin kaleratzeko lan erregulazio txostena zabaldu du Igorreko Negarra enpresak. Protesta egiteko, greba mugagabea abiatu dute.

Amua irentsita, bizirik

Ibaietako arrantzaldiari oniritzia eman dio Bizkaiko Foru Aldundiak oraintsu. Apirilaren 8az geroztik, Bizkaiko ibaietan arrantzan egin daiteke. Ur libreetan salmonidoak arrantzatzeko baimena dago uztailaren 31ra bitartean.

Bizkaiko Foru Aldundiak urtero 9.000 eta 10.000 lizentzia artean banatzen dituela azaldu du Herminio Perez Garridok, Bizkaiko Arrantza Federazioko presidenteak, jarduera horrek duen tradizioaren erakusgarri. Federazioan izena emanda 1.000 pertsona inguru daude. Adin guztietako emakume eta gizonak dira, Perez Garridok azaldu duenez.

Ume eta gazteak ere arrantzaren mundura hurbiltzea du helburuetako bat federazioak. Bertako presidentearen ustez, dena den, arrantza "kirol jarduerara bideratuta egon beharko litzateke", eta eurak "arrantza mota horren aldekoak" direla esan du. Gaineratu du ez dutela antolatzen arrainak hiltzen diren egitasmorik edo txapelketarik.

Horregatik, debekatuta dago karnata moduan harrak, gazta eta okela erabiltzea, besteak beste. "Zizareak arrainak engainatzeko modu bat dira. Horiek janda barruraino irensten dute karnata bera eta amua. Beraz, arraina bizirik bueltatu nahi baduzu uretara, sistema hori erabilita ezinezkoa izango da", azaldu du.

Kirol jarduera gisa lantzeko zenbait jokabide ezarrita daudela adierazi du. Besteak beste, amuak heriotza eragiten duten zatia kenduta erabiltzen dituzte, "arrainak ahalik eta gutxien sufri dezan". Federazioaren helburua da "arrantza entretenitzeko modu bat dela erakustea, baina betiere ingurumena, arrainak eta bestelako animaliak errespetatuz".

Hala ere, gaur egun arrantzan aritzen diren gehienek ez dute hartzen kirol jarduera soiltzat. "Ez, zoritxarrez, ez", aitortu du Herminio Perez Garridok. "Tradizio handia dauka arrantzak, eta kostatu egiten zaigu irizpidea aldatzea. Hala ere, gero eta gehiagok ekiten diogu modalitate horri", esan du. "Denbora kontua izango dela uste dut. Kontuan hartu behar da arrantza urte asko daramatzan tradizioa dela eta ohitura aldatzea kostatu egiten zaion adineko jende asko dagoela. Dena den, gazteak beste bide batetik doaz, eta jarrera aldatuz doa, apurka", ondorioztatu du.

Gainera, azaldu du zenbait jarraibide ezarrita daudela amua jan duen arraina uretara bizirik itzultzeko. Besteak beste, arrantzaleak eskuak bustita dauzkala hartu behar du arraina, ahalik eta min gutxien egite aldera. Heriotza eragiten duten zatiak kendutako amuak erabiltzen dituzte. "Erraz kentzen zaizkie, eta ez zaie ezer ere gertatzen".

Perez Garridok deritzo arrantzak ez duela eragiten ehizak sortzen duen beste kontrako iritzi. "Bilboko Areatzako zubian hamar urte daramatzagu umeekin, arrantza eskolan. Handik pasatzen direnek ikusi egiten dute arrainak hartu eta uretara itzultzen dituztela umeek eurek", adierazi du. Horrez gain, arrantza "erraz kontrola daitekeen jarduera" dela deritzo: "Tiro bat bota eta berehala hil egin dezakezu; horrek ez dauka bueltarik. Arrantzan bide asko daude hori gertatzea saihesteko. Arrantza kontrolatuaren bitartez gaizki egindako jarduera asko saihets daitezke", esan du. "Ingurunearekin eta inguruko baldintza sozio-kulturalekin kontsekuentea izan behar duzu, eta guztiarekiko errespetua izan", iritzi dio.

Baimendutako espezieak

Amuarrain arrunta, amuarrain ostadarra, barboa, loina edo loina txikia, lupina, lazuna edo korrokoia, platuxa eta karpa harrapa daitezke sasoi honetan. Perka, zamo txikia, lutxoa, eguzki arraina eta tenka harrapatzea, aldiz, debekatuta dago, exotikotzat jotzen direlako edo euren berezko banaketa eremutik kanpo daudelako. Aldundiak agindua eman du espezie horietako baten bat nahi gabe hartuz gero hiltzeko, neurriari begiratu gabe. Horrez gain, arrainaren neurria eta non harrapatu duen jakinarazi beharko dio arrantzaleak baliabide naturalak, ehiza, fauna eta arrantza kudeatzeko foru zerbitzuari.

Bizkaiko hainbat ibaitan arrantzatzeko aukera badago ere, eremu bakoitzean bete beharreko baldintzak, sarri, ez dira berak. "Lizentzia orokor bat eskuratu behar du errekara arrantzan doan guztiak. Horrez gain, errekak arrantza barrutietan antolatuta daude. Barruti horietarako baimen mugatu batzuk daude, eta, urte osorako daukazun lizentziaz gain, baimen hori ere beharrezkoa da", azaldu du Bizkaiko Arrantza Federazioko presidenteak.

Hori dela eta, zaletasun garestia da erreketako arrantza, Perez Garridoren esanetan: "Lizentziak eta baimenak atera behar dituzu —eta hori ordaindu egin behar da—, autoz mugitu behar duzu —itsasora arrantzan doana garraio publikoan mugi daiteke; gu, ordea, ez—… Horrez gain, ondo egin nahi baduzu, arrantza materialek segurtasuna ematea nahi baldin baduzu, ordaindu egin behar duzu".

Erreken aberastasuna

Bizkaiko ibaiak garai batean izandako aberastasuna berreskuratzen ari dira, apurka. Hala deritzo federazioko presidenteak. "Aberastasuna izaten hasi dira. Kontuan izan behar da industrializazio garaian egon garela 1950eko hamarkadaz geroztik. Bizkaian, industria ziztu bizian aritu da 30 urtean. Errekek jarduera horiek pairatu dituzte. Duela 30 edo 50 urte ez zegoen industria edota nekazaritza hondakinen gaineko kontrolik. Ibaiak hondatu egin ziren jarduera horien ondorioz. Hori guztia lehengoratzeko, denbora asko behar da". Hala ere, apurka lehengoratze hori nabaritzen hasi dela esan du presidenteak.

Arrantzatzeko sekretuei dagokienez, Perez Garridok dio teoria batzuk bai baina oinarri zientifiko gutxi dagoela. "Zaila da. Batzuek uste dute ilargiaren faseen araberako taula batzuk daudela eta eragina izan dezaketela, ez erreketan soilik, baita itsasoan ere. Beste batzuek uste dute arrainak astroen arabera ateratzen direla jatera… Teoriak, egon, badaude". Gauza bakarra dago egiaztatuta: "Euri apur bat egin ostean edo euria egin orduko, arrainak jatera atera ohi dira. Gainerakoan, arrantza mundu bat da. Eta pazientzia behar da".

Arrantzan egiteko hiru modu nagusi daude

Ibaietako arrantzarako hiru modu nagusi erabiltzen dituzte arrantzaleek, Herminio Perez Garridoren arabera. Batetik, jaurtiketa arina aipatu du: uretara koilaratxo antzeko bat jaurtitzen da, eta, pita jasotzean, arraina erakartzen duten lorratzak egit...