Dantzak, harremanetarako tresna

Dantzak folklorearen eta tradizioen adierazgarri izan ohi dira. Borrokekin, mitoekin edo erritualekin lotzen dira sarritan. Hala ere, Jon Gaminde Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko koordinatzailearen ustez, gizonak eta emakumeak hartu-emanetan jartzeko bide bat izan dira historian. "Azken finean, jendea zertara joaten zen erromerietan dantza egitera? Beste pertsona batzuekin harremanetan egotera edo ligatzera", laburbildu du. Sozializaziorako modu bat zirela deritzo.

Bizkaitarrak oso dantza zaleak izan dira beti: hala jaso du Iñaki Irigoien euskal folklorearen ikertzaileak bere lanetan. Haren arabera, herri dantzak, tradizioz, beti egon dira lotuta herrietako bizitza sozialarekin. Hala ere, desberdindu egiten ditu ondo pasatzeko egindako ekitaldiak eta ikur edo pertsonaia garrantzitsuei omenaldi modura egiten zaizkien ekitaldiak. Lehenengoetan, herriko edozein emakumek eta gizonek har dezake parte. Bigarrenetan, ordea, horretarako propio aukeratu eta prestatutako dantzari taldeak hartuko du parte soilik.

Dantzek bizirik iraun dezaten emakumeek izan duten garrantzia aipatu du Gamindek. Hain zuzen, kasu askotan, emakumeei esker iritsi dira gaur egunera. Besteak beste, Franco diktadorearen garaian, dantzak "debekatuta egon zirenean, emakumeei esker" gorde zirela esan du. Bizkaian adierazgarrienak diren dantzak aukeratzeko zailtasunak agertu ditu Gamindek. "Ez nuke bat aipatuko. Asko dira, eta guretzat guztiak dira bereziak". Hala ere, aitortu du, dantzari dantza deitutakoa jendeari asko gustatzen zaiola. Hona Gamindek Bizkaiko dantza tradizionalen artean egindako aukeraketa bat:

1. Dantzari dantza

Abadiño, Berriz, Garai, Iurreta, Izurtza eta Mañarian egin da tradizioan, eta gaur egun ere egiten dute dantza hori. Zortzi mutilek osatutako taldeak parte hartzen du dantzari dantzan.

Dantza, normalean, gazteen jarduera izan dela gogorarazi du Gamindek. Horren adibidetzat azaldu du Iurretan mutil-plaza erabiltzen zela hori izendatzeko. "Neskatan edo mutiletan ibiltzeko sasoian zeudenei buruz ariko zirela pentsatzen dut", dio Bizkaiko Dantzarien Biltzarreko koordinatzaileak. "Jaien testuinguru horretan egiten ziren dantzak".

Dantzari dantzari dagokionez, bada, mutilen dantza zela nabarmendu du Gamindek. "Herriko mutilen artean, oso trebeak zirenek dantzatzen zuten, gerora euren neska-lagun izango zirenek ikus zitzaten". Neskek ere mutilei begira egiten den aurreskua badaukatela gogora ekarri du. "Azken finean, ligatzeko joko moduko bat da hori". Hor nabarmena da, hain zuzen ere, dantzaren funtzio soziala.

2. Andreen sokadantza

Emakumeek egiten dituzten dantzei dagokienez, sokadantza azpimarratu du Gamindek, euren dantza adierazgarriena bezala. Andreen sokadantza eta, bereziki, Garain egiten dutena. "Adineko emakumeek egiten dute han", azaldu du. Iurretan ere dantza hori berreskuratu dute, eta Bilboko Deustu auzoan ere egiten dute.

Jon Gamindek gogora ekarri duenez, emakumeak beti etxean egon diren ideia zabalduta badago ere, eurak ere parte hartu izan dute jaietan. Egia da, haren esanetan, gizonak beste aritzeko aukerarik ez dutela izan, baina eurak ere jaietan "protagonista" izan direla. "Ezkutatuta ere ez dira egon. Dantzariak izan dira eta jaiaren parte garrantzitsu izan dira". Hori frogatzen duten datuak, dokumentuak eta argazkiak egon badaude, gainera. Berrizen dagoen baseliza batean, 1955. urte inguruko argazki batean bi emakume dantzan ageri direla ekarri du gogora. "Eta eurena sokadantza zen: gizonak ateratzen zituzten dantzatzera".

3. Kaxarranka

Errituekin lotutako dantzak ere badaude Bizkaian: kaxarranka edo kutxa lekuz aldatzea, kasurako. Sustraiak Lekeition dauzkan dantza horren errituaren bitartez, arrantzaleen kofradiako agiri eta objektuak kutxaren barruan eramaten ziren kargua utziko zuen maiordomoaren etxetik kargua hartuko zuen maiordomoaren etxeraino. Ekainaren 29an egiten zen dantza, eta halaxe egiten da gaur egun ere, maiordomoa izendatzen duten egun berean, hain zuzen ere. Gaur egun, ostera, antzinako esangura hura galdu du kaxarrankak. Dantza horren ostean, sokadantza egiten dute emakumeek.

4. Beste batzuk

Hiru dantza horiez gain, beste asko eta asko dira Bizkaian egin diren eta gaur ere egiten diren dantzak: Lea eta Artibai ibaietako arroan, Mendexa eta Xemein herrietan, esate baterako, mahaigainekoa deritzon dantzari eutsi diote; Markinan, zaragi dantza egiten dute aratusteetan, eta Gernika-Lumon, sokadantza. Guzti-guztiak aipatu beharrekoak iruditzen zaizkio Gaminderi. Dena den, Bizkaian eta Gipuzkoan sokadantza eta ezpata dantza nagusitu dira.

3,5

Muskizko Udalaren iazko irabaziak milioi eurotan. Muskizko Udalak kutxan gastatu gabeko 3,5 milioi euro zituela bukatu zuen 2011. 50 obra finantzatzeko erabiliko dituztela iragarri du Borja Liaño alkateak.

5.000 dantzari tradizioari osasuntsu eusteko

Bizkaian, 90 talde —beste lauzpabost, federaziotik kanpo— eta 5.000 dantzari inguru daude. Tradizio horren osasun onaren adierazle gisa aurkeztu ditu Jon Gamindek datuok. Haren arabera, hala ere, ezin da gaur egungoa 1970eko edo 1980ko hamarkadetakoekin alderatu. Izan ere, gizartea garatu egin dela deritzo, "ezin diogu eutsi lehen eutsitakoari".

Francoren diktaduraren sasoian dantza, mendizale eta abesbatza taldeak aldarrikapenerako modu bat zirela ekarri du gogora. Hala ere, taldeok besterik ez zeuden. Gaur egun, bestelakoa da egoera. "Hainbat gauza ditugu, denetarik. Eta eskerrak!", adierazi du. "Horregatik, baina, ezin dezakegu esan gaizki gaudenik; ezin dezakegu jendea engaina".

Iurretan, esaterako, dantzari dantza "primeran" gorde dela azaldu du. "Andrazkoen aurreskua, gizonezkoena… dena berpiztu eta indartu da, eta dantzatu egiten da. Ikuslegoaren aldetik ere, jende piloa egoten da", adierazi du. Hala ere, duela 30 urteko garaiak gogora ekarrita, Bermeoko frontoia gainezka ikusi zuela azaldu du, eta gaineratu orain horrelakorik ez dela gertatzen. "Dena den, nik uste dut, oro har, dantza osasuntsu dagoela".

Zailtasun nagusi bati egin behar diote aurre taldeek: dantzariei urteetan iraunarazteari, hain zuzen ere. Jon Gaminderen ustez, gainera, aipatzekoa da, era horretako beste taldeetan bezala, dantzariak eta bertan lanean aritzen direnak boluntarioak direla, ez direla profesionalak. "Beraz, meritu handia daukate. Eta gizarteak, oro har, ez ditu dantza taldeak eta dantzak merezi duten neurrian aintzat hartzen".

Txistua nagusi, bertoko erritu dantzetarako

Musika tresnak dantzekin oso lotuta daude, musikarik gabe ez baitago dantzarik (nahiz eta abestea ere posible den). Bizkaian eta Gipuzkoan erritu dantzetan txistua erabili da gehienbat. Erromerietan, bestalde, denetarik jotzen da: txistua bera, soinua...

Gutxiagorekin bizi…

Galdera marka jarri diot izenburuari eta gero kendu. Dagoen moduan irakurrita, sasoi aldakorrekin oso ondo doan esaldi baikor, ekologista, aldarrikatzaile eta eraldatzailea iruditu dakioke askori. Aitzitik eta, hala izanda ere, esaldiak sorraraz lezakeen interes gramorik ere kendu barik, apur bat gehiago arakatu nahi nuke lerro hauen bidez, eta ez aholku kutsua daukan hitz-bikotearen zentzu zabala zalantzan jarri nahi dudalako, ezta hurrik eman ere, mota bateko gauza gutxiagorekin bizitzeak beste mota bateko gehiagorekin bizitzea ekar lezakeelako baino. Edo horretantxe sakondu nahi nukeelako, behinik behin.

Norberarengandik hasita, zer gutxiagorekin bizi? Dotoreak izan arren min ematen diguten zapata, auto eta etxeak, beherapenetan zeudelako erosi eta gehiago inoiz erabili ez ditugun praka, soineko, jaka eta ikonoak, inorengandik espero ditugun bizi-arau, betirako aholku eta erabaki-ahalmenak, inora ez doazen alferrikako tristura, ideia zurrunbilotsu eta suntsitzaileak… Zer irabazteko? Izan gorputzean, izan ariman, etxean, kalean zein ordukako lanean, ostera ere, aske sentitzen hasteko gune garden, zabal eta pisu bakoak.

Umeei aipatzen diedanean "denbora, inork ikusi ez arren, dena aldatzen duen gauza magikoa" dela, erlojua erakusten didate berehala, esentzia harrapaezin horri nolabaiteko forma atzemangarriren bat eman nahian, eta orduan jabetzen naiz, askok eta askok, bost edo sei urterekin, dagoeneko barneraturik dutela aurki gizarteratzeko lehen urrats gisa irakatsiko zaien denbora = erlojua operazio matematiko zientifikoa, zeinarekin, denborak urrea balio duela irakasteaz batera, urre horrekin zer egin nahi duten galdetzeko astirik ez diegun ematen, akaso galdera horrek sorraraz ditzakeen sabel barneko kili-kiliak ekiditeko, edo, akaso, hausnarketa kudeatzeko denbora ez dakigulako zelan hartzen den. Beraz, bigarren galdera: zer gutxiagorekin bizi bakoitzaren denbora-aleak urre-pipita bilakatzeko? Zer da bene-benetan egin nahi duzuna zeure denborarekin, jakinik, epe motz, ertain nahiz luzerako plan guztiak alda daitezkeela goitik behera eta, hala ere, jakinean egonda, zeure asmoen ehuneko handiak, hain justu, zeure hitz eta ekimenetan izan dezakeela jarria indarra eta, ondorioz, baita ere, egia bihurtzeko aukera?

Azkenik, bada, galdetuko du norbaitek: bale, eta, planteamendu sasi-filosofiko horren arabera, zer egin, jada, etxea hutsik eta denbora nire alde dela? Aditz mordo bat datorkit, arrapaladan: haizea besarkatu, itsasoa grabatu, eguzkia eskaneatu, ipuin bat asmatu zure magaleko txikiari, musu bat eman etxeko zaharrenari, segundoen iraupena bikoiztu arnasen biko konpasean.

Bai, gutxiagorekin bizitzeko aktek zerrenda bikoitza eskatzen didate, eta orri zuri luze-luzea.

Eten-puntuak jarriko dizkiot izenburuari. Hobe.