Herrietako konpartsak ere, gertuko historiaren isla

Bizkaiko herri gehienetako festetan parte hartzen dute erraldoi eta buruhandiek. Hala ere, Iñaki Iriondok azaldu duenez, irudikapenak "ez dira merkeak" eta, ondorioz, XX. mendera arte Bizkaia osoan Bilbo zen buruhandiak ordain zitzakeen udal bakarra; beraz, "Bilbokoak dira erraldoirik zaharrenak".

Azken hamarkadetan, ostera, hainbat herrietara hedatu dira erraldoi konpartsak. Gaur egun, zenbait pertsonaiez osatutako panpina taldeak ez dituzten udalerri askotan, erraldoi bikote bat badute behintzat.

Ahaztutako erraldoiak

Bilboko erraldoi konpartsak pertsonaia ugari izan ditu bere historia luzean. XIX. mendean sortutako figura batzuk hurrengo gizaldian baztertu zituzten, baina haien oroimena ez zen itzali. Hala, 2001 urtean Basurtuko Beti Jai Alai dantza taldeak Bilboko pertsonaien parte izateari utzi zioten turkiarra, mairua eta amerindiar bikotea bere egin zituen, auzoko erraldoi konpartsa sortuz. Jose Arrue margolariak egindako litografia batean agertzen ziren figura horiek, Gargantuarekin batera. Santutxun auzokoa den Mairuek izeneko konpartsako erraldoiak ere oso pertsonaia bereziak irudikatzen dituzte: itsasadarreko Angulerue, Zazpikaleetako dendetako Jostune, Begoñako baserritarren ordezkari den Aitite Matsorri eta itsasontzietako zamaketaria den Kargerue.

Bilbotik irten barik, Deustuan ere erraldoi taldea dago: 1996an sortutako Ondalan konpartsa, alegia. Urte horretan bertan sortu zituen Kukubiltxok auzoko lehen lau erraldoiak. Alkatea, marinela, zirgatzailea eta txakolinera izan ziren hautatutako pertsonaiak. 1999an, berriz, beste lau erraldoi sortu zituzten, baina, kasu horretan, tamaina txikiagoan egin ziren, 11 urteko haurrek dantzatu zitzaten. Hala, ikazkinak, esne saltzaileak, pilotariak eta laiariak osatu zuten Bizkaiko erraldoi txikien lehen konpartsa.

Gertuko pertsonaiak

Gertuko historiarekin lotura duten pertsonaiak oso ohikoak dira Bizkaiko erraldoien artean. Barakaldon, esaterako, Retuertoko kondeak eta kondesak osatzen dute San Bizente auzoko Laguntasuna folklore taldearen erraldoien taldea, baserritar bikotearekin batera; 1998an egin zituen Kukubiltxok figura horiek. Bermeoko konpartsa eta Getxoko erraldoi taldea, aldiz, arrantzale eta baserritarren bikoteek osatzen dituzte.

Santurtzin ere eskualdeko lanbide tradizionalak aukeratu zituzten erraldoiak karakterizatzeko. Modu horretan, arrantzalea, sardina saltzailea, meatzaria eta mineral garbitzailea dira 2001ean Mendi Alde dantza taldearen eskutik sortutako konpartsako kideak. Horrez gain, 2005ean Santurtzin Erraldoien Bilkura egin zela aprobetxatuz, erraldoi txikien konpartsa aurkeztu zuten: La Bella Charo, Sotera, Currito eta Don Elias dira taldeko pertsonaiak, denak herriko pertsona ospetsuak. Urduñan, Bihotza konpartsak 2001 urtean hartu zuen hirian existitzen zen erraldoien tradizioa jarraitzeko ardura. Egun, lau erraldoi ditu konpartsak: errege-erreginak eta dantzari bikotea.

Berton egindakoak

Bi herritako kasua oso berezia da, erraldoiak herritarrek eraiki baitzituzten. Erandion, Gau Txoriak konpartsako kideek egin zituzten Martiartuko jauna eta anderea irudikatzen dituzten panpinak, baita Zumalakarregi eta La Ria pertsonaiak ere. Areatzan, 1997an bizilagunek sortu zituzten herriko lau erraldoiak: bainuetxeko bezero bikotea, txistularia eta Añude. Konpartsa horiez gain, hainbat herritako erraldoi bikoteak daude: Portugalete, Sestao, Basauri, Lekeitio, Markina eta Ortuella dira horren adibide.

“BERE UDAL GORENTASUNARENTZAT”

Bilboko Konpartsek Iñaki Azkuna alkatea "bere udal gorentasun" izendatzea erabaki dute, eta munduko alkaterik onenaren saria merezi duela iruditzen zaie. Horregatik, urrezko zaldizko estatua eraiki nahi diote, udaletxe ondoko plazan. Ironiaz betetako mezu horrekin, bihar Konpartsero Eguna ospatzeko deia egin dute. 12:00etan umeentzako tailerrak, txistorra eta piper banaketa eta pintxo lehiaketaren hasiera izango dira, 14:30ean herri bazkaria, eta 17:00etan, erromeria.

Turismoak badu saria

Argazki lehiaketa

Karrantza

Karrantza ingurura turismoa egitera doazenek, bertako parajeez gozatzeaz gain, sariak irabazteko aukerak ere badituzte udako igandeetan. Hain zuzen, iazko arrakasta ikusita, aurten berriz ere jarri dute martxan Latak eta letoriak Karrantza ginkana. Karrantzako Udalak Enkarterrialderen laguntzarekin antolatutako argazki lehiaketa bat da.

Berrogei kilometroko bidea egin behar dute parte hartzaileek. Hain zuzen, autoz egiteko prestatuta dago lehiaketa. El Suceso, Biañez, Ahedo, Bernalez eta Lanzasagudas auzo eta eremu enblematikoetatik pasatuko dira lehiakideak.

Antolatzaileek iragarri dute Brinban, Bernales auzoan dagoen alpaken baserria ere geldiune interesgarrietako bat izango dela. Bertan, animaliok zelan bizi diren jakiteko aukera izango da.

Guztiak 10:00etan bilduko dira Anbasaguaseko Karrantzako turismo bulegoan. Norberak bere autoa eraman behar duela zehaztu dute antolatzaileek. Ibilbidea jasoa duen GPS bat utziko diete, eta mapa bat eta txapelketan erabili beharko dituzten zenbait material ere emango dizkiete. Ginkanaren arauak eta oinarriak zeintzuk diren azaldu ondoren, abiatu egingo dira.

Ibilbidean zehar bete beharreko bederatzi fitxa ere emango dizkiete lehiakideei. Hiru ordu inguruko bidea egin beharko dute. Bide horretan, argazkiak ateratzeaz gain, marraztu eta Karrantzako inguru enblematiko horiei buruz egiten dizkieten galderak erantzun beharko dituzte.

Ginkanaren helburua da urteko sasoi honetan turismoa erakartzea. Hain zuzen, lehiaketa babesten duten landa ostatuetan ostatu hartuta daudenek ez dute ezer ordaindu beharko parte hartzeko. Gainerakoek, hamar euro ordaindu beharko dute ibilgailu bakoitzeko.

Hilero txapelketan parte hartzen duten guztien artean, bi lagunentzako egonaldi bat zozkatuko dute Karrantzako ostatuetako batean. Beste sarietako bat bazkari bat izango da.

Argazki ginkanan parte hartzeko, aurretiaz izena ematea komeni da: 94-680 69 28 edo 696-443 01 telefonoetara deituta, edo turismo@karrantza.org helbidera idatzita.

Munduko folklorearen topaleku

Beste urte batez, nazioarteko folklorearen topaleku bihurtuko da Portugalete bihartik aurrera. Aurten, Portugaleteko 38. Nazioarteko Folklore jaialdia ospatuko dute, Elai Alai kultur elkarteak antolatuta.Musika, kantu eta dantza folklorikoa interpreta...

%5

Rothenbergek beharginei soldata jaitsi gura diena. Abadiñoko Rothenberg enpresak %5 jaitsi gura die soldata beharginei, eta urtean 105 ordu gehiago behar egitea proposatu die. Beharginek ez dute onartu.