Larrazabale gogoan

Busturian, beste hainbat herritan bezala, auzo eskolak izan ziren. Paresin eta Axpeko Goierri auzoan egin zituzten. Horrek, Goierriko Larrazabale eskolak, 80 urte bete ditu aurten, eta urteurren biribil horren harira, dokumental bat prestatu du Añebustin auzo elkarteak —auzoa pizteko eta bertako premiak gainditzeko helburuarekin sortu zen, 1995ean—. "1932an inauguratu zen eskola, eta 80. urteurrena zenez, garai egokia zela pentsatu genuen", azaldu du Leonor Bilbao elkarteko presidenteak.

Eta hala ekin zioten. Baserriz baserri, eskola hartan ikasle izan zirenekin hitz egiten saiatu ziren. Guztira, 35 lekukotasun bildu dituzte, eta dokumental horretan jaso. Tartean, Jesus Larrabaster (Busturia, 1926) eta Maria Luisa Arrateren (Busturia, 1939) testigantzak entzun daitezke.

Eskola inauguratu eta berehala, bertako ikasle bihurtu zen Larrabaster. Aitak, auzoko beste hainbat lagunek bezala, lan handia egin zuen eskola hura eraikitzeko. "Gurdiekin ibiltzen zen lanean. Oso gogorra zen. Izan ere, eguneroko lana bukatuta aritzen ziren eskolako lanetan", azaldu du, auzokideek egindako beharra goraipatuta.

Leonor Bilbaok ere ez du aipatu gabe utzi nahi izan 19en Elkartea. "Errepublika garaiko auzo eskolen proiektuaren helburua alfabetatzea eta kultura esparru guztietara eramatea zen, eta Larrazabale 19en Elkarteak sortu zuen. Izen hori hartu zuen taldeak 19 lagunek sinatu zutelako eskola eraikitzearen aldeko akta. Eta haien artean eraiki zuten".

AEBetan bizi zen Balentin Agirre busturiarrak emandako "diru laguntza ederra" ere aipatu beharrekoa iruditu zaio. "Eskulana, ordea, bertoko gurasoen artean egin zen", zehaztu du. 19en Elkarte horren barruan emakume bakarra zegoen. "Alarguna zen hura: Florencia Iturri". Bilbaok argi du eurek zeukaten baino kultura maila handiagoa nahi zutela seme-alabentzat, eta "asmo horrekin sortu zen eskola".

Maria Luisa Arratek ere iritzi bera du: "Etxean beti ikusi izan dut umeek gehiago ikasteko ilusio hori". 1944 inguruan hasi zen Arrate eskolara, bost urte zituela. Larrabasterrek eta berak dituzten oroitzapenak, ordea, ez dira oso antzekoak. Garaiak markatutako oroitzapenak gorde ditu Larrabasterrek, 1936ko gerrakoak.

Gerrakoa, "garai txarra"

"Ez daukat oroitzapen onik", laburbildu du; "oso garai txarra izan zen". Hasieran, II. Errepublika garaian, euskaraz ikasten zutela oroitzen da. Zazpi urterekin hasi zen bera. "Euskaraz ikasten genuen, nazionalak sartu ziren arte". Eskolak euskaraz hasi eta gaztelaniaz bukatu zituen, beraz, 11 urte bete baino lehen. "Analfabeto hutsa nintzen. Ez nuen ikasi ez batera, ez bestera ", esan du. Beldurra zen nagusi orduan.

Erabat desberdina da Arratek gogoratzen duena. Harentzat, baserriko lan astuna alde batera utzi eta ume artean arnasa hartzeko modu bat zen eskola. "Asko gustatzen zitzaidan. Beharbada, baserriko lana oso gogorra zelako. Umeekin, gainera, asko jolasten ginen han. Antzina, haur asko geunden auzoan. Eta eskolan beste adin batzuetako haurrekin eta urrunagokoekin elkartzeko aukera geneukan. Eta ikasi ere egiten genuen", ekarri du gogora.

Andereñoak ere gogoan ditu. "Maistrak asko aldatzen ziren. Hala ere, nik uste dut meritu handia zutela hona etortzeagatik. Izan ere, astelehenetan etorri eta ostiralera bitartean bertoko baserrietan geratzen ziren. Haientzat gogorra izan behar zuen gure baserrietan gelditzea, kontuan hartuta, gainera, antzina ez zegoela ez argirik, ez ezer. Guretzat egoera normala zen hura, baina haientzat gogorra izan behar zuen hemen bizitzeak", iritzi dio.

1940ko eta 1950eko hamarkada hartan ibili zen Arrate eskolara, 5 urte zituenetik 12 bete arte. Zigorren oroitzapenik ez du gorde. "Nire lagunek sarri kontatzen dute atzamarrak batu eta gora begira jarrita erregela batekin jotzen zigutela, baina nik ez daukat gogoan horrelakorik. Joko zidaten, seguru, ni ez nintzen santua izango eta. Baina ez daukat gogoan eskolara ibilitako sasoiari buruzko une txarrik", esan du.

Eskolan ikasitakoari buruz galdetuta, barrea atera zaio Arrateri. "Askorik ez, gaur egun beste ez behintzat. Enciclopedia (Entziklopedia) izeneko liburu bat geneukan, baita aritmetikako liburu bat ere. Batuketak eta biderketak egiten, gauzak gogoan gordetzen... ikasi genuen", azaldu du.

Herriko eskoletan, dena den, ikasleek gehiago ikasiko zutela uste du. "Maistrek, oso borondate ona izan arren, hemendik joan eta beste plaza bat eskuratzeko gogoa izaten zuten". Beraz, irakasleen joan-etorria handia zen garai hartan. Horrez gain, Larrabasterrek eta Arratek, biek azaldu dute adin guztietako haurrak gela berean ari zirela, irakasle berarekin. Arratek irakasle baten izena du gogoan: Elena Mieza. Larrabasterrek, Obdulia gogoratu du, abizenaz oroitu ez bada ere.

Goierri auzoko haurrei, Bizkaiko hainbat herritako auzo askotako umeei bezala, eskolara goiz hasteko aukera eman zien Larrazabalek. Izan ere, Arrate ziur da eskola hura zabalik egon ezean, zaharrago hasiko zituela ikasketak. "Hemendik Axpera jaitsi beharko genukeen, eta, 5 urterekin, ezinezkoa izango zen".

Leonor Bilbaok gogora ekarri duenez, hiru kilometro eta erdiko aldats luzea dago Goierri auzotik Axpe erdiguneraino. "Beraz, ezinezkoa litzateke behera eta gora ibiltzea eskolara, elurrarekin, euriarekin... Pentsa zelango abantaila izan zen hemen goian eskola bat egitea".

Auzoari eskolak gauza on asko eman zizkiola deritzo Arratek. "Egon ez balitz, gure bizitza bestelakoa izango litzateke. Txarragoa, eskolara urrunago joan beharko genukeelako. Bestalde, baliteke gehiago ikasi izana edo eskolan luzaroago ibili izana. Nire ustez, dena den, mesede handia egin zigun eskola hura zabaltzeak", esan du. "Eskolari esker, auzo taldea sendotu egin zen. Adin guztietako haurrak batera ibilita, prestakuntza handirik ezin izan dugu jaso. Ikasteko, dena den, adin txarrik ez dago", ondorioztatu du. Larrabasterrentzat, auzo eskola besteak baino hobea zen, "han euskaraz egin ahal izaten genuen eta". 1977an itxi zen Larrazabaleko eskola, behin betiko.

Auzo bat, eskola bat

Gaur egun txoko gastronomiko bihurtuta daude gehienak. Hala ere, 1920ko hamarkadatik hasita, herriguneetatik urrun zeuden landa auzo sakabanatuetako haurrak hezteko sortu ziren auzo eskolek behar handia egin zuten irakaskuntza unibertsalaren alde. Eta beste helburu bat ere bete zuten: auzo horietako eta euren biztanleen arteko oinarri sozial bilakatu ziren.

"Hezkuntza nekazaritza inguruetara helarazteko helburuarekin jaio ziren. Inguru horietatik herriguneko eskolara distantzia handiegia zegoen, eta, horrek, eskolara asko huts egitea eta oinarrizko hezkuntzarik ez jasotzea eragiten zuen umeen artean". Horrela azaldu du Alberto Santana Bizkaiko Ondasun Etnografikoaren arduradunak eskola horien sorrera. "Primo de Riveraren diktaduratik hasi eta II. Errepublika bukatu artean ireki zituzten. 1920ko eta 1930eko hamarkadak izan ziren aktiboenak".

Berako (Nafarroa) Juan Gallano Bengoetxeak sustatu zituen eskolok. Bizkaiko Diputazioan lanean ari zen Gallano garai hartan, Santanak gogora ekarri duenez. "Lehenengoa izan zen argitara ateratzen baserriko umeak ez zirela eskolara joaten edo joaten zirenek ahalegin handiak egin behar zituztela. Egoera dramatikoa irudikatu zuen: salatu zuen analfabetismora eta hezkuntzarik ezera kondenatzen ari zirela umeak eta gazteak".

Hori dela eta, inkesta antzeko bat egin zuen Bizkai osoan, ondoko hau jakiteko: eskolaratzeko adinean zeuden eta eskola bat betetzeko beste ume zituzten zenbat auzotan zuten eskola erdigunetik bi kilometro baino urrunago? Mugimendu hark interesa eta ardura sortu zituen. Izan ere, hainbat udalek erantzun zuten.

Bizkaiko mapa hartu eta biribil bidez irudikatu zituen eskolarik gabeko eremuak. Apurka herritarren artean interesa piztu zela gogorarazi du Santanak. Handik aurrera, auzotarrek eurek ekin zioten, auzo kofradien bitartez.

Auzo kofradia horiek, Bizkaiko Diputazioak hala eskatuta, prestasuna agertu zuten eskola eraikitzeko lurrak eta eraikina bera egiteko. Beraz, haiek eskola eraikitzeko prest zeudela azaldu zuten, kostuak euren gain hartuta. Hain zuzen, eskola bera eraiki eta irakaslea mantentzeko prest agertu ziren kofradiok.

Ezin aipatu gabe utzi zer onura izan zituzten eskola horiek egin zituzten auzoetan: "Lehenago eskolara joateko sakrifizio neketsua zenari irtenbidea eman zioten", azaldu du foru aldundiko teknikariak. Horrez gain, adierazi du lotura eta hartu-eman bereziak sortu direla auzo eskoletan ibili diren haurren artean.

Umeen harreman eta hezkuntza lanez haratago zihoazen eskolak, hala ere, Santanak azaldu duenez. Gurasoen artean ere loturak sortu zituzten. "Hainbat akordio lortu behar izan zituzten. Sarri, batzuk besteekin haserre zeuden. Hala ere, ados jartzeko ahaleginak egin behar zituzten lan egin ahal izateko. Komunitate barneko praktikak izugarri indartu zituen; auzolanean batera aritzeko ere lagungarriak izan ziren", gogorarazi du.

"Atzerrian zeuden herritarrak bertakoekin lotzeko modu bat ere bideratu zuten. Busturiko Goiherri auzoko eskolari dagokionez, AEBetan bizi zen busturiar bat izan zen mezenas garrantzitsuena. Boisera eta Nevadara zihoazen euskal herritarrak New Yorkeko bere hotelean hartzen zituen. Eta hark bidaltzen zuen dirua, tartean, eskola eraikitzeko. Beraz, eskolok herrian bizi zirenak eta kanpoan bizi zirenak lotzen zituzten", ondorioztatu du Santanak.

Lan handia egin arren, ordea, ez zuten arazoa oso-osoan konpondu. Hezteko orduan zailtasun gehiago izanik, oinarrizko gaiak irakasteko modua besterik ez zuten ematen auzo eskolek. Izan ere, gehienetan, baten bat salbuespen, gela bakarra zegoen. Beraz, han elkartzen ziren txikienetik hasi eta nagusienera. "Andereñoek inprobisatu egin behar izan zuten. Egia esan, oso ondo bete zuten euren lana. Hainbat adinetako umeei zeregin ezberdinak eman behar izan zizkieten. Hori, dena den, ez zen oztopo handia izan. Izan ere, oinarrizko gauzak irakasten zizkieten: Hizkuntza, Geografia edota Matematika arloei buruzko oinarrizko gaiak. Eta ondo konpontzen ziren. Ume batzuk batuketak egiten ikasten ari ziren bitartean, beste batzuek biderketak eta zatiketak egiten zituzten".

Eskolan, euskaraz

Euskara bera ere, beste eskoletan baino ohikoagoa zen auzo eskoletan. Hala baieztatu du, behintzat, Santanak. "Euskara normal-normal erabiltzen zuten hezkuntza prozesuan; testu liburuak, ordea, gaztelaniazkoak ziren. Euskaraz irakasten zuten andereñoek, ikasleek errazago uler zitzaten ikasgaiak. Beraz, euskaraz berba egin bai, baina irakatsi ez. Irakaskuntzan erabiltzeko moduan ere ez zegoen normalizatuta gure hizkuntza".

Gogorarazi du garairik txarrenetan ere euskara presente egon zela auzo eskoletan. "Baita Primo de Riveraren diktadura garaian ere. Dena den, 1929tik aurrera euskararen presentzia areagotu egin zen, 1936ko gerraren ondorioz II. Errepublika amaitu zen arte".

Eskola horiek itxiz joan ziren urteen poderioz. "Ia modu biologikoan desagertu ziren", adierazi du Santanak. Batetik, auzoetan gero eta ume gutxiago zeudelako. Bestetik, herrietako eskoletara helarazteko hainbat garraio aukera sortu zirelako auzoetako haur eta gaztetxoentzat. Urteek aurrera egin ahala, berriz, Espainiako Hezkuntza Ministerioaren esku geratu zen irakasleak jartzeko eskuduntza. Hezkuntza arloa alde batera utzi badute ere, eskola haiek sortu zituzten auzoetarako elkargune dira oraindik gaur egunean.

Larrazabaleri buruzko dokumentala, eskuragarri

Añebustin elkarteak Larrazabale eskolari buruz egindako dokumentalaren hainbat ale dagoeneko banatu baditu ere, posible da, oraindik, dokumental hori eskuratzea. Horretarako, elkartearekin harremanetan jarri behar da, besteak beste, 94-618 98 12 telefonora deituta. Eskolako garaiak eta bertako ikasle izandakoen testigantzak jasotzen ditu lan horrek. 1932an, eskola zabaldu zutenean, Maria Jacinta Intsausti zen irakaslea. Goierriko auzo eskola 28 umerekin zabaldu zutela gogora ekarri du Leonor Bilbao Añebustin elkarteko presidenteak. "Ez ziren lauzpabost ume, 28 baizik". Horietatik guztietatik 35en lekukotasunak bildu dituzte. Ondoko argazkietan ageri dira ikasle ohi horiek.

170

Lanik gabe geratuko diren diren Formicako beharginak. Galdakaoko Formica enpresak ere azkenean ixtea erabaki du. Ondorioz, han behar egiten duten 205 langileetatik 170 lanik gabe geratuko dira dira. Gainontzekoek administrazio lanetan jarraituko dute.