EUSKAL PRODUKTUZ JANTZITAKO JAIA

Eguraldia lagun, hainbat lagun bildu ziren larunbatean Sopelako Euskal Jaira. Euskal jantzi tradizionalak soinean jantzita batzuk, bertoko produktuen erakustaldia ere egin zuten hainbat baserritarrek. Eta lehiaketa ere izan zen. Azokako sari banaketar...

Soinean papera jarrita

Erakusketa

Gueñes

Moda erakustaldi berezia izango dute egunotan Gueñesko Sodupe auzoko kultur etxean. Paperezko jantzien erakusketa bisitatzeko aukera izango da, hain zuzen ere, gaur hasi eta datorren azaroaren 5era bitartean.

Ez da gueñestarrek era horretako arteaz gozatzen duten lehen aldia. Izan ere, paperezko jantzien erakusketak eta lehiaketak tradizio handia dute herrian.

Mollerusatik (Lleida, Herrialde Katalanak) eraman dituzte moda artelan horiek Gueñesera. Erakusketa hori Gurutzeko jaien barruan egin ohi duten paperezko jantzien nazioarteko lehiaketaren harira jarri dute, aurten ere. Txapelketa bihar egingo dute.

"Aurreko urteetan, 2005az geroztik, aurreko egunean desfilea egiten zen Mollerusako museotik ekarritako diseinuekin. Horrekin batera, Roberto Comas zenaren lanen erakusketa ere egiten zen. Horregatik berreskuratu nahi izan ditugu desfile horiek. Oraingo honetan, ordea, jantziak erakusketa baten bitartez aurkeztuko ditugu, paperaz egindako artelan horiek ikusteko denbora gehiago izan dezan jendeak", azaldu du Koldo Artaraz Gueñesko alkateak.

Erakusketa bisitatzeko ordutegiari dagokionez, goizetan 11:00etatik 14:00etara egongo da zabalik; arratsaldez, bestalde, 17:00etatik 21:00etara. Hiru sailetan banatuta egongo da, gainera: Gaur egungo moda, antzinakoa eta fantasiazkoa. Atal horietan beretan banatuta dago abenduoro Mollerusan egiten duten paperezko jantzien lehiaketa.

Sodupetik Gueñesera

Bestalde, Arenatzarte parkean, paperezko jantzien erakusketa iraunkorra dagoen eraikinean, paperezko jantzien 2012ko nazioarteko lehiaketako diseinu irabazle guztiak ikusteko aukera ere izango da. Domekatik aurrera izango da hori, Artaraz alkateak zehaztu duenez. "Lehiaketa egin eta hurrengo egunean diseinu irabazle guztiak jarriko ditugu ikusgai. Erakusketa bi hauekin —Sodupekoa eta Gueñeskoa— paperezko jantzien inguruan herrian bisiten zirkuitu bat eratzea da helburua".

320

Kalean txisa egiteagatik Barakaldon jarritako isunak. Barakaldoko udaltzainek 2011n eta aurten orain arteko hilabeteetan 320 isun jarri dituzte, kalean txisa egiten harrapatzeagatik. Hamarretik zazpi adinez nagusi zirela adierazi dute.

Bilbo, Huelva eta Cadizera begira

Duela zazpi urte hasi ziren Bilboko Udala eta Sonikete elkartea Una Ria Con Duende flamenko jaialdia antolatzen. Ordutik, indarra hartuz joan da, eta aurten egitarau oparoarekin dator. Asteon ekin diote, eta irailaren 30a bitarte kontzertu, tailer eta bestelako ekintzekin gozatzeko aukera izango dute flamenkozaleek. VII. ekitaldi honetan, bereziki, Huelva eta Cadiz (Andaluzia, Espainia) aldeko cante hondo garaikideari erreparatuko diote. Euskal Herrian sortutako flamenkoak ere izango lekua, urtero bezala. Aurten, Juanjo Calderon gasteiztarrak hartu du ordezkaritza hori betetzeko egitekoa.

Dantza, gitarra, cante hondo eta txalo erritmo tailerrak egongo dira asteotan. Martitzenetik gaur arte egin dute, adibidez, txalo eta konpas tailerra. Gitarra jotzen ikastekoa, cante hondoarena eta dantzarakoa, berriz, datozen asteetan egingo dira. Parte hartzeko, www.bilbao.net udalaren web orrian edo 010 udaleko telefono zenbakian eman behar da izena.

Bihar dauka ekitaldi nagusia, bestalde, Euskal Herriko flamenko sorkuntzak. Juanjo Calderonek, beti bezala, Javier Antoñana izango du lagun gitarrarekin. Elizbarrutiaren museoan emango dute kontzertua, eta sarrera doakoa izango da. Tradizio flamenkoak bere jatorrizko mugetatik kanpo ere baduela indarra erakutsiko dute bi musikariek.

Jaialdiaren beste ataletako bat emakumezkoek sortutako flamenkoak ordezkatzen du. Aurten, Huelvako Peña Flamenca Femenina de Huelva taldea ekarri dute Bilbora; 12 urte pasatxoko ibilbidea dute. Jaialdiaren antolatzaileen arabera, "flamenkoa gizonezkoen kontua dela esaten duen beste garai bateko uste hori haustea lortu du talde horrek, eta flamenko munduaren aintzatespena eta errespetua lortu ditu, talentuaren, lanaren eta jakituriaren bitartez". Andreek egindako flamenkoan, ahotsik azpimarragarrienak dira talde hau osatzen dutenak. Bihar zortzi gozatu ahal izango da haien kantu, dantza eta musika ikuskizunaz.

Jaialdia bukatzeko, Cadizko flamenkoa iritsiko da Bilbora, irail bukaeran. Gainerakoetan baino flamenko tradizio ahulagoa dago Andaluziako probintzia horretan, baina indartzen ari da azken urteetan. Miguel Rosendok eta Keko Baldomerok taularatuko dute kresalak eta eguzkiak indartutako flamenkoa.

UNA RIA CON DUENDE

Zer. Bilboko flamenko jaialdia: emanaldiak, tailerrak eta erakusketak.

Noiz. Irailaren 30a bitartean.

Astebete eskainiko diote Euskal Herriko poesiari

Laugarren urtez, Euskal Poesia Jardunaldiak antolatu ditu BBK aurrezki kutxak BBK aretoan, Bilbon. Datorren astelehenetik barikura, bost poesia eta musika errezitaldi izango dira, eguneko bat, euskaraz eta, batez ere, gaztelaniaz. Denak, 20:00etan.

Asteleheneko saioan, Galatea taldeak parte hartuko du, Malditas palabras erdarazko lanaren errezitaldiarekin. Martitzeneko saioa, berriz, euskal literaturako sortzaile ezagunetako bati eskainiko diote: Joseba Sarrionandia iurretarrari. Bernardo Atxaga idazleak, Ken Zazpi musika taldeko abeslari Eñaut Elorrietak eta Mikel Inunziaga kantautoreak iazko Euskadi Literatura Sariaren irabazlearen hainbat poema irakurriko dituzte.

Eguaztenean, Yolanda Castaño arituko da, Versos para escuchar y ver ikuskizunean. Eguenean, ikus-entzunezko emanaldi batez gozatzeko aukera egongo da, Carmen Isasi, Marina Perez, Carmen Bereziartua eta Pablo Gonzalezen eskutik. Barikuan bukatu da jaialdia, Tachia Quintanar artistaren ikuskizun berezi batekin.

POESIA JARDUNALDIAK

Non. BBK aretoan, Bilbon.

Noiz. Astelehenetik barikura, 20:00etan. Sarrera doakoa da.