650

Zorrotzaurren dauden TAO aparkalekuak. Joan den eguaztenaz geroztik, TAO zerbitzua dago martxan Zorrotzaurreko zabalgunean. 650 aparkaleku inguru TAOko gune berde bihurtu berri dituzte, beraz.

Folk doinuen asteburua

Folkean12

Dima

Asteburu honetan Diman folk musikaz gozatzeko aukera egongo da. Hiru egunetarako egitarau zabala prestatu dute. Badago, bai, non aukeratu.

Gaur, 19:00etan, jaialdiaren aurkezpena egingo dute. Ostean, txalapartaren inguruko berbaldia eta bideo emanaldia egingo dituzte, txalapartaren historia aztertuz. Txalaparta erakustaldia ere ez da faltako. 22:00etan, Iban Nikolairen emanaldia egongo da gaztetxean. Nikolaik didjeridua jotzen du; munduko haizezko musika tresnarik zaharrenetakoa da —40.000 urtetik gorako historia du—, eta australiar aborigenen kulturatik dator.

Bihar izango da Folkean 12 jaialdiaren egun handia. Izan ere, biharko egun osoko egitaraua prestatu dute. Goizean, 11:00etatan hasita, Luthier azoka eta musika tresnen tailerrak egongo dira plazan. 13:00etan, kalejira egingo dute, zanpantzar, albokari eta trikitilariekin.

Herri bazkaria

15:00etan herri bazkaria izango da frontoi txikian. Tiketak Dimako tabernetan daude salgai. Bazkalostean, Usansoloko Oinarin dantza taldearen eskutik dantza tailerra egongo da.

Arratsaldean, berriz, 19:00etan 13 doinu gaixorik larri dauden presoentzat emanaldia egingo dute. Ondoren, zapatu gaua girotzeko, hainbat kontzertu egongo dira. Frontoian, 20:30ean, Kherau folk taldearen kontzertua egongo da. Ostean, Korrontzik eta Oinkari dantza taldeak Infernuko hauspoa ikuskizuna eskainiko dute. Bestalde, gaztetxean, 21:00etan, Dead Bronco taldea arituko da.

Domekan, jaialdiaren azken egunean, 13:00ean kalejira egingo dute, gaitero, erraldoi eta buruhandiekin. Kalejira amaitutakoan, talo tailerra eta taloak jateko aukera egongo da plazan.

Eguna biribiltzeko, arratsaldean, Lenauko erromerie egongo da Argi eta Ikerregaz, 17:00etan hasita. Baserritar jantzita doazenen artean, jantzirik dotoreena duenarentzat sari eder bat egongo da. Halaber, erromeriaren atsedenaldian, alboka bat zozkatuko dute.

FOLKEAN 12

Noiz. Gaur, bihar eta etzi.

Non. Diman.

Aurrerantz jarraitu, sustraiak moztu gabe

Landa munduari lotuta dagoen eskualde baten garapen integrala bultzatzen dugu". Hala laburbildu du Peli Manterolak euren zeregina. Arratia-Nerbioi eskualdeko Gorbeialde Landa Garapen Elkarteko kudeatzailea da. "Gure helburua da eskualdeko bizi-kalitatea hobetzea eta administrazioen eta herritarren arteko elkargune izatea. Gizartearen eta ekonomiaren garapenaren alde egiten dugu behar", dio Enkarterrialde Landa Garapen Elkarteko Txus Gomezek. Busturialdeko Urremendi elkarteko kudeatzaile Ibon Mandalunizek ere bizi-kalitatea hobetze horri egin dio azpimarra, lurralde kohesioa ahaztu gabe.

Bizkaian halako sei elkarte daude, beste horrenbeste eskualdetan ezarrita. Eta denek baserri inguruagaz harmonian egongo den garapen iraunkorra jomugatzat daukaten arren, jarduteko moduan badago aldea. Eskualdeko udalek, nekazaritza alorreko sindikatuek, kultura eta ondare elkarteek zein bestelako eragileek osatzen dituzte. Guzti-guztiek lehen sektoreari begira egiten dute behar, eta, hortik aurrera, turismoari ere erreparatzen diote, kulturari, ondarearen zaintzari. Eta badira industria alorrerako proiektuak dituztenak.

Gorbeialden, lehen sektorearen plan estrategikoa onartu zuten joan den urtean. "Gurearen moduko eskualde bat garatuko bada, baserrira begira garatuko da, zalantzarik barik", dio Manterolak. Haren berbetan, paisaia da Bizkaiko altxorrik handienetako bat. "Lehen sektoreak moldatu du orain arte, eta horri eutsi gura badiogu, horrela izaten jarraitu beharko du". Gaur egun, haien erronka nagusia eskualdean dauden ustiategiei eustea da, baina aitortu du ez dela erreza.

Sektorea ondo egituratuta dagoela dio, abeltzainek euren elkarteak dituztela. Hala ere, badaki ustiategi bakoitza aparteko mundu bat dela, beren arazo eta gabeziekin. "Plan estrategikoan, onartzen dugu denak ezberdinak direla, baina arazo komunak detektatzen ari gara. Hori lortuko bagenu, konponbide komunak emango genizkieke. Egia da hemen gertatzen denak ez duela tokiko konponbiderik, baina egiten duguna lagungarri izango da".

Lehen sektorearen bilakaera

Uribe eskualdean ere, Mungialdean, Uribe Kostan eta Txorierrin, abeltzaintzak pisu handia izan du. Batez ere, esne behiek. Jata Ondo Landa Garapen Elkarteko kudeatzaile Jokin Etxebarriak dio hori aldatuz joan dela. Esne behiek okelatarako behiei utzi diete lekua. Horiek, ordea, ustiategi handietan hazten dira, eta ez dabiltza garairik onenean. Eskualdeko lehen sektorearen motorra, hala ere, ortuariena eta txakolinarena da gaur egun. Ortuarien kasuan, gainera, berotegiek gorakada izan dute aspaldion. Eskualdean bertan dago Garaia kooperatiba, sektoreko garrantzitsuenetakoa. Txakolinari dagokionez, Bizkaiko sor-markako ekoizle nagusiek inguru horretan dituzte euren txakolindegiak: Bakion, Fikan, Lezaman...

Uribe eskualdean eutsi izan diete maiztasun finkoa duten abeltzaintza alorreko azken feriei. Domekaro egiten ziren, aste batean Loiun eta bestean Mungian, txandaka. Loiukoa desagertu zenetik, Mungiakoa baino ez da geratzen; Bizkai osoan, bakarra. Etxebarriaren esanetan, ahul dago. "Oraingoz, eutsiko dio, baina ez dakit noiz arte". Izan ere, gaur egun abere gutxi salerosten dira ferietan. "Ustiategi handietakoek zein arraza mailan behar egiten dutenek zuzenean egiten dituzte tratuak. Asko igarri da mugimendu falta hori".

Indarra, bada, nekazaritza produktuen azoketara bideratu dute, ortuarien salmentara. Asteroko baserritarren azokak eta jaiegun bereziei lotutako ezohikoak ugari dira Uriben. Mungian bertan, adibidez, barikuro izaten dute azoka eskualdeko baserritarrek. Jata Ondok horietan saltzera doanaren eta salgai duen produktuaren kontrola egiten dute. Azoketatik aparteko salmenta zuzeneko ekitaldiak ere bultzatzen ari dira.

Durangaldean eta Lea-Artibain pauso garrantzitsua eman dute horri lotuta. Eskualde horietako bakoitzak bere landa garapenerako elkartea dauka: Urkiola eta Lea-Artibai, hurrenez hurren. Biek, baina, kudeatzaile berbera dute: Juan Mari Totorika. "Ni bietan egon arren, eskualdeak bereizi egiten ditugu. Bakoitzak bere egitura eta kudeaketa batzordea ditu. Hala ere, ahalegintzen naiz, posible denean, bi eskualdeetarako proiektu bateratuak bultzatzen. Izan ere, oro har, nahiko antzekoak dira bi eskualdeak, nahiz eta bakoitzak bere berezitasunak ere badituen".

Proiektu horietako bat da Oizegin.com ataria. Eskualdeko produktuak sarean saltzeko egitasmo bat da. "Gastronomia ardatz harturik, baserriko produktuak, ekoizleak, ohiko gastronomia, bertoko sukaldariak eta ondarea ezagutarazi nahi ditugu", dio Totorikak. Salmentaguneaz gain, errezetak, jatetxe eta ekoizleen gida eta astialdirako proposamenak ere jaso dituzte bertan. Aurretik, Baserritik Plazara izeneko egitasmoa bultzatu zuten, baserritarrek euren produktuak saltzeko abaguneak sortzeko.

Teknologia berriek eskualdeon garapenean garrantzia dutela diote denek. Adibidez, Enkarterrimarket izeneko egitasmoa dauka Enkarterrialdek, bigarren eskuko produktuen truke azoka birtuala. Gorbeialdek, bestalde, Arratia-Nerbioi eskualdeko eskola txikietan Hezkuntza Saileko Berritzeguneekin lan egiten du. Material pedagogikoari lotutako proiektuak lantzen dituzte. Gainontzekoetan bezala, eskualdeotan ere nabarmen eragin du ekonomiak hondoa jo izanak. "Fabrikak eta dendak ixten ari dira", dio Manterolak. Baina, Totorikari eta biei, nekazaritzan, abeltzaintzan eta artzaintzan beste krisi bat dutela iruditzen zaie; eta aurreragotik datorrena, gainera. Totorika: "Lehen sektorean ez dago langabeziarik. Nagusiek utzi egiten dute eta gazte gutxik hartzen diete lekukoa". Manterola: "Badago merkaturik eta badago gaitasunik beste sektoreetan beharrik barik geratu diren gazteak hartzeko".

Egun, Bizkaian ekoizten dena kontsumitzen denaren ehuneko oso txikia dela diote. Arazoa beste bat da. Baserria martxan jartzeko inbertsio handiak behar dira, eta beste edozein lanbidetan dauden lan baldintzak izatea —oporrak, gizarte segurantza...—, zaila suertatzen da. Honakoa ere gaineratu du Manterolak: "Lehen sektorea beti egongo da elikadura industriaren menpe. Ezin dituzu txerriak hazi, inork ez badu txorizorik egingo. Industria horrek egin behar dio tira baserriari".

Enkarterrialdek ikuspegia zabaldu du urteen joanean. Baserriari eta ustiategiei laguntzeko sortu zen, baina egun edozein sektoreko ekintzaileei eskaintzen die babesa. Helburu horrekin, Enkarterri Group taldearen sorrera bultzatu zuten duela bi urte. "Eskualdeko enpresarien batasuna da, eta arazo komunei konponbide bateratuak emateko sortu zen. Hasieran, talde batek sortu zuen, eta apurka, gehiago batu zaizkio", azaldu du Gomezek.

Naturaren erakusleihoak

Baserriak mantendu duen paisaia hori bisitarientzat erakargarri dela badakite denek ere. Eskualde horietako batzuetan, ordea, turismoa sustatzeko aparteko elkarteak sortu dituzte. Hori da, kasurako, Durangaldeko, Lea-Artibaiko eta Enkarterrietako kasua. Hala ere, hainbat egitasmori esker, euren ekarpena egiten dute landa garapen elkarteek. "Artzentalesetik Muskizerako trenbide zaharra izandakoa bide berde bihurtu dugu. Uste dugu mesedegarri dela jendea erakartzeko. Oinez ibiltzea gustuko dutenentzat eta txirrindularientzat, ingurumenaz gozatzeko aukera paregabea da. Eta herri ondarea eta meatzaritzaren aztarnak ere ezagutu daitezke".

Arratia-Nerbioi eskualdeak Gorbeiako parke naturala eta Urkiolakoaren zati bat dauzka bere lurretan. Durangaldean daude gainontzeko kilometro koadroak. "Gure baliabide nagusia Gorbeia da", dio Manterolak. Hala, Gorbeialde elkarteak Arabako Zuiako kuadrillagaz elkarlanean garatzen ditu turismo proiektuak. Modu horretan jaio zen Gorbeia Central Park. Horrez gain, Bilboko turismo bulegoagaz bilerak egiten ari dira. "Elkarlanean aritzea da helburua. Bizkaiko eskualdeek Bilbogaz egin behar dugu behar".

Etxebarria ere bat dator Manterolaren berbakaz. Izan ere, Uribek muga egiten du Bilborekin. "Gure eskualdean, kostaldea eta natura ditugu eskaintzeko. Ibilbideak ditugu prestatuta, eta itsas bazterrak jende asko erakartzen du berez". Adibidez, eskualdeko dorretxe eta gazteluak aprobetxatuta, Erdi Aroko ibilbidea osatu dute. Naturari lotutako turismo aktiborako eskaintzak ere bultzatu dituzte. Baita Busturialdean ere. Turismoa bultzatzeko planaren barruan, Arrainaren eta Ardoaren Ibilbidea markatzeko asmoa daukate, indarra emateko.

Mandalunizek dio eurentzat ezinbestekoa dela turismoa lantzea. Izan ere, Busturialdea landa eskualdea da bete-betean, baina bertako ekonomiaren %55 ordezkatzen du hirugarren sektoreak. Urdaibai biosfera erreserbak erakarrita, turista asko joaten dira hara. "Ekonomikoki, aukera asko eskaintzen dizkigu", adierazi du. Sektoreko enpresentzako lehiakortasun ikastaroak eskaintzen dituzte, eta dinamizazioa lantzen dute Urremenditik, bisitariak erakartzeko.

Busturialdean bertan, Uriben, Lea-Artibain eta Durangaldean, gaur egun, turismo enogastronomikoa lantzen ari dira. Mandalunizek dio dagoeneko hamabost ekoizle eta enpresak agertu dutela parte hartzeko interesa. "Aukera asko ematen ditu gure produktuak azken kontsumitzailearenganaino iristeko. Adibidez, upategiek bisita gidatuak eta abar eskaini ditzakete. Baina jatetxeek ere badute zer esanik horretan. Q kalitate ikurra duten asko dauzkagu eskualdean, eta horien bidez zabal ditzakegu Busturialdeko baserrietan ekoitzitako jakiak".

Gastronomiari lotuta, landa inguruko herri txiki eta auzoetan asko ugaritu dira txokoak. Hainbat tabernarik bezeroak galtzen ari diren kexua agertu dute, jendea tabernara barik kide den txokora joaten delako. Etxebarriak dio denetarik egon behar duela, baina ontzat jo du txokoen eredua: "Herritarren arteko hartu-emanak hobetzen laguntzen du, beste bizimodu bat sortzen delako. Txokoak afariak eta bazkariak egiteko baino gehiagorako dira. Normalean tabernan biltzen ez den jendea txokora joaten da, eta beste ekintza batzuk antolatzeko aukera ematen du horrek".

Horrekin batera, edo bestelako arrazoiengatik, asteburuetan, herri txikiok handiagoetako biztanleen astialdirako aukera izateari utzi diotela ere esan ohi da. Etxebarriak ez dauka argi beherakada hainbesterako den. "Egia esan, guk ez daukagu neurtuta gutxitu den edo ez. Baina argi dugu inguruetako jendea erakartzeko ezinbestekoa dutela zerbait eskaintzea. Badituzte udarako estali gabeko igerilekuak, pilotalekuak... Agian, beste zerbait behar dute".