Distira handiko eremuak gutxitu egin behar dira

Lau eremu bereizten ditu, erabili beharreko argiztapen motari dagokionez, 1890/2008 errege dekretuak:ingurune edo paisaia ilunak dituzten eremuak; distira edo argiztapen apalekoak; distira ertainekoak eta distira edo argiztapen handikoak. Ekologistak ...

BELDURRIK EZ INDARKERIA MATXISTARI

Musika, dantza eta parte hartzeak bat egin zuten joan den zapatuan herritarrek indarkeria sexistaren aurka daudela erakusteko ekitaldi berezi batean. Flashmob bat antolatu zuten horretarako Beldur barik kanpainaren barruan. Lady Gaga artista amerikarr...

Euskal Herria erabat menpekoa da energiarekiko

Ekologistak Martxan elkartetik gogora ekarri dutenez, Euskal Herriak erabateko menpekotasuna dauka energiarekiko. "Espainiak atzerritik dakar erabiltzen duen energiaren %80", azaldu du Xabier Abian elkarteko kideak. "Bada, gure kasuan, kopuru hori ask...

‘Burocrazya’ eta txanpon askeak

Atzerrira noa lanera. Abenduaren bigarren astean hartuko dut hegaldia, eta uztailera arte Kalifornia idorra izango dut bizileku: telebistan agertzen diren hondartzetatik ordu pare batera dagoen Bakersfield, hain zuzen. Gogotsu noa, pozik, erronkak norbere buruarekin pultsu bat bezalakoak direlako. Eta pultsu honetan apustuak oso pareko dabiltza. Edozelan ere, alegiazko alde batek zein besteak irabazi, emaitza beti alde. Bakoitzaren biografia betetzen duten kapituluak baitira bizipenak —onak zein txarrak—.

Maleta eta planak antolatzen nabilen aste gozo (eta zoro) hauek, baina, mikazterik badago, hainbeste izapide gora eta behera. Vincent de Gournay ekonomista frantziarrak ederra bota zion, horren harira, bere herrialdeko sistemari XVIII. mendean —eta, zer arraio, bazuen arrazoi pixka bat behintzat, aberats liberaloidea izanagatik?—: "Badugu Frantzian gaixotasun bat, geure esfortzuak trabatzea baino ez duena helburu; buromania deritzo". Samako ederra eman zien aurkari politikoei, hitz ederra asmatuz gainera: buromania. Pena da berba hori, urteekin, burokrazia bihurtu izana hiztegietan, maniatik asko baitu sistema honek (hitzaren esangura psikiatrikoenean); herritarrak zoratu arteko mania ere. Burocrazya.

Labur azalduko ditut kontratuarekin eta dokumentu guztiak behar bezala izanda ere (orain arte) egin behar izandakoak —todoenregla-ren diktadurak eztabaida luzerako ematen du ere, baina beste baterako utziko dut—: 1.- Kontratatuko zaituen enpresari pasaportean ageri diren zure datuak igorri posta elektronikoz; 2.- Enpresak, posta arruntez, betetzeko bi formulario bidaltzen dizkizu. Datu batzuk beraiek idatzita daude eta, akatsik egotekotan, prozesua berriz hasi behar da (niri gertatu zitzaidan); 3.- Formularioa onartua izateko Etxe Zuriak begirunez adierazten dizun kontu korrontean 220 dolar sartu behar dituzu (kasu desberdinetarako prezio ezberdinak dituzte; edonola ere, Internet bidez, klik batekin eginda dago); 4.- Enbaxadan zita eskatu eta ematen dizuten egunean hamarretik gora agiri eraman. Tartean, Internet bidez bete beharreko beste formulario eternal bat eta, noski, onartua izateko, 125 euro sartu behar dituzu begirunez adierazten dizuten kontu korrontean (Internet bidez, klik batekin eginda dago); 5.- Enbaxadako segurtasun neurri guztiak pasatu ostean —terroristagai asko dago munduan— argi utzi (agiriak frogagarri) ez zarela beraien herrialdean behar baino gehiago geratuko; 6.- Itxaron, bisa ematen dizuten ala ez deliberatzen duten arte. Hitz bitan: hilabete bi eta erdi atzera eta aurrera, 300 euro inguru, eta itxaron. Ez da buromania amorru gehien ematen didana, baizik eta gizakiok bidaiatzeko jasan behar dugun guztia ezagututa, diruak mugitzeko duen erraztasuna ikustea. Burocrazya eta txanpon askeak. Horrela gabiltza.

Katu begiokerren bluesa

Kontzertua

Leioa eta Ermua

Bluesa, rocka, swinga, soula... Era eta estilo askotako musika moldeak taularatuko dituzte gaur eta bihar Los Gatos Bizcos taldeko kideek. Joan den eguaztenean, Basauriko Sozial Antzokian kontzertu arrakastatsua eman zuten, eta, gaur, Leioan izango dira, Kultur Leioan, hain zuzen ere, 22:00etan hasita. Bihar, bestalde, Ermura egingo dute salto, eta Lobiano kultur etxean emango dute kontzertua, 20:00etan hasita.

Eddie C. Campbell blues estiloko legendari esker finkatu zen Quique Gomez —ahotsa eta harmonika—, Pablo Sanpa —gitarra eta koroak—, Hector Rojo —kontrabaxua eta koroak— eta Petek —bateria eta koroak— osatzen duten taldea. Izan ere, Gomezek gogora ekarri duenez, "musika jotzeko elkartzen ginen laurok; proiektu bat definitu gabe, ordea. Eddie Txikagon ezagutu nuen, eta Europan zehar egindako bira batean aritu ginen elkarrekin, 2010 eta 2011 urteetan; gu izan ginen kontzertuetarako haren banda. Harekin egin genituen hiru aste haien ondoren, taldea finkatu eta sendotu egin zen, eta konposatzeari ekin genion".

Orduz geroztik, lanean hasi ziren, eta euren lehenengo diskoa eratu zuten: I can't Believe my Eyes. Horixe da gaurko eta biharko kontzertuetan zuzenean aurkeztuko duten lana. Taldeak berak konposatutako kantak dira guztiak. Tartean, omenaldiren bat edo beste ere bada abesti horietan. Besteak beste, Eddie C. Campbelli egindakoa interpretatuko dute: That's when I know.

Amerikar estilo peto-petoa

Gatos Bizcos taldearen emanaldiak zuzenean ikustera doanak beste garai batera eramango duen musika eta taularatzea aurkituko ditu. Hain zuzen, amerikar estilo peto-petoa nagusi den garaia aurkituko dute ikusleek.

Laukotearen musikan hainbat joera eta eragin nabari diren arren, musika beltz afroamerikarra ageri-agerian dago haien errepertorio osoan.

KONTZERTUAK

Gaur. Leioan izango dira, Kultur Leioan, hain zuzen ere, 22:00etan hasita.

Bihar. Ermuko Lobiano kultur etxean, 20:00etan hasita.