Urregorrizko hitz bazterrak

Johannesburgo hiri berezia da. Bere historiako kapituluak orrialde lakarrez daude beteak, eta horrek eragin zuzena dauka berezitasun horretan. Ahaztu behar ez dugun Apartheid-aren ondorioa da, adibidez, gizarte-mailen arteko alde lotsagarria: %17 zuria auzune aberatsetan bizi da eta horren ifrentzua den %73 beltza barride zuhirinduetan; %14ak ez du inolako estolderia sistemarik eta ehunetik hemeretzik ez dute ur edangarria edaterik.

Afrika izanik, geure kontzientzia alienatuek geure baitari "txarrago egon litezke" esatera garamatzate. Tristeena ez da hori; tristeena da datuok dituen hiri bat Hirigune Global-en zerrendan egotea. Britainia Handiko Loughborough-eko unibertsitateak darabilen kontzeptua da hori eta barne hartzen ditu mundu mailako itzal handiko hiriak, eragingarriak direnak ez bakarrik arlo ekonomikoan baizik eta politika eta kultura arloan ere. Zerrenda horretan daude, besteak beste, Londres, New York, Paris, Tokio… eta Johannesburgo; no comments. JBurg-ek, bertako anglofonoek dioten bezala, beste berezitasun deigarri bat dauka: elite ekonomikoa kanpoaldean dagoela eta behe-auzoak erdialdean. Zentroa errebaletan eta aldiriak bihotzean. Muin dira bazterrak JBurg-en (zentzu batean behintzat).

Euskal Herrian, linguistikoki, egoera ohikoagoa da; ez da Johannesburgoko demografiarekin gertatzen dena gertatzen. Euskal Herrian, linguistikoki, aldiriak aldiri dira eta muinak muin. Erdarak dira nagusi eta erdigunetik mututzen dituzte euskararen doinuak, euskararen hitz bazterrak. Eta astelehenean Euskararen Nazioarteko Eguna izanda, inoiz baino ozenago egin behar dugu gogoeta orain. Bai, gogoeta diot, eta ez garrasi: geure baitara zuzendutako oihua behar delako gaur. Hitz bazterrak geure muinerantz. Kontseilua Bai Euskarari-tik Euskaraz Bai-ra igaro zen moduan, geuk ere badugu jarrera hori egunerokotasunean hartzeko betebeharra, euskaldun gisa. Jaurlaritzaren Euskararen Aholku Batzordeak, abenduaren 3aren harira, 2003an zera idatzi zuen: "Euskaltzaleok, euskaldun naiz erdaldun, zer egina eta zer esana badugu euskararen normalizazio-prozesuan, zalantzarik gabe". Funtsezkoa iruditu zitzaidan bezala Kontseiluaren lelo aldaketa, oinarrizkoa jotzen dut Batzordearen hausnarketa. Artikulu berean hurrengoa ere zioen Batzordeak: "Lehen kanpotik hain gaitzetsia eta bertakoek hain utzia. Oraindik indartu behar dugu gehiago euskara. Oraindik ez diogu uzteari utzi".

Egin dezagun euskaraz. Egin dezagun euskaraz beti! Bihur dezagun aldiria muin eta bazterra funts! Bilakatu dezagun euskara JBurg linguistikoa. Eta orduan, agian, ohartuko gara euskara ere badela Igoli: zulutarrek Johannesburgo izendatzeko darabilten hitza, esangura dirdiratsuduna inondik ere: urregorrizko gunea.

Trikitilari gazteen saioa

Trikiti txapelketa

Zaldibar

Trikitia eta panderoa. Beste doinurik ez da izango domekan Zaldibarren. Euskal Herriko Trikitilari Gazteen 21. Txapelketa lehiatuko da egun horretan. Olazar pilotalekuan dute ordua lehiakide eta zaleek, 17:30ean.

Eskarmentu handiko trikitilariek euren abilezia erakutsi beharko dute Euskal Herriko soinu jotzaile onenaren lekua bete gura badute. Aurretik bi kanporaketa izan dira, Azkoitian (Gipuzkoa) eta Aramaion (Araba). Hamabi lehiakide aurkeztu ziren txapelketara, baina etziko finalera zortzi besterik ez dira iritsi.

Lau piezaren interpretazioa

Zaldibarko Udalak eta Koral elkarteak antolatu duten txapelketan lau gai interpretatu beharko ditu bikote bakoitzak. Bizkaiko trikiti batekin abiatuko dute saioa guztiek. Ondoren, porrusaldaren txanda iritsiko da. Hirugarrena, guztientzat berdina izango da. Izan ere, Jose Maria Iriondok egindako Pakean fandangoa jo beharko dute bikote guztiek.

Kanporaketetan lortutako puntuen arabera joko dute bikoteek domekako finalean. Puntu gutxien lortu dituen bikotea izango da oholtza gainera igotzen den lehenengoa, eta puntu gehien dituztenak izango dira azkenak.

Finalean berdinketa gertatuko balitz, Pakean fandangoa jotzean lortutako puntuekin apurtuko luke epaimahaiak berdinketa hori. Kasu horretan ere berdinketa egongo balitz, kanporaketetako puntuazioak erabakiko du sailkapena zelan geratzen den. Julene Otaegi Mungiako pandero jotzailea eta Elizagoien ahizpa nafarrak dira gipuzkoar ez diren finalista bakarrak.

FINALISTAK

Paul Eizmendi eta Eider Manso. 120,4 puntu.

Mirari Jauregi eta Amaia Irazustabarrena. 121,9 puntu.

Andoni Urbieta eta Ibai Urbieta.122,1 puntu.

Julen Alonso eta Eneritz Aulestia. 123,7 puntu.

Josune Arakistain eta Alaitz Eskudero. 124,8 puntu.

Beñat Ganboa eta Julene Otegi. 127,6 puntu.

Ander Beldarrain eta Nerea Lertxundi. 132,9 puntu.

Itsaso Elizagoien eta Irune Elizagoien. 136,4 puntu.

Denon dirua eta ezkutuko paktuak

Zer diren ondo ulertzen ez badugu ere, herritarrok urtero ordaindu behar izaten ditugu IBIa, Ibilgailuen Zerga edo gure udalen finantzaketaren ezinbesteko zutabe diren beste zergak. Horrek esfortzu ekonomikoa suposatzen digu guztiori; baina esfortzu hori are nabarmenagoa da egoera ekonomiko larria bizi duten familia zein banakoentzat. Esfortzua eta zergak ordaintzeko betebeharra guztiona bada, zelan da posible udal zergen inguruko erabakia alderdien arteko ezkutuko hitzarmenen menpe egotea?

Bildun argi daukagu ez dugula ez udalaren zerga sisteman ezta udalei dagozkien beste erabaki batzuetan ezkutuko paktuen sistema defendatuko.

Are gehiago, ez dugu bidezkoa ikusten herri batean erabakitakoak beste herri bateko neurriak baldintzatzea. Udal zerga eta tasen inguruko erabakiak gardentasunez hartu behar dira, udal bakoitzaren eta horien parte diren herritarren egoera kontuan hartuz.

Bizi garen garai ekonomikoa oso larria da Bizkaiko udal askorentzat, baina batez ere oso larria da udal horietan zergak ordaintzen dituzten milaka emakume eta gizonentzat.

EAJk eta PSEk bulegotxo batean su motelean egositako ezkutuko paktu baten bitartez baldintzatu dituzte Portugalete, Gueñes, Ermua, Arrigorriaga, Galdakao eta Barakaldoko bizilagunek 2013an ordaindu beharko dituzten zergak. Zeri erantzuten dio herrialde mailako akordio horrek? Herritarren beharrizanei ez behintzat.

Bildun gogor salatzen dugu jarrera hori. Alkatetzan zein oposizioan egon, garai sozioekonomikoari eta herri bakoitzeko ezaugarriei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiten ari gara Bilduko alkate zein zinegotziok. Oposizioan gaudenon kasuan, ez dugu alkatetzan dagoenaren kolorea begiratzen gure proposamenak aurkezteko; jarrera eraikitzailearekin, progresibitate irizpideetan oinarritutako proposamenak aurkeztu ditugu, gehiago daukatenek gehiago ordain dezaten gutxiago daukatenen mesedetan.

Horrela lan egiten gabiltza herriz herri, IBIa ordaintzen laguntzeko ordenantzak bultzatzen edo igoerak beharrezkoak direnean, horiei mugak jarriz. Argi daukagu udalen finantzaketan ezinbesteko diru sarrera direla plusbalia, IAE, IBI, Ibilgailuen zerga edo zaborren tasa, beste askoren artean; horiekin lortutako dirua politika sozialetan egindako inbertsioa indartzeko beharrezkoa da, besteak beste. Horregatik, udal finantzaketari nabarmen kalte egin ez, baina langabezian edo errenta baxuekin aho asko elikatu beharrean dauden familiei egokitutako neurriak hartzearen alde lan egiteko konpromisoa hartu dugu Bildukook. Horretarako, gehiago dutenen esfortzu handiagoa beharrezkoa da (luxuzko autoengatik zerga altuagoak exijituz adibidez).

Bide horretan lan egiten jarraituko dugu, politika egiteko beste modu bat posiblea dela sinesten dugulako, gardena eta hurbila. Ezkutuko paktuak ez dira gure politika egiteko modu horretan sartzen.

Zubiek lotutako hiriari begira

Bilbo itsasadarraren hiria da. Hark banatzen du ezker eta eskumako ibarretan. Baina, aldi berean, bilbotarren batasunaren ikur ere bada. Eta, horretan, ezinbesteko garrantzia dute zubiek. Hori dela eta, BilboHistorikok Bilbo Zubiz Zubi egitasmoa jarri...