Ikurrin baten istorioa

Banderen gaia pil-pilean dagoenean, 1936ko gerrak ezkutuan laga duen istorio bitxi bat atera da agerira. Ondarroaren eta Beasainen (Gipuzkoa) historia hurbila elkartuta geratu dira. Arantza Badiola Ibaibarriagak (Ondarroa, 1923) eta haren senideek Be asaingo udaletxeko gerra aurreko ikurrina eduki dute gordeta urte luzez; fabrika batean lehenengo, etxean gero.

1936 urtea. Ondarroa. Antzosolo aurrea. Astilleru. Bloemm fabrika. Mikaela Badiolak fabrikako jabearen etxean egiten du lan, eta haren izeba batek fabrikan bertan, arrain gazituagaz. Behean dago Juanito Bloemm holandar jabearen etxebizitza, goiko solairuan beste bi: Arantza Badiolaren ama Juana Ibaibarriaga eta Jazinto Ibaibarriaga, Iñaki Ibaibarriagaren aitita bizi dira han.

Mikaelaren seme bat Beasainen bizi da: Alfontso Ibaibarriaga. Tornularia lanbidez, abertzale amorratua da, eta zer esan handia dauka Beasaingo abertzaleen artean. Sindikalgintzan aritzen da, eta, horrez gain, Batzokiko kontabilitatea darama.

1936ko gerra zetorrela ikusita, frankistek herria hartu aurretik, Alfontsok salbu ipini zuen euskal ikur bat: Beasaingo udaletxeko ikurrina. Ez zuen bi bider pentsatu. Ikurrina hartu eta bere jaioterrira, Ondarroara eraman zuen, ez edozein lekutara, kanpoko aldean Herbehereetako bandera ipinita zeukan Bloemm fabrikara baino, nederlandarren fabrikara. "Herbeheretarren gotorlekutzat hartu zuen Alfontsok fabrika, espainiarrak han sartuko ez zirela pentsatuta, bonbardatuko ez zutela pentsatuta", esan du Arantza Badiolaren alaba Marisabel Urrestik. "Ikurrina, eta, beharbada, abertzaletasunagaz lotura zeukan beste zer edo zer ere ekarriko zuen".

Arrain fabrikan, barrika batean sartuta egon zen urte askoan ikurrina. Jabe holandarrek ez zuten eduki inoiz ikurrinaren barririk. Arantza Badiolaren amaren eta osabaren esku zegoen fabrika. "Etxe-etxekoak ziren", eta negozioa eurena balitz modura eramaten zuten. Gerora, gerra amaituta, Kale Handira joateko eskailera zabalen ondoko etxe batera mugitu zuten, Irrintzi tabernaren aurrera. Rafaela Ibaibarriaga bizi zen han, Arantzaren izekoa.

Ibilian-ibilian, 1930eko hamarkadan Beasainen hasitako bidea Ondarroako Antiguako Ama kalean amaitu zen orain dela hamabost bat urte, Arantza Badiolaren etxebizitzan. Ordutik, etxe horretako balkoian egon izan da zintzilikatuta, behin edo behin. Eta alabak, ipini bakoitzean, kentzeko eskatu izan dio, "hori baino kolore hobeagoko ikurrina badagoela" iritzita. "Domeketan Mendexara joaten gara, eta hango udaletxean ikusten nuen ikurrin zahar-zaharra. Ezker abertzalea agintean egon zenean, eskaintzekotan egon nintzen", dio irribarrez Arantza Badiolak.

Aitortza Beasainen

Familiartean beti jakin izan dute ikurrinaren jatorria, eta pasadizo modura kontatu izan dute behin baino gehiagotan. Orain gutxi arte horrela izan da. Arantza Badiolaren suhi Juan Antonio Urruzunok baina, oraintsu eduki du gertaeraren berri. Bitxia iritzita, seme nagusiari kontatu zion, eta semeak Beasaingo ezagun bati... Konturatu orduko, Beasaingo udal ordezkariekin hitzordua ipinita zeukaten Ondarroan: Koldo Agirre Beasaingo alkatearekin eta zinegotziekin, Aranzadi ekarteko kideekin, Iñaki Egaña historialariarekin eta Ondarroako Historia Zaleak taldeko kideekin batu ziren Arantza Badiola eta familiakoak iazko urte amaieran. Leokadi bodegoian alkar ezagutu, eta sasoi bateko kontuak gogora ekarri zituzten: Aranzadikoek testigantza jaso zuten irudietan.

Testigantzari jarraipena emanez, ikurrinaren inguruan ekitaldi berezia antolatzekoak dira Beasainen laster. Otsailaren amaieran edo martxoaren hasieran izango da, ziurrena. Balio historikoa aitortu nahi diote ikurrinaren itzulerari. "Beasaingo alkatea poz-pozik dago, ilusio handia egiten dio bera alkate dela ikurrin hori berreskuratzeak", adierazi du Arantza Badiolak, Leokadi bodegoian agintariagaz edukitako berriketaldia gogoan.

LANGABEZIAREN BIKTIMAK, KEXU

Sestaoko langabeen plataforma udaletxeko batzar aretoa okupatzen saiatu zen martitzenean. Azkenean, alkatearekin akordio batera iritsi, eta alde egin zuten. Enplegu politikak indartzeko eskatzen dute. Izan ere, Lanbidek ezagutzera emandako datuen arabera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako eskualdeen artean langabezia tasarik handiena dauka Bilbo ezkerraldeak, Enkarterrirekin batera. —%20,9 eta %19,59—. Bilbo (%18,64) eta Ibaizabal (%17,95) datoz atzetik.