Zaila da inguruan dauden soinuak adi-adi entzutea. Mendira joan eta naturaz gozatzea, txorien kantua entzunez, aldamenetik pasatzen den errekatxoak daraman uraren soinua, haizea... Oharkabean igarotzen da gertu sortzen diren soinuek duten xarma. Askotan inor konturatu ere gabe pasatzen den arren, paisaia soinuduna ere ondarea da. Eta zarataren ondorioz, horietako soinu asko arriskuan daude.
Bizkaian, Urkiolako parke naturalean, naturatik datozen soinu horietako hainbat antzeman daitezke.Tecnaliako ikertzaileek parkeko iturri naturaletako soinuak aztertu dituzte, ingurumenaren kalitateari buruz informazioa lortzeko asmoz. Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailak sustatutako proiektua da, kutsadura akustikoaren legedia betetzeko eta, hartara, naturako soinuak babesteko. Ikerketan ateratako ondorioen bitartez, soinuen kudeaketa, parke naturalen kudeaketarako tresnetan integratu nahi dute. "Bizkaiko parke naturalek hainbat kudeaketa tresna dituzte. Tresnok parkeetan natura babesteko ekintzak eta erabakiak hartzeko balio dute", azaldu du Igone Garcia Tecnaliako ikertzaileak.
Helburua da, soinu paisaia horien inbentarioa egiteaz gain, jasotako soinuak konparatzea eta zehaztea puntu bakoitzean zein soinu diren erakargarriak eta zeintzuk ez. "Lehenak mantentzeko eta kutsadura akustikotik babesteko", azaldu du Garciak.
Euskal Herrian aitzindaria da proiektua. AEBetatik hartutako ideia batean dago oinarrituta. Nazioartean, parke naturaletako paisaia soinudun eta naturalen arloan, AEBetako parkeetako zerbitzuak dira administrazio aktiboenetarikoak. Hartara, euren jarduna aztertu ondoren, lan ekimen hau sortu dute Urkiolan. "Esperientzia arrakastatsuak gurera ekartzen saiatzen gara, Bizkaiko errealitatera egokituz".
Urkiola hautatu dute paisaia bisual oso erakargarria duelako. Soinuaren paisaiarekin lotu behar zen, hori baitzen falta zuena. Parke naturaletan "aldagai bi" egoten direla azaldu du Garciak. Batetik, mendizaleei bisita "aberasgarri eta interesgarriagoa" egiteko. Eta Urkiolara joatea sustatzeko. Izan ere, paisaia naturalaz gain, soinu naturalak ere badaude, parkearen erabilera eta gozamenarekin lotuta datozenak. Bestalde, soinuak aztertzea ere asmoa dute. "Bioaniztasunaren presentziak garrantzia handia du proiektuan. Animaliek, esaterako, soinuak jaso behar dituzte irauteko; harrapakariak antzemateko zein espezie bereko animaliekin komunikatzeko, kumeen inguruan edo bikotekatzeko, besteak beste", zehaztu du Garciak. Beraz, eurek sortzen dituzten soinu natural horiek mantendu beharra dago, bizirik irauteko balio dietelako.
"Intereseko 21 tokitako soinuak" aztertu dituzte Urkiolan. Puntuak modu homogeneoan daude kokatuta parkean zehar. Jendeak asko bisitatzen dituen bideak aukeratu dituzte. "Gomendatuta daudelako edo babesturiko animalia espezieren baten bizilekua delako, edota bioaniztasunaren ikuspuntutik intereseko tokiak direlako hautatu ditugu", azaldu du Garciak.
Hiru egunez bisitatu dute parkea Tecnaliako ikertzaileek, eremu horietan soinuen neurketak egiteko. Leku bakoitzean soinu mailak neurtzeko ekipo estandarrak erabili dituzte ikertzaileek: sonometroak, soinuen eboluzio tenporala ikertutako tartean, grabazio binauralak...
Kanpaina udaberria zela egin dutenez, hegaztien kantua ederki entzun ahal izan zutela adierazi du Tecnaliako ikertzaileak. "Pol-pol iturriko uraren soinua, txorien txioa, zomorroen soinua, baita beste edonola antzemateko ia ezinezkoak direnak: egurraren karraska, pinaburu batek irekitzean sortzen duen soinua... Horrelako soinuak entzun ditugu Urkiolan, arreta jarriz gero benetan harrigarria da entzun ahal diren soinuen aberastasuna".
Parke naturaleko puntu batzuetan, ordea, "interes gutxiagoko soinuak" entzun daitezkeela kontatu du Garciak: "Adibidez, pertsona batzuen jarduna, zein hegazkinek igarotzean sortzen duten zarata". Horrelako kasuak parke natural batean askoz ere "suntsitzaileagoak" izaten direla nabarmendu du. "Soinuak ondare ukiezinaren parte dira, askotan gainera, toki baten nortasunaren ezaugarri".
"Soinu maila ezin hobea"
Ikertzaileak nabarmendu duenez, aztertutako puntu horietan neurtutako soinu maila oso baxua izan da. "Ezarrita dagoen soinu mugatik —muga horretatik gora, hartzailearengan inpaktu negatiboa sor dezake soinuak— oso behera zegoen". Bizitegi guneetan —hau da, zarata kutsagarria dagoen tokietan— egunean zehar 65 dezibeleko muga ezartzen du legeak. Baina Urkiolan ez dago ia zarata kutsagarririk. "Soinu maila altuena 51 dezibel dira, eta, kasu lasaienetan, 26 dezibel inguru, ia sonometroak antzeman dezakeen soinu mailaren mugan dagoena. Gela batean pertsona batzuek arnasa hartzean sortzen duten soinu mailarekin konparagarria da. Oso maila baxuko eta kapazitate handiko soinu naturala da", adierazi du.
Toki horietako soinu aberastasuna, energia gutxikoa izan arren, oso interesgarria dela azaldu du Garciak. "Entzuten dituzun ia soinu guztiak iturri naturaletatik datoz. Bisitariek onura hori jasotzen dute Urkiolara joaten direnean; hau da, kutsadura akustikoa zero izatea, paisaje bisuala oso aberatsa...". Horrek guztiak ongizateari laguntzen dio, eta, oro har, osasunerako ere onuragarria da, estresaren aurrean indarberritzeko, adibidez.