%7

Bizkaiko merkatarien salmentek izandako beherakada. Bizkaiko Merkatarien Elkarteak jakitera eman duenez, aurtengo lehen seihilekoa "beltz-beltza" izan da herrialde historikoko merkatarientzat. Krisiak eta eguraldi txarrak salmentek behera egitea eragin dute. Batez beste %7 jaitsi direla diote; ekaineko azken datuak falta dira. Haien esanetan, egoera aldatu ezean denda "mordoa" itxiko da, sektorea "egoera larrian, hilzorian" dagoelako.

Helduengandik ikasiz

Bilboko Abusu auzoko Zamakola eskolan 2008-2009ko ikasturtean jarri zuten martxan Bide Laguna proiektua. Umeak hainbat gauzatan ez zirela autonomo ikusita, eskolatik zertan lagundu jakiteko inkesta bat egin zuten: "Umeei eta gurasoei galdetu genien ea...

Euskal Herria = subjektu politikoa

Ez naiz sekula olerkizalea izan, baina azkenaldian, lagun batzuen eskari batek behartuta, euskal olerkiak irakurtzeko aukera izan dut.

Olerki artean murgilduta nenbilela, 1976. urtean Odolaren mintzoa titulupean argitaratu zuten eta Xalbadorren olerkiak biltzen dituen liburuarekin topo egin dut. A ze plazera izan den euskal olerkari hau deskubritzea!

Liburua bere osotasunean da liluragarria, baina maitasunarekin gertatzen dena (norbaitek bat-batean ttak! atentzioa eman eta zure pentsamenduetatik apartatu ezin hori, alegia) niri olerki konkretu batekin gertatu zait.

Nigarra begian dauka izenburutzat, eta, nik al dakit zergatik, pasarte honek asko hunkitu nau, mantra bat izaterainoko hunkidura:

[…] Zortearen indarrez, munduan ni ere

sartu nintzan euskaldun agerien jabe;

frantses edo español sortu banintz hobe,

gaur ez nuen izanen hoinbertze nahigabe. [...]

Onartu beharra daukat sekula irakurri dudan Euskal Herriari idatzitako maitasun eskutitz politena dela.

Baina, poetikotasunetik haratago, Xalbadorren hitz horiek gure herriak gaur egun sufritzen duen egoeraren inguruan gogoeta egitera eraman naute. Testua irakurrita, argi geratzen da Xalbadorrek bere herria zein den naturaltasun osoz ulertu eta onartzen zuela.

Xalbadorrek euskal herritartzat zeukan bere burua. Horrek dakartzan arazo eta onura guztiekin.

Eta bere nortasunaren onartze natural horrek beste nortasun batzuk ezagutzeko aukera ematen zion. Kasu honetan, espainola eta frantsesa.

Hau da, Ni zer naizen badakidanez eta onartzen dudanez, Zu zer zaren ulertzeko aukera dut. Eta, automatikoki, Zu eta Ni Gu garen jakiteko arazorik ez dut.

Eta bietako batek bere nortasuna besteari inposatzen ez dion bitartean, ez da ezer gertatzen Zu eta Ni ez bagara Gu.

Gure herriak propio dituen eskubideak aplikarazi ahal izateko, lehenik eta behin, Gu hori errekonozitu eta zehaztu beharra dugu; Euskal Herria nork osatzen dugun zehaztu eta naturaltasunez onartu beharra dugu, alegia.

Burujabetasun ariketa sinple baten aurrean baino ez gaude.

Politikan, subjektu politikoa zehaztea esaten zaio horri, eta estrategia baten barruan, lan ekidinezina da, edozein mugimendu taktiko egin aurrekoa.

Estatu zapaltzaileek, horrek duen garrantzia ulertzen dutelako, temati jarduten dute euren interesen araberako subjektu politikoa inposatua izan dadin.

Eta horrela dago gure Euskal Herri zaharra, inposatutako Gu batek desitxuratuta, ispilu aurrean bere burua ezagutu ezinik, geure burua kolektiboki zehaztu ezinik: Nork osatzen dugu Euskal Herria? Euskaldun oro euskal herritarra da? Nafarrak euskaldunak dira? Euskaldunak nafarrak gara? Ala Euskal Herria da Nafarroa? Ez, Nafarroak eta EAEk osatzen dugu Euskal Herria. Eta Iparraldea? EAEn, Nafarroan eta Iparraldean bizi garen euskaldunok osatzen dugu Euskal Herria? "Hemen" lan egiten dugunok osatzen dugu Euskal Herria? 80ko hamarkadan Espainiatik etorritako langile eta lagunak euskal herritarrak dira? Eta duela bost urte Senegaletik Bermeora etorritakoak?...

Uuuufa! Hau buruko mina.

Gu geu, hau da, gure herria osatzen dugunok nor garen jakiteko gai ez bagara, nola autodeterminatuko gara? Ezinezkoa da.

Subjektu politikoa zehaztu gabe zapalkuntzatik askatasunera bidea egiten hastea erokeria galanta da, "erabakitzeko eskubidea" defendatzera heltzerainoko erokeria, zeure zapaltzailearekin zerbait erabakitzea posible dela pentsatzerainoko ergelkeria.

Bi estatu handik duela urte asko jarri zuten martxan gure Herria likidatzeko prozesua. Zorionez, eta nahiz eta euskal sasi-politikari batzuen inkonpetentzia lagun izan, oraindik ez dute lortu euren helburua, Euskal Herria oraindik bizirik dago, erresistitzea bizi seinale baita.

Baina, zoritxarrez, kasu hauetan, beste askotan gertatzen den bezala, denborak ahulenaren aurka jokatzen du. Beraz, ezin dugu segundo bakar bat ere itxoin gure herriaren askatasun prozesua martxan jartzeko.

Geure buruaren jabe egin behar gara, aurrean ditugun etsai politikoak identifikatzeko, geure indarrak neurtu eta behar bezainbeste handitu ahal izateko, indar horretan oinarritutako askatasun estrategia bat antolatzeko eta likidatu nahi gaituzten horiei prozesuaren amaieran ozen eta garbi aurpegira Agur! esan ahal izateko.