Urteurren borobila dute Gernikan eta, han bezala, 1937an frankisten aginduz bonbardaketak pairatu zituzten beste hainbat herritan. Hainbat eta hainbat herritar hil, eta beste asko zaurituta edo bizi osorako markatuta utzi zituztenetik, 75 urte beteko dira. Euskal Herrian esangura berezia duen beste urteurren bat ere izango da 2012an: 1512an, Gaztelak konkistatu egin zuen Nafarroako erreinua, ordura arte independentea. Datorren urtean, beraz, konkista horren bosgarren mendeurrena beteko da. Gernika Batzordeak, bonbardaketaren batzorde ikertzaileak, ahalegina abiatu du "bi urteurren borobil" horiek eta "Euskal Herriaren ziklo berri hau" lotzeko.
Bide horri ekiteko, batzar baterako deialdia egin dute biharko, 10:00etan, Gernika-Lumoko kultur etxean. Herri erakundeak, ikertzaileak, kultur taldeak, idazleak, bertsolariak, dantzariak eta ekarpenak egiteko prest dagoen edonor dago gonbidatuta.
Urteurren ez elitista
Sabin Ibazeta batzordeko kideak azaldu duenez, urteurren borobil horrek "ez elitista, herrikoia eta parte hartzailea" izan behar du. Biharko batzarrean, datorren urteko ekitaldien oinarri izango diren hiru ardatzak azalduko dizkie Gernika Batzordeak parte hartzaileei.
"Historia, memoria eta transmisioa" da lehenengo ardatza. "Zer izan den Euskal Herria eta zer izan zen Gernika" izango dute hizpide, eta baita "zelan transmititu hori guztia belaunaldi gazteei" ere, Ibazetak azaldu duenez. "Euskal Herrian historian izan diren gertakari garrantzitsuenak" ere gogora ekarriko dituzte —eurei dagokienez, Gernikako bonbardaketa—.
Bigarren ardatza "eskubide zibil eta politikoen aldarrikapena" izango da. "Eskubide batzuk —banakoenak eta kolektiboak— bermatu gabe" daudela deritzo Gernika Batzordeak, "ETAren iragarpenaren ondoren etorkizunera begira bide berri batzuk" zabaldu arren. Hori dela eta, "horiek defendatzeko aldarrikapena" egin gura dute, hala nola "erabakitzeko eskubidearen aldarrikapena".
Euskal Herriaren etorkizunarekin lotuta dago hirugarren ardatza: "Zelan ikusten dugun, zelan sortu Euskal Herri berri bat", azaldu du Ibazetak. Ardatz hori bi alorretan lantzeko asmoa iragarri du. Batetik, "sistemaren apurketak eraman gaituen krisia eta herri askorentzat etorkizun oso iluna dakarrena". Hala, egoera horri buelta zelan eman aztertuko dute. Bestetik, Gernika Batzordeak badaki eurena ez dela izan bonbardatu duten herri bakarra, eta, horregatik, gogora ekarri nahi dituzte gaur egun oraindik horrelako sarraskiak jasaten ari diren herriak. Batzuen eta besteen arteko "harremanak sendotzeko beste sistema bat" gura dute.
Biharko batzarrera doazenekin "ideia horien inguruan pentsatzen hastea" dute helburu. Urtarrilean, berriz, zehazten hasi gura lukete urteurreneko apirileko ekitaldien egitaraua.