“Lesioek uzten didaten bitartean jarraitu nahi nuke”

Leire Gutierrez Leioa Askartza taldearen bitartez murgildu zen waterpoloaren munduan. Taldeko kapitaina da, 37 urte ditu, eta gauza asko gertatu zaizkio hamabi urteko ibilbide luzean: batzuk, gogoangarriak; beste batzuk, berriz, gogorrak.

Zenbat urterekin hasi zinen waterpoloan?

Heldua nintzela sartu nintzen mundu honetan, 21 edo 22 urte nituela.

Eta zergatik kirol hau?

Ni, gaztetan, igeriketan ibili nintzen. Baina, helduarora iritsitakoan, lehiaketetan parte hartzeari uzten diogu gehienok, eta horrek aspergarri egiten du igeriketa. Orduan, partidak ikusten hasi nintzen, eta dibertigarria iruditu zitzaidan. Gainera, kirol horrek aukera ematen zidan igeri eginez lehiatzeko.

Nola gogoratzen duzu hamabi urteko ibilbidea?

Hasiera zaila izan zen. Taldea hasiberria zen. Taldekideak ere berriak ginen; ez zen erraza izan. Gero, pixkanaka-pixkanaka, hobetuz joan ginen, eta orain erosoagoa da.

Zein izan da waterpoloan izan duzun unerik garratzena?

Duela bi urteko denboraldia, mailaz jaitsi ginenekoa. Gu Euskal Herriko gainerako taldeak baino koska bat gorago gaude. Maila galduta, haien aurka lehiatzea egokitu zitzaigun, eta ez ordura arte aurkari izan genituenen kontra. Niretzat, gogorra izan zen maila galdu genuen unea.

Eta momenturik gozoena?

Hurrengo urtean berriro mailaz igo ginenekoa.

Taldeari begira, zer eskatzen duzu 2011-2012ko denboraldirako?

Emaitza onak lortzea. Gainera, talde guztiok antzeko maila dugunez, borroka egin beharko dugu denboraldi bukaeran goiko aldean egoteko.

Eta arlo pertsonalean?

Ahal dudan neurrian hobetzea, horrek taldeari lagunduko baitio. Kirolari batentzat, lesioak gogorrak izaten dira. Nola ibili zara lesio aldetik?

Azkenaldian ez nabil oso ondo. Besoek buruhauste asko ematen dizkidate.

Zer eman dizu waterpoloak?

Gauza asko eman dizkit. Jende pila bat ezagutu dut, eta lagun onak egin ditut. Gainera, nire gorputzak kirola behar duenez, sasoiz ondo egoten lagundu dit.

Eta zuk waterpoloari?

Dena ematen saiatu naiz; taldekideei eta taldeari ahalik eta gehien laguntzen.

Nola animatuko zenuke gazte bat waterpoloan jokatzera?

Waterpoloa ikus dezala, baina, batez ere, proba dezala. Askotan, iruditzen zaizu elkar ukitze handia duen kirol aspergarria edo nekagarria dela. Nik probatzeko aholkua emango nioke, baina aste bat baino gehiago. Izan ere, zazpi egunetan nekez ikasiko dituzu arauak.

Nola uztartzen dira lana eta kirola?

Askotan ez da batere erraza izaten. Gainera, nekeak zaildu egiten du hori. Berandu iristen zara etxera, eta berandu oheratzen zara. Hurrengo egunean, berriz, goiz jaiki behar zara lanera joateko.

Waterpoloaren munduan betetzeko duzun ametsen bat?

Mailaz igotzea gustatuko litzaidake. Hala ere, urrun ikusten dut. Ametsak, baina, horregatik dira amets.

Noiz erretiratuko zara?

Nik beti esan izan dut Leioan egingo duten igerileku berria estreinatu behar nuela, gero lasai erretiratzeko. Bromak alde batera lagata, etxeko kontuek eta lesioek uzten didaten bitartean, nik jarraitu egin nahiko nuke.