Besakadaz besakada historia egin duen herria

Espainiako waterpolo ligan mailarik gorenetan lehiatzen diren bi talde 30.000 biztanle inguruko herri batekoak direla esandakoan, galdera bat dator burura: zein da herri arrakastatsu hori? Bada, Leioa da, eta waterpolo talde horiek, berriz, Leioa Waterpolo eta Askartza dira.

Askartza historia luzeko taldea da, 25 urtetik gorako ibilbidea baitu. Taldeko egungo presidente Mari Paz Ruizek ere urte mordoa daramatza taldean. Hasieran, zuzendaritzako kide gisa jardun zuen, eta azken hamahiru urteetan, berriz, presidente modura.

Denbora tarte horretan, gauza asko gertatu zaizkio: garai “gaziak” eta “gozoak”. Duen oroitzapenik okerrena duela bi urte maila galdu zutenekoa da. Pozgarriena, ordea, aurtengo maiatzaren 1ekoa; izan ere, hasiera zail baten ondoren, berriz ere mailaz igotzea lortu zuten. “Orain zazpi hilabete, mailaz igotzea lortu genuen. Liga hasiera zaila izan zen, baina gero emaitzak asko hobetu genituen. Azkenean, maiatzean igotzea lortu genuen, eta pozez betetako egunak izan ziren”, gogoratu du Ruizek.

Presidente batek, kirol arloko ardura izateaz gain, bulegoko lana ere badu. Ruizentzat ere, halaxe da. Waterpoloa oso kirol ezezaguna da gizartean, eta, horregatik, lan handia egin behar dute. “Futbolak eta saskibaloiak hedabideen arreta pizten dute. Horrekin batera dator gizartearen interesa ere. Kirol hau arrakastatsua izan dadin, erakunde eta federazioek dirua jarri behar dute”. Hala ere, zailtasunak zailtasun eta krisiak krisi, azken urteetan gora doala iruditzen zaio Ruizi. Horren adibidetzat du Gipuzkoa: antzematen da talde gehiago daudela, duela hamar urteko egoerarekin alderatuta.

Esperientzia hartuz

Herriko beste taldea Askartza baino berriagoa da. Leioa Waterpolo 1999. urtean sortu zen, eta, 2006tik gaur arte, Alberto Castro da taldeko presidentea. “Guk Askartzak baino urte gutxiago daramatzagu mundu honetan. Hala ere, pixkanaka-pixkanaka, esperientzia hartu dugu”, argitu du Castrok. Eskarmentu horrek klub gisa hazteko balio izan die. Hasiera batean, kirolari gutxi zeuden taldean, baina egun hamar kategoria ditu: haurrak, kadeteak, gazteak eta nagusiak, besteak beste. Maila guztietako kirolariak kontuan hartuta, 120 waterpolo jokalari inguru ditu talde horrek. Dena dela, gehienetan gertatzen den moduan, gizonezkoen gorengo taldeak du jarraitzaile gehien.

Talde horrek jasotzen du arretarik handiena, baina, azken bi urteetan, zailtasun ugari izan ditu mailari eusteko. Iaz, azkeneko jardunaldietan lortu zuen maila nagusian gelditzea. Horregatik, Castrok dio kategoriaz ez jaistea dela aurtengo helburu nagusia. “Gure xedea mailari eustea da; hortik aurrerako guztiak ongi etorriko dira”. Beste mailetako taldeekin, berriz, ahalik eta posturik onenak lortu nahi dituzte, baina presidenteak amesten du Espainiako txapelketaren batera sailkatzearekin ere.

Waterpoloak harrera ona du herri honetan, eta hango bi klubek beste pauso bat eman dute: lankidetza akordio bat adostu dute, azken urteetan egindako bideari jarraituz. Luzera begira, talde bakar bat sortzea da egitasmo horren xedea. Horrekin batera, eredu ere izan nahi dute Euskal Herrian, “Kataluniaren mailara iritsita”.