Sailkatugabeak

Bizkaiak eman zion ohorezko titulua galdu du Francok

2012. urtea hasi eta Francisco Franco Espainiako diktadorea oraindik lehenengo ohorezko bizkaitar legez izendatuta zegoen. Joan den martitzenean, baina, ohore hori bertan behera utzi zuen Bizkaiko Foru Aldundiak.

Duela 62 urte semetzat hartutako lehenengo ohorezko bizkaitar izendatu zuen orduko Bizkaiko Probintzia Diputazioak. Erakundearen ohoreen zerrendan garrantzitsuena da Francori 1950. urtean eman ziotena.

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2000. urtean eskatu zuten titulu horiek bertan behera uztea. Urte hartan, baina, ez zuten erabaki hori hartu. Atzeratuta zeuden espedienteak berrikusten ari zirela Batzar Nagusien eskaera gauzatu gabe zegoela ikusi ostean eman du aldundiak pauso hori.

Juan Mari Aburto aldundiko bozeramaileak azaldu du: "Erabaki hori hartu behar genuela pentsatu dugu, orduko izendapen hura zaharkitua eta demokraziaren kontrakoa zela iritzita". Memoria Historikoaren Legearen eskakizunei begiratuta bideratu dute ebazpena.

Besteak beste, altxamendu militarra, 1936ko gerra eta Francok gerra haren ostean ezarritako diktadura goraipatzen dituzten ikur oro kendu beharrekoak direla dio legeak. Hala ere, gaur egun, oraindik, Bizkaiko kaleetan garai haiek goraipatzen dituzten ikur ugari daude. Besteak beste, Abadiñoko Udalari oraintsu eskatu diote herrian dauden 35 plaka frankista ken ditzan. Hain zuzen, 1950. eta 1970. urteen artean egindako eraikinetan Etxebizitzaren Institutu Nazionalak jarritako plakak dira aipatutakoak. Abadiñoko Bildu koalizioak egin du plakok kentzeko eskaera.

Ingurumen baimena eman diote Vista Alegreri

MENDEXA. Bizkaiko Foru Aldundiak ingurumen baimena eman du Mendexako Vista Alegre eremurako arau subsidiarioak aldatzeko. Hori horrela, Karraspio hondartzan 24 etxebizitza eta 125 autorentzako aparkalekua egiteko aukera bermatu du aldundiak. Lea-Artib...

‘Betelgeuse’ izeneko elkartea sortu dute, unibertsoaren elementuei behatzeko

Unibertsoaren misterioek gero eta jakin-min handiagoa sortzen dute astronomia gustuko duten herritarrengan. Bizkaian bertan lau astronomia elkarte daude. Azkena, oraintsu sortu berria, Betelgeuse da, eta Enkarterrin jaio da. Zallan 2009an antolaturiko Astronomiaren Nazioarteko Egunean eman zituzten elkartea sortzeko lehenengo pausoak, Aitor Acasuso elkarte horretako kideak gogora ekarri duenez. Bertan antolatu zituen jardueretan, topo egin zuen gai hori interesatzen zitzaien lagun gehiagorekin. 2010ean eurekin harremanetan jarri, eta elkartea osatzea adostu zuten. Beraz, Sopuertako Eduardo Andresek, Zallako Miguel Regollosek, Sodupeko Lidia Abalok eta Alonsotegiko Jabi Etxebarriak osatzen dute Betelgeuse —Orion konstelazioko izar baten izena da—, Acasusorekin batera.

Supernoba bat —lehertu den izar bat beste galaxia batean ikusgai bihurtzen denean— aurkitzea izango litzateke elkarteko kideek gehien desiratzen dutena, Acasusek azaldu duenez. "Adrenalina gorakada handia eragingo liguke horrek", adierazi du. "Horretarako, baina, zorte handia behar duzu, eta denbora asko eman behar duzu gauero galaxiei begira egoteko. Gure inguruan, gainera, eguraldia ez dugu izaten lagun".

Argi daukate: "Zaila da gertakizun astronomiko berrien bila gauero zerua aztertzen duten teleskopio profesionalen aurka borrokatzea". Acasusoren ustez, hala ere, bada zereginik: "Profesionalak ez garen astronomook ikerketarako material asko eman dezakegu; betiere, ikerketak zorroztasunez eta denbora asko hartuta egiten baditugu".

Argi poluzioa oztopo

Eta hori falta dute eurek: denbora. Izan ere, ez dira astronomo profesionalak. Elkartean kide gutxi izanik, gainera, helburuak mugatuak direla azaldu du Betelgeuseko kideak. Eguraldia lagun denean elkartzen dira bost lagunak Eguzkia, Ilargia, Saturno eta Jupiter planetak eta zeru sakoneko elementuak ikusteko; besteak beste, galaxiak, nebulosak eta izar kumuluak. Horretarako, baina, ordubeteko bidaia egin behar izaten dute. "Herri eta hirietako argien poluzioak saihesteko; izan ere, izarrez betetako zeru ikusgarriaz gozatzeko eskubidea kentzen ari zaizkigu".

Gainera, iragarri dute aurrerago jendeari behaketak egiteko aukera zabaltzeko asmoa dutela, "aukera izan dezaten Ilargiaren kraterrak eta mendiak, Jupiterren satelite nagusiak planetaren inguruan dantzan eta Saturnoren eraztun ikusgarriak ikusteko". Unibertso osoa "ikusgarria" dela deritzo Acasusok, eta, orain arte behatu duten gauzarik ikusgarrienari buruz galdetuta, Teilhard de Chardin Frantziako erlijioso, paleontologo eta filosofoaren berbak bere eginda, esaldi batean bildu du zer sentitzen duen: "Kosmikoaren eskalan fantastikoak soilik dauka benetakoa izateko aukera".

Gogora ekarri du harrigarria izan daitekeela edozein zalek izan dezakeen teleskopioaren bitartez Ilargiari berari behatzea ere. Hala ere, badu bere hautua: "Agian Saturnoren eraztunak aukeratuko nituzke irudi ikusgarrienen artean", azaldu du. "Hala ere, kolore desberdinetako izar bikoitzei behatzea ere izugarri polita da. Esaterako, Albireo izarrari edo Orionen nebulosari. Azken horretan izar berriak jaiotzen ari dira".

2026ko eklipsea, egutegian

2026rako espero den eguzki eklipse osoa izango da, hala ere, Acasusoren ustez, gertaera astronomikorik ikusgarriena. Unibertsoaren misterioei dagokienez, harrigarriena da pentsatzea unibertsoan gizakiak ikus dezakeen materia osotasunaren %5 baino ez dela, gainerakoa materia iluna dela. Betelgeuseko kideek elkartea handitu nahiko lukete, bertako zein inguruetako zaleekin. Elkartean sartu edo informazioa nahi duenak, www.aaebetelgeuse.es.tl helbidea kontsulta dezake, edo Facebookeko eremua.

GUFEren menpeko zentroetako murrizketak salatu dituzte

GUFE Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen murrizketak salatu dituzte sindikatuek. GUFEk, hain zuzen, babesa eta zerbitzua ematen die Bizkaian beharrizan gehien dutenei, eta, besteak beste, hirugarren adinekoen egoitzetan, tutoretza duten umeen etxebizitzetan eta minusbaliotasuna duten pertsonen egoitzetan lan egiten du. ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuen arabera, GUFEk nabarmen murriztu ditu alor horietan langileen ordezkapenak. Hain zuzen, gogora ekarri dute egindako lehenengo murrizketa %25ekoa izan zela. 2012rako Bizkaiko Foru Aldundiaren aurrekontua aintzat hartuz gero, kopuru hori %34ra arte areagotuko dela salatu dute.

Hori dela eta, langile bat gaixotuz gero edo oporrak hartuz gero sortzen diren gabeziak neurri handi batean ez direla betetzen salatu dute sindikatuek. "Horren ondorioz, behargin faltagatik, zerbitzu publikoa bete gabe geratzen da", esan dute.

"Oso deigarria da", salaketa egin duten lau sindikatuen arabera, "eguneroko langile kopurua GUFEk berak gutxiengoak ezarri behar dituenean —grebetan, esaterako— jartzen dituenak baino txikiagoa dela". Horren aurrean, falta diren beharginak ordezkatzeko langilerik ez dutela kontratatzen adierazi dute.

Kaltetua, erabiltzailea

Langile falta horren ondorio nagusiak erabiltzaileek eurek pairatzen dituztela ekarri dute gogora. Hain zuzen, murrizketa horiek sortzen dituzten egoera batzuk plazaratu dituzte, besteak beste, adineko pertsonak ezin dutxatu izatea, umeei eskola orduetatik kanpoko jarduerarik bermatu ezin izatea, urritasunen bat duten umeei irteerak eta txangoak egiteko aukerarik eman ezin izatea eta instalazioak behar bezala garbitu ezin izatea.

Gogora ekarri dute ordezkapenak behar bezala ez egiteak "lan karga" dakarkiela lankideei. Horrez gain, salatu dute aldundiko agintariek euren pribilegioak ez dituztela kentzen eta murrizketek, gainera, enplegua galarazten dutela.

Erabilera adosteko unea

Azkenean ez da luxuzko hotelik ez antzekorik eraikiko. Getxoko Horacio Etxebarrietaren galeriak —Punta Begoñako galeriak modura ezagunagoak— herritarren erabilerarako zaharberrituko ditu udalak. Imanol Landa alkateak iragarri duenez, "lehen mailako baliabide turistikoa" izango dira aurrerantzean. Modu horretan bukatuko da hainbeste urteko auzia.

Galeriak egoera txarrean daude, oso kaltetuta. Zaharberritze lanak hainbeste luzatu izanak kostuak handitu ditu, eta Barcelo kateari ez zaio errentagarri hotela eraikitzea. Hala, kateak utzitako 1,2 milioiak erabiliko dira, besteak beste, konpontze lanak egiteko. Izan ere, 8,6 milioiko bermea ordainduta zeukan. Gehiena berreskuratu egin du, baina aipaturiko kopuru hori galdu egin du. Bizkaiko Foru Aldundiak beste bi milioi jarriko ditu lanok egiteko. Oposizioak alkatea egin du gatazka horren erantzule.

Adibidez, PPko zinegotzi Marisa Arruek salatu du "garesti" atera zaiela egitasmoa getxoztarrei. "Galeriak lehengoratzeko aprobetxatu ahal izan ditugun bost urte galdu ditugu. Horren ondorioz, erortzeko zorian geratu dira", ohartarazi du. Penatu egin da, hala ere, herrian egitekoak ziren proiektu pribatu handiena bertan behera geratu delako.

Dena dela, poztasuna agertu du Bilduk, publiko izaten jarraituko dutelako. Horri lotutako aldarrikapen indartsua egon dela gogoratu du Maitane Nekaran zinegotziak, eta koalizioko hautetsiek hala izan dadin erabakiak gertutik jarraituko dituztela iragarri du. PSE-EEko zinegotzi Luis Almansaren esanetan, Landa alkateak hasieratik jakinarazi behar zien hotelaren jabeei galeriak egoera txarrean zeudela: "Horrek eragin du, batez ere, proiektuaren porrota".

Erantzukizunak erantzukizun, aurten lan txiki batzuk egingo dituztela iragarri du Getxoko Udalak. Argi utzi dute ez dagoela erortzeko arriskurik, baina, zatiren bat edo beste egituratik aska daitekeenez, horrelakorik gertatzea eragotzi nahi dute aurtengo konponketa horiekin. Gerora, zaharberritze sakonagoa egin beharko litzateke, baina ez dago ezer zehatzik finkatuta. "Paper kontu asko egin behar dira zaharberritze zientifikoa egin ahal izateko", ohartarazi du Joseba Arregi Hirigintza zinegotziak.

Ia ehun urteko historia

Horacio Etxebarrieta getxoztar dirudunak XX. mende hasieran jasotako etxaldeari eusteko eraiki ziren 1918an. Ricardo Bastida arkitektoak zuzendu zituen lanak. Mendixka ez zela hondartzara eroriko ziurtatzea: hori zen horma berezi honen egitekoa. Inguruari ez zitzaion edertasunik kendu nahi izan, eta Etxebarrietak elementu dotorea eraikitzeko eskatu zuen.

Etxebarrietaren ondorengoek etxegintza enpresa bati saldu zioten etxaldea 1973an, etxeak eraikitzeko. Orduan desagertu zen Etxebarriatarren etxea. Galeriek, ordea, gaur egunera arte irautea lortu dute. Bizkaiko Foru Aldundiak, gainera, ondare historiko eta artistiko izendatu zituen.