“Herri modernoa izan gura dugu, baina gure nortasuna galdu barik”

Begiratu batean Lemoizko iragana eta etorkizuna ikusteko aukera du Unai Andraka alkateak Lemoizko udaletxeko balkoitik. Alde batean, X. mendeko eliza ikusten du alkateak, iraganeko gertakizunen lekuko isila. Bestean, berriz, 3 eta 12 urte bitarteko ikasleen eskola publikoa ikus dezake: “Goizean goizetik eskolara doazen ehunka ume ikusten ditut balkoitik. Horiek eraikiko dute gure herriaren etorkizu- na”.

Uribe Kosta eskualdeko herririk txikiena da Lemoiz, biztanleei dagokienez. Gainera, sakabanatuta dauden hiru auzotan banatuta dago herria: Urizar, Andraka eta Armintza. Hiru auzoek euren artean desberdintasun nabarmenak dituzte: Armintza auzo arrantzalea da, eta Andrakan eta Urizarren, berriz, baserri giroa da nagusi. “Orografia aldetik, herria hirutan banaturik dago, baina herri sentimendu indartsua dugu. Auzo bakoitzak bere izaera berezia dauka, baina denak, auzo guztiak daude lemoiztar izateaz harro”, dio alkateak.

Hain zuzen, berak auzootako baten izena dauka abizenean, baina horrek ez du esan nahi, haren ustez, Andraka bere auzo kutuna denik: “Nire arbasoak Andraka Garaikoak dira, baina nire helburua, udalaren helburua, Lemoiz da, Lemoiz osoa”.

Alkateak laster beteko du urtebete karguan, baina politikagintzan esperientzia handikoa da. “Txiki-txikitatik abertzaletasunaren balioak irakatsi zizkidaten aitak eta amak. Amama eta aitita biak ere goitik beherako abertzaleak ziren”. 16 urterekin EAJko kide bihurtu, eta hamar urte geroago, Bizkaiko EGIn hainbat arlotako arduradun izendatu zuten. Orain, Lemoizko alkatea izateaz gain, BBB Bizkai Buru Batzarreko Antolakuntza arduraduna ere bada Andraka. “Egunero goizeko zortzietatik hamaiketara udaletxera nator. Ondoren Sabin Etxera, eta iluntzeko zortziak aldera berriz bueltatzen naiz udaletxera”. Lana eta familia uztartzea ez zaio erraza egiten: “Askotan oso gogorra egiten zait, seme-alaba txikiak ditudalako eta ez ditudalako gura nukeen beste ikusten, baina udaletxeko lana benetan garrantzitsua dela uste dut!”.

Hurrengo urteetarako hainbat proiektu ditu buruan alkateak. Luzera begirako egitasmoak bultzatu nahi ditu udalak. “Orain arte horretarako eskumenik izan ez dugun arren, eskola berria egiteko bultzada eman gura dugu, ume guztiak sartzeko, 0 urtetik hasita”. Hiru auzoetan kirol azpiegiturak bultzatuko dituzte. “Lemoiz modernizatu beharra dago; hazi egin behar da, eta gero eta zerbitzu gehiago eta hobeak eskaini behar ditugu”. Horregatik, kirol praktika ugaritarako pista bat jarriko dute Armintzako parke berrian, eta ur zikinen, edateko uraren eta argiaren sareak hobetzeko asmoa dute Urizar eta Armintzan.

Garraio publikoean ere badagoela zer hobetu uste du alkateak: “Bizkaibusek Lemoiz, Gorliz, Plentzia eta Mungiagaz dituen loturak hobetzea da gure beste helburu nagusia”. Era berean, Andrakan biribilgune bat egingo dute, eta Neinorrek Hirubide ostean duen lurzoruan ehun aparkaleku egokituko dituzte. Atalaia eta Armintzekale kaleetan ere aparkaleku gehiago eraikitzea sustatuko dute.

Uribe Kostako herririk txikiena izateaz gain, eskualdeko herririk euskaldunena ere bada Lemoiz: lemoiztarren %72k dakite euskaraz. Ezagutza eta erabilera bultzatzeko asmoz, Lemoizen Euskaraz kanpaina abian jarri berri du udalak. “Lemoiz gero eta euskaldunagoa gura dugu. Herri modernoan bizi gura dugu, baina gure nortasuna eta izaera propioa galdu barik”. Kanpainaren berri emateko, udalak logotipo bat sortu eta herriko dendetan jarriko dute. “Jendea motibatu gura dugu erosketak euskaraz egin ditzan, euskaraz komunika dadin”. Horretaz gain, mendeetan inguru horretako arrantzaleek eta baserritarrek erabili di- tuzten berbak eta esaerak ezagutzera eman nahi dituzte kanpainarekin, galtzeko zorian egon direlako.

Zentral nuklearra

Turismoak ere garrantzi nahikotxo dauka Lemoizen. Alkatea harro agertzen da herriak duen ondarearekin. “Paraje zoragarriak ditugu: amildegiak, badiak, hondartzak, eraikin historikoak… Lemoizen bizi garenok pribilegio ikaragarria dugu, eta herria mundura zabaldu gura dugu”.

Baina Lemoiz ez da soilik bere ondareagatik ezagun egin Euskal Herrian. 1970eko hamarkadan Basordako kaian eraiki zuten zentral nuklearrarekin lotzeko joera dago: manifestazioak, protestak… Lemoiz sinbolo bihurtu zen. Orain, gatazka horietatik urrun, zentralak bere horretan jarraitzen du, amaitu barik eta hutsik. “Zoritxarrez, askok identifikatzen gaituzte Euskadiko zentral nuklear bakarra duen herria garelako. Herriak hasieratik ezetz esan zion eta inposatuta jarri ziguten”. Orain, zentralarentzat beste proiektu energetiko batzuk dituzte erakundeek. Udalak, baina, ez dauka eskumenik arlo horretan, Andrakaren arabera: “Udalak ez dauka informaziorik lurzoru horietan etorkizunerako azpiegiturak jartzearen inguruan. Udalak lurzoru horiek udal erabilerarako izan gurako lituzke, baina ez dira gureak eta ezin ditugu erabili”.