Iritzia

Señora

Anbientadore sarkorrez eta dunba-dunba matxakantez hornitutako denda batean izan da aurrenekoz entzun duzunean: "¿Qué desea, señora? Segurutik albora begiratu duzu, zeini ote dabil hau, esanez bezala, harik eta, "señora, ¿qué desea?", berriro entzutean jabetu zaren arte, galdegaiaren legea salbu, itaun baten esanahia ez dela larregi mudatzen berba bat lekuz aldatu arren.

Geroxeago, itxura batean zeure adin berbera izan dezakeen guraso baten ahotik entzun duzu, bigarren aldiz, bertsio berrian, delako heldua umeari zuzendu zaionean: "Deja paso a la señora".

Puf. Eskerrak euskaraz ez dugun halako arazorik, pentsatu duzu, patxada ederrean.

Zer pasatu da, ordea? Ustez zeure sasoi bera duen guraso horrek utzi pasatzen andreari berresan diola eskutik daroan mukitsuari, aurpegira begiratu eta euskalduna izan zaitezkeela pentsatu duenean. Eta, hortaz, biharamun goizean bertan, kito, akabo, finito, amaitu da. Dagoeneko andrea zarenez gero, señora bat izatea erabaki duzu. Ale por ahi!

Eta, beno, ez da hain txarra ere gertatu.

Izan ere, ohartu zara, euskaraz hogei urte eduki ditzakezula berrogeira arte. Eta, ondorioz, berrogei hirurogeira arte. Hirurogei laurogeira arte. Eta, jakina, laurogei ehunera arte.

Ohartu zara egutegiak kode sozial bati atxikita dauden paktu komunak baino ez direla eta benetan balio duena bakoitzaren barruan bor-bor-bor egosten ari den salda dela.

Ohartu zara, eskarmentuz eta bizipenez egositako salda horri jakituria deitu ahal diozula, eta delako jakituria horri esker ikas dezakezula, gauzak ahalik ondoen eginda ere, asmatzea ez dela beti erraza; baina, hala ere, hanka sartze eta ateratze guztien ondorioz zoazela zeure burua ezagutuz auto-jabekuntzaren bidean.

Ohartu zara auto-jabekuntza horrixe esker zoazela ikasiz ere, aske izatea erabakitzeko ahalmenaren pare dagoela eta, hain zuzen, erabakitzeko ahalmen horrexen itsasoan ari direla igerian barne aldeko mugak zein kanpo aldeko pasaporteak, hurkoarenganako enpatia gramo pare bat barne.

Azken finean, ohartu zara señora egoerari esker irits zaitezkeela izatera behin edo behin amestu zenuen hura edota hurrengorako utzita daukazuna: enkargatu, diputatu, gerente, alkate, poeta, koreografo, mediku, zirujau, arkitekto, ingeniari, mekanikari, elektrizista, suhiltzaile edota lehendakari gai.

Señora kategoriak soinean josita daroalako benetako muina, benetako loteria.

Norbera izatearen altxorra.

2

Ondarroan hondartzak itxita egin dituzten egunak. Ondarroako Arrigorri hondartza eta Mutrikuko (Gipuzkoa) Saturraran hondartza bi egunez izan dituzte itxita, asteartean Ondarroako portuan izandako erregai isuri baten ondorioz. Kutsadura eragiten zuen orbana berez joan da desagertuz, itsasoaren indarrari esker.

SOLDATARI EUSTEKO BORROKAN

BECeko langileak aspaldian ari dira euren lan baldintzen inguruan protestan, iruditzen zaielako euren baldintzak okertuz konpondu gura dutela erakustazokak duen zorra. Joan den domekan berriz atera ziren kalera, EAJk Espainiako Gorteek onartutako lan...

12.000

Getxoko jazz jaialdiak bildu dituen entzuleak. Getxoko jazz jaialdia arrakastatsua izan dela diote antolatzaileek. Joan den asteburuan egin zuten 30 aldiz, eta 12.000 lagun bildu ziren kontzertuak entzutera.

%8,8

Enpresa berrien sorrerak Bilbon izandako gorakada. Bilboko Merkataritza Ganbarak emandako datuen arabera, urtarriletik martxora bitartean %8,8 egin du gora enpresa berrien sorrerak, iazko lehen hiruhilekoarekin alderatuta.

ZUZENKETA: 80. Bizkaiko Hitza-n, zegokion 7. orriaren ordez, ekainaren 22an argitaratutako 7. orria zekarren. Bizkaiko Hitza-k barkamena eskatu nahi die irakurleei.

ARRISKUTSU OMEN ZENA, ARRISKUAN

Joan den barikuan sustoa hartu zuten Bilboko Errekalde auzoan: 1,3 metroko suge bat aurkitu zuten auto batean. Ezin izan zuten atera, eta udal gordailura eraman zuten. Halako animalietan aditua den batek eta suhiltzaileek lortu zuten ateratzea. Arrisk...

Koadroak begiratzen

Urteroko ziklo zoragarria errepikatuz, aurten ere heldu zaigu uda kantauriarra. Lanez lepo dabilenari bost axola dio kanpoko giroak, baina oporretan murgildu edo udako ordutegiarekin hasi denarentzat aukera berriak zabaltzen dira. Hauxe izaten da urtean zehar astirik ezagatik bazter batean utzi ditugun planak egiteko edota leku berriak bisitatzeko unea. Tira, leku berriak edo ohikoak, zergatik ez? Aspaldi konturatu nintzen geure esku dagoela turismoa eta astialdia beste era batera planteatzea. Proposamen honek zerikusi handia dauka oporrekin lotutako beste mito ukiezin batekin; oporrak deskonektatzeko direlako ustearekin, hain zuzen.

Egia da bakantzeak etxetik urrun pasatzea eta aurpegian haize berria sentitzea gauza ederra dela, horixe baietz! Halandabe, ahal izanez gero, merezi du egun batzuk gure betiko inguruan sakontzeko erabiltzea. Aste honetan bertan, lagun batek liluraz egin dit berba Bizkaiko kostaldeari buruz. Neska-laguna etorri zaio kanpotik, eta hara eta hona ibili dira, uda hasierako gozotasuna lagun. Bistan da: etxetik kilometro gutxira paradisua dugu, eta sarritan ahaztu egiten zaigu.

Gorago nioen legez, gure ingurua ikaragarri gustatzen zaidanez, oporren zati bat berarekin konektatzeko erabiltzen dut. Egia esan, oporren tarte bat, eta baita lanaldi denborakoa ere, bi horien arteko muga lausotzea ariketa interesgarria delakoan nago eta. Dena dela, azken kontu horrek beste zutabe baterako ematen du, eta, beraz, natorren harira. Gure herri edo hirietako betiko txokoetara bidaiari heldu berriaren begirada freskoarekin hurreratu ahal gara, zalantzarik ez horretan, baina azaldu nahi dudanak indar gehiago hartuko du adibide zehatz batekin: gaur bertan berriro bisitatu dut Bilboko Arte Eder Museoa. Berriro diot, enegarrenez egin dudalako parkerainoko ostera. Eraberritu aurretik ere joaten nintzen tarteka, eta ez bakarrik artelanak ikustera: inoiz lo ere geratu nintzen Filmoteka zaharreko bazkalosteko emanaldietan. Baina koadroei begiratzeko zaletasuna Austerren pasarte bat irakurri ondoren areagotu zitzaidan.

El Palacio de la luna liburuko protagonistak Blackelock margolariaren koadro bat zorrotz aztertzeko agindua jasotzen du bere ugazaba itsuarengandik. Txundigarria da xehetasun guztiez jabetzeko egiten duen behaketa prozesuaren deskribapena, ia ordubete baitago artelanari begira.

Larregikeria horietara heldu barik badago gozatzeko aukera koadro berberetara bueltatuz, eta horixe da lantzean behin egiten dudan ariketa. Egia esan, badago non aukeratu, pintura eta eskulturari dagokionez, Arte Eder Museoa Euskal Herriko aberatsena baita. Gaur gure artisten lanak biltzen dituzten geletan ibili naiz: Guiard, Zuloaga, Arteta, Guinea. Gehiago dago, bisita batean asimilatu ahal dena baino askoz edertasun gehiago: Cassat, Goya, Murillo, Van Dyck, Lipchitz…

Ia ahaztu zait: badaude ere aldi baterako erakusketak. Dakizuenez, orduan eratzen dira ilararik ikusgarrienak. Horietako batzuetan ere aurkituko nauzue, dena ezin baita izan errepikapena…

350.000

Arratia aldean energia kontsumoan aurreztuko dutena. Arratiako Mankomunitateak eraginkortasun energetikorako bulego bat sortu du. Energia kontsumoan eta instalazioen mantentze lanetan eta konponketetan urtero 350.000 euro aurreztea espero dute.

Bizkaiko Elizaren gizarte erakundeen manifestua

Elizaren Gizarte Erakundeok 2011ko ekainaren 11n bildu ginen Bilbon, urteroko II. topaketan. Horren harira, gure oinarriei eta gizarte osoari jakinarazi nahi diegu egungo egoeraren aurrean daukagun jarrera. Manifestu honen bidez, errealitateaz egiten ...

113

Bermeo eta Autzaganeko saihesbideen aurrekontua. 113 milioi euroan esleitu ditu Bizkaiko Foru Aldundiak Bermeoko eta Autzaganeko saihesbideetako lanak. Uztailean hasiko dira eta 33 hilabetean bukatu.