Koadroak begiratzen

Urteroko ziklo zoragarria errepikatuz, aurten ere heldu zaigu uda kantauriarra. Lanez lepo dabilenari bost axola dio kanpoko giroak, baina oporretan murgildu edo udako ordutegiarekin hasi denarentzat aukera berriak zabaltzen dira. Hauxe izaten da urtean zehar astirik ezagatik bazter batean utzi ditugun planak egiteko edota leku berriak bisitatzeko unea. Tira, leku berriak edo ohikoak, zergatik ez? Aspaldi konturatu nintzen geure esku dagoela turismoa eta astialdia beste era batera planteatzea. Proposamen honek zerikusi handia dauka oporrekin lotutako beste mito ukiezin batekin; oporrak deskonektatzeko direlako ustearekin, hain zuzen.

Egia da bakantzeak etxetik urrun pasatzea eta aurpegian haize berria sentitzea gauza ederra dela, horixe baietz! Halandabe, ahal izanez gero, merezi du egun batzuk gure betiko inguruan sakontzeko erabiltzea. Aste honetan bertan, lagun batek liluraz egin dit berba Bizkaiko kostaldeari buruz. Neska-laguna etorri zaio kanpotik, eta hara eta hona ibili dira, uda hasierako gozotasuna lagun. Bistan da: etxetik kilometro gutxira paradisua dugu, eta sarritan ahaztu egiten zaigu.

Gorago nioen legez, gure ingurua ikaragarri gustatzen zaidanez, oporren zati bat berarekin konektatzeko erabiltzen dut. Egia esan, oporren tarte bat, eta baita lanaldi denborakoa ere, bi horien arteko muga lausotzea ariketa interesgarria delakoan nago eta. Dena dela, azken kontu horrek beste zutabe baterako ematen du, eta, beraz, natorren harira. Gure herri edo hirietako betiko txokoetara bidaiari heldu berriaren begirada freskoarekin hurreratu ahal gara, zalantzarik ez horretan, baina azaldu nahi dudanak indar gehiago hartuko du adibide zehatz batekin: gaur bertan berriro bisitatu dut Bilboko Arte Eder Museoa. Berriro diot, enegarrenez egin dudalako parkerainoko ostera. Eraberritu aurretik ere joaten nintzen tarteka, eta ez bakarrik artelanak ikustera: inoiz lo ere geratu nintzen Filmoteka zaharreko bazkalosteko emanaldietan. Baina koadroei begiratzeko zaletasuna Austerren pasarte bat irakurri ondoren areagotu zitzaidan.

El Palacio de la luna liburuko protagonistak Blackelock margolariaren koadro bat zorrotz aztertzeko agindua jasotzen du bere ugazaba itsuarengandik. Txundigarria da xehetasun guztiez jabetzeko egiten duen behaketa prozesuaren deskribapena, ia ordubete baitago artelanari begira.

Larregikeria horietara heldu barik badago gozatzeko aukera koadro berberetara bueltatuz, eta horixe da lantzean behin egiten dudan ariketa. Egia esan, badago non aukeratu, pintura eta eskulturari dagokionez, Arte Eder Museoa Euskal Herriko aberatsena baita. Gaur gure artisten lanak biltzen dituzten geletan ibili naiz: Guiard, Zuloaga, Arteta, Guinea. Gehiago dago, bisita batean asimilatu ahal dena baino askoz edertasun gehiago: Cassat, Goya, Murillo, Van Dyck, Lipchitz…

Ia ahaztu zait: badaude ere aldi baterako erakusketak. Dakizuenez, orduan eratzen dira ilararik ikusgarrienak. Horietako batzuetan ere aurkituko nauzue, dena ezin baita izan errepikapena…