Señora

Anbientadore sarkorrez eta dunba-dunba matxakantez hornitutako denda batean izan da aurrenekoz entzun duzunean: “¿Qué desea, señora? Segurutik albora begiratu duzu, zeini ote dabil hau, esanez bezala, harik eta, “señora, ¿qué desea?“, berriro entzutean jabetu zaren arte, galdegaiaren legea salbu, itaun baten esanahia ez dela larregi mudatzen berba bat lekuz aldatu arren.

Geroxeago, itxura batean zeure adin berbera izan dezakeen guraso baten ahotik entzun duzu, bigarren aldiz, bertsio berrian, delako heldua umeari zuzendu zaionean: “Deja paso a la señora“.

Puf. Eskerrak euskaraz ez dugun halako arazorik, pentsatu duzu, patxada ederrean.

Zer pasatu da, ordea? Ustez zeure sasoi bera duen guraso horrek utzi pasatzen andreari berresan diola eskutik daroan mukitsuari, aurpegira begiratu eta euskalduna izan zaitezkeela pentsatu duenean. Eta, hortaz, biharamun goizean bertan, kito, akabo, finito, amaitu da. Dagoeneko andrea zarenez gero, señora bat izatea erabaki duzu. Ale por ahi!

Eta, beno, ez da hain txarra ere gertatu.

Izan ere, ohartu zara, euskaraz hogei urte eduki ditzakezula berrogeira arte. Eta, ondorioz, berrogei hirurogeira arte. Hirurogei laurogeira arte. Eta, jakina, laurogei ehunera arte.

Ohartu zara egutegiak kode sozial bati atxikita dauden paktu komunak baino ez direla eta benetan balio duena bakoitzaren barruan bor-bor-bor egosten ari den salda dela.

Ohartu zara, eskarmentuz eta bizipenez egositako salda horri jakituria deitu ahal diozula, eta delako jakituria horri esker ikas dezakezula, gauzak ahalik ondoen eginda ere, asmatzea ez dela beti erraza; baina, hala ere, hanka sartze eta ateratze guztien ondorioz zoazela zeure burua ezagutuz auto-jabekuntzaren bidean.

Ohartu zara auto-jabekuntza horrixe esker zoazela ikasiz ere, aske izatea erabakitzeko ahalmenaren pare dagoela eta, hain zuzen, erabakitzeko ahalmen horrexen itsasoan ari direla igerian barne aldeko mugak zein kanpo aldeko pasaporteak, hurkoarenganako enpatia gramo pare bat barne.

Azken finean, ohartu zara señora egoerari esker irits zaitezkeela izatera behin edo behin amestu zenuen hura edota hurrengorako utzita daukazuna: enkargatu, diputatu, gerente, alkate, poeta, koreografo, mediku, zirujau, arkitekto, ingeniari, mekanikari, elektrizista, suhiltzaile edota lehendakari gai.

Señora kategoriak soinean josita daroalako benetako muina, benetako loteria.

Norbera izatearen altxorra.