Galdamesko Loizaga dorrean Europa mailako Rolls-Royce ibilgailuen bilduma osatuena dago ikusgai. 1907tik 1990era enpresak egindako modelo guztietatik gutxienez ibiligailu bat dute ikusgai.
Gordailua
Portu gainetik, arrantzaleei begira
Arrantzaleen Museoa Bermeoko Ertzilla dorrean dago, portu zaharraren gainean. Hiribilduaren historia, Matxitxakoko gudua eta itsasoari lotutako ekonomia, bizimodua eta ohiturak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen dio bisitariari.
Industriak sustatutako artea
Itxi zituzten arte Bizkaiko Labe Garaietan eta Babcock Wilcox altzairutegian zeuden artelanak erakusteko sortu zuten Rialia industriaren museoa, 2006an, Portugaleten.
Ehun urtetik gora sendagaien arrastoan
Plentziako Aramburu farmazia 1888an zabaldu zuten, eta ordutik erabilitako botika, tresna eta errezetak ikusgai ditu horretarako beren-beregi sortutako museoan; 2010ean ireki zuten. Botikak nola erabili izan diren jakiteko aukera ematen du.
Ate bat natur erreinuetara
Mañariko Hontza museoa da natur zientzien Bizkaiko aurrena. Mundu osoko 45.000 espezieren aleak ditu; horietako 1.500 dauzka erakusgai. Besteak beste, funtzio hezitzailea eta ikerketa ditu ardatz.
Burdinolaren mailukadak
Muskizko Pobaleko burdinola museoan Bizkaiko industriaurreko bi jarduerarik garrantzitsuenak erakusten dira: burdingintza eta errotaritza. Salazar familiak eraiki zuen, XVI. mendearen hasieran.
Herri baten erakusleihoa
Durangoko Arte eta Historia Museoak ildo bi ditu: batetik, herriaren historia kontatzen du historiaurretik hasita, eta, bestetik, euskal sortzaile garaikide garrantzitsuenen lanak biltzen ditu.
Pieza originalak ikustea legez
Bilboko Berreginen Museoak antzinako Greziako eskulturarik ezagunenen erreplikak ditu ikusgai. Artelan originalak dauden museoei erositakoak dira Bilbon ikusgai dauden pieza gehienak.
Osasungintzaren ibilbidea
Duela ia 40 urte ireki zuten Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa, EHUren Leioako campusean. XIX. eta XX. mendeetako gailu teknologikoak ditu.
Ontziola bati lotutako herria
Plasentia de Butron museoak Plentziako historia kontatzen dio bisitariari. Sorreratik, ontzigintzari eta itsas merkataritzari lotutako hiribildua izan da, eta hori ikusten da erakusketetan. Besteak beste, itsasontzien maketak daude ikusgai.