Gurpilak ere luxuzkoak

Gurpilak ere luxuzkoak

Ibai Maruri Bilbao

Ez da edonolakoa barruan gordea duena: “Europa mailako Rolls-Royce autoen bildumarik osatuena da”, azpimarratu du Galdamesko Loizaga dorretxeko koordinatzaile Patricio Gonzalez-Kareagak. Horrez gain, inguruko paisaia ikusgarria eta egoitza ere nabarmendu ditu. Izan ere, Loizaga dorrea XIV. mendekoa da, leinuen arteko gerra garaikoa, Otxoa Garcia de Loizaga leinuaren defentsa gotorleku zaharra. Galdamesko seme Miguel de la Via enpresariak eskuratu zuen 1984an. “Dorrea zaharberritzen hasi zen. Inguruzko hesia ere eraiki zuen, garai bateko defentsa dorre baten itxura emanez. Era berean, autoen kolekzioa osatzen ibili zen. Beraz, lanak hasi zituenean, pabiloi bat eraiki zuen orduan zituen autoak gordetzeko. Auto berriak eskuratu ahala, pabiloi berriak gehituz joan zen”.

Kolekzioa eta dorrea pribatuak dira, beraz, baina domeketan irekitzen dute bisitariek eraikina eta autoen bilduma ikus ditzaten. Gainera, astean zehar, aurrez ordua hartuz gero, bisita gidatuak egiteko aukera ere eskaintzen dute. Domeketan, oro har, askotariko jendea joaten dela esan du Gonzalez-Kareagak. Astean zeharreko bisita hitzartuetara, berriz, bisitari espezializatuagoak joaten direla azaldu du, autoekiko zaletasun berezia duen jendea, batez ere.

Erresuma Batuko Rolls -Royce autogintza enpresak 1907tik 1990era egindako modelo guztietatik, gutxienez, auto bat ikus daiteke erakusketan; guztira, 45 dira. Enpresak txasisa, motorra, erradiadorea eta kapota ematen zituen, eta akabera erosleak aukeratutako maisu karrozeriagileen esku uzten zuen. Gainera, 1972ra arte Rolls-Roycek egindako Phantom serieko modelo guztiak batera ikus daitezkeen munduko leku bakanetako bat da Loizaga dorrea. Beste marka batzuetako beste 30 ibilgailuk osatzen dute bilduma. Izan ere, sei pabiloitan antolatu duten ibilbideak automobilgintzako “benetako harribitxiez” gozatzeko aukera ematen du, Gonzalez-Kareagaren esanetan.

Loizaga dorrea

Sei pabiloi

Lehen pabiloia ibilgailurik zaharrenei eskainita dago. Sarreran Rolls-Royceri lehia egiten zioten autoak daude; hala nola Italiako Isotta Fraschini, Errusiako tsarren kuttuna zen Frantziako Delaunay Belleville eta Espainiako Hispano-Suitza —Alfontso XIII.a erregeak eman zion izena modeloetako bati—. Bigarrenean, De la Viak bildu zituen lehen ibilgailuak eta bizitzan erabili zituenak daude: besteak beste, Mercedes 190 SL bat, BMW 635 CSI bat, Lancia Aprilia bat edo Porsche 911 bat. Hirugarrenean, 1960ko hamarkadako kirol autoak daude.

Mundu gerren sasoietako ibilgailu ikusgarrien aterpea da laugarren pabiloia. Gonzalez-Kareagaren esanetan, “ikusgarrienak”. Phantom modeloak daude bosgarrenean. Azken pabiloian, eraikina bera ere adierazgaria da: John Fasal historialari britainiarrak Hall Baronnial ipini zion izena, Galdamesera 2001ean egindako bisitan.Gune honetan daude Silver Ghost autoak.

Bisitarien arreta erakartzen duten autoen artean hainbat aipatu ditu. Adibidez, 1980ko hamarkadako Lamborghini Countach modeloko auto bat bertatik bertara ikusteak asko liluratzen dituela esan du. Phantom 4 modeloko Rolls Royceak zazpi baino ez daude munduan, eta Galdamesen dago euretako bat. Ingalaterrako erregina Elisabet II.ak Hegoafrikara eta Australiara egindako bidaia ofizialetan erabiltzen zituen limusinetako bi ere badituzte. 1898koa da bildumako zaharrena: Sir Stirlong Mossena izandako Allen Runabout bat da. Guztiak ikus daitezke, baina ez ukitu. “Balio handiko ibilgailuak dira, eta debekatuta dago ukitzea. Ondo jagon behar dira”.

Zaintza lan handia eskatzen dutela azaldu du. Guztiek balio dute ibiltzeko, baina ez dira euren lursailetatik irteten, errepidean ibiltzeak arriskuan jar ditzakeelako. “Istripuren bat gerta daiteke, eta horregatik ez ditugu ateratzen”. Hainbat mekanikarik osatzen dute museoko lantaldea. Ia egunero jartzen dituzte martxan, luzaroan geldi egonda hondatu ez daitezen. “Museo guztien antzera, gure egitekoa ere gure ondarea zaintzea da. Ibilgailuak ez kaltetzeko erantzukizuna dugu”.