Pieza originalak ikustea legez

Pieza originalak ikustea legez

Ibai Maruri Bilbao

Atenasko Partenoiko erliebeen kopiak, Pergamokoak, Delfosko Auriga, Samotraziako garaipena… Antzinateko greziar zibilizazioak utzitako artelanik bikainenak bertatik bertara ezagutu daitezke, Bilbotik irten ere egin gabe. “Kopiak dira guztiak, igeltsuz tamaina naturalean egindakoak. Erreplika ikusi, eta originala bezalakoa da. Originalak apurtuta badaude, kopiak ere bai, leku berberetan”, azaldu du Bilboko Berreginen Museoko teknikari Itziar Martijak.

Bilbo Zaharrean dago museoa, San Frantzisko kalean. Garai batean klaretarren ikastetxeko otoitz leku izandako Mariaren Bihotz Garbia eliza ohia du egoitza. 1891 eta 1894 artean eraiki zuten, estilo neogotikoan. “Oso ederra da, berezia eskulturak ikusteko. Guretzat ezerosoa da artelanak jartzeko, mugitzeko eta erakusketak antolatzeko, baina oso polita da bisitariarentzat”, azaldu du Martijak. Giro berezia sortzen du elizako beirate koloretsuetatik sartzen den argiak.

Mariaren Bihotza plaza

Baina zergatik berreginez osatutako museo bat? “XIX. mendean eta XX. mende hasieran modan jarri ziren. Ez zen ohikoa bidaiatzea; ez zen erraza. Ikasteko erabiltzen ziren, eta guk ere horretarako erabiltzen ditugu”. Martijak esan du eskola asko joaten zaizkiela bisitan. Esaterako, Lehen Hezkuntzako umeentzat Artea eta planetak izeneko programa dute. “Mitologiari buruzkoa da; Erromako jainkoen izenak zein ziren eta Grezian jainko berberak nola deitzen ziren ikusten dugu. Baina eguzki sistema ikasteko ere bada, planeten izenak eta”.

Gaur egun errazagoa da bidaiatzea, baina Martijak uste du euren eskaintzak interesa duela oraindik ere. “Duela urte asko, Museoen Mundu Egunetako batean, museoak eta turismoa izan zen gaia. Europan zehar bidaia bat egiteko bisita bat antolatu genuen, Bilbotik irten barik”.

Lehenak, Bartolozzirenak

Eskultura gehienak 1930eko hamarkadan iritsi ziren museora; aspaldian ez dute berririk erosi. Eurek bai berregin dituzte buru batzuk erakusketa jakin baterako. “Hemen daudenak ez dira guk egindakoak; munduko hainbat museotatik ekarri ditugu. Adibidez, Samotraziako garaipena Parisen dago, Louvre museoan, eta gure kopia ere museo hartatik etorri da. Partenoiaren erliebeak Londresen erosi genituen. Pergamoko aldarea Berlinetik etorri da, han dago originala eta”. 1930eko lehen berreginak Madrilen erosi zituzten, Benito Bartolozziren tailerrean, “merkeagoak zirelako eta garai hartan museoak ez zuelako diru baliabide handirik”. Hurrengo urteetan hasi ziren Parisen, Berlinen, Munichen, Florentzian, Londresen eta beste hiri batzuetako museoetan erosten. Museoei erositakoak dira gaur egun erakusketa iraunkorrean dauden lan gehienak.

Beheko solairuan eta bigarrenean dute erakusketa iraunkorra. Lehen solairua, berriz, aldi baterakoak egiteko erabiltzen dute. Atzo inauguratu zuten azkena: Diskomania. Jose Madrid Santurtun argazkilari zaletuaren 25 lan daude ikusgai. “Estudio txiki bat ipini zuen museoan, musika eta kultur arloko jendeari argazkia egiteko. Sofa batean esertzen zituen, eskuetan haiek aukeratutako diskoa zutela, eta zergatik aukeratu zuten azaldu behar izaten zioten”.

Mariaren Bihotzaren plaza dago museoaren ondoan. Zenbait metrotako sakoneran XV. mendeko San Frantzisko komentu zaharraren eta XIX. mendeko Principe Don Alfonso kuartelaren aztarna arkeologikoak daude. Haiek bisitatzeko aukera eskaintzen du museoak. Itxita egon da pandemiagatik, eta asteon ireki dute berriro. Eguenetik domekara bisita daiteke, museoa irekita dagoen ordutegi berean. Gidari gabe bisitatzea zaila dela eta, sakelakoetara jaisteko liburuxka bat prestatzen dabiltza, plano batekin eta aztarnak ezagutzeko behar den informazio guztiarekin.