Industriak sustatutako artea

Industriak sustatutako artea

Ibai Maruri Bilbao

Garai bateko enpresaburuek jarraitzen zioten aristokraziatik eta burgesiatik hartutako ohiturari: euren enpresaren prestigioa handitzeko artelan ikusgarriak eskatzen zizkieten artistei”, azaldu du Portugaleteko Rialia industriaren museoko koordinatzaile Aner Mentxakak. Ezkerraldean izan dituzten enpresa garrantzitsuenetako biren artelanak dituzte eurenean ikusgai: Bizkaiko Labe Garaietakoak eta Babcock Wilcox altzairutegikoak.

2006an sortu zuten Rialia. “Bizkaiko Labe Garaietan, fabrikan eta bulegoetan artelan pila bat zituzten. Enpresa likidatu zuenean, Espainiako Gobernua egin zen artelanen jabe, SEPIren bitartez. Portugaleteko Udalak akordio baten bitartez lortu zuen obra horiek guztiak gordetzea, eta museo hau sortzea erakusteko. 2011n, Babcock Wilcox enpresa antzeko modu batean likidatu zuten, eta hango obrekin handitu zen gure funtsa”. Museoak dituen lau solairuetatik hirutan daude artelan horiek ikusgai.

Gehienbat margolanak dira, ia guztiak XX. mendekoak, eta XIX. eta XXI. mendeetako batzuk ere badaude. Mentxakak esan du guztien gai nagusia industria izaten dela, batez ere. “Obraren inguruan sortzen da diskurtso espositibo bat, hiru gai nagusi hartuta: industria, Bilboko itsasadarra eta industria iraultza bizi izan duen gizakia”. Mentxakak bi azpimarratu ditu, formatu handikoak direlako. “Filipinetako margolari batenak dira: Juan Luna Novicio zuen izena, eta 1894an margotu zituen biak”. Gurasoek Madrilera bidali zuten, eta han edan zuen Luna Noviciok garai hartako errealismo plastikotik. Mentxakaren esanetan, harribitxiak dira koadro biak. “Orduan, Bizkaiko Labe Garaiek ez zuten izen hori, baina aurretik bazeuden altzairu fabrikak, eta margolan biotan langileak ikusten dira altzairu fabrikan beharrean”, azaldu du.

Eskulturak ere badituzte ikusgai, baina gutxiago dira. “Bereziki 1980, 1990 eta 2000ko hamarkadetan eskultoreek egindako obrak dira. Beste ikuspegi modernoago batetik eginda daude, eta desindustrializazioarekin zerikusia dute”. Maketa handi bi ere badituzte ikusgai: enpresaren Sestaoko planta nagusia zelakoa izan zen ezagutzeko balio dutela esan du Mentxakak.

Rialia museoa

Bestelako gaiak ere bai

Laugarren solairuan aldi baterako erakusketak egiten dituzte. Batez ere, itsasadarrarekin edo industriarekin harremana dutenak izaten dira. “Azken labe garaia itzali zela 26 urte dira, eta horren inguruko argazki erakusketa bat dugu orain. Portugaleterekin harreman zuzenagoa izan duten erakusketak ere izaten ditugu. Datorren urterako, adibidez, saiatuko gara traineruekin eta itsasoarekin zerikusia duen mundu zabal hori gurera ekartzen”. Gabonetan erakusketa bereziago bat egiten dute, familiei begira. 2022an, 700 urte beteko dira Maria Diaz Harokoa Bizkaiko andreak Portugalete sortu zuenetik, eta Playmobil piezen bidez hiribilduaren zazpi mendeen errepasoa egingo dute aurten.

Rialia museoa dagoen eraikina 1990eko hamarkada bukaeran eraiki zen. “Hau portu txiki bat zen. Itsasoko etxea izateko eraiki zuten; hau da, merkataritza ontzidiko marinelei zerbitzua emateko hotel modukoa egiteko eraiki zuten. Baina, eraikitze lanak bukatzean, bertan behera geratu zen proiektua, eta utzita egon zen museoa sortu zen arte. Gaur egun, museoaren azpiko aldean Portugaleteko arraun taldekoen traineruak ditugu”.