Ehun urtetik gora sendagaien arrastoan

Ehun urtetik gora sendagaien arrastoan

Ibai Maruri Bilbao

Pedro Aranburu Mendietak farmazia bat ireki zuen 1888an, Plentziako Erribera kalean. Gaur egun oraindik ere zabalik dago. Haren biloba Enrique Aranburu da orain ugazaba. Leku faltagatik, 2010ean atzeko aldean zituzten beste lonja batzuetara handitu zuten negozioa, eta, modu horretan, 1888tik han egondako botika eta botika ostea bere horretan gordetzea lortu zuten. Hala sortu zen Aramburu farmazia museoa.

Sorreratik erabili dituzten osagaiak, botikak, tresnak eta errezeta liburuak dituzte gordeta, besteak beste. Aranburuk esan du ez dela ohikoa farmaziek hori guztia gordetzea, eta aitortu du bera ere botatzekotan izan zela, leku faltari konponbidea emateko. “Eskerrak ez nuen egin!”. Farmaziatik museora: ia mende bateko historia izeneko tesian bildu zuten euren historia. Gordeta dituzten agiriak ikerketetarako oso baliagarriak direla esan du Aranburuk. Esaterako, 1918ko gripearen ingurukoa argitaratu zuen Bilboko Mediku Zientzien Akademiarekin —Historia arloko presidentea Aranburu bera da—; orain, penizilinaren lehen urteen ingurukoa egin dute, eta azaroaren 25ean aurkeztuko dute Gasteizko Farmazia fakultatean.

“Zer errezetatu zen, nori eman zitzaion, zenbat, zertarako…; dena dago jasota. Erregistro zibilari esker, nortzuk eta zelan hil ziren ere jakin dezakegu. Informazio piloa dago ikerketarako, eta asko dira guregana jotzen dutenak tesiak eta ikerketak egiteko”. Orain, errezeta liburu horiek guztiak digitalizatzen ari da, EHUren Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak eskatuta.

Aranburuk nabarmendu du euren museoan botikagintzaren historia osoa ezagutu daitekeela. “Joan den mendearen erdi aldean egin zuen eztanda botikagintza industriak. Ordura arte ez zen eboluzio handirik egon. Adibidez, XX. mende hasieran egon zen sendagai garrantzitsuetako bat theriaca magna izeneko hauts batzuk ziren. Andromak ipini zituen boladan, Neron enperadorearen medikuak. 1933ra arte erabili zen, eta gordeta dauzkagu”.

HONTZA MUSEOA

Ukenduetatik, kapsuletara

Esan du Industria iraultzak eraldatu zuela botikagintza. Ordura arte, ukendu, pomada, pilula eta kataplasmak egiten zituzten batez ere. Haiek egiten zituzten, edo drogeriei erosten zizkieten. Izan ere, gaixoei zuzenean saltzeko baimenik ez zuten arren, drogeriek ukenduak, kataplasmak eta pomadak egin zitzaketen. Gero agertu ziren kapsulak eta supositorioak, esaterako.

Museoko beste atal bat analisiei dagokiena da. Aranbururen aitona udalerriko botikari ikuskatzaile izendatu zuen Plentziako Udalak 1893an. “Esnea, udalerrian kontsumitzen zen ura, likoreak eta enparauak analizatu behar izaten zituen. Baita herriko pobreen analisi klinikoak ere. Udalak urtero adoptatzen zituen familiak ziren, eta bera egiten zen sendi horien mediku, botika eta analisi gastuen kargu”.

Farmaziara botika bila doan edonork bisita dezake museoa bere kasa. Aranburuk bisita gidatzea nahi dutenek, harekin adostu behar dute ordua aurretik. Normalean ikertzaileak izaten direla azaldu du. “Ameriketatik ere etorri izan dira. Gogoan dut bat Gaztelugatxe eta gure botika ikusteagatik etorri zela”.