Bizkaia

Bilbaoren makulu biak

"Datorren urtean abian jarriko den zerga erreforma sakona onartu da", iragarri zuen Jose Maria Iruarrizaga Ogasun eta Finantza ahaldunak joan den abenduaren 5ean, Bizkaiko Batzar Nagusiek Gernika-Lumon egindako osoko bilkura bukatutakoan. "Itun ekonomikoa berreskuratu zenetik erreformarik garrantzitsuena" dela esan zuen, gainera. Aldaketa horiekin, Bizkaiko Ogasunak 153 milioi gehiago bilduko ditu.

EAJ, PSE-EE eta PPren aldeko botoa jaso zuen foru gobernuak egindako lege proposamenak, autonomia erkidego osorako adostutako itunaren itzalpean. Bilduko batzarkideek, aldiz, aurka bozkatu zuten, ez zelako onartu taldeak aurkeztutako zuzenketa bat bera ere. "Erreforma herrena" dela zioten. "Kapitalaren hirukoa" deitu zuten, gainera, jeltzale, sozialista eta PPkoek osatu dutena.

PFEZ pertsona fisikoen errentaren gaineko zergak tasa berriak izango ditu errentarik handienentzat: 92.310, 123.070 eta 179.460 eurotik gorako errentek %46, %47 eta %49 kotizatuko dute, hurrenez hurren. Orain arte, gehienez, %45 ordaintzen zen.

Aurrezkiarentzat ere tarifa berriak onartu dira. Lehenengo 2.500 euroetatik hasita, %20ko tasa izango dute; 30.000 eurotik gorako aurrezkiek, berriz, %25ekoa. Sozietateen zergak dedukzio berriak izango ditu mikroenpresentzat, ordaindu beharko duten tasa gehienez %19 edo %20 izateko; gehienez, hamar behargin eta bi milioi euro baino gutxiagoko jarduera bolumena dute enpresa horiek. Oinordetza eta dohaintzetan %1,5eko tasa onetsi zen, ezkontide, izatezko bikote eta lerro zuzeneko aurreko eta ondorengo ahaideentzat.

Aurrekontu bat, bi akordio

Bizkaiko Batzar Nagusien osoko bilkurak gaur onartuko du 2014rako aurrekontua. Izan ere, 22 batzarkide jeltzaleen babesa izango du. Bilduk dituen 12 ordezkariek aurka bozkatuko dute, baina, jeltzaleek PSE-EE eta PPrekin lortutako akordio banari esker, bi alderdiok abstentziora joko dute; bederatzi eta zortzi batzarkide dituzte, hurrenez hurren.

Osotara, foru aldundiko zortzi sailek 1.082 milioi euro izango dituzte, urte berrian inbertitzeko. Sozialista eta jeltzaleek duela bi aste hitzartu zituzten 4,6 milioi euroren zuzenketak. Besteak beste, hauek adostu zituzten: Barakaldoko Interfábricas izeneko errepiderako milioi bat jartzea, Gurutzetako ospitalean eguneko zentroa martxan jartzea eta Down sindromedunen elkarteari diru laguntza ematea. Joan den astean, milioi bat euro pasatxoko aldaketa egin zion PPk EAJren proiektuari: 900.000 euro, A-8 eta A-68 autobideen ohiko erabiltzaileak laguntzeko; 100.000, zeliakoen elkarterako, eta 50.000, gazteentzako garraio txartela sortzeko.

Gobernu hitzarmena sinatzeko behar barik, urtarriletik aurrera lasai asko gobernatzeko ezinbesteko bi makulu lortu ditu Jose Luis Bilbaok.

Uztailaren 7an bukatu zen ultraaktibitatea

Joan den uztailaren 7an bukatu zen lan erreforma berriak lan hitzarmenak adosteko emandako urtebeteko epea. Orain arte, lan hitzarmen berria adostu artean aurrekoa egoten zen indarrean, mugarik gabe. Erreformarekin urtebetean hitzartu ezean, maila oro...

ESPRESIO ANITZ, ‘HERRITMO’-N

Hainbat arte espresio lantzen dituen ikuskizuna taularatuko dute datorren asteko zapatuan, Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuan, Oreka TX musika taldeak, Kukai dantza konpainiak eta Kalakan hirukoteak. Herritmo izeneko ikuskizunean, dantza, musika, k...

Itolarria gainditu guran

Bizkaiko ia dozena bat herri egoera larrian zeudela bukatu zen 2012a. Aurten horri buelta emateko doiketa planak onartu dituzte hainbat udalek. Denek gutxitu behar izan dituzte gastuak, hala ere. Bereziki, obra eta inbertsio handiak desagertu egin dira. Zerbitzuak eskaintzeko eta azpiegiturak mantentzeko baliatu dute izan duten dirua. Edonola ere, bidean galdu dira bakarren batzuk. Adibidez, Bakiok udal kiroldegia itxi behar izan du.

Udalek zain izan dute finantzaketa. Hori horrela, uda aurretik Bizkaiko Batzar Nagusiek plan berezi bat onartu zuten udalek diru gehiago izan dezaten. Ekainaren 12an Gernika-Lumoko batzar etxean egindako osoko bilkuran onartu zen udalen egonkortasunerako foru araua. Besteak beste, aurreko urteetako soberakinak gastatzeko baimena eman zitzaien udalei, daukaten zor biziak baldintzatuta. Lurralde historikoan dauden 112 udaletatik 80 inguruk bukatu zuen 2012a soberakinekin. Modu horretan, udal horiek diru gehiago izan dute gastatzeko, aurretik inposatu zitzaien austeritatea gaindituz. Era berean, foru aldundiak udal finantzen kontrol zorrotzagoa egiteko konpromisoa hartu zuen.

"Proiektu estrategikoak" finantzatzeko baimena ere ematen die foru arauak. Izan ere, Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuaren arabera, Bizkaiko udalen bataz besteko zorra aurrekontuaren %20tik behera dago, eta helburua %60tik behera egotea da. "Bost bat udal daude %60 horretatik gora. Oso txarto pasatzen ari dira. Baina ez diote utzi zerbitzuak emateari". Gainontzeko udalak ondo daudela dio, eta batzuk, "oso ondo". Azken urteetako soberakinak dituzte; batzuek baita 12 milioi ere.

Bilduko hainbat alkatek ez zuten ontzat jo foru aldundiaren lana. Ohartarazi zuten gaur egungo larritasuna "herentzian jaso" dutela, 2011ko hauteskundeen aurretik zeuden udal gobernuek utzita. EAJ eta PSE-EEren eredua egin dute erantzule. "Kontrolik gabe" gastatu izana egozten diete. Beste horrenbeste egin du asteon Gautegiz Arteagako alkate jeltzaleak: aurretik gobernuan egondako EAE-ANVri leporatu dio azken bi urteetan zorrak itota ibili izana. Salatutako kasurik deigarriena Lemoako alkate jeltzale ohiak jatetxe eta tabakotan gastatutako diru kopurua izan da: 64.000 euro.

Doiketa planekin eguneroko gastuak bakarrik ordaintzeko moduan geratu direla diote. Salaketa hori egin du, adibidez, Urduñako alkate Carlos Arranzek (Bildu). Joan den astean onartu zuten plana. Horren truke foru aldundiaren laguntza jasoko dute zorrari aurre egiteko. Arranzen esanetan, hainbat urtez ezingo dute inbertsio garrantzitsurik egin. Bermeok ere egin du bere doiketa. Eta foru aldundiak bankuekiko zorra ordaintzeko epea hamar urtetik hamabostera luzatu dio.

Foru aldundiak 2014a "hobea" izango dela dio. Udalkutxatik aurten baino %6,7 gehiago jasoko dute. Eta dagoeneko kitatuta izango dute udal finantzaketarako foru funtsarekin zuten zorra.

Bikoiztu, eta markak hautsi

Enpleguarentzat urte gogorra izan da 2013a. Krisi ekonomikoa hasi zenetik, urterik urtera gero eta bizkaitar gehiagok eman behar izan dute izena enplegu bulegoan. 2007ko azaroko datuak eta aurtengo hil berekoak alderatuz gero, hau ikus daiteke: krisia hasi zenetik bikoiztu baino gehiago egin da langabe kopurua. Eta aurten marka sinboliko bat ere hautsi da. Lehenengoz, 100.000 langaberen langa gainditu zuen Bizkaiak. Martxoan izan zen. Hain zuzen ere, 100.399 gizon-emakume zeuden beharrik barik Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak emandako datuen arabera. Gerora, gorabeherak izan ditu, eta beste bi alditan igaro du muga hori: maiatzean eta urrian. Azarokoak dira azken zenbaketak. Horien arabera, 97.798 langabe daude herrialde historikoan; iazko hil berean baino 1.814 gehiago.

Bizkaiko Enplegu Behatokiko zuzendaria da Sara de la Rica EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia katedraduna. "Egia da ekonomiaren atzeraldiak hondoa jo duela. Adierazle makroekonomikoek eta lan merkatuari dagozkionek argi erakusten dute langabe kopurua gutxitzen hasi dela", bota du albiste baikorra. Baina bilakaera hori ondo ulertu beharra dagoela dio. Hona bere oharra: "Langabeen zenbatekoa gutxitzea oso albiste ona da. Baina baliteke enplegua sortzearekin loturarik ez izatea". Hau da, gazteak prestakuntza mundura itzuli izanak eta hainbat langabe atzerrira lan bila joateak zer esan handia izan dutela ohartarazi du. "Itxaropena galdu duten langabe askok ere beharra bilatzeari utzi diote". Horregatik, langabeziak duen bilakaerari ez ezik, Gizarte Segurantzako afiliatzeei ere erreparatu behar zaiela dio De la Ricak: "Horri esker jakingo dugu enpleguaren bilakaera garbia". Galdutako eta sortutako enpleguaren arteko aldea da enplegu garbia.

Azaroko afiliatze datuak txarrak izan dira, oro har, Hego Euskal Herrian. Hala ere, Bizkaiak datu positiboa izan du: urrian baino 696 afiliatu gehiago daude. Dena den, iazko hil berean baino 10.460 gutxiago ziren. De la Ricaren esanetan, azaroan beti izan ohi da enplegu galera. "Urtaroari lotutako faktore hori kenduko bagenu, ordea, enplegu garbia sortu dela ohartuko ginateke. Aurtengoan iazko azaroan baino enplegu gutxiago galdu dela ikusten da datuetan, eta horrek pentsarazten digu enplegu garbiaren galera bukatzen hasi dela".

Hala ere, aitortu du azkenaldiko albisteak ez direla onak izan. Motore lana egiten duten hainbat enpresa larri dabiltza. Fagor Etxetresnen kasua aipatu du: "Domino efektua nabaritzen da, eta uste dut itxiera horren ondorioak ez direla bukatu oraindik". Txikiagoei tiraka egiteko besteko indarra duten halako beste enpresek susperraldia hasi arte eusteko gaitasuna izango duten esperantza badu.

Eustat Eusko Jaurlaritzaren estatistika institutuak emandako datuak aztertzen ditu Behatokiak. Hiruhilekoka erreparatzen diote enpleguari. "Azken lau hiruhilekoak aztertuz gero —iazko hirugarrenetik aurtengo hirugarrenera—, Bizkaian gora egin du lana duten biztanleen zenbatekoak: 468.000 ziren iazko irailean eta 478.000 dira aurtengoan. Baina populazio langabea ere hazi egin da, 77.000 gizon-emakumetik 90.000ra. Izan ere, batzuk biztanleria ez aktibo bihurtu dira, eta langabeen kolektiboan sartu dira". Bereziki eraikuntza alorrean galdu dira lanpostuak; hurrengo dator industria sektorea, modu apalagoan bada ere. Zerbitzuetan mugikortasun handiagoa dagoela dio, bai enplegua sortzeko bai galtzeko. "Sektorerik dinamikoena da, baina behin-behineko enplegua sortzen du, epe laburreko kontratuekin".

Datorren urterako itxaropentsu agertu da De la Rica. "2014an enplegua sortzen hasiko den zantzuak ageri dira. Eta ez dugu itxaron beharko urtea bukatu arte, gainera. Dena den, susperraldia motela izango da oso, eta hainbat kolektibok, tamalez, igarri ere ez dute egingo". Goi mailako Lanbide Heziketa edo unibertsitate ikasketak dituzten 35 eta 44 urte arteko herritarrak dira lana errazen aurkitzen ari direnak une honetan. Txanponaren ifrentzuan daude 45 urtetik gorakoak eta heziketa maila txikia dutenak. Horiek zailtasun handiak izango dituztela dio. Edozelan ere, ezegonkortasun handiko egoera izaki, ez da iragarpen handirik egin gura izan. Baina aurreratu du 2007ko langabezia tasara itzultzeko "urte mordoa" beharko dela. Zenbat? Ez da ausartu zehaztera.

Sortzen ari den enplegu horri, ordea, egin dio kritikarik. "Prekarioa" dela dio. "Kontratu berrien %92 aldi baterakoak dira; horien artean hirutik bat lanaldi partzialekoak dira. Gainera, kontratuen iraupena oso laburra da", egin du deskribapena. Hori horrela, lan prekarietateak epe ertain eta luzera sortuko dituen ondorioak aintzat hartzeko eskatu du, bai langileen artean baina baita enpresei eureri ere.

Askoren ustea ekarri du gogora: "Hobe lan kaskarra, baina behintzat lana izan". De la Rica, baina, ez dator bat. "Baieztapen horrek ez du balio. Beste herrialde batzuetan, lan eskaria dagoenean, zergatik egiten dituzte kontratu mugagabeak? Horri erantzun behar zaio. Eredu horretara jo behar dugu, eta sistematikoki enplegu prekarioa sortzeari utzi".

Langabezi tasa, Eustaten arabera.

Eustaten arabera, azken hiruhilekoan langabezi tasa %15,9ko izan da Bizkaian. INE Espainiako estatistika institutuaren esanetan, berriz, %17,18koa. 2014an %15etik jaistea aurreikusi du Bilboko Merkataritza Ganbarak.

Iaz baino baliabide gutxiago baina arrakasta handiagoa izan du Durangoko Azokak

135.000 bisitari —iaz baino 20.000 gehiago—, 238 stand —hamabost gutxiago—, eta 122 parte hartzaile —bost gutxiago—. Zenbaki horiek utzi ditu aurten Durangoko Azokak. Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azoka zena Durangoko Azoka bihurtu da, eta dagoeneko 48. edizioa bete du urteroko kultur topaketak.

Marka horretara iristeko bidea ez zuen erraza izan. Hain zuzen, Nerea Mujika Gerediaga elkarteko lehendakariak azaldu duenez, "zaila izan da aurrekontua %10 murriztu beharra". 60.000 euro gutxiago izan dituzte aurten. Erakunde publikoetatik jasotako diru laguntzek sufritu dute halako beherakada.

Hala ere, "zailtasunak zailtasun, herritarren babesa" dutelako lortu dutela dio. Mujikaren esanetan, "jendeak inoiz baino hobeto erantzun du". Durangora ez direla soilik erakusmahaiak ikustera joan esan du, gainera. "Gehiago eskatzen dute". Bisitariak "aktibo" joan zirela dio.

Landako guneko mugak ere gainditu ditu aurten azokak. Durango osora zabaltzeko hautua egin dute, Azoka Hiria izeneko egitasmoarekin: San Agustin kulturguneraino zabaldu dute, bidean Zugaza zinema aretotik igarota.

Eskozia eta Douglass

Aurten Eskozia izan da herrialde gonbidatua. Bestalde, William A. Douglass antropologo amerikarrak jaso zuen Argizaiola saria, euskal diasporari buruz egindako ikerketak direla eta.