“Azken postuan gauden arren, asko falta da eta salba gaitezke”

Ainara Ramasco (Galdakao, 1989) “momentu zoriontsuan” dago. Zazpi urte zituenetik dabil Galdakaoko Ibaizabal Saskibaloi Taldean, bere betiko taldean. Azken urtean “zerua ukitzeko” aukera izan du. Ibaizabal taldeak emakumezkoen saskibaloiko Espainiako lehen mailara igotzea lortu zuen iaz, Bizkaia GDKO gisa. “Zoriontsu” da maila horretan egiten ari diren lehen denboraldian. EAZ Enpresen Antolaketa eta Zuzendaritza ikasten jarraitzen du Bilbon, EHUk elitezko kirolarientzat bereziki prestatutako programa baten bitartez.

Zer dira zuretzat saskibaloia eta Ibaizabal taldea?

Bizitzeko era bat. Azken finean ia bizitza guztia eman dut horren inguruan. Nire kuadrillakoak saskibaloiaren bitartez ezagutu nituen, eta kirolarekin ere lagun asko egin izan ditut. Beste aldetik, Ibaizabal nire bizitzako taldea da, bizipen piloa eman dit.

Zer erronka dituzue aurtengo denboraldirako eta datorrenerako?

Maila honetaz disfrutatzea eta aurrean izandako aurkariekin ahalik eta gehien ikastea da nire helburua. Talde modura ere, ahalik eta hoberen egitea nahiko genuke, eta, nola ez, jaitsiera postuetatik irtetea. Oraingoz, azken postuan gaude, baina oraindik asko falta da eta salbazioa gertu daukagu. Datorren urteetan egoera baretzea da gure helburua. Duela urte batzuk, bigarren mailan geundenean, antzeko hasi ginen, baina gutxika gorantz egin genuen.

Nolakoa izan da elitera arteko bidea? Alde handia dago iazko eta aurtengo denboraldien artean?

Lehen esan bezala, txikitatik bizi izan dut taldearen garapena. Hasieran, eskualde mailan jokatzen genuen, baina gutxika gora egin dugu, orain gauden lekuraino. Bide luzea eta gogorra izan da, batzuetan azken partidetan libratu gara jaisteaz, baina iaz amets bat lortu genuen. Oso urte polita izan zen, agian gehien gozatu dudan urtea. Lehiaketari dagokionez, aurten askoz lehia fisikoagoa sumatzen dut, gorputzak gogorragoak direla, eta, batez ere, gauza txikien garrantzia. Maila handiko lau fitxaketa izan ditugu aurten, AEBetik, Belgikatik eta Frantziatik etorritakoak.

Zertan aldatzen da talde bat elitera heltzerakoan. Zer ezberdintasun sumatu dituzue?

Agian, talde honetan ez da askorik sumatzen. Ez naiz beste batean egon, beraz ezin dizut ziur esan, baina iaz oso lagun talde ona egin genuenez eta aurten etorritakoak taldera egokitzen jakin dutenez, ez dugu aldaketarik nabaritu. Uste dut beste taldeetan are profesionalagoak direla, baita arlo horretan ere. Dena den, lehen zaletasuna zena orain ogibide bihurtu da, eta hori kontuan hartu behar du gutariko bakoitzak.

Nolakoa da goi mailako kirolari baten egunerokotasuna?

Gogorra da ikastea eta kirolean aritzea, baina, aurten, EHUk eliteko kirolarientzako tutoretza bereziak antolatu ditu. Tutore bana jarri, eta laguntzen digute, baina oso zaila da. Goizetan hiru aldiz eta arratsaldeetan lautan entrenatzen gara aste barruan, eta horri aste bakoitzeko partida gehitu behar zaio. Ahal dudan klase guztietara joaten naiz, eta gero neure kabuz ikasten dut, baina oso nekeza da. Oraingoz, lehentasuna kirolari ematen diot, baina ahalik eta gehien ikasten saiatzen naiz.

Zein zen zuretzat lehen mailan jokatzeko ilusio handiena? Bete da?

Agian, Salamancan jokatzea. Beti esan ohi da zale eta zelai oso onak dituela, eta hara joan ginenean sekulako jipoia eman ziguten. Hala ere, partida bukatuta, zaleek txalo zaparrada itzela jo ziguten. Negar egiteko gogoa neukan, egundoko aldrebeskeria egin genuen, baina, hala ere, txaloka agurtu gintuzten, oso hunkigarria izan zen. Txikitatik telebistan ikusten nituen Salamancaren partidak, eta han egoteak asko poztu ninduen. Horrez gain, ilusio handia egin zidan Marta Sargay joko antolatzailearen aurka jokatzeak.

Zer erantzun jaso duzue hilabeteotan zaleen aldetik?

Oso ona. Dena den, iazko jarraipen bat da. Ez dakit esaten zenbat zale datozen partidetara, baina goiko eta beheko harmailak betetzen dira bi astebururo. Bilbao Basketen Hirukoak zale taldea ere etortzen da, eta beren lekutxoa egin dute izkina batean. Berotzen irteten garenean, giro hotza izaten da oraindik, baina ordua heldu ahala, jendea gerturatzen da eta berotasuna senti daiteke.

Zein izan da orain arteko momenturik ederrena?

Igoera fasea, duda barik. Caceresen izan ginen lau egunez, eguenetik domekara bitartean, eta zaleen aldetik babes handia sentitu genuen. Autobus bete etorri ziren laneguna izan arren ere, eta partidak irabazten gindoazen neurrian jende gehiago hurbildu zen. Bi talde euskaldunek lortu genuen mailaz igotzea, EHUk eta guk. Ilusio handiarekin gogoratzen ditut egun haiek, amets bat izango balira bezala. Hain zen tentsioa handia, non irabazi ondoren larregizko lasaitasuna hartu genuen. Negarrez ibili ginen denbora luzez. Hurrengo egunetan dei piloa jaso nuen, baina ez nintzen ohartzen lortutakoaz.

Zer desio duzu orain?

Badakit ezinezkoa dela, baina, ahal izanez gero, nahiko nuke iazko taldekideek bizi dugun honetaz gozatzea. Oso harreman ona genuen, baina, gauza batengatik edo bestearengatik, taldekide askok taldea utzi dute denboraldi hasieran. Hala ere, eta aurreko eskaera hori betetzea ezinezkoa dela jakinik, ahalik eta gehien gozatzea gustatuko litzaidake.