Bikoiztu, eta markak hautsi

Enpleguarentzat urte gogorra izan da 2013a. Krisi ekonomikoa hasi zenetik, urterik urtera gero eta bizkaitar gehiagok eman behar izan dute izena enplegu bulegoan. 2007ko azaroko datuak eta aurtengo hil berekoak alderatuz gero, hau ikus daiteke: krisia hasi zenetik bikoiztu baino gehiago egin da langabe kopurua. Eta aurten marka sinboliko bat ere hautsi da. Lehenengoz, 100.000 langaberen langa gainditu zuen Bizkaiak. Martxoan izan zen. Hain zuzen ere, 100.399 gizon-emakume zeuden beharrik barik Espainiako Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak emandako datuen arabera. Gerora, gorabeherak izan ditu, eta beste bi alditan igaro du muga hori: maiatzean eta urrian. Azarokoak dira azken zenbaketak. Horien arabera, 97.798 langabe daude herrialde historikoan; iazko hil berean baino 1.814 gehiago.

Bizkaiko Enplegu Behatokiko zuzendaria da Sara de la Rica EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Ekonomia katedraduna. “Egia da ekonomiaren atzeraldiak hondoa jo duela. Adierazle makroekonomikoek eta lan merkatuari dagozkionek argi erakusten dute langabe kopurua gutxitzen hasi dela”, bota du albiste baikorra. Baina bilakaera hori ondo ulertu beharra dagoela dio. Hona bere oharra: “Langabeen zenbatekoa gutxitzea oso albiste ona da. Baina baliteke enplegua sortzearekin loturarik ez izatea”. Hau da, gazteak prestakuntza mundura itzuli izanak eta hainbat langabe atzerrira lan bila joateak zer esan handia izan dutela ohartarazi du. “Itxaropena galdu duten langabe askok ere beharra bilatzeari utzi diote”. Horregatik, langabeziak duen bilakaerari ez ezik, Gizarte Segurantzako afiliatzeei ere erreparatu behar zaiela dio De la Ricak: “Horri esker jakingo dugu enpleguaren bilakaera garbia”. Galdutako eta sortutako enpleguaren arteko aldea da enplegu garbia.

Azaroko afiliatze datuak txarrak izan dira, oro har, Hego Euskal Herrian. Hala ere, Bizkaiak datu positiboa izan du: urrian baino 696 afiliatu gehiago daude. Dena den, iazko hil berean baino 10.460 gutxiago ziren. De la Ricaren esanetan, azaroan beti izan ohi da enplegu galera. “Urtaroari lotutako faktore hori kenduko bagenu, ordea, enplegu garbia sortu dela ohartuko ginateke. Aurtengoan iazko azaroan baino enplegu gutxiago galdu dela ikusten da datuetan, eta horrek pentsarazten digu enplegu garbiaren galera bukatzen hasi dela”.

Hala ere, aitortu du azkenaldiko albisteak ez direla onak izan. Motore lana egiten duten hainbat enpresa larri dabiltza. Fagor Etxetresnen kasua aipatu du: “Domino efektua nabaritzen da, eta uste dut itxiera horren ondorioak ez direla bukatu oraindik”. Txikiagoei tiraka egiteko besteko indarra duten halako beste enpresek susperraldia hasi arte eusteko gaitasuna izango duten esperantza badu.

Eustat Eusko Jaurlaritzaren estatistika institutuak emandako datuak aztertzen ditu Behatokiak. Hiruhilekoka erreparatzen diote enpleguari. “Azken lau hiruhilekoak aztertuz gero —iazko hirugarrenetik aurtengo hirugarrenera—, Bizkaian gora egin du lana duten biztanleen zenbatekoak: 468.000 ziren iazko irailean eta 478.000 dira aurtengoan. Baina populazio langabea ere hazi egin da, 77.000 gizon-emakumetik 90.000ra. Izan ere, batzuk biztanleria ez aktibo bihurtu dira, eta langabeen kolektiboan sartu dira”. Bereziki eraikuntza alorrean galdu dira lanpostuak; hurrengo dator industria sektorea, modu apalagoan bada ere. Zerbitzuetan mugikortasun handiagoa dagoela dio, bai enplegua sortzeko bai galtzeko. “Sektorerik dinamikoena da, baina behin-behineko enplegua sortzen du, epe laburreko kontratuekin”.

Datorren urterako itxaropentsu agertu da De la Rica. “2014an enplegua sortzen hasiko den zantzuak ageri dira. Eta ez dugu itxaron beharko urtea bukatu arte, gainera. Dena den, susperraldia motela izango da oso, eta hainbat kolektibok, tamalez, igarri ere ez dute egingo”. Goi mailako Lanbide Heziketa edo unibertsitate ikasketak dituzten 35 eta 44 urte arteko herritarrak dira lana errazen aurkitzen ari direnak une honetan. Txanponaren ifrentzuan daude 45 urtetik gorakoak eta heziketa maila txikia dutenak. Horiek zailtasun handiak izango dituztela dio. Edozelan ere, ezegonkortasun handiko egoera izaki, ez da iragarpen handirik egin gura izan. Baina aurreratu du 2007ko langabezia tasara itzultzeko “urte mordoa” beharko dela. Zenbat? Ez da ausartu zehaztera.

Sortzen ari den enplegu horri, ordea, egin dio kritikarik. “Prekarioa” dela dio. “Kontratu berrien %92 aldi baterakoak dira; horien artean hirutik bat lanaldi partzialekoak dira. Gainera, kontratuen iraupena oso laburra da”, egin du deskribapena. Hori horrela, lan prekarietateak epe ertain eta luzera sortuko dituen ondorioak aintzat hartzeko eskatu du, bai langileen artean baina baita enpresei eureri ere.

Askoren ustea ekarri du gogora: “Hobe lan kaskarra, baina behintzat lana izan”. De la Rica, baina, ez dator bat. “Baieztapen horrek ez du balio. Beste herrialde batzuetan, lan eskaria dagoenean, zergatik egiten dituzte kontratu mugagabeak? Horri erantzun behar zaio. Eredu horretara jo behar dugu, eta sistematikoki enplegu prekarioa sortzeari utzi”.