Itolarria gainditu guran

Bizkaiko ia dozena bat herri egoera larrian zeudela bukatu zen 2012a. Aurten horri buelta emateko doiketa planak onartu dituzte hainbat udalek. Denek gutxitu behar izan dituzte gastuak, hala ere. Bereziki, obra eta inbertsio handiak desagertu egin dira. Zerbitzuak eskaintzeko eta azpiegiturak mantentzeko baliatu dute izan duten dirua. Edonola ere, bidean galdu dira bakarren batzuk. Adibidez, Bakiok udal kiroldegia itxi behar izan du.

Udalek zain izan dute finantzaketa. Hori horrela, uda aurretik Bizkaiko Batzar Nagusiek plan berezi bat onartu zuten udalek diru gehiago izan dezaten. Ekainaren 12an Gernika-Lumoko batzar etxean egindako osoko bilkuran onartu zen udalen egonkortasunerako foru araua. Besteak beste, aurreko urteetako soberakinak gastatzeko baimena eman zitzaien udalei, daukaten zor biziak baldintzatuta. Lurralde historikoan dauden 112 udaletatik 80 inguruk bukatu zuen 2012a soberakinekin. Modu horretan, udal horiek diru gehiago izan dute gastatzeko, aurretik inposatu zitzaien austeritatea gaindituz. Era berean, foru aldundiak udal finantzen kontrol zorrotzagoa egiteko konpromisoa hartu zuen.

“Proiektu estrategikoak” finantzatzeko baimena ere ematen die foru arauak. Izan ere, Unai Rementeria Lehendakaritza diputatuaren arabera, Bizkaiko udalen bataz besteko zorra aurrekontuaren %20tik behera dago, eta helburua %60tik behera egotea da. “Bost bat udal daude %60 horretatik gora. Oso txarto pasatzen ari dira. Baina ez diote utzi zerbitzuak emateari”. Gainontzeko udalak ondo daudela dio, eta batzuk, “oso ondo”. Azken urteetako soberakinak dituzte; batzuek baita 12 milioi ere.

Bilduko hainbat alkatek ez zuten ontzat jo foru aldundiaren lana. Ohartarazi zuten gaur egungo larritasuna “herentzian jaso” dutela, 2011ko hauteskundeen aurretik zeuden udal gobernuek utzita. EAJ eta PSE-EEren eredua egin dute erantzule. “Kontrolik gabe” gastatu izana egozten diete. Beste horrenbeste egin du asteon Gautegiz Arteagako alkate jeltzaleak: aurretik gobernuan egondako EAE-ANVri leporatu dio azken bi urteetan zorrak itota ibili izana. Salatutako kasurik deigarriena Lemoako alkate jeltzale ohiak jatetxe eta tabakotan gastatutako diru kopurua izan da: 64.000 euro.

Doiketa planekin eguneroko gastuak bakarrik ordaintzeko moduan geratu direla diote. Salaketa hori egin du, adibidez, Urduñako alkate Carlos Arranzek (Bildu). Joan den astean onartu zuten plana. Horren truke foru aldundiaren laguntza jasoko dute zorrari aurre egiteko. Arranzen esanetan, hainbat urtez ezingo dute inbertsio garrantzitsurik egin. Bermeok ere egin du bere doiketa. Eta foru aldundiak bankuekiko zorra ordaintzeko epea hamar urtetik hamabostera luzatu dio.

Foru aldundiak 2014a “hobea” izango dela dio. Udalkutxatik aurten baino %6,7 gehiago jasoko dute. Eta dagoeneko kitatuta izango dute udal finantzaketarako foru funtsarekin zuten zorra.