Bizkaia

Hildakoak errausteko eskaerak, gora

Dela sinesmenen aldaketa kontua, dela kostuen afera, argi dagoen gauza bakarra da azken boladan asko egin duela gora hildakoen gorpuak errausteko eskaerak. "Nabarmen-nabarmen", Durangoko Basaguren ehorztetxeko Manu Albizurik jakinarazi duenez. Hain zuzen, inguru hartan, jadanik %70ek eskatzen dute errausteko, eta %30ek lurperatzeko. Gutxi gorabeherako kopuru horiek aipatu ostean, errausteen kopuruak oraindik ere "goraka" jarraituko duela aurreikusi du.

"Erosotasuna" da, Albizuriren ustez, eskari horren gorakadaren arrazoia. "Lurperatzea aukeratzen baduzu, guztiaren ardura hartu behar duzu. Erraustearen aldeko hautua egiten baduzu, ordea, arazoa bukatu da. Alde ekonomikoari erreparatuz gero ere, gainera, merkeago ateratzen da". Izan ere, Durangon "horma hilobirik edo panteoirik ez badaukazu, mila eurotik gora ordaindu behar duzu. Erraustea aukeratzen baduzu, ordaindu beharreko tasa 80 eurokoa da". Errausteko prozesua bera 325 euro kobratzen dutela zehaztu du.

Eskaeren gorakadek bide beretik jarraitzen badute, "Bizkaian errauste labe gehiago" beharko direla uste du Albizurik. "Guk gure inguruan, daukagun tamainarako, nahikoa daukagu, baina gehiago beharko liratekeela uste dut", esan du.

Jakin badaki, ordea, jendeak bere inguruan horrelako azpiegiturarik ez duela nahi. "Badakizu zer gertatzen den: guztioi gustatzen zaigu urdaiazpikoa, baina txerria, ahal dela, beste leku batean nahi dugu". Azaldu duenez, "duela hogei urte gauza bera gertatu zen ehorztetxeekin". Dena den, haren esanetan, "ez da logikoa Bilbo erdi-erdian, esaterako, errausketa labe bat jartzea", Gas plazan kokatuta dagoenari aipamen eginez.

Alonsotegiko labea

Aranguren ehorztetxeko Mari Ascen Garcia de Andoinek ere uste du labe gehiago beharko liratekeela Bizkaian. Zallan eta Balmasedan dituzte eurek beilatokiak. Eta Alonsotegin, Arbuion, errauste labe bat jartzeko asmotan daude. Hala ere, proiektua epaitegietan dago. "Bi urte daramatzagu honen alde borrokan", azaldu du Garcia de Andoinek.

Herrian, ordea, ez dute horrelakorik nahi. Eta hasiera batean udalaren onespena izan bazuen ere, azkenean ez zion oniritzirik eman proiektuaren lizentziari. Udal arkitektoak ebatzi zuen etxebizitzetatik gertu jarri gura duten labearen proiektua ez dela egokia eta proiektuak ez duela xehetasunik.

Garcia de Andoinek ez du ulertzen zerbitzu horri eragozpenak jartzea. "Errauste labe bat ipintzeko, trabak baino ez dizkizute jartzen. Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Jendearen ezjakintasunaren ondorio izan daitekeela uste dut", esan du. Epaitegiek daukate orain azken hitza.

Enkarterri inguruan gorpuak errausteko aukeraren alde egiten dutenen zenbatekoa %40tik gorakoa dela azaldu du Aranguren ehorztetxeko kideak. Hala ere, "bat-batean eskaerek izugarri egin dute gora, eta hilerrietan lekua duen jendeak ere errausteko hautua egiten du", adierazi du. Haren beilatokitik Gasteizera eraman ohi dituzte hildakoak erraustera, eurek zerbitzu hori ez daukatelako. Alonsotegikoaz gain, Busturialdean ere halako zerbitzu bat jarri gura dutela azaldu du Garcia de Andoinek; Gernika-Lumon, hain zuzen. Han ere horretarako erraztasunik ez dietela eman salatu du, ordea.

Ermukoa, martxan

Zurrunbilo horretatik kanpo, Ermuan gaur zabalduko dute udalaren beilatokia eta errauste labea hartuko dituen eraikina. Hain justu, 10:00etatik 16:00etara ateak irekita izango ditu bisitatu nahi duten guztiek ikus dezaten. Nuestra Señora de Begoña ehorztetxeak kudeatuko du datozen 25 urteetan. Zerbitzu horri esker beilatokian ekitaldi zibilak egiteko aukera ere izango dela jakinarazi dute. Carlos Totorika alkatearen esanetan, "agnostiko edota inongo erlijiorik praktikatzen ez duten pertsonentzat" izango da aukera hori.

Gaubeiletarako hiru gela ditu eraikinak. Horrez gain, hildakoei azken agurra emateko eta ekitaldi zibilak egiteko beste areto bat ere badago, era horretako zerbitzuak emateko beharrezkoak diren gainerako gelez gain. Hilerri barruan kokatuta dago eraikina, Pagorbe inguruan.

Ermukoarekin batera, bederatzi labe daude egun Bizkaian: Durangon, Diman, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Derion, Galdakaon eta Portugaleten, hain zuzen.

Arnasa hartu du itsasadarrak

Ez zen ibaia, estolda nabigagarri bat zen". Hala adierazi du Ibon Areso Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko presidente eta Bilboko alkateordeak. 1970eko hamarkadaz ari da. Argi utzi nahi izan du itsasadarra ez dela partzuergoaren jabetza. Industria eta etxebizitzetako ur zikinak Ibaizabalera ez isurtzea bermatzeko ardura da haiena. "Ez besterik", azpimarratu du. Lortu dela aitortu du, nahiz eta egoera beti hobetu litekeen. "Itsasadarrak ez zuen oxigenorik, eta ez zegoen ez animaliarik ezta landarerik ere". Egun 50 espezie baino gehiago daudela dio; "hori asko da ibai batentzat".

Baldintza bereziak ditu Ibaizabalek. Abratik La Peñara arte gazitasun maila ezberdinak izatearen ondorio sortzen da bizitza ugaritasun hori, Aresoren arabera. Partzuergoak 1970eko hamarkada bukaeran Bilboko itsasadarraren ur zikinen plana martxan jarri zeneko emaitzen balorazio oso ona egin du: "Ingurumen obra gisa, EAEn egindako garrantzitsuena da". 900 milioi euro jarri dituzte osotara eraberritze plana aurrera eramateko.

Hogeita hamar urteko lanen ondorioz, bestelako itxura du itsasadarrak. Sestaon dagoen Galindoko araztegiaren eraikuntza izan zen plan horren harribitxietako bat. 1990ean eraiki zuten. Bizkaitarrek sortutako ur zikinen %80 inguru jasotzen du araztegiak. "Lehen zuzenean itsasadarrera zihoan kutsadura guztia hara bideratzen da", dio Aresok. Urtean, 85.000 tona inguru. "Baina hobetzeko gauzak ere badaude". Izan ere, eurite handietan, sistemak topea jotzen du, eta "arintzeko" ibaira botatzen dute hondakin uraren kantitate bat. "Hori ekiditeko sistema bat eraiki nahi dugu orain", azaldu du Aresok. Baina itsasadarreko urak "askoz garbiago" dauden arren, hondakin guztiak ez dira desagertzen. 1970eko hamarkada bitartean Ibaizabalera botatako metalengatik galdetzean, horietako batzuek itsasadarrean jarraitzen dutela aitortu du: "Horiek ateraz gero, gehiago kutsatuko litzateke bertan utzita baino; hori diote adituek, behintzat".

Atzera begira

Bilboko itsasadarra asko aldatu da; ibaia, eta inguruan duen paisaia. Biak aldatu dira batera, funtzio sozioekonomiko zein kulturalen arabera. Hasierako Bilbo zena ibaiaren inguruko historiari oso lotuta dago. Industriari eta merkataritzari erabat lotuta hazi izan da hiria. Erdi Aroan berebiziko garrantzia izan zuen portuak, Europarako ate nagusia baitzen.

XIX. mendean erabateko garapena lortu zuen. Baina aberastasun ekonomikoak ondorio ekologikoak ekarri zituen berarekin batera. Industrialdeek sortutako kutsadura gehienek helmuga berbera zuten: Ibaizabalen urak. Industriek eragindako zaborrak ez ezik, industrializazioak eragindako populazioaren gorakadak ere hondamena ekarri zion ibaiari. Herritarrek ere uretara bota izan dute luzaroan zaborra.

Itsasadarrari esker garatu da Bilbo, baina hiriak ez du hura zaintzen asmatu. Labe garaiek kalte handia ekarri zioten itsasadarrari, mea aktibitateak uraren azidotasunean duen eragina izugarria baita. Egoera larriena 1980ko hamarkadan ezagutu zuen. Oxigenorik gabe geratu zen, bertako bizitza arnasa hartu ezinik utzi arte. Eta, horren ondorioz, erabat hil eta desagertu zen flora eta fauna osoa. Izan ere, oxigeno kontzentrazioak %20koa izan behar du, gutxienez, bizia egon dadin.

Orduko argazkiei erreparatuz gero, uraren koloreak salatzen du nolako egoera larrian zegoen itsasadarra. Egoera hain izan zen jasanezina, ur garbiketa planak abiatu behar izan zituzten. Oraindik ere horien uzta jasotzen ari da Bilboko ura. Begi kolpe batean, nabarmen hobetu da haren egoera. Atzean utzi du kolore horixka. Inguruetan kokatuta zeuden fabrikak ere desagertu egin dira. Lehen industria ingurua gaur egun turismo gune edo eraikin modernoz jositako eremua da. Ura ez ezik, inguru guztia aldatu da egoera sozioekonomiko guztia aldatu ahala. Eta, egun, kirolerako eta astialdirako gune ere bada.

Garbigailuaren zikintasuna

Itsasadarra eraberritzeko planean, Galindoko araztegia izan da protagonista nagusietako bat. Baina uren araztegia hainbat kritikaren jomugan dago egun. Isurtzen duen karbono dioxido eta metano kopuruak oso handiak dira. Uretara artsenikoa, fosforoa, kromoa, kobrea, merkurioa, nikela, zinka eta bestelako substantzia batzuk isurtzen ditu. Hortaz, ur hondakinak arazteko instalazioa kutsatzailea da.

Aurten Galindoko araztegian hirugarren eraikina martxan ipiniko dutela iragarri du Aresok. Haren zeregin nagusia orain arte airera botatzen zen usain txarra gutxitzea izango da.

MENDI GAILURRETIK IRRIBARREAK SORTZEN

Mendizaleak antzezlana taularatuko dute domekan Hipo eta Tomax pailazoek, Basauriko Social antzokian. 12:30ean antzeztuko dute ikuskizuna. Tomax aguazila eta Hipotolomeo garbitzailea mendira abiatuko dira abentura berri honetan. Naturarekin zuzenean j...

Bideokamera eske, lapurretak saihesteko

LEMOA. Lemoako EAJk bideokamerak eskatu ditu landa eremuko auzoetarako. Baliabide horien helburua lapurretak saihestea izango litzateke. Zinegotzi jeltzaleen esanetan, horiek ipiniz gero lapurreta gutxiago egongo litzateke. Araño, Aristi-Rekalde, Iturritxe eta Elorriaga auzoetarako eskatu dituzte. Ohartarazi dute ipintzekotan kokalekua ez litzatekeela jakinarazi behar.

Aurten, iaz beste diru izango du Arratiako Mankomunitateak

Arratiako Udalen Mankomunitateak 2014rako aurrekontua onartu du. Iaz bezala, aurten ere 2.648.300 euro izango ditu inbertitzeko. Hala ere, bada aldaketarik: adibidez, enplegura bideratzeko Lanbidetik jasotako diru sorta 52.000 eurotik 83.000 eurora i...

Enkarterrik presidente liberatua izango du

Enkarterriko Udalen Mankomunitateko presidente lanak ardura berezia eskatzen duela-eta, osoko bilkurak erabaki du aurrerantzean lanaldi erdirako liberatzea. Hala, orain arteko presidente Ruben Edesak utzi egin du, eta Esther Lasa aukeratu dute ordezko...

Antzerkia eta kirola San Anton egunaren aurretik

MUNGIA. San Anton eguna datorren astean izango bada ere, asteburu honetarako hainbat jarduera antolatuak dituzte Mungian. Gaur, briska txapelketa izango da. Bihar, Olalde Museoaren inaugurazioa antzezlana taularatuko du Mungialdeko Antzerkizale Elkart...

Eskalada murru bat jarriko dute Trapagaranen

TRAPAGARAN. Suhiltzaileen parkea zegoen lekuan eskalada murru bat jarriko du Trapagarango Udalak. 70.000 euroko inbertsioa egingo dute foru aldundiak utzitako eraikinean kirol horretan ibili ahal izateko. Murrua prest egongo da uda bukaerarako edo uda...

Trenbide sare errentagarriak

Mungiako EH Bildu osatzen dugun alderdi guztiok betidanik egin dugu apustu trenaren alde, eta horrela jaso genuen gure herri programan.Erabaki politiko batek kendu zigun trena, erabaki politiko batek baino ez, eta galera hori urteetan ari gara jasaten...

Lurrari lotutako proiektuak abian

Urte berria lur berriekin hasi dute nekazaritza eta abeltzaintza alorretan buru-belarri aritu beharko duten bederatzi gaztek. Martxan jarriak dira bederatzi lursail, bederatzi gazte eta beste horrenbeste etorkizunerako asmo. Foru aldundiak laugarren a...