Hildakoak errausteko eskaerak, gora

Dela sinesmenen aldaketa kontua, dela kostuen afera, argi dagoen gauza bakarra da azken boladan asko egin duela gora hildakoen gorpuak errausteko eskaerak. “Nabarmen-nabarmen”, Durangoko Basaguren ehorztetxeko Manu Albizurik jakinarazi duenez. Hain zuzen, inguru hartan, jadanik %70ek eskatzen dute errausteko, eta %30ek lurperatzeko. Gutxi gorabeherako kopuru horiek aipatu ostean, errausteen kopuruak oraindik ere “goraka” jarraituko duela aurreikusi du.

“Erosotasuna” da, Albizuriren ustez, eskari horren gorakadaren arrazoia. “Lurperatzea aukeratzen baduzu, guztiaren ardura hartu behar duzu. Erraustearen aldeko hautua egiten baduzu, ordea, arazoa bukatu da. Alde ekonomikoari erreparatuz gero ere, gainera, merkeago ateratzen da”. Izan ere, Durangon “horma hilobirik edo panteoirik ez badaukazu, mila eurotik gora ordaindu behar duzu. Erraustea aukeratzen baduzu, ordaindu beharreko tasa 80 eurokoa da”. Errausteko prozesua bera 325 euro kobratzen dutela zehaztu du.

Eskaeren gorakadek bide beretik jarraitzen badute, “Bizkaian errauste labe gehiago” beharko direla uste du Albizurik. “Guk gure inguruan, daukagun tamainarako, nahikoa daukagu, baina gehiago beharko liratekeela uste dut”, esan du.

Jakin badaki, ordea, jendeak bere inguruan horrelako azpiegiturarik ez duela nahi. “Badakizu zer gertatzen den: guztioi gustatzen zaigu urdaiazpikoa, baina txerria, ahal dela, beste leku batean nahi dugu”. Azaldu duenez, “duela hogei urte gauza bera gertatu zen ehorztetxeekin”. Dena den, haren esanetan, “ez da logikoa Bilbo erdi-erdian, esaterako, errausketa labe bat jartzea”, Gas plazan kokatuta dagoenari aipamen eginez.

Alonsotegiko labea

Aranguren ehorztetxeko Mari Ascen Garcia de Andoinek ere uste du labe gehiago beharko liratekeela Bizkaian. Zallan eta Balmasedan dituzte eurek beilatokiak. Eta Alonsotegin, Arbuion, errauste labe bat jartzeko asmotan daude. Hala ere, proiektua epaitegietan dago. “Bi urte daramatzagu honen alde borrokan”, azaldu du Garcia de Andoinek.

Herrian, ordea, ez dute horrelakorik nahi. Eta hasiera batean udalaren onespena izan bazuen ere, azkenean ez zion oniritzirik eman proiektuaren lizentziari. Udal arkitektoak ebatzi zuen etxebizitzetatik gertu jarri gura duten labearen proiektua ez dela egokia eta proiektuak ez duela xehetasunik.

Garcia de Andoinek ez du ulertzen zerbitzu horri eragozpenak jartzea. “Errauste labe bat ipintzeko, trabak baino ez dizkizute jartzen. Ez dakit zergatik gertatzen den hori. Jendearen ezjakintasunaren ondorio izan daitekeela uste dut”, esan du. Epaitegiek daukate orain azken hitza.

Enkarterri inguruan gorpuak errausteko aukeraren alde egiten dutenen zenbatekoa %40tik gorakoa dela azaldu du Aranguren ehorztetxeko kideak. Hala ere, “bat-batean eskaerek izugarri egin dute gora, eta hilerrietan lekua duen jendeak ere errausteko hautua egiten du”, adierazi du. Haren beilatokitik Gasteizera eraman ohi dituzte hildakoak erraustera, eurek zerbitzu hori ez daukatelako. Alonsotegikoaz gain, Busturialdean ere halako zerbitzu bat jarri gura dutela azaldu du Garcia de Andoinek; Gernika-Lumon, hain zuzen. Han ere horretarako erraztasunik ez dietela eman salatu du, ordea.

Ermukoa, martxan

Zurrunbilo horretatik kanpo, Ermuan gaur zabalduko dute udalaren beilatokia eta errauste labea hartuko dituen eraikina. Hain justu, 10:00etatik 16:00etara ateak irekita izango ditu bisitatu nahi duten guztiek ikus dezaten. Nuestra Señora de Begoña ehorztetxeak kudeatuko du datozen 25 urteetan. Zerbitzu horri esker beilatokian ekitaldi zibilak egiteko aukera ere izango dela jakinarazi dute. Carlos Totorika alkatearen esanetan, “agnostiko edota inongo erlijiorik praktikatzen ez duten pertsonentzat” izango da aukera hori.

Gaubeiletarako hiru gela ditu eraikinak. Horrez gain, hildakoei azken agurra emateko eta ekitaldi zibilak egiteko beste areto bat ere badago, era horretako zerbitzuak emateko beharrezkoak diren gainerako gelez gain. Hilerri barruan kokatuta dago eraikina, Pagorbe inguruan.

Ermukoarekin batera, bederatzi labe daude egun Bizkaian: Durangon, Diman, Barakaldon, Bilbon, Erandion, Derion, Galdakaon eta Portugaleten, hain zuzen.