Trenbide sare errentagarriak

Mungiako EH Bildu osatzen dugun alderdi guztiok betidanik egin dugu apustu trenaren alde, eta horrela jaso genuen gure herri programan.

Erabaki politiko batek kendu zigun trena, erabaki politiko batek baino ez, eta galera hori urteetan ari gara jasaten. Baina asko gara Mungiarako tren soziala eskatzen jarraitzen dugunak, garraio publikoa, iraunkorra eta sozialki errentagarria izaten lagunduko diguna. Ez dago ukatzerik trena ingurumenerako bideko garraioa (autoa, kamioia, autobusa) baino iraunkorragoa dela eta naturari eta lurrari kalte gutxiago eragiten diola.

Lan ildo hori hartuta, Bizkaiko Batzar Nagusietara jo genuen, eta bertan EH Bilduren ekimena onartu zuten, Bilbotik Loiurako trenbide sarea Mungiaraino luzatzearen bideragarritasuna ikertzeko. Hau da, zazpi kilometro inguru luzatzea.

Urtebetean inolako berririk ez, eta Gazteizko Legebiltzarrera jo genuen EH Bildu taldearen eskutik. Hona hemen Ana Oregi Bastarrika andreak, Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak, eman duen erantzuna: “Loiu eta Mungia lotzen dituen trenbidea eraikitzea ez da sozioekonomikoki errentagarria egungo eskariarekin. Izan ere, zerbitzurik egokiena autobusa da, jasangarritasuna eta eraginkortasuna hizpide”. Aho bete hortz geratzeko modukoa. Bukatu da gaia.

Zur eta lur utzi gaitu erantzunak. Eusko Jaurlaritzak, EAJk dio trena ez dela iraunkorra, eta errepidearen aldeko apustua egiten du. AHTari lehentasuna eman dion EAJk berak. Gure lurra iparraldetik hegoaldera zulatzen ari den eta zer zerbitzu emango duen ez dakigun trenean milioiak eta milioiak gastatzen ari den EAJk berak dio Mungiako trena ez dela errentagarria. AHTak ez ditu iraunkortasun irizpideak betetzen, eta ez dio inolako eskaera soziali erantzuten, kasurik onenean EAEko hiriburuei baino ez die emango zerbitzua; hala ere, Eusko Jaurlaritzaren eta EAJren erabateko babesa du. Mungiako trena guztiz iraunkorra da, eta zazpi kilometroko trenbidea baino ez da beharrezko, baina ez du babes bera. Hain garrantzitsua ez balitz, barregarria litzateke.

Eusko Jaurlaritzaren, EAJren erantzunak ez du zerikusirik ingurumen, eskari edo irizpide ekonomikoekin, ez baita ulertzen AHTa bezalako milioietako proiektu baterako dirua izatea eta ez Mungiako trenerako.

EH Bilduk beharrezko ikusten du proiektu hau, eta lortu arte jarraituko du lanean. Bitartean, inork azaldu ahal die Mungiako herritarrei zer joko darabilen EAJk?

Aintzane Elordui, Yolanda Agirre, Unai Ziarreta, Idoia Ziluaga, Sabino Zugazaga. Mungiako EH Bildu udal taldeko zinegotziak.