Bizkaia

Makiak, Durangoko bonbardaketa gogoratzeko ekintzen ardatz

Hurbiltzen ari da Durangaldean izugarrizko hondamendia eragin zuen bonbardaketaren urteurrena. 77 urte beteko dira hilaren 31n Durango Francoren tropek suntsitu zutenetik. Urteroko legez, Gerediaga elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu gertaera hor...

Meatzari izaerari eutsiz

Bilbon meatzaritzak izan zuen presentziaz, eraginaz eta garrantziaz ahaztea saihesteko, Bilbo, meatzari auzoa erakusketa jarri dute Itsas Museoan. Ignacio Ipiña bilbotarraren lanak jaso dituzte bertan. Ekainaren 15era arte bisitatzeko aukera izango da.

1950 eta 1990 hamarkaden artean artistak egindako 33 oliok osatzen dute erakusketa. Horrez gain, Jaime Laita artisauak egindako maketen bilduma bat ere badago margolanekin batera. Kaietako mineral kargatzaileen irudiak erakusten dituzte azken horiek.

Erakusketaren aurkezpenean Ipiñaren alargun Blanca Sarasua, Jon Ruigomez Matxin museoko zuzendaria eta Unai Aizpuru BilbaoHistorikoko presidentea izan ziren. 33 artelanon bitartez, Ipiñak "meatze horiek Bilbon izan duten indar izugarria" jasotzen jakin izan zuela iritzi zion Ruigomez Matxinek.

"Erakusketa honen helburua da Bilbori, akta jasoko duen eta meatzari ere izan ginela gogorarazten lagunduko digun dokumentu historiko eta artistiko bat helaraztea", adierazi zuen, bestalde, Blanca Sarasuak, semeak idatzitako testua irakurriz. Izan ere, artistaren seme Pablo Ipiña izan da bildumaren sortzailea.

Erakusketako lanen egilea Bilbon jaio zen, 1932an, eta bertan hil, 2010ean. Hamalau urterekin ekin zion olioarekin pintatzeari; Urduñako paisaiak izan ziren bere lehenengo inspirazio iturri. Zuzenbide ikasketak egiten ari zela, bestalde, San Luisko meatzeetan margotzen hasi zen. Ostean, Labe Garaietan sartzeko aukera izan zuen, eta ordura arte inork margotu ez zituen txokoen irudiak egin zituen.

"Pintatzera sarri lagundu izan diot; betiere, berezko eran egiten zuen", azaldu zuen Sarasuak. "Ahoa zabalik geratzen zen zerbaitek bere arreta bereganatzen zuenean; gainerako guztia ez zen existitzen beretzat", ekarri zuen gogora.

Margolanek irudi bereziak ere erakutsiko dizkiete ikusleei. Izan ere, meatzariek paisaia bera zulatu egiten zutenez, aldatuz zihoan ikuspegia. Eta koadroetako batzuetan gaur egun jada ez dauden eszenarioak ikus daitezke. "Efektu miresgarriak lortu ziren, iragankorrak. Izan ere, Ignacio honetan ari zela lanean, oraindik meatzetan ari ziren beharginak", azaldu zuen margolariaren alargunak. "Hala izan arren, dagoeneko existitzen ez den zerbaiten agiri historikoak" dira Sarasuarentzat senarra zuenaren lanak. "Garrantzia handia" dute, haren ustez, iragana ordezkatzen dutelako eta koadroetan islatuta geratu delako.

Ipiñak margolan horiek "benetako pasioagaz" egin zituela deritzo, "dena egiten zuen bezala". Erakusketa hori "Bilbo meatzaria ere izan zela gogorarazten jarraitzen laguntzeko baliagarria izatea" nahiko luke Sarasuak.

Bisita gidatuak

Erakusketaz gain, beste jarduera batzuk antolatu dituzte. Hain zuzen, bisita gidatuak egingo dituzte Ipiñak margotzen zuen lekuetara. Bisita horien ardura Ramiro Zoritak eta historia irakasleen bere ekipoak dauka.

Bestalde, Unai Aizpururen ustez, meatzaritzak burdina sortzeaz gain, "beste hainbat gauza ere sortu zituen". Horien artean, "burdinaren garrasia, Athleticen garrasia zein tutti-frutti batean nahastu ditugun beste hainbat elementu" aipatu ditu: "Nahaste horretan, mineralak zein kulturarik bilbotarreneko elementuak ikus daitezke".

BilbaoHistoriko fundazioak antolatutako Bilboko meatzeak ekimenaren barruan kokatzen da Ignacio Ipiñaren erakusketa. Rialiako museoan margolari beraren burdinaren ondarea bilduma dago ikusgai. Horrez gain, fundazioaren Expogelan All iron!!! instalazioa ikusteko aukera dago. Erakusketa hori Emilio Cobos artistarena da.

Elorrioko andre alargunek zailtasunak dituzte udalagaz hartu-emanak izateko

Elorrioko emakume alargunak zer-nolako egoeratan bizi diren aztertzeko ikerketa bat aurkeztu zuten joan den eguaztenean Iturri kultur etxean. Herriko emakume alargunen elkarteak eta udalak eskatuta, Aditze enpresak egin du azterketa, eta enpresako behargin batek eman zuen ondorioen berri. Nagusietako bat honako hau da: "Zailtasun handiak dituzte administrazioko oharrak zein agiriak ulertzeko, askok irakurtzen ere ez dakitelako, edo oinarrizko ikasketak besterik ez dituztelako". Hala azpimarratu du Oihana Medinak hitzaldian.

Populazio sektore horretako egoera soziodemografikoari buruzko azterketa da plazaratutakoa. Orain arte arlo horri buruzko oso datu gutxi zeuden. Eustaten 2006 eta 2011ko datuak erabiltzeaz gain, 38 emakumeren inkesten datuak ere baliatu ditu azterketa egin duen enpresak ondorioak ateratzeko.

Gaur egun 434 emakume alargun bizi dira Elorrion. Horietatik, hemeretzi 54 urtetik beherakoak dira; beste 55, 54 eta 65 urte artekoak; eta gainontzeko 370 andreak, 65 urtetik gorakoak. Horien artean, 21 alfabetatu gabeak dira. Eta 86 ikasketarik ez dutenak. Oinarrizko ikasketak 297 emakumek dituzte. Gehienek, beraz, administrazioarekiko harremanak idatziz egiteko zailtasunak dituztela ohartarazi du Medinak. Hain zuzen, "%61ek aitortu dute ez dituztela ezagutzen udalak eskaintzen dituen laguntzak".

Osasunari dagokionez, %53k gaixotasunen bat dutela aitortu dute. %11k, bestalde, depresioa dutela diote. Datu hori nabarmentzekoa iruditu zaio Medinari.

Eskaileretan zailtasunak

Eguneroko bizitzari dagokionez, %35ek esan dute eskailerak igo eta jaisteko zailtasunak dituztela. Datu horrekin lotuta, gogorarazi du gehien-gehienek ez dutela igogailurik etxean: %71 daude egoera horretan. Zailtasun horren atzetik, alargunek aitortu dute 400 metro ibiltzea kostatzen zaiela —%24k—; beste horrenbestek erosketak egiteko zein kalera ateratzeko zailtasunak dituzte.

Emakume alargun horietako asko bakarrik bizi da etxean: 37, hain zuen. Horri dagokionez, Medinari garrantzitsua iruditu zaio azpimarratzea gehienak 65 urtetik gorakoak direla. Etxea, behintzat, eurena da ia kasu guztietan. Hala ere, "sarri seme-alabekin partekatzen dute, herentzia kasuetan jabeak senarra eta biak izan ohi direlako".

Etxebizitzetako ekipamenduei dagokienez, guztiek dituzte oinarrizko etxetresnak: hozkailua, garbigailua, sukaldea, telebista eta telefonoa. Ez da gauza bera gertatzen ontzi garbigailuarekin edo ordenagailuarekin. %32k eta %18k besterik ez dituzte aparatu horiek, hurrenez hurren.

Aisialdiarekin lotuta, %24k zailtasunak dituzte kanpoan jardueraren bat egiteko. "Gehienbat bakarrik daudelako gertatzen da hori. %78k aitortu dute norbaiten laguntza falta zaiela gauza horietarako".

Ekonomiari erreparatuta, %68ren sarrera bakarra alargun pentsioa da: 400 eta 600 euro artean dituzte hilean, batez beste.

Medinaren ustez, administrazioek kontuan hartu beharko lukete herritarrak alargunak diren ala ez. "Ez soilik adinari erreparatu, aldagai hau ere garrantzitsua baita. Gauzak beste era batera egin beharko liratekeela deritzot", ohartarazi du.

@sarean

Bizkaiko Txakolinaren inguruko informazioa eskuratzeko, eta kide diren upategien berri jasotzeko, jo hurrengo webguneetara.

www.bizkaikotxakolina.org. Bizkaiko Txakolina sor-markaren ataria.

www.txakolingunea.com. Txakolingunearen webgunea.

730

Esportaziotan urtarrilean irabazitako milioiak. 730 milioi euroren balioa izan zuten esportazioak egin zituen Bizkaiak joan den urtarrilean. Bilboko Merkataritza Ganberaren arabera, iaz garai berean baino %12,8 gehiago egin ziren.

Etenik gabeko festa

San Jose jaiakBilboDeustuarrek ez dute etenik hartuko asteburu honetan, eta San Jose jaien ospakizunei ekingo diete berriz. Gaur hasi eta domekara bitartean, egitarau zabala prestatu du jai batzordeak.Abestien doinuekin hasiko dute jardueraz betetako ...

Zaintzaileentzako arnasbidea

Mendekotasuna duten 60 urtetik gorako senideak zaintzen dituzten pertsonentzako atseden programa Bilbora zabaldu berri du Bizkaiko Foru Aldundiak. Orain arte Durangoko eguneko zentroan baino ez zegoen martxan, proba modura. Han arrakastatsua izan zela ikusita, Txurdinagabarri zentroan ere eskaintzen hasi dira. Helburua da etorkizunean sistema hori Bizkai osora zabaltzea, Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiak azaldu duenez.

Joan den zapatuan ekin zioten zerbitzuari Bilbon. Oraingoz, atseden programaren barruan parte hartzeko 55 leku daude: 25 Durangon eta 30 Txurdinagan. Durangoko egoitzaren kasuan, plaza horietako hogei iraunkorrak dira —zapaturo edo domekaro doazenentzako— ; gainerako bostak, aldian behin joan gura duten adinekoentzat gordeta daude. Txurdinagako egoitzan 25 dira iraunkorrak eta gainerako bostak aldian behingoak.

Durangoko esperientzia joan den udazkenean jarri zuten martxan. Azkenaldian gizarteko hainbat alorretan aldaketa ugari gertatu direla azaldu du Pilar Ardanza Gizarte Ekintza diputatuak. Hain zuzen, lehenago adineko guztiek zaharren egoitzetara joan gura zutela ekarri du gogora. Egun, ordea, nahiago dute ahalik eta denbora luzeenean etxean geratzea; bakarrik zein familiagaz batera.

Familiaren egunerokotasunean ere aldaketa nabarmenak gertatu dira. "Gero eta zailagoa da familia eta lan arloko bizitzak uztartzea. Horrez gain, gero eta ugariagoa da 65 urtetik gorako populazioa".

Aldagai horiek guztiak kontuan hartuta jarri zuten abian zaintzaileentzako atseden programa. Izan ere, mendekotasuna duen adineko baten zaintzaile izatea "oso lotua" da: urtean 365 eguneko lana da, egunean 24 ordukoa. Oporrik hartzeko aukerarik ematen ez duen betebeharra da, gainera. "Astean behin, ordu batzuetan adinekoa egoitza horietako batera eraman ahal izateak arnasa apur bat hartzeko eta gainerakoan egin ezin ditzaketen gauzak egiteko tartea eskaintzen die zaintzaileei".

Eguneko zentro hauetan hainbat jarduera egiteko aukera daukate adinekoek. Besteak beste, gimnasia, gorputza berreztea zein estimulazio kognitiboa lantzen dituzte. Autobus txiki batek jasotzen ditu goizean goiz etxeko atarian, eta arratsaldearen erdi aldera eramaten dituzte bueltan. Adin bereko lagunak egitea ere ahalbidetzen die zerbitzu horrek.

2013 bukaeran 1.329 erabiltzaile zituzten Bizkaiko eguneko zentroek. Urte osoari dagokionez, 1.811 pertsonari eman zieten arreta. Iaz, 1.021 lagunek aurkeztu zituzten zentro horietan sartzeko eskaerak.

“Nahiko argi dugu belarra garbitzeko suen ondorioz gertatu direla suteak”

Ekologistak Martxan kolektiboaren natura arloko kidea da Eduardo Renovales (Bilbo, 1973). Arduraturik daude martxoaren 9an Karrantzako zortzi gunetan piztu ziren suteengatik. Ordunte eta Armañon mendilerroetako hainbat guneri kalte egin die suteak. Horiek duten biodibertsitate balioagatik, babestutako eremuak dira biak.

Zehazki, zein gune kaltetu dira suteen ondorioz?

Karrantzan dauden Ordunte eta Armañongo mendilerroak kaltetu dira suteen eraginez. Guztira, 161 hektarea erre dira, 220 futbol zelaik elkartuta hartuko luketen eremua, gutxi gorabehera. Babestutako guneak dira Ordunte eta Armañongo basoak. Natura 2000 Sarearen barruan daude, eta Europaren intereseko toki izendapena dute.

Zer esan nahi du intereseko toki izendapena izateak?

Bizkaia pinu eta eukaliptoen paradisua da. Tokiko arbolak dituzten oso baso gutxi daude gaur egun, eta horietako bi ziren Ordunte eta Armañongoak. Tokiko biodibertsitatearen balioa gordetzeko sartu ziren Natura 2000 Sarean. Horretarako, inbertsioak egiten dituzte Europako Batasunak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. 2012tik hona, adibidez, LIFE proiektuarekin 2,5 milioi euro baino gehiago eman zituzten baso horiek zaintzeko.

Oraindik ez dute argitu suteak nola sortu diren. Zer iritzi duzue zuek?

Abeltzaintza guneetan sortu dira suteak. Oraindik ez dago argi nork eragin dituen, baina guk nahiko argi dugu nekazariek garai hauetan basoak garbitzeko egiten dituzten suteen ondorioz gertatu direla. Martxoko hego haizeko egunak aprobetxatzen dituzte nekazariek, udaberrian haziko den belarra indar gehiagorekin haziko dela ziurtatzeko. Baina, sute horiek ondo kontrolatuta egon ezean, hedatu eta horrelako ezbeharrak gertatzeko arriskua dago beti.

Zer ondorio ateratzen duzue zuek?

Basoetan siku dagoen belarra kentzeko, beharrezkoa da beste formula batzuk erabiltzea. Egia da baserritarren ohiturak aldatzea oso zaila dela, baina badira belarra indarrez hazteko beste bide batzuk: sastrakak kentzeko makinak erabiltzea, adibidez. Garestiago izan arren, ez dago ezbeharrak gertatzeko arriskurik.

Nola konpon daiteke hori?

Beharrezkoa da nekazarien eta administrazioaren arteko harremana indartzea. Mendien kudeaketaren inguruan akordioak lortu behar dira. Nekazariak entzutea beharrezkoa iruditzen zaigu guri.

Zer kalte ekarri dute suteek, biodibertsitateari dagokionez?

Oraindik ez da kalteen balorazio zehatzik egin. Baina Karrantzako alkateak egindako azken adierazpenetan aitortu du balio handiko guneak kiskali direla. Ordunten, adibidez, lan handia egin da pagadiak leheneratzeko. Eta, alde horretatik, suteek eragindako kalteak ikaragarriak dira.

Zein urrats egin beharko lirateke baso horiek leheneratzeko?

Arbola guztiak landatu behar dira berriz ere, eta, horretarako, diru asko inbertitu behar da. LIFE proiektuarekin egindako inbertsioa ezerezean geratu da suteen ondorioz. Eta, leheneratzeari ekiteko, interesa behar da lehenengo. Gainera, kaltetuak ez dira izan basoak soilik; hain justu, han bizi ziren animaliei ere zuzenean eragin die. Neurriak hartu behar dira, horrelakoak gerta ez daitezen. Gure basoak babesten ez baditugu, galdu egingo ditugu.