“Nahiko argi dugu belarra garbitzeko suen ondorioz gertatu direla suteak”

Ekologistak Martxan kolektiboaren natura arloko kidea da Eduardo Renovales (Bilbo, 1973). Arduraturik daude martxoaren 9an Karrantzako zortzi gunetan piztu ziren suteengatik. Ordunte eta Armañon mendilerroetako hainbat guneri kalte egin die suteak. Horiek duten biodibertsitate balioagatik, babestutako eremuak dira biak.

Zehazki, zein gune kaltetu dira suteen ondorioz?

Karrantzan dauden Ordunte eta Armañongo mendilerroak kaltetu dira suteen eraginez. Guztira, 161 hektarea erre dira, 220 futbol zelaik elkartuta hartuko luketen eremua, gutxi gorabehera. Babestutako guneak dira Ordunte eta Armañongo basoak. Natura 2000 Sarearen barruan daude, eta Europaren intereseko toki izendapena dute.

Zer esan nahi du intereseko toki izendapena izateak?

Bizkaia pinu eta eukaliptoen paradisua da. Tokiko arbolak dituzten oso baso gutxi daude gaur egun, eta horietako bi ziren Ordunte eta Armañongoak. Tokiko biodibertsitatearen balioa gordetzeko sartu ziren Natura 2000 Sarean. Horretarako, inbertsioak egiten dituzte Europako Batasunak eta Bizkaiko Foru Aldundiak. 2012tik hona, adibidez, LIFE proiektuarekin 2,5 milioi euro baino gehiago eman zituzten baso horiek zaintzeko.

Oraindik ez dute argitu suteak nola sortu diren. Zer iritzi duzue zuek?

Abeltzaintza guneetan sortu dira suteak. Oraindik ez dago argi nork eragin dituen, baina guk nahiko argi dugu nekazariek garai hauetan basoak garbitzeko egiten dituzten suteen ondorioz gertatu direla. Martxoko hego haizeko egunak aprobetxatzen dituzte nekazariek, udaberrian haziko den belarra indar gehiagorekin haziko dela ziurtatzeko. Baina, sute horiek ondo kontrolatuta egon ezean, hedatu eta horrelako ezbeharrak gertatzeko arriskua dago beti.

Zer ondorio ateratzen duzue zuek?

Basoetan siku dagoen belarra kentzeko, beharrezkoa da beste formula batzuk erabiltzea. Egia da baserritarren ohiturak aldatzea oso zaila dela, baina badira belarra indarrez hazteko beste bide batzuk: sastrakak kentzeko makinak erabiltzea, adibidez. Garestiago izan arren, ez dago ezbeharrak gertatzeko arriskurik.

Nola konpon daiteke hori?

Beharrezkoa da nekazarien eta administrazioaren arteko harremana indartzea. Mendien kudeaketaren inguruan akordioak lortu behar dira. Nekazariak entzutea beharrezkoa iruditzen zaigu guri.

Zer kalte ekarri dute suteek, biodibertsitateari dagokionez?

Oraindik ez da kalteen balorazio zehatzik egin. Baina Karrantzako alkateak egindako azken adierazpenetan aitortu du balio handiko guneak kiskali direla. Ordunten, adibidez, lan handia egin da pagadiak leheneratzeko. Eta, alde horretatik, suteek eragindako kalteak ikaragarriak dira.

Zein urrats egin beharko lirateke baso horiek leheneratzeko?

Arbola guztiak landatu behar dira berriz ere, eta, horretarako, diru asko inbertitu behar da. LIFE proiektuarekin egindako inbertsioa ezerezean geratu da suteen ondorioz. Eta, leheneratzeari ekiteko, interesa behar da lehenengo. Gainera, kaltetuak ez dira izan basoak soilik; hain justu, han bizi ziren animaliei ere zuzenean eragin die. Neurriak hartu behar dira, horrelakoak gerta ez daitezen. Gure basoak babesten ez baditugu, galdu egingo ditugu.