Makiak, Durangoko bonbardaketa gogoratzeko ekintzen ardatz

Hurbiltzen ari da Durangaldean izugarrizko hondamendia eragin zuen bonbardaketaren urteurrena. 77 urte beteko dira hilaren 31n Durango Francoren tropek suntsitu zutenetik. Urteroko legez, Gerediaga elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu gertaera horiek eta haien ondoren sortutako erresistentziaren balentriak gogora ekartzeko.

Hain zuzen, makiak izango dituzte ardatz ekitaldiek. Elkarteak gogora ekarri duenez, 1939ko apirilaren 1ean gerra bukatutzat eman bazen ere, “hainbat gizon eta emakumek borrokan jarraitu zuten, eta haietako askok borroka armatuan iraun zuten”. Bizkaian, dena den, “mugimendu armatu horrek oso eragin txikia” izan zuela azaldu dute. Hala ere, eurak izango dituzte aurtengo ekitaldietan.

Eguaztenean emango diete hasiera ekitaldiei. La guerrilla de la memoria filma proiektatuko dute San Agustin kultur gunean, 19:00etan. Javier Corcueraren lan horrek bidaia bat egiten du oroitzapenetan, makien bitartez. Francisco Martinez Quico filmeko protagonista eta maki ohia ere han izango da. Amparo Sanchez Monroy Espainiako errepublikanoen seme-alaben elkarteko lehendakaria ere gonbidatu dute.

Barikuan, martxoaren 28an, Camaradas filmaren aurrestreinaldia egingo dute, 19:00etan, San Agustin kultur gunean. Jarraian, Jasone Agirre kazetariak Sabin Egileor zuzendaria elkarrizketatuko du.

Hilaren 30ean, domekaz, Gerrak ez du izenik ipuin kontaketa eroango du Leire Bilbaok idazleak San Agustin kultur guneko agertokira. 18:00etan emango diote hasiera saioari.

Bukatzeko, martxoaren 31n, urteroko oroimen ekitaldia egingo dute Andra Mari plazan, 20:00etan hasita. Udalak plaka bat jarriko du, bezperan, bonbardaketan hil ziren gizon-emakumeen izenekin. Herritarrek bakearen aldeko mezuak idazteko lekua ere utziko dute. Gerediaga elkarteak lore eskaintzak, dantzak eta kantaldia ere antolatu ditu.