Meatzari izaerari eutsiz

Bilbon meatzaritzak izan zuen presentziaz, eraginaz eta garrantziaz ahaztea saihesteko, Bilbo, meatzari auzoa erakusketa jarri dute Itsas Museoan. Ignacio Ipiña bilbotarraren lanak jaso dituzte bertan. Ekainaren 15era arte bisitatzeko aukera izango da.

1950 eta 1990 hamarkaden artean artistak egindako 33 oliok osatzen dute erakusketa. Horrez gain, Jaime Laita artisauak egindako maketen bilduma bat ere badago margolanekin batera. Kaietako mineral kargatzaileen irudiak erakusten dituzte azken horiek.

Erakusketaren aurkezpenean Ipiñaren alargun Blanca Sarasua, Jon Ruigomez Matxin museoko zuzendaria eta Unai Aizpuru BilbaoHistorikoko presidentea izan ziren. 33 artelanon bitartez, Ipiñak “meatze horiek Bilbon izan duten indar izugarria” jasotzen jakin izan zuela iritzi zion Ruigomez Matxinek.

“Erakusketa honen helburua da Bilbori, akta jasoko duen eta meatzari ere izan ginela gogorarazten lagunduko digun dokumentu historiko eta artistiko bat helaraztea”, adierazi zuen, bestalde, Blanca Sarasuak, semeak idatzitako testua irakurriz. Izan ere, artistaren seme Pablo Ipiña izan da bildumaren sortzailea.

Erakusketako lanen egilea Bilbon jaio zen, 1932an, eta bertan hil, 2010ean. Hamalau urterekin ekin zion olioarekin pintatzeari; Urduñako paisaiak izan ziren bere lehenengo inspirazio iturri. Zuzenbide ikasketak egiten ari zela, bestalde, San Luisko meatzeetan margotzen hasi zen. Ostean, Labe Garaietan sartzeko aukera izan zuen, eta ordura arte inork margotu ez zituen txokoen irudiak egin zituen.

“Pintatzera sarri lagundu izan diot; betiere, berezko eran egiten zuen”, azaldu zuen Sarasuak. “Ahoa zabalik geratzen zen zerbaitek bere arreta bereganatzen zuenean; gainerako guztia ez zen existitzen beretzat”, ekarri zuen gogora.

Margolanek irudi bereziak ere erakutsiko dizkiete ikusleei. Izan ere, meatzariek paisaia bera zulatu egiten zutenez, aldatuz zihoan ikuspegia. Eta koadroetako batzuetan gaur egun jada ez dauden eszenarioak ikus daitezke. “Efektu miresgarriak lortu ziren, iragankorrak. Izan ere, Ignacio honetan ari zela lanean, oraindik meatzetan ari ziren beharginak”, azaldu zuen margolariaren alargunak. “Hala izan arren, dagoeneko existitzen ez den zerbaiten agiri historikoak” dira Sarasuarentzat senarra zuenaren lanak. “Garrantzia handia” dute, haren ustez, iragana ordezkatzen dutelako eta koadroetan islatuta geratu delako.

Ipiñak margolan horiek “benetako pasioagaz” egin zituela deritzo, “dena egiten zuen bezala”. Erakusketa hori “Bilbo meatzaria ere izan zela gogorarazten jarraitzen laguntzeko baliagarria izatea” nahiko luke Sarasuak.

Bisita gidatuak

Erakusketaz gain, beste jarduera batzuk antolatu dituzte. Hain zuzen, bisita gidatuak egingo dituzte Ipiñak margotzen zuen lekuetara. Bisita horien ardura Ramiro Zoritak eta historia irakasleen bere ekipoak dauka.

Bestalde, Unai Aizpururen ustez, meatzaritzak burdina sortzeaz gain, “beste hainbat gauza ere sortu zituen”. Horien artean, “burdinaren garrasia, Athleticen garrasia zein tutti-frutti batean nahastu ditugun beste hainbat elementu” aipatu ditu: “Nahaste horretan, mineralak zein kulturarik bilbotarreneko elementuak ikus daitezke”.

BilbaoHistoriko fundazioak antolatutako Bilboko meatzeak ekimenaren barruan kokatzen da Ignacio Ipiñaren erakusketa. Rialiako museoan margolari beraren burdinaren ondarea bilduma dago ikusgai. Horrez gain, fundazioaren Expogelan All iron!!! instalazioa ikusteko aukera dago. Erakusketa hori Emilio Cobos artistarena da.