Bizkaia

Hiria, kolore biziz gainezka

Udaberriarekin batera, jaialdi bat antolatu dute Bilbo erdiguneko eta Zazpikaleetako merkatarien elkarteek. III. Shopping Eguna egingo dute, hain zuzen, bihar. Horretarako, Abando aldeko eta Zazpikaleetako 350 ostalaritza lokal eta saltoki baino gehiago elkartu dira. Joan den astean zen egitekoa, baina eguraldi txarraren ondorioz, bihar arte atzeratu zuten.

Bilbo probatu: ondo geratuko zaizu izeneko kanpainari eutsita, programazio zabala prestatu dute. Bilbotarrentzako zein turista eta familientzako prestatu dute egitaraua. Goizean hasi eta iluntzera bitartean, ez dira faltako programazio osatua eta kale animazioa. Jarduera horiek dendak dauden inguruan egingo dituzte, bisitaria erosketak egitera animatzeko asmoagaz.

Erakusketa bitxi bategaz hasiko dituzte ekitaldiok. Izan ere, Kale Nagusian bertan Loizaga dorretxeko auto klasikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute hara joaten direnek. Rolls-Royce batean argazkiak atera ahal izango dituzte, besteak beste, bisitariek.

Ordu horretan bertan, Bartzelonatik Bilbora iritsitako estatua biziak ibiliko dira Kale Nagusian. Sormena, artea eta kolorea eramango dituzte hiriburura. Kontzertuak ere antolatu dituzte: 12:30ean eta 20:30ean, esaterako, The Groovies taldea ariko da, Ertzilla kalean. 1970eko rock doinuak interpretatuko dituzte.

The Guilty's taldeak, bestalde, adin guztietarako pop rockez beteko du Miguel Unamuno plaza. Eta Jose Luis Castaño Trio-k giro lasaiagoa eramango du Posta kalera: jazz doinuak joko ditu.

Kale animazioak beste protagonista batzuk ere izango ditu. Granujas a Todo Ritmo musika seikoteak rhythm and blues soinua aterako dute euregaz batera eramango dituzten txotxongilo erraldoiegaz.

Bestalde, David de Jorgek eta Aimar San Miguelek ogitartekoen sekretuak ezagutaraziko dituzte Plaza Barrian.

EGITARAUA

11:30etik aurrera. Loizaga dorretxeko auto klasikoen erakusketa. Kale Nagusian.

11:30etik aurrera. Bartzelonako Ramblako estatua biziak Kale Nagusian ikusteko aukera izango da.

12:30ean eta 20:30ean. The Groovies taldearen kontzertua. Ertzilla kalean.

18:30etik aurrera. Granujas a Todo Ritmo musika seikotearen kalejira. Bilbo erdialdean ibiliko dira.

12:00etan. Guilty's taldearen kontzertua, Miguel Unamuno plazan.

18:00etan. Jose Luis Castaño Trio-k jazz kontzertua emango du, Posta kaleko Rafael Matias eraikinean.

17:00etan. Ogitartekoak protagonista izango dituen jai gastronomikoa, David de Jorge eta Aimar San Miguelen eskutik, Plaza Barrian.

Lea-Artibaik konposta zabaldu nahi du eskoletara

ONDARROA. Lea-Artibai Amankomunazgoak eskualdeko birziklatze tasa handitzea nahi du. Gaur egun %30ekoa da. Horretarako, konposta egiteko ohitura eskoletara zabaltzea erabaki du. Horretarako, eskualdeko eskoletan ikasle, irakasle eta gurasoak kontzient...

Poluzioa

Hogei urte daramatza Fabiennek Los Angelesen; bizitza erdia, hain justu. Unibertsitate ikasketak amaituta, Geneva jaioterria atzean laga, eta musika munduan profesional bihurtzeko ametsaren arrastoei jarraituta ailegatu zen Kaliforniara. Eta, jakina den moduan, artista bizitzaren oparotasunari esker, bi urterik behin saiatzen zen Suitzara bueltatzen, familia besarkatu eta, atzera ere, ametsak zizelkatzera.

Horren tarte luzeetan, errazagoa da herriek, pertsonek eta hizkuntzek izaten dituzten aldaketak antzematea. Hori da, izatez, emigrantearen kondena: atzerritar marka ezin gainetik kentzea jasotzen zaituen herrialdean eta, jaioterriko egunerokotasunetik urrunduta, "ni ez naiz hemengoa" norbere buruari esaten hastea.

Horrelako zerbait gertatzen zaio Fabienneri. Sendia bisitatzera doanean telebista edo irratia piztu eta ezin duela ekidin "zer frantses mota da hau?" galdera. Antza, ingelesezko hitzak tartekatzeko joera egon da, azken bi hamarkadetan, hango parajeetan. Joera nabarigaitza bertan bizi denarentzat igual, baina oso deigarria tarteka doanarentzat.

Oslon ezagutu nuen Jürgen, duela urte batzuk. Danimarkarra bera, Norvegian ematen ditu lanean urtean hilabete batzuk, erizain moduan hobeto pagatzen dutelako hango ospitaleetan. Barre egiten zuen berak nola norvegiar batzuk "norvegiar garbia" erabiltzen saiatzen diren, daniar kutsu minimoa ere saihesten saiatuz. "Irrigarria da", esaten zidan. Berak emandako adibideak geurera ekarrita, telefonoari urrutizkin deitzea edota mugikorrari sega potoa esatea bezalakoa zen kontua.

Bere horretan nahi du ama hizkuntza Fabiennek, eta Jürgenek, ordea, hizkuntzen arteko dantza ekiditea zentzugabetzat jotzen du. Ulergarria da etxea atzean utzi duenak oroimenean gordea duen irudia mantendu eta tentuz zaindu gura izatea. Giza kondizioa da hori.

Anekdota polita bizi izan nuen Boisen behin. Mende erdia Ameriketan zeraman artzain euskaldun baten etxeko sukaldeko paretan, Eusko Jaurlaritzaren egutegi berria eskegita ikusi nuen. Bilboko Guggenheim museoaren argazkia kendua zuen, baina, eta ordean, baserri irudi bat itsatsi zuela ohartu nintzen. Oso kontserbadorea da maitasuna, are gehiago oroitzapenetan baino bizi ez denean.

Euskalgintzan dihardugunontzat eztabaidagai ezaguna da hau: zenbateraino da onargarria euskara mailari jaramonik ez egitea horrek kalean euskara gehiago entzutea ekarriko badu ere? Askok ergatiboa zer den ere ez dakitela; lagunartean adarra jo beharrean elkarri ilea hartzen diotela; tabernan neska edo mutil ederra ezagutu ordez, ona dagoen baten telefonoa lortu dutela… Honetan, behintzat, ni ez naiz batere ekologista. Gora kutsadura! Bo, hobeto esanda, biba poluzioa!

Gaur eguerdian izendatuko dute Ibon Areso alkate

Gaur, 12:00etan egingo dute Ibon Areso alkate izendatzeko osoko bilkura. Orain arte izan dituen karguak utziko ditu. Hirigintza eta Etxebizitza zinegotzi, lehen alkateorde eta Bilbo Bizkaia Ur Partzuergoko presidentea izan da.

Duela 23 urte iritsi zen udalera, zinegotzi legez. Arkitektoa da lanbidez, eta hiriburuak izan duen eraldaketaren sustatzaile nagusienetakotzat jo izan dute. Aurreko agintaldia bukatutakoan, politika albo batera uztea erabaki zuen. Baina Iñaki Azkunak azken aldiz beragaz aurkezteko konbentzitu zuen. Ordutik, hainbatetan egokitu zaio alkate lanak egitea, gaixoaldian hura ordezkatu duelako.

Lehen alkateordea Igone Bengoetxea izango da. Eta Jose Luis Sabasek hartuko du bigarren alkateordetza. Hirigintza eta Etxebizitza Arloan, Eduardo Maizek ordezkatuko du Areso. Maizek gidatu duen Gizarte Ekintza Arloa, berriz, Juan Felix Madariagak hartuko du. Eider Jauregi izango da zinegotzi berria, Azkunak sortutako hutsunea beteko duena.

Era berean, gaur onartuko dute osoko bilkurak aurrerantzean 09:00etan hastea eta batzordeak irekiak izatea.

Babes doinuak oholtzan

Elkartasunak eta musikak bat egingo dute bihar Bilboko BBK aretoan. Han, Leioako Gazte Orkestrak ongintzazko kontzertua emango du Caritaseko Etxegabeen Sailaren alde. 20:00etan hasiko dute ikuskizuna.

Astintze 53-70 elkarteak antolatu du Margarita Lorenzo Reizabalek zuzenduko duen kontzertua. Adolfo Gutierrez biolontxelo jotzaile alemaniarra ariko da, bakarlari gisa, Caritasek iragarri duenez.

Bi atal izango ditu bihar taularatuko duten programak. Lehenengo zatian, Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren Esklabo zoriontsuen obertura interpretatuko dute musikariek. Horrez gain, Joseph Haydnen txelo eta orkestrarako bigarren kontzertua entzuteko aukera ere emango du Leioako taldeak. Bigarren atalari dagokionez, Franz Schuberten bosgarren sinfonia taularatuko dute.

Sarrerak, salgai

Gaur arratsaldean, sarrerak salgai egongo dira BBK aretoko leihatiletan. Ordurako ez baldin badira agortu, bihar ere erosteko aukera izango da, baita kutxa automatikoetan ere. Kontzertura joaterik izan ez arren elkartasunezko jarduera horretan parte hartu gura dutenentzat, zero ilara bat sortu dute: 2095 0375 10 9102329336 kontu zenbakia zabaldu dute horretarako.

Lau proiektuk osatzen dute Caritaseko Etxegabeen Saila. Bilbon etxerik ez dutenentzat, erreferentziazko egoitza da Apostólicas deritzona. Han, jantokia, garbitzeko aukera, arropak garbitzeko modua, egongela, Interneterako sarbidea, informazioa eta orientazioa eta eguneko zentroa eskaintzen diete, beharrizana dutenei.

Giltza deritzon proiektuari dagokionez, konpainia eskaintzen diote hala behar duen norbanakoari. Bakoitzaren beharrizanari erreparatu eta alor horretan ematen diote laguntza. Besteak beste, erreferenteren bat behar badute kasu egiten diete, edo elikadura, ostatu, orientazio edo gizarteratze prozesuetarako aholkularitza lanak egiten dizkiete.

Lurberri etxeak, bestalde, 45 eta 65 urte arteko pertsonak hartzen ditu. Gizarteratzeko aukera gutxiago izan ohi dituzte han artatzen dituztenek, eta babes handiagoa behar dute. Arreta integrala ematen diete.

Azkenik, Barakaldoko jantokia ere badauka Caritasek. Ezkerraldean gizarte-bazterketa arrisku larrian dauden gizon eta emakumeei jaten ematen diete han, egunero.

Gaur jokatuko da BBK bertso txapelketako finala

BILBO. Gaur jokatuko da BBK bertsolari gazteen txapelketako finala, Bilboko Kafe Antzokian, 19:00etan. Arratia eta Lea-Artibai iritsi dira azken saio horretara. Arratiak talde gogorra aurkeztuko du, eta Aitor Asuak, Lur Ziarrustak, Jon Larrabidek, Mal...

Jardunaldiak egingo ditu EH Bilduk, hiri berria definitzeko

Ibon Areso Bilboko alkate izendatzea gaitzetsi du EH Bilduk. "Agortuta dagoen ereduagaz jarraitzera" datorrela salatu du Aitziber Ibaibarriaga bozeramaileak: "Beti egon da EAJren hirigintza erabakien atzean". Hori horrela, koalizioak beste hiri eredu ...

Markaren sortzailea

Astelehenean agurtu zuten bilbotarrek Iñaki Azkuna, hamabost urtez Bizkaiko hiriburuko alkate izan dena. Aginte makila oraindik eskuan zuela hil zen joan den astean. Ordutik, han eta hemen haren agintaldi luzeak zer utzi duen gainbegiratu dute. Bilboren eraldatzailetzat jo dute gehienek. "Eraldaketaren aitatzat dute, baina proiektu nagusien datak begiratuz gero, bera iritsi orduko gehienak eginda zeudela ohartuko ginateke: Gu-ggenheim, Bilboko Metroa, Euskalduna jauregia, Bilboren Metropolia Eraberritzeko Plan Estrategikoa...". Unai Fernandez de Betoño arkitektoak uste du, eraldatzailea barik, eraldaketa hori saldu zuena izan zela. "Azkunak, Bilboren eraldaketa estrukturala baino gehiago, itxuraldaketa bultzatu du". Haren esanetan, udalean leial izan duen taldearen laguntzagaz, Bilbao marka sortzen ahalegindu da urteotan. "Marka hori nazioarteko merkatuan saldu dute; lehian sartu dira turistak eta atzerriko inbertsiogileak erakartzeko. Hori da Azkunak bere agintaldian egin duen gauzarik garrantzitsuena". Josu Ortuondok aurretik hasitako bideari jarraitu ziola iruditzen zaio.

1999ko udal hauteskundeetan iritsi zen lehenengoz alkatetzara. Agintaldiz agintaldi, gero eta bilbotar gehiagoren babesa lortu du, eta 2011ko bozetan gehiengo osoa lortu zuen. Eta oposizioko boto- emaile askok ere estimutan izan dute. "Argi dago herriak maite duela. Bilbotarrakaz konektatzen asmatu du", aitortu du Javier Muñoz Bilboko Auzo Elkarteen Federazioko presidenteak. Bilbo "zoragarri" dagoela dio; eraldaketa "erabatekoa" izan dela. "1990eko hamarkadan, hiri gris eta industriala geneukan. Ia ez zen bizitzeko modukoa. Bilbotarrok ez ginen batere harro sentitzen gure hiriaz. Gaur egun, bisitari guztiak aho zabalik itzultzen dira etxera".

Eraldaketa horrek dozenaka sari jaso ditu; baita Iñaki Azkunak berak ere, bultzatzaile modura. Bilbogaz egindakoa eredugarri da mundu osoko hirientzat. Fernandez de Betoño "izugarri" harritzen du horrek. "Nazioartekotzeak onura itzela ekarri dio Bilbori. Ekonomia suspertzeko ezinbestekoa izan da. Baina beste ondorio batzuk ere izan ditu. Botere ekonomiko txikia duten bilbotarrak hortik kanpo geratu dira". Adibide modura, Bilbo Zaharra aipatu du. Iruditzen zaio hiriburuaren sorburua izandako auzoa bertako bizilagunengan izango zuen eragina kontuan hartu gabe zaharberritu zela. "Auzotar askok ihes egin behar izan dute, ezin izan diotelako aurre egin horrek eragin duen alokairuen gorakadari". Gogora ekarri du Lan Ekintza enplegua eta ekonomia sustatzeko udalaren sozietateak arkitektura eta diseinu bulegoak bultzatu zituela. "Bilbo Zaharrean okindegi bat ipini nahi bazenuen, ez zenuen diru laguntzarik; baina arkitektura bulego bat irekitzeko, bai".

Soho efektua sortu nahi zuten, Fernandez de Betoñoren ustetan. "New Yorkeko auzo horretara artistak erakarri zituzten, itxura bohemioa eta artistikoa emateko eta etxeen prezioak igotzeko. Dena den, ez dut uste jokaldia ondo atera zaienik. Oraindik ere ikusten dira ahalmen ekonomiko apaleko herritarrak inguru hartan". Nazioartekotzera begira udalak erabaki "zuzenak" hartu zituela iruditzen zaio, baina "bertako bizilagunak kontuan hartzea ahaztu" zitzaiela uste du. "Berritu zitekeen beste era batera, auzotarrakaz are prozesu parte hartzaileagoa bultzatuz, eta, batez ere, ondo ikertuz hartuko ziren erabakiek izango zituzten ondorio sozioekonomikoak".

Beste auzo batzuek zain jarraitzen dute. Muñozek bi erritmoko Bilbo aipatu du. Nazioartekotze horretan erdigunea "azkar-azkar" eraldatu dela iruditzen zaio, eta periferiako auzoak "atzetik" doazela. "Abandon, Indautxun, Deustuan, Abandoibarra inguruan parke eta plaza itzelak daude. Mundu mailako arkitekto onenek egindako eraikinak. Lorategietako belarra beti dago ondo moztuta. Bazter guztiak garbi-garbi daude. Turistak liluratuta geratzen dira. Baina kanpoko aldeetako auzoek ez dute zerikusirik horregaz".

Gehienak 1970eko hamarkadan sortu zirela ekarri du gogora, Gaztela, Galizia eta Extremaduratik etorritako immigrazioaren ondorioz. "Batere ordenarik barik eraiki zen, jende hark bizitzeko lekua behar zuelako. Hamarkada askotan gutxieneko azpiegiturak eta baliabideak ere ez dituzte izan. Azken urteetan hori aldatu da, asko, eta onerako. Osasun, hezkuntza, kultur eta kirol arloko zerbitzuak bermatu dira. Baina oraindik dezente dago hobetzeko". Auzo garai guztiek komunikazio arazoak dituztela esan du. Zorrotzaurre ere gogoan hartu du. "Operazio urbanistiko handia egin gura dute. Penintsula dena gero irla izango da. Etxebizitzak eta dorreak eraikiko dituzte. Eta, hori egin bitartean, hango bizilagunez ahaztu dira". Gaineratu du ez dutela ia mantentze lanik egiten, laster obretan hasiko diren aitzakian. "Auzo bakoitzean Gu-ggenheim txiki bat gura dugula esan zigun behin, txantxetan. Hori ere ez da!".

Fernandez de Betoño ere bat dator. Alkatea auzo batzuez besteez baino gehiago gogoratu dela iruditzen zaio. "Egia da Bilbo ez dela zorpetu Azkunaren garaian. Azkenaldian berak iragarri zuen Deustuko kanala irekitzeko mailegua eskatuko dutela. Baina nik esango nuke udala ez dela zorpetu Bilbao Ria 2000 sozietateak hura alkatetzara iritsi baino lehen martxan jarritako mekanismo bati esker". 1992an sortu zen sozietate publikoa da, hainbat erakunderen ekimenez. Metropolia eraldatzea zuen helburu. Kide nagusia Espainiako Gobernua zen. Eusko Jaurlaritza, Bizkaiko Foru Aldundia eta itsasadarreko udalak ziren gainontzeko bazkideak. "Ametzolako trikimailua erabili dute Abandoibarran. Lursail handi batzuk zeuden. Kasu hartan, Renfe eta Feverenak ziren. Inguru horri kalifikazioa aldatu zioten: lehenago, industriarako eta komunikaziorako erabilera zuen, eta etxebizitzak eraikitzeko baimena eman zitzaion. Horri esker gainbalioak sortu ziren, eta diru horregaz autofinantzatzen ziren operazio erraldoi horiek".

Azkuna "oso inteligentea" izan dela nabarmendu du arkitektoak: "Bilboren irudia eta berea oso ondo zaintzen asmatu du. Alkate izan den urteetan inoiz ez bezala egin da berba Bilbori buruz mundu osoan. Eta hori ona da. Hori aitortu behar zaio. Baina apur bat kritikatu behar da euskararen eta euskaldunon presentzia nazioartekotze horretan". Joan den astean Avignongo Foruma egin zela ekarri du gogora. Kulturaren laguntzaz egindako hirien eraberritzeaz hausnartzen duen urteroko topaketa da. Estreinakoz egin da Bilbon. "Tokiko kulturaren garrantzia nabarmendu zuten, eta bitxia da hizlari bakar bat ere ez zela izan euskalduna".

Mundu mailan ekonomiaren suspertzea hiriekaz lotzeko joera nabarmen zabaldu dela azpimarratu du Fernandez de Betoñok. "Hogei urte barru munduko biztanleriaren bi heren hirietan biziko gara. Hiriak merkantilizatu egin dira. Eta Azkunak horri aurrea hartu dio". Hirugarren eta laugarren sektoreak bultzatu ditu, lehenengoaren eta bigarrenaren kaltetan: hau da, zerbitzuen eta ezagutzaren aldeko apustua egin du. "Sektore produktiboak eskematik kanpo geratu dira. Errekaldeberrin eta Uribarrin tailer asko daude, eta ez zaie konponbide duin bat aurkitu. 1994ko plan orokorrak Boluetan tailerrak aurreikusi zituen, baina lursail horien kalifikazioa aldatu dute etxebizitzak eraikitzeko". Haren esanetan, ekonomian, oro har, joera hori egon da. Azkunaren ekarpena ezagutza eta ikerketa nabarmen bultzatzea izan da. "Hori oso ondo dago; garrantzitsua da, ezinbestekoa. Baina ekonomia ezin duzu horretara mugatu. Lehen eta bigarren sektorea ere beharrezkoak dira. Bilbon zaila izan arren, saioak egin zitezkeen lehen sektorean".

Muñozek beste "kaltetu" batzuk aipatu ditu. "Azkuna oso ondo konpondu da adineko jendeagaz. Egundoko hartu-emana izan du eurekaz. Hiria adinekoentzako lokalez beteta dago. Udalean harrera mordoa egin die. Ohikoa zen eurekaz ikustea, baita dantzan ere. Hori oso ondo dago. Eskertu eta aitortu behar zaion lana da. Baina, bestalde, gazteak albo batera utzi dituela esango nuke. Ez die astialdirako aukerarik eskaini; ez du gazteentzat propio azpiegiturarik egin, eta azkenean lonjak alokatu beste irtenbiderik ez dute izan".

Azkuna zenak, oro har, oreka handiagoa behar izan duela uste dute Muñozek eta Fernandez de Betoñok: nazioartea, erdigunea eta adinekoak mimoz hartu ditu; etxeko ahulenak, periferia eta gazteak, ez hainbeste.

Kale kultura, agertokian

JaialdiaBilboKaleko kulturak urteko ekitaldi garrantzitsua du asteburuan, Bilbon. XIV. Break On Stage jaialdia egingo dute bihar, Bilbo Arena pabiloian, Miribillan. Han, hainbat diziplinatako hogei ikuskizun labur ikusteko aukera emango dute. Nazioart...

Iaz %35 hazi ziren gizarte laguntzak Durangaldean

DURANGO. Durango Merinaldeko Mankomunitateak iaz banatutako gizarte laguntzak %35 hazi ziren; osotara, 451.435 euro. Bereziki gizarte larrialdirako laguntza modura banatu ziren. Oskar Zarrabeitia presidentearen esanetan, eskaera guztiak onartu ziren. ...