Babes doinuak oholtzan

Elkartasunak eta musikak bat egingo dute bihar Bilboko BBK aretoan. Han, Leioako Gazte Orkestrak ongintzazko kontzertua emango du Caritaseko Etxegabeen Sailaren alde. 20:00etan hasiko dute ikuskizuna.

Astintze 53-70 elkarteak antolatu du Margarita Lorenzo Reizabalek zuzenduko duen kontzertua. Adolfo Gutierrez biolontxelo jotzaile alemaniarra ariko da, bakarlari gisa, Caritasek iragarri duenez.

Bi atal izango ditu bihar taularatuko duten programak. Lehenengo zatian, Juan Crisostomo Arriaga konpositore bilbotarraren Esklabo zoriontsuen obertura interpretatuko dute musikariek. Horrez gain, Joseph Haydnen txelo eta orkestrarako bigarren kontzertua entzuteko aukera ere emango du Leioako taldeak. Bigarren atalari dagokionez, Franz Schuberten bosgarren sinfonia taularatuko dute.

Sarrerak, salgai

Gaur arratsaldean, sarrerak salgai egongo dira BBK aretoko leihatiletan. Ordurako ez baldin badira agortu, bihar ere erosteko aukera izango da, baita kutxa automatikoetan ere. Kontzertura joaterik izan ez arren elkartasunezko jarduera horretan parte hartu gura dutenentzat, zero ilara bat sortu dute: 2095 0375 10 9102329336 kontu zenbakia zabaldu dute horretarako.

Lau proiektuk osatzen dute Caritaseko Etxegabeen Saila. Bilbon etxerik ez dutenentzat, erreferentziazko egoitza da Apostólicas deritzona. Han, jantokia, garbitzeko aukera, arropak garbitzeko modua, egongela, Interneterako sarbidea, informazioa eta orientazioa eta eguneko zentroa eskaintzen diete, beharrizana dutenei.

Giltza deritzon proiektuari dagokionez, konpainia eskaintzen diote hala behar duen norbanakoari. Bakoitzaren beharrizanari erreparatu eta alor horretan ematen diote laguntza. Besteak beste, erreferenteren bat behar badute kasu egiten diete, edo elikadura, ostatu, orientazio edo gizarteratze prozesuetarako aholkularitza lanak egiten dizkiete.

Lurberri etxeak, bestalde, 45 eta 65 urte arteko pertsonak hartzen ditu. Gizarteratzeko aukera gutxiago izan ohi dituzte han artatzen dituztenek, eta babes handiagoa behar dute. Arreta integrala ematen diete.

Azkenik, Barakaldoko jantokia ere badauka Caritasek. Ezkerraldean gizarte-bazterketa arrisku larrian dauden gizon eta emakumeei jaten ematen diete han, egunero.