Hiria, kolore biziz gainezka

Udaberriarekin batera, jaialdi bat antolatu dute Bilbo erdiguneko eta Zazpikaleetako merkatarien elkarteek. III. Shopping Eguna egingo dute, hain zuzen, bihar. Horretarako, Abando aldeko eta Zazpikaleetako 350 ostalaritza lokal eta saltoki baino gehiago elkartu dira. Joan den astean zen egitekoa, baina eguraldi txarraren ondorioz, bihar arte atzeratu zuten.

Bilbo probatu: ondo geratuko zaizu izeneko kanpainari eutsita, programazio zabala prestatu dute. Bilbotarrentzako zein turista eta familientzako prestatu dute egitaraua. Goizean hasi eta iluntzera bitartean, ez dira faltako programazio osatua eta kale animazioa. Jarduera horiek dendak dauden inguruan egingo dituzte, bisitaria erosketak egitera animatzeko asmoagaz.

Erakusketa bitxi bategaz hasiko dituzte ekitaldiok. Izan ere, Kale Nagusian bertan Loizaga dorretxeko auto klasikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute hara joaten direnek. Rolls-Royce batean argazkiak atera ahal izango dituzte, besteak beste, bisitariek.

Ordu horretan bertan, Bartzelonatik Bilbora iritsitako estatua biziak ibiliko dira Kale Nagusian. Sormena, artea eta kolorea eramango dituzte hiriburura. Kontzertuak ere antolatu dituzte: 12:30ean eta 20:30ean, esaterako, The Groovies taldea ariko da, Ertzilla kalean. 1970eko rock doinuak interpretatuko dituzte.

The Guilty’s taldeak, bestalde, adin guztietarako pop rockez beteko du Miguel Unamuno plaza. Eta Jose Luis Castaño Trio-k giro lasaiagoa eramango du Posta kalera: jazz doinuak joko ditu.

Kale animazioak beste protagonista batzuk ere izango ditu. Granujas a Todo Ritmo musika seikoteak rhythm and blues soinua aterako dute euregaz batera eramango dituzten txotxongilo erraldoiegaz.

Bestalde, David de Jorgek eta Aimar San Miguelek ogitartekoen sekretuak ezagutaraziko dituzte Plaza Barrian.

EGITARAUA

11:30etik aurrera. Loizaga dorretxeko auto klasikoen erakusketa. Kale Nagusian.

11:30etik aurrera. Bartzelonako Ramblako estatua biziak Kale Nagusian ikusteko aukera izango da.

12:30ean eta 20:30ean. The Groovies taldearen kontzertua. Ertzilla kalean.

18:30etik aurrera. Granujas a Todo Ritmo musika seikotearen kalejira. Bilbo erdialdean ibiliko dira.

12:00etan. Guilty’s taldearen kontzertua, Miguel Unamuno plazan.

18:00etan. Jose Luis Castaño Trio-k jazz kontzertua emango du, Posta kaleko Rafael Matias eraikinean.

17:00etan. Ogitartekoak protagonista izango dituen jai gastronomikoa, David de Jorge eta Aimar San Miguelen eskutik, Plaza Barrian.