Datuak urtea bukatu-takoan ematen dira, baina, iazko irabaziak kontuan hartuta, 2011n 77,34 milioi euro gastatuko dituela kalkulatu du. Izan ere, iaz 257,8 milioiren irabaziak izan zituen.
Asteko Gaiak
Zerbitzuaren pribatizazioa, langileen kezka iturri
Sindikatuek balorazio ona egiten dute BBK-k gizarte ekintzan eskaini izan duen zerbitzuaren inguruan, baina kezka agertu dute azkenaldian arduradunek hartutako erabakien inguruan. Izan ere, ELA sindikatuko Aitor Bikandiren hitzetan, gutxitu egin da az...
Iaz marka hautsi zuen gizarte ekintzako aurrekontuak
Aurten eman dituzte ezagutzera iaz gizarte ekintzan egindako inbertsioak, eta datorren urtean ezagutuko ditugu zehatz-mehatz aurtengoak. 2010ean, bada, BBK-k 83,4 milioi bideratu zituen gizarte ekintzara; aurrezki kutxa horrek inoiz ipini duen zenbate...
Ahotsenea
Goiz nator, ohi dudan eran, eguna estreinatuz, kale biluziak zapalduz, abendu hasierako egun ilunen arrastoan, datorrenari urratsak lapurtuz bezala.
Kafea, txokolatezko napolitana bat eta egunkaria, inork ezagutzen ez nauen kafetegi neutro batean; letrak eta gosari garratz-gozoa, inor ezagutzen ez dudan txoko anonimo batean.
Goiz nator baina hasiz doa eguna, nagi bezain baketsu, nork bere hautazko adjektiboaren erritmora, tik-tak, tik-tak edo di-da, di-da.
Irratira osteratxoa, azokako kaleetan buelta pare bat, laster da hemen ilustratzailea, laster dira hemen, Markinako lagunak eta arduradunak: Peru-Abarka album-lehiaketa, beste urtebetez, behintzat, aurrera doa, berbak eta irudiak elkartuz, kronika partikularrak eskarmentu konpartituen eremu bilakatuz, behin edo behingo plaza zabalean.
Goiz nator, egunerokoen making off-a atsegin dudalako eta barruan sartu naiz.
Zenbat liburu, zenbat disko, zenbat joko, molde eta kolore azokako kaleetan… Aizu, baina, non hasten da hau guztia?
Zail samarra dirudi, baina, agian ez da hain gaitza lehen aztarnara iristea. Bulkada bat, bor-bor bat, egonezin bat, premia kilikagarri bat, janak ase ezin duen gosea, urak ase ezin duen egarri mugagabea… Ez al da halako zerbait sortze-prozesua martxan jartzen duen motorra?
Izaki sentikorrak garen neurrian, berezkoa zaigu esateko premia, batzuetan errekaren aurka igeri egiteko, besteetan uraren kide bihurtzeko. Egia da ez dugula denok joko bera hautatzen; ez forma bera, ez intentsitate bera, ez erritmo berbera. Badira esateko premia horrekin lekuak asmatzen dituztenak, edo kantuak edo poemak edo pelikula mugikorrak zein geldiak.
Gehiago nahi dut eta bila noa dirudi esan nahiko lukeela konbentzioak apur bat hankaz gora jarri eta unea birsortzen ari denak; gehiago nahi dut edo, behintzat, beste era batean esan; neure eran, geure eran.
Duela gutxi ipini ziguten leku bat halakoak kontatzeko Durangoko azokan: Ahotsenea, ahotsen etxea. Bertara bazoaz, esan, kantatu, xuxurlatu edo ezina hankaz gora jartzeko aukera daukazu, ordu erdian. Leku horretan, garen pusketekin nahi adina puzzle osa dezakezu hogeita hamar minutuan.
Ez da perfektua, baina hobetuz doa, urtetik urtera, eta bertan batzen dira hitza, musika, irudia, doinua, hotsa, hatsa, begirada, eskua, oihua eta zarata. Bertan batzen dira, baita ere, zerbait esan nahi duena eta zerbait entzun nahi duena; zerbait erakutsi nahi duena eta zerbait ikusi nahi duena.
Ez da perfektua, baina osatzen doa, tiki-taka, urtetik urtera.
Ahotsenea, ahotsen etxea.
Ahotsenea, aditzen etxe aurrea.
Letren eta doinuen aterpea
Dagoeneko itxi ditu ateak 46.ak ere. Urtero bezala, batzuentzat dotore saldu da, eta bestetzuentzat krisiak izan du eraginik. Eta, urtero bezala, azken eguna iritsi orduko saldu dira zenbait liburu eta disko denak. Baina, ororen gainetik, euskaltzaleentzat ezinbesteko hitzordu eta topagune izan da aurten ere Durangoko Azoka, eta horrek ziurtatzen du bere arrakasta.
Salerosketarako ekitaldi izatetik haratago, euskal kulturaren erakusleiho nagusietakoa ere bai baita. Negu hotzean aterpe epel. Eta urterik urtera gehiago. Ahotseneak irekitako bidetik, aurten estreinakoz euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezkoek, eduki multimediek eta antzerkiak ere zuzeneko plaza edo agertokia izan baitute Landako gunearen abaroan.
Bost egunez, ordu erdiro sortzaile batek bere lana jendaurrean aurkezteko aukera izan du Ahotsenean, entzule edo irakurleekin zuzeneko hartu-emana dutela. Lana bera erakutsiz, gordetzen duen liburu edo diskoa baino gehiago. Doinuak jo, poesia errezitatu edo besterik gabe solastatu. Orotara, 95 izan dira karpapetik igaro diren idazle eta musikari edo musika taldeak.
Topaguneak eta Gerediagak gidatuta iritsi da Irudienea autobusa. Ahotsenearen aldamenera. 40 lagunentzako egokitutako zinema areto txiki honek euskaraz zein galegoz —Galizia izan da azokako herrialde gonbidatua— ekoitzitako ikus-entzunezkoak ikusteko aukera eman du egunotan, estreinakoz. Grabatzerakoan gure hizkuntza erabili duten hamar film labur, bederatzi musika bideo eta lau dokumental erakutsi dira. Galiziatik, berriz, azken bi urteetako lana ekarri dute Durangora. Besteak beste, atzo bertan Digna rabia estreinatu zen: Francoren garaiko emakume galiziarrei buruzko dokumentala.
Urtero bezala, San Agustin aretoan ikuskizunak izan dira. Baina aurten Gerediagak eta EHAZE Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak Szenatoki bihurtu dute: euskarazko arte eszenikoen agertoki. Hala, besteak beste, Maite Arrose eta Kepa Errasti aktoreen irakurketa dramatizatuaz gozatu edo lau antzerki taldek antzeztutako Espazio hutsak; Kultozko antzezlana; Arra. Arraroa eta Lurra astinduz lanak ikusteko aukera egon da egunotan.
Durangok itxi ditu ateak, bai, eta gaurkoan dena jaso eta etxera itzultzeko eguna dute sortzaileek. Gerediagak atzo egindako balantzetik aparte, aurtengoak utzitakoaren aztarnaz hausnartzeko. Kasurako, Ahotsenea gunetik igarotako Yolanda Arrietak eta Siroka musika taldeak zuzeneko ordu erdiak utzitako aho zaporea kontatuko digute jarraian.
Durangoko Merkatu plaza euskal eskulangileen bilgune
Urtero bezala, Liburu eta Disko Azokaren egunetan Euskal Denda irekita egon da Durangoko Merkatu plazan. Arbaso artisauen elkarteak antolatu ohi du urtero; aurten 16. ekitaldia du. Larunbatean ateak ireki zituenetik, makina bat lagun igaro da bertatik...
Azokan
MusikHerriaren standean txanda egiten, CDak saltzen eta egun osoa musikazalez inguratuta eman ondoren, gure trasteak hartu eta Ahotsenea gunera hurbildu ginen gure emanaldia baino ordu erdi lehenago. Betiko moduan arropaz aldatu, eta agertokia gorri-b...
Ahotsenean Berri Txarrak taldea entzuten bildutakoak.
Asteazken arratsaldean aurkeztu zuen Berri Txarrak talde nafarrak bere azken lana Ahotsenean. Seguruena karpapean egindako ekitaldi jendetsuenetako bat izan da, 400 entzule inguru elkartu baitziren.