Letren eta doinuen aterpea

Dagoeneko itxi ditu ateak 46.ak ere. Urtero bezala, batzuentzat dotore saldu da, eta bestetzuentzat krisiak izan du eraginik. Eta, urtero bezala, azken eguna iritsi orduko saldu dira zenbait liburu eta disko denak. Baina, ororen gainetik, euskaltzaleentzat ezinbesteko hitzordu eta topagune izan da aurten ere Durangoko Azoka, eta horrek ziurtatzen du bere arrakasta.

Salerosketarako ekitaldi izatetik haratago, euskal kulturaren erakusleiho nagusietakoa ere bai baita. Negu hotzean aterpe epel. Eta urterik urtera gehiago. Ahotseneak irekitako bidetik, aurten estreinakoz euskaraz ekoitzitako ikus-entzunezkoek, eduki multimediek eta antzerkiak ere zuzeneko plaza edo agertokia izan baitute Landako gunearen abaroan.

Bost egunez, ordu erdiro sortzaile batek bere lana jendaurrean aurkezteko aukera izan du Ahotsenean, entzule edo irakurleekin zuzeneko hartu-emana dutela. Lana bera erakutsiz, gordetzen duen liburu edo diskoa baino gehiago. Doinuak jo, poesia errezitatu edo besterik gabe solastatu. Orotara, 95 izan dira karpapetik igaro diren idazle eta musikari edo musika taldeak.

Topaguneak eta Gerediagak gidatuta iritsi da Irudienea autobusa. Ahotsenearen aldamenera. 40 lagunentzako egokitutako zinema areto txiki honek euskaraz zein galegoz —Galizia izan da azokako herrialde gonbidatua— ekoitzitako ikus-entzunezkoak ikusteko aukera eman du egunotan, estreinakoz. Grabatzerakoan gure hizkuntza erabili duten hamar film labur, bederatzi musika bideo eta lau dokumental erakutsi dira. Galiziatik, berriz, azken bi urteetako lana ekarri dute Durangora. Besteak beste, atzo bertan Digna rabia estreinatu zen: Francoren garaiko emakume galiziarrei buruzko dokumentala.

Urtero bezala, San Agustin aretoan ikuskizunak izan dira. Baina aurten Gerediagak eta EHAZE Euskal Herriko Antzerki Zaleen Elkarteak Szenatoki bihurtu dute: euskarazko arte eszenikoen agertoki. Hala, besteak beste, Maite Arrose eta Kepa Errasti aktoreen irakurketa dramatizatuaz gozatu edo lau antzerki taldek antzeztutako Espazio hutsak; Kultozko antzezlana; Arra. Arraroa eta Lurra astinduz lanak ikusteko aukera egon da egunotan.

Durangok itxi ditu ateak, bai, eta gaurkoan dena jaso eta etxera itzultzeko eguna dute sortzaileek. Gerediagak atzo egindako balantzetik aparte, aurtengoak utzitakoaren aztarnaz hausnartzeko. Kasurako, Ahotsenea gunetik igarotako Yolanda Arrietak eta Siroka musika taldeak zuzeneko ordu erdiak utzitako aho zaporea kontatuko digute jarraian.