Asteburuko proposamena

Industria iraultzarako bidaia

Industria iraultzarako bidaia

Natalia Salazar Orbe

Artilea jaso, hari bihurtu, eta hari horrekin ehundutako produktuak ekoitzi. Horixe egiten zuen La Encartada lantegiak. 1892ra atzera egin, eta industrializazio garairako bidaia eskaintzen du izen bereko museoak Balmasedan. Hala azaldu du Begoña Ibarra zuzendariak: "Fabrika bat da ikus daitekeena". Lantegi bat, museo bihurtuta. Hamar urte bete berri ditu era horretan.

1892an sortu zen lantegia, hiribilduko Marcos Arena Bermejillo indianoaren ekimenez. Ehun urte egin zituen martxan, 1992an itxi zuten arte. Oso garai onak, oparoak, ezagutu zituen. Baina zenbait erabaki eta arrazoi tarteko, krisian sartu zen: "Makinetan eta bestelakoetan ez zuten inbertsiorik egin. Azken urteetan, gainera, produktu bakarra egiten zuten: txapela. Eta salmentek behera egin zuten". Ehun urte horietan ekoizpen eredu berari eutsi zioten, gainera: "Ez zen espezializatu, eta produktua garesti samar ateratzen zen".

Izan ere, ekoizpen prozesu osoa La Encartadan bertan egiten zuten. "Lehengaia, artilea, sartzen zen, eta produktua bukatuta ateratzen zen. Prozesu guztiak batean eginda, hainbat lantegi batera egongo balira bezalakoa zen". Hori ere izan zen itxiera eragin zuten arrazoietako bat.

1992a iritsi eta ateak itxi behar izan zituztenean, aldundiak eta Balmasedako Udalak pentsatu zuten "industria ondare garrantzitsua" zegoela han, eta babestu eta mantendu egin behar zutela. 2002an monumentu multzo izendatu zuten. Bost urte geroago zabaldu zituen ateak museo gisa, gizarteari ondare hori erakutsi ahal izateko.

Hilean gai bat da ardatz

Aurtengoa urteurren berezia izanik, hainbat jarduera antolatu dituzte hamar urteko ibilbidea ospatzeko. Museoaren egitekoa ondo ulertaraztea da aurten duten eginbeharretako bat. "Jendeak sarri pentsatzen du tailer txiki bat dela. Inondik inora ere ez. Museoan ikus daitekeena fabrika bat da". Makina guztiak zeuden lekuan kokatuta daude, lantegi gisa dagokien lekuan, alegia.

2017ko hilabete bakoitzean gai bat landuko dute, eta, hori oinarri hartuta, museoko ohiko programazioaz gainera, askotariko jarduerak egingo dituzte. Bihar bertan egingo dute eurenean arrakasta handia izaten duen horietako bat. Familientzako edo heldu eta umeentzako tailerra da: Zer egingo zenuke zuk orain 100 urteko fabrika batean? Bisitariak garai hartako arropekin jantzi, eta, sexuaren eta adinaren arabera, garai hartan egokituko litzaizkiekeen araberako lanetan jartzen dituzte. "Ume txikiek fabrikan ez zuten lanik egingo, baina eguerdian gurasoei edo, bereziki, amari, bazkaria ekartzera etorri beharko zuten". Bisitariei asko gustatzen zaiela kontatu du.

Emakumea protagonista

La Encartadako langile gehienak emakumeak ziren. Beraz, andrea protagonista duen hilabete bat ezarri dute. Martxoa aukeratu dute horretarako. Hainbat jardueraren bitartez islatuko dute zer-nolako baldintza eta egoeratan aritzen ziren beharrean. "Besteak beste, gizonek baino soldata txikiagoak zituzten, eta lan ordu mordoa zuten".

La Encartada 1918an bisita antzeztuan ikusi ahalko da, besteak beste, garai hartako emakumeen egunerokoa. Balmasedako herritar boluntarioek 1918rako bidaian murgilarazten dituzte bisitariak. "Garai hartako hainbat egoera sozioekonomiko azalaraziko dituzte".

1918ko gizartearen errealitatea fabrika batek sortutako ekosistemaren barruan islatuko dute. Eta emakumearen zapalkuntza ere, normaltzat hartzen zena, presente izango da. "Emakume ezkongabe bat da protagonistetako bat. Oso txikia zela sartu zen lantegian beharrean, bertako norbaiten loba zelako. Fabrikan sartu zenetik 40 urte egin dituenera arte dirua berak ez duela sekula ikusi kontatuko du".

Ikastetxeentzako programazioari ere helduko diote. Berdintasunean hezi programa bi emakumek gidatzen dute. "Bata joan den mendeko emakume baten gisan irudikatzen dugu; eta bestea gaur egungoa da". Antzinatik gaur egunera arte egon diren aldaketak azalduta, ikasleek hausnarketa eta eztabaida prozesua zabaltzen dituzte.

"Gaur egungo emakumeak kontatzen die txikia zenetik kontu korronte bat izan duela, eta 18 urte betetzean berak ekin ziola bere dirua kudeatzeari. Besteak ez. Ezkondu aurretik aitari eman behar zion; eta, ostean, senarrari. Ikasketarik ez zeukan, ezin izan zuen ikasi, txikitatik lanean hasi behar izan zuelako. Besteak, aldiz, unibertsitate ikasketak ditu, eta beste lan batzuk egiteko aukera du".

Lekukotasunak

La Encartada museora egiten diren bisita guztiak gidatuak dira, "makina batzuk besterik gabe ikusteak ez daukalako zentzurik; bisita gidatuetan prozesu guztia azaltzen dugu".

Fabrikan antzina zeuden bulegoak ere ikus daitezke. Baita ugazabek bertan zuten etxebizitzaren erreprodukzioa ere. Bulego, etxebizitza eta lantegiari ez zieten nahikoa iritzi museoaren arduradunek lantegi haren erraiak ezagutzera emateko, ordea. "Konturatu ginen fabrika batek pertsonak ere badauzkala: langileak, jabeak, saltzaileak...". Eta horien denen lekukotasunak bideo batean jaso zituzten. Ez dira igaro horrenbeste urte lantegia itxi zutenetik. Beraz, langile ohi asko aurkitu dituzte laguntzeko prest. "Hunkigarria da. Bideoan ikusten da garai onak izan zirela. Euren hitzetan eta keinuetan alaitasun hori nabaritzen da. Lantegia ixtea oso gogorra izan zen. Garai hartan, lantegietan familia osoak aritzen ziren lanean. Penaz hartu zuten itxiera". Urteek baretu dute samin hura. Eta lantegiak ez, baina La Encartada izan zenaren oroitzapenak eta ondareak, behintzat, zutik diraute.

Andreen begirada munduari

Andreen begirada munduari

Natalia Salazar Orbe

Zein da argazkiko emakumea? Non dago? Zeri begira? Zeini begira? Zer ote du gogoan? Zer egin du justu argazkia atera aurretik? Zer egin du justu argazkia atera ondoren? (...)" Danele Sarriugarte idazle eta itzultzaileari Maria Concepcion, argazkilariaren alaba lanak sortzen dizkion galderak dira; argazkiko emakumeari begira jarri, eta hausnarketa sakon batek iradokitakoak. "Zer dela eta aukeratu du Eulalia Abaituak? Nola ezagutu zuten elkar?" Garaiari erreparatutako galderak ere sorrarazi dizkio. Eta hala helarazi dizkie irakurleei: "Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretrata zaitzaten? Zer giza osagai behar da garai horretan emakume izan eta erretratatzeko? (...) Zer uste duzu zuk, irakurle?"

Emakume baten ikusmirak jasotako hamasei argazkiren bilduma osatu du Euskal Museoak; beste hamasei emakumek irudiok iradokitako pentsamenduak eta sentimenduak gaur egunera ekarri dituzte. Horixe jasotzen du Estereoskopiak: 16+16 erakusketak. Bi eduki bat eginez osatu dute lagina. Eulalia Abaitua Euskal Herriko lehen emakume argazkilariak (Bilbo 1853-1943) ateratako argazkiak, batetik. Eta hark jasotakoei begiratuta, gaur egungo beste hamasei emakumek egindako hausnarketak, bestetik.

Duela ia ehun urteko egunerokoaren ondarea iritsi da gaur egunera, Abaituari esker. Iraganari buruzko ia begirada guztiak gizonen ikusmiratik aterata iristen dira, gehienetan. Gainera, sarri asko, begirada horien bidez historiako pasarte garrantzitsuak edo gertakari historiko handiak besterik ez dira islatzen. Horien bidez, ordea, zaila da arbasoen egunerokoari, haien lanari, esfortzuari eta aisialdiari buruzko daturik eskuratzea.

Protagonista ezezagunak

Eulalia Abaituaren lanak horixe eskaintzen du. Eta Euskal Museoak apustu egin du XX. mendearen hasierako pertsona ezezagunen keinuok jasotzeko. Harrituta begiratzen diote askok kamerari. Eta kamera horrek atzean zuen emakumeak begirada berezia eman zien. Horri guzti horri formatu bitxia eman diote museoan, ohikoarekin hautsita. Hiru dimentsiotan ikusteko argazkiak paratu dituzte hormetan. Erakusgai jarri dituztenak anaglifo kopiak dira. Alegia, erliebezko irudiak retro argiztatutako pantailen barruan erreproduzitzeko teknika baliatu dute. Hiru dimentsioko irudiok ikusteko, betaurreko bereziak erabili behar ditu bisitariak.

Hamasei idazleek ere betaurrekook jantzita osatu dituzte argazkien kontaketak. Irakurketok ez dituzte jaso idatziz. Bisitariak ez ditu aurkituko argazkien ondoan. Emakume baten ahotsean entzungo ditu, audiogiden bidez. Ahots bera erabili dute irakurketa guztiak ozen azaltzeko. Bakar bat da desberdina: Uxue Alberdiren hausnarketa. Egilearen beraren ahotsean kantatutako koplen bidez jarri dio musika Atsoa argazkiari.

Sarriugartez eta Alberdiz gain, ondoko beste hamalau emakume hauek jarri dizkiete berbak irudiei: Katixa Agirrek, Aurelia Arkotxak, Yolanda Arrietak, Leire Bilbaok, Itxaro Bordak, Tere Irastorzak, Karmele Jaiok, Mariasun Landak, Miren Agur Meabek, Laura Mintegik, Lourdes Oñederrak, Eider Rodriguezek, Ana Urkizak eta Arantxa Urretabizkaiak.

Erakusketa ikusteko ibilbide finkorik ez dago zehaztuta. Gerturatzen denak nahi duen norabidean abia dezake XX. mende hasierarako bidaia.

Ikusle ugari erakartzen ari da eskaintza bitxia. Museoak Eulalia Abaituari erakusketa bat eskaintzen dion zazpigarren aldia da ondokoa. Eta, hala ere, askok ezagutu ere ez du egiten Euskal Herriko lehen emakume argazkilaria izan zena. Formatuaren bitxikeriak harrapatu egiten ditu haur eta helduak. Begi batean kolore urdina eta bestean gorria duten betaurrekoak jantzi, eta, argazkietako pertsonak gerturatzen ikusita, irribarre urduriak ateratzen zaizkie iraganeko irudien ordez efektu bereziak ikustera ohituta dauden gazteei ere.

Hausnarketarako tartea

Deskribapen hutsak zein interpretazio eta irakurketa sakonak egin dituzte idazleek. Eider Rodriguezek eman dio azalpena Lurra lantzen laiekin argazkiari, eta gaur egungo egoerarekin ere parekatu du laian ari den taldeak iradokitzen diona. Gizon eta emakumeak ari dira bi ziriak lurrean sartu, oinarekin zanpatu eta soroaren barrunbeak ukitu ostean lurra altxatu eta biziberritzen. Denak elkarrekin. "Gu ez gara aldizkari femeninoetan agertzen den mundu murritz horretan kabitzen, ez gara txapeldunari lore sorta emateaz edo balkoiko geranioak ureztatzeaz arduratzen garenak, geure lur eremua loreontzi baten azalera baino askoz handiagoa baita, begira bestela lurraren izerdia gure besapeetan behera korritzen, errekatan, ur jauzietan". Emakumeen egitekoak eta egunerokoak askotan zabaldu nahi diren estereotipoez harago doazela azaldu du hala. Ez gaur egun soilik; iraganean ere, oraindik aitortu ez zaizkien lan ugari eta nekezak egiten zituztela emakumeek. Abaituak irudiz jaso zuena berbaz azaldu du Rodriguezek.

Bi emakume errekan ageri dira beste batean. Haitzen gainean jarrita: bata, oihalez betetako otzara bat buru gainean duela, zutik; bestea, makurtuta, ura hartzeko itxuran. Gizonak protagonista dituen irudirik ere badago. Peoiak eremu basogabetu batean beharrean lana da horren eredu bat. Beharginak lanean ageri dira. Batzuk geldi, Abaituaren kamerari begira, harrituta. Itxuraz eraikitzen ari diren bidea gaur egungo herritarrek zapaltzen dutena balitekeela pentsaraztera bultzatzen du bisitaria Katixa Agirrek.

Idazleak aitzindaritzat ditu protagonistak. Bai beharginak eurak, bai Eulalia Abaitua. Argazkilariak merezi duen protagonismoa aitortu aldera, haren bizitza markatu zuten Bilboko lekuetan barrena ibiltzeko bisita gidatua antolatu du museoak, biharko. 11:30ean abiatuko da Eulalia Abaituaren Errepublika independentea, Begoñako katedraletik.

Argazkiek gaur egun sortzen duten jakin-mina nagusi da irakurketetako askotan. Hala transmititzen diote hausnarketek bisitariei ere. Nortzuk ote ziren, zehatz, Eulalia Abaituak erretratatu zituen protagonistok? Zergatik eta nola aukeratu zituen? Egindako argazkien kopiarik eramango ote zuten etxera? Argazkirako jarrita daude denak, ala batzuk benetan harrapatu zituen eguneroko eginbeharretan? Eta argazkiaren ostean, zer? Zer-nolakoa zen garai hartan bizitzea? Iragan hark sortu du gaur egungo ondarea; eta etorkizunekoa eraikitzeko bidea ere bada. Hausnarketarako eta gozamenerako irudi sorta zain izango du orok, martxora bitartean.

Mundua, eder eta gordin

Mundua, eder eta gordin

Natalia Salazar Orbe

Azeri baten itzalaren babesean ezkutatzen dira hegaztiak, landareak, itsaspeko mundua, ugaztunak, bestelako animaliak eta paisaiak. Natura bizia, basatia, gordina zein gizakiaren esku hartzeak sortutakoa jasotzen du Izadiaren argazkilariak 2016 erakusketak, Bilboko Ondarearen Aretoan. Aurtengo Wildlife Photographer of The Year lehiaketan parte hartu eta saritu dituzten edo aipamenak jaso dituzten lanak daude ikusgai bertan: 85, denera.

Itzal eta silueta ikusgarriak islatu dituzte egileetako askok. Erresuma Batuko Richard Peters egilearen Ibiltaria itzalen artean argazkiak egiten dio harrera bisitariari aretoaren sarreran. Hura da lehiaketako argazki irabazlea. Azeri bat janari eta abentura bila hirian murgildu den antzera abiatzen da erakusketaren bidaia ere.

Begiak aretoko argiztapenera egokitu bezain laster jakin-minaren gosea pizten da. Hula ibaiean arrantzan arratsean Juan Carlos Muñozen lanean, zankaluze bat janari bila ari da arrain haztegi batean, sakonera gutxiko uretan. Zer dago ur azpian? Zer ezkutatzen du ilunabarrak? Hegaztiaren ikusmiraren inbidia sortzen da naturak ezkutatzen duena sumatu nahiez.

Itzalek kolore biziei eman diete lekukoa barnealdean. Harrituta begiratzen duen zingira hontzak areto zabalerako bidea zabaltzen du, bere begi sakonen bidez, barrenera sartzeko gonbita eginez. Matteo Lonati italiarraren Argituta izeneko lan horrek ematen dio bukaera hegaztien atalari.

Natura hila

Natura bizia gailentzen da erakusketan, baina natura hilak ere leku garrantzitsua hartzen du. François Nowickiren Zutik lana da horren adierazle nagusietako bat. Hontza bati atera zion argazkia, zuhaitz hil baten barrenean. Hontzek habiak egiteko zuhaitz hilek urte luzez izan duten garrantzi handia azpimarratu nahi zuen artistak berak: "Espero dut aurrerantzean ere horrela izatea, eta zuhaitza ez botatzea", adierazi du.

Gauez ibiltzea maite duen hegaztiak ortzadarraren koloreak lumetan zabaltzen dituen basoilarra du atzetik. Eguzkiaren izpiek basoilarraren lumetan islatuta sortutako dirdirak jaso ditu Bernt Ostus norvegiarrak. Barrurago, lehoien arteko Maitasuna euripean argazkiak xehetasun osoz irudikatzen ditu abereon keinuak, eta baita burua astintzean askatzen diren euri tantak ere.

Mundua iruditan, eta, aldi berean, hura deskubritzeko bidea. Horixe bera azaltzen du argazki lagin horrek. Bizitzaren zikloa dakar gogora Alemaniako Dirk Funhoffek Lehen begirada munduari lanarekin. Itsas txakur gris bat erditzen ageri da. Irudia ez da nolanahikoa, ordea: zaku bitelinoaren barruan dagoen arren, kumeak begiak zabalik ditu. Mundua ezagutzeko irrikaz dago, datorrenaren jakin-minez. Hala sentiarazten du bisitaria bera ere.

Ekosistemen garrantzia eta iraupena ezin era horretako lagin batetik kanpo geratu. Kamtxatka penintsulako Kurika aintziran (Siberia, Errusia) hartz arre bat ageri da, izokinak harrapatu nahian. Uda guztietan hartz mordoa elkartzen dira han, urtaro horretan milioi eta erdi izokin baino gehiago joaten baitira arrautzak errutera. Hartzek ondo elikatu behar dute hibernatzeko nahikoa baliabide izateko. Hori dela eta, 25 arrain baino gehiago hartu behar dituzte egunean. Argazkiko hartz gazteak ez dauka behar besteko trebetasunik oraindik, ordea. Izokinek alde egiten dioten unea harrapatu du argazkilariak.

Beraz, argazki aproposa, profesionalak hausnartu ostean lortu nahi zuen perfektua, ez da bat-bateko klik batekin ateratzen. Lan ordu asko eta esfortzu handia dituzte atzean erakusgai dauden argazkiek. Laurent Geslin frantziarrak milaka ordu eman zituen Suitzan katamotz herabe bat kamerarekin harrapatu nahian.

Gizakiaren esku hartzea

Hegaztiak eta ugaztunak ez dira protagonista bakarrak. Armiarmak, barraskiloak, Komodoko dragoiak, dortoka gazteak itsasorako bidean hondar beroa zeharkatzen... Denetariko espezieak biltzen ditu erakusketak, euren habitatean. Eta gizakiaren esku hartzea ere ezin zen kanpoan gelditu. Batzuetan, naturaren isla magikoa itzali eta gizakiaren zakarkeria geratzen da agerian. Murtzian, izkirak harrapatzeko sare batean harrapatuta geratu den itsas zaldia da horren eredu.

Bestalde, kontzentrazio esparruak gogorarazten ditu foka batek. 2001. urtera arte, Errusiako Medni uharteko itsas lehoiak zenbaki batzuekin markatzen zituzten, haien jokabidea kontrolatu eta migrazio ibilbideak aztertzeko. Argazkikoak M352 hizkia eta letrak dauzka; Sergei Xaninena da obra.

Argazkien edertasuna eta zabaldu gura duten mezuari buruzko informazioa emateaz gain, azalpen tekniko eta artistikoak ere jaso ditu Ondarearen Aretoak lan bakoitzaren ondoan. Hala, trebakuntzarako funtzioa ere betetzen du erakusketak, argazkilaritza zaleei teknika askotarikoak erabilita lor ditzaketen emaitzak ikasteko aukera ere emanez. Gero eta gehiago baitira munduaren irudiak jasotzeko argazkilaritzara jotzen duten zaleak.

Ozeanoak izar koloretsuak zelan besarkatzen dituen; marrazki bizidunetakoa dirudien inurri bat goroldio baten zurtoinetik ur tantak edaten; eta ekinodermo izeneko itsasoko izaki bizidunaren egitura bitxia, batetik. Aurrez aurre, zaborrez betetako eremu batean janari bila ari diren zikoina zuriak ageri dira. Mundua bera da: eder eta gordin.

Kulturen aniztasuna plaza bakarrean

Kulturen aniztasuna plaza bakarrean

Natalia Salazar Orbe

Tradizioek kulturan duten eraginaren isla izan ohi dira bateko eta besteko herri musika eta dantzak. Horixe erakutsiko dute Barakaldon, gaur hasita, Herrien arteko XX. Folklore Jaialdian parte hartzen duten taldeek. Galiziako eta Avilako ordezkariak izango dira, jaialdia antolatzen duen Ibarra-Kaldu taldeaz eta Balmasedako Eguzki dantza taldeaz gain. Ibarra-Kaldurentzat aldi berezia izango da, eta ez XX. jaialdia delako soilik, baita mende erdia bete duelako ere.

Biharko ekitaldian A Coruñako Catalmibre Tradicional eta Avilako Urdimbre taldeek egingo dute erakustaldia. Galiziarrak lehenago ere egonak dira Barakaldoko jaialdian. Hala ekarri du gogora Aitor Gorostizak, Ibarra-Kaldu taldeko kideak: "Oso inpresio ona utzi zuten. Galiziako dantza alai eta biziak egiten dituzte, gaita banda eder batek lagunduta". Urdimbre ez dute ezagutzen, baina hari buruzko "oso erreferentzia onak" dituzte.

Barakaldo antzokian egingo dute ikuskizuna. Han izango da talde anfitrioia ere. Bakoitzak ordu laurdeneko saioa egingo du bihar. Domekan, Balmasedara eramango dute erakustaldia. Urtero aukeratzen dute Barakaldotik kanpoko herri bat jaialdia hara ere zabaltzeko: "Hala, beste udalerri batzuekin partekatzen dugu jaialdiak dakarkiguna; batez ere, kultura zirkuitu nagusietatik urrun dauden udalerriekin egiten dugu. Helburua da kultura zabaltzea, eta ahalik eta jende gehienak bestelako folkloreak eta kulturak ezagutzeko aukera izatea".

Horrez gain, tokian tokiko taldeei bultzada bat ematea ere badute xede: "Haiei uzten diegu egun horretan Euskal Herriko folklorea erakusteko ardura. Hala, jaialdira datozen kanpoko taldeen ondoan, euren herrietan egiten duten lana ikusaraz dezakete". Hogei minutuko ikuskizuna eskainiko du talde bakoitzak.

Bestalde, gaur musika izango da jaialdiaren protagonista, urtero jaialdiaren lehen egunean gertatzen den legez. Kanpoko taldeak ekarri ohi dituzte. "Aurten, XX. urteurrenaren harira, txistu kontzertu berezi bat antolatu dugu, orain egiten direnen antzekoa: abesbatzak eta metalek lagunduta". Bilbao Musikako kide Jasone Akizuk zuzenduko du. Eta Dzipoo eskolako abesbatzak ere parte hartuko du. Kilika bertso eskola ariko da aurkezpen lanetan. Horrez gain, Ibarra-Kaldu taldeko musikariek ere zerbait prestatu dute, propio, ikuskizunerako.

Argazki erakusketa batek osatzen du jaialdiaren egitaraua. Hilaren 15era bitartean egongo da ikusgai Clara Campoamor kultur etxean. Herrien arteko Folklore Jaialdiaren atzera begirakoa osatu dute. "Hogei urteotan jaialditik pasatu diren talde guztien emanaldiak gogorarazteko argazki bilduma ederra da". Bideo bat ere ikusgai dago emanaldietako unerik ikusgarrienak gogora ekartzeko.

Ametsa, egia bihurtuta

Aspaldidanik taldeak zuen ametsa egia bihurtzen ikusi zuen duela hogei urte. "Euskal Herriko hainbat taldek egiten zituzten jaialdiak ikusita, guk ere gurea antolatu nahi genuen". Bat-batean sortu zitzaien aukera. "Asturiasko talde batek hara joatera gonbidatu gintuen, bisiten trukea eskainita. Haien gonbitari erantzun beharrak eman zigun aspaldiko ametsa gorpuzteko bultzada".

Orduz geroztik igaro diren urte guztietan, hainbat talde ekarri dituzte Barakaldoko agertokietara. Euskal Herriko eta estatuko dantzari eta musikariez gain, Belgika, Andorra eta Portugalgo ordezkariak ere izan dituzte. Eta ikusleek eskertu egiten dute Ibarra-Kalduren esfortzu hori: "Urtetik urtera jende gehiago erakarri du jaialdiak".

Beste kultura adierazpen batzuk ezagutzeko aukera ematen duela eta, oso interesgarritzat jo du era horretako jaialdiek egiten duten ekarpena. "Gainera, gure kultura hemendik kanpo ezagutarazteko bidea zabaltzen digu, trukeen bidez".

Taldearen hastapenak

Herrien arteko Folklore Jaialdia sortu baino 30 urte lehenago hezurmamitu zen herrian benetan zegoen amets eta nahi sakona. 1966a zen. Frankismoaren diktadura indarrean zegoen. Eta bide ofizialaren aldekoa ez zen elkarterik apenas zegoen. Beurko-Bagatzako gazte talde batek auzoan kultur elkarte bat sortu nahi zuen. "Gure elkarteak nola eta dantzan egin zituen lehen urratsak, dantzari taldea izan baitzen elkarteak eman zuen lehen kimua; sortu eta atoan". Baliabiderik gabe eta batere laguntzarik gabe abiatu zuten bidea: "Irabazi asmorik gabe, nork bere apurra jarrita, eta auzolanean. Orain dugun egoera ahalegin eta sakrifizio askoren gainean dago eraikita".

Gaur egun 2 eta 55 urte arteko 120 kide inguruk osatzen dute; dantzariak eta musikariak. Hala ere, elkartearen inguruan askoz jende gehiago ari da lanean, "aldian-aldian antolatzen ditugun jarduera eta ekitaldietan, auzoan oso errotuta egon garelako beti. Taldea Bagatzan sortu zen, auzoarentzat eta auzoari esker".

Euskal Herri osoko dantzak egiten dituzte plazetan eta agertokietan. Garai guztietakoak: zaharrak eta berriagoak, "kultura eta folklorea etengabe biziberrituz doazelako". Alardeetako esparruaz harago ere aritzen dira. "Talde diziplinatik kanpo daudenei ere helarazi nahi diegu dantza, erromeria dantzen ikastaroak eginez. Taldeok ez baikara dantza ondarearen jabe bakarrak: dantza guztiona da, herriarena".

Ibilbide luzea bezain emankorra izan da Ibarra-Kaldurena. Pasadizo mordoa ere kontatzeko modukoak dira. Gogorarazten hasita, liburu bat idazteko beste abentura oroitu ditu Gorostizak. Hori dela eta, taldearen historia laburbiltzen duen liburua egin dute. "Taldeetako adinekoek gogoan dute nolakoak izaten ziren garai hartako dantza emanaldiak: beti baimena eskatu beharrean. Eta, gero, poliziaz inguratuta egin behar izaten zuten dantzan, zelatan, euskal usaina zerion edozer susmagarria zelako".

Urteek aurrera egin ahala, bizipen samurragoak egokitu zaizkie. Baita elkartasuna agerian uzten dutenak ere: "Elurra zela eta, Andorrara heldu ezinik geratu ginen behin. Bidean aterpe eman zigun herrian bertan egin genuen emanaldia, harrera eta laguntza eskertzeko".

Taldearen izena, berau eratu zen garaiko giro soziopolitikoaren eraginez aukeratu zuten. Elkartea sortu aurreko urteetan zabaldu zen Barakaldo izenak burdinolen edo galdategien ibarra esan nahi zuela. "Garai hartan gure udalerriak ukaturik zuen euskaltzaletasuna aldarrikatzeko modu bat iruditu zitzaien sortzaileei. Etimologiaren aldetik izenak ez zuen batere oinarririk, ordea. Ilusio bat zen". Baina ilusioek izaten dute ametsak gorpuzteko eta proiektu sendoak abiatzeko indarra. Horren erakusle, Ibarra-Kalduren 50 urteko ibilia.

Haur eta gazteentzako 120 film Zinetxiki zikloan

N. S. O.

Zinetxiki zikloa iritsi da, lehenengoz, Bilbora. Batik bat, haur eta nerabeentzako filmak eta jarduerak prestatu dituzte. Denera, 120 film eskainiko ditu, familia osoarentzako saioetan eta ikastetxeetan egin dituzten emanaldietan banatuta. Hamabost herrialdetan ekoitzitako lanak dira. Joan den astean hasi zen, eta gaurtik domekara bitartean, 38 saiorekin gozatzeko aukera izango da.

Hainbat kategoriatan nazioarteko lehiaketarako deialdia eginda, 500 lanetik gora jaso dituzte: film laburrak eta film luzeak. Horietatik 51 aukeratu dituzte sei kategoriatan parte hartzeko: adinaren arabera bereizitako lau atal, Egile Berrien lanen aurkezpena eta Zine Eskolek egindako filmen aurkezpen atala. Zinema egileen belaunaldi berrien aldeko apustua egin du Zinetxikik.

Haur eta nerabeentzako zinema zikloak programa berezi bat eskaini du eskoletarako: haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako, bigarren hezkuntzako eta batxilergoko zikloetarako. Hainbat ikastetxetako 1.500 ikaslek baino gehiagok hartuko dute parte saio horietan guztietan. Ziklo bakoitzerako proiekzio bereziak antolatu dituzte. Horrez gain, ikasleek eskoletan lan ditzaketen gida didaktikoak banatu dituzte antolatzaileek, osagarri moduan.

Jatorrizko bertsioak

Lehiaketatik kanpo, Zinetxikik hainbat film emango ditu jatorrizko bertsioan. Saio horiek Bilborocken, Arte Ederren Museoan, Docken, El Carmen aretoan, Itsasadarra Itsas Museoan eta Fnac saltokian izango dira.

Japoniar Animazioaren atzera begirakoa da nabarmendu daitekeen sailetako bat. Hayao Miyazakiren lanak ditu protagonista. Bihar eta etzi bi film proiektatuko dituzte: Nausicaä eta Arrietty. Biak ala biak El Carmen aretoan ikusi ahalko dira, 19:00etatik aurrera.

Estreinaldiak atalerako animazioko zazpi film luze eta film labur bakarra iritsi dira, lehenengoz, Bilbora. Bihar Mune, Ilargiaren zaindaria ikusi ahalko da, Arte Ederren Museoan, 18:30etik aurrera.

Haurrak, protagonista

Beste Begirada atalerako hainbat adinetako umeak protagonista dituzten filmak aurkeztu dituzte. Errealitate sozial desberdinei buruz ikuspuntu komuna duten lanak dira. Igandean, Danimarkako Antboy eta Mexikon egindako Little Boy emango dituzte.

Sail berezia antolatu dute Zinetxiki zikloan Zinearen Magia eta Iraganerako Bidaia ataletarako. Animazioko zineman aitzindari izan diren hainbat egileren lanak bildu dituzte bertan. Igandean hamabost saio eskainiko dituzte, Arte Ederren Museoan eta El Carmen aretoan. AEBetako, Brasilgo, Frantziako, Suitzako eta Erresuma Batuko lanak izango dira. Film laburrak dira guztiak. Filmik luzeenak 20 minutuko iraupena du. 11:30ean hasita emango dituzte.

Haurren Nazioarteko Lehiaketaren barruan parte hartzen duten hainbat film ere ikusteko aukera izango da datozen egunetan. Nazioarteko lehiaketako egileen, Zinema Eskoletakoen eta egile berrien lanak ere emango dituzte.

Musika, alde guztietatik

Musika, alde guztietatik

Natalia Salazar Orbe

Musikarekiko lotura estua dauka Urduña herriak. Datuek hala uzten dute agerian: 4.000 biztanle pasatxo ditu, eta musika talde ugari; denetarikoak: Santa Zezilia musika banda, abesbatza bat, Getxa Goi txistulari taldea, Kolektibo Liborio musika taldeen elkartea, hainbat musikari profesional eta euskal musika tresnen Fita Fik eskola. Era horretako herri bat izanik, aspalditik ospatzen dute musikarien eguna. Azken urteetan, denek elkarrekin antolatu dute. Hala, hilaren 22a Santa Zezilia eguna dela eta, Urduñako Musika Astea egingo dute.

Gaur hasita, bi asteburutarako hogei kontzertutik gora prestatu dituzte, eta hainbat jarduera. Betiere, "musika bizitzara ekartzeko asmoz. Nahiz eta berez Urduña herri musikala izan, eta musikarekin harreman zuzena duen". Hala azaldu du Eriz Perezek. Santa Zezilia bandarekin batera Musika Astea antolatzen duen Kolektibo Liborio elkarteko kidea da, eta Kultura zinegotzia.

Denetariko musika estiloez gozatzeko aukera emango du jaialdiak: rock, blues, pop, jazz, runba... Aurten berritasunak ere izango dira, gainera: "Bolero talde bi izango dira, rockabilly taldeak, flamenkoa, kubatar musika eta funkya. Denetarik dago entzuteko. Edozein gunetan edozein kontzertu" aurkituko dute bertakoek eta bisitariek.

V. Poteo Musikalaren barruan egingo dira kontzertu gehienak, Kolektibo Liborio elkarteak antolatuta. Bospasei tabernatan egiten dira saioak, aldi berean. Eguerdi edo gau aldera antolatzen dituzte kontzertuok. "Urduñan, jende ugari elkartzen duten lekuak dira tabernak". Hala, musika eramaten dute gune horietara. Virginia Alonso eta The Pushermen ariko dira gaur, lehen saioan.

Bihar eta etzi egingo dituzte aldi berean talde gehien elkartuko duten bi saioak. Arrakasta handiko ekitaldia izan ohi da. "Jendeak eskuko egitaraua hartzen du, eta tabernaz taberna joaten da leku bakoitzean zer dagoen entzutera".

Jarduera berezia

Urteekin kontzertu saioak antolatzen eta egokitzen asmatu dute. "Lehen aldian hamar kontzertu egin genituen aldi berean. Baina jendea kexatu egin zen, ezin zituztelako talde guztiak ikusi. Beraz, moldatu egin ditugu". Jarduera "bitxia" da. Eta, aurten, taberna gehiagok bat egin dute proiektuarekin.

Herriko musikari askoren lanak bertatik bertara ezagutzeko aukera ematen du jaialdiak. Beti izaten dute lekua Musika Astean. The Pushermen, Versen, Peri & Gros, Siroka... Harrobi handia eta kalitatezkoa eta profesional mordoa dituzte Urduñan.

Agertokiei dagokienez, hainbat izango dira: Romulo, Mugalde eta Amnesia Inn tabernak, besteak beste. Foru plaza, gaztetxea, Alondegia, Andra Mari eliza eta herriko kaleak ere astinduko dituzte batzuen eta besteen soinuek.

Izan ere, musika modernoaz gain, klasikoak eta herrikoiak ere izango dute lekua. Urduñako musika taldeen kontzertuak emango die hasiera ospakizunei, gaur. Hainbat taldek parte hartuko dute: Fita Fik musika eskolak, Biguri eta Barcina jota abeslariek, herri kantak abesten dituen taldeak, Fernando Egiluzek, Urduñako Oilarrak taldeak, Getxa Goi Txistu taldeak, Urduñako Abesbatza elkarteak eta Santa Zezilia bandak.

Bestelako jarduera bitxi bat ere prestatu du bandak berak: Kontzertua familian. Datorren asteko ostiralean egingo dute, Alondegian. Zinemako, telebistako eta telesailetako soinu banden abestien kontzertua emango dute. Jarduera horrek ez daukala berritasunik aitortu du bandak berak. Baina, musikaz gain, bideo zatiak eta mozorroak ere baliatuko dituzte.

Familia osoarentzako ikuskizuna izango da. Hala iragarria zuen Jesus Urrutia Graciak. Santa Zezilia bandaren zuzendari gonbidatua da bera: "Denek gozatuko dute, adina gorabehera. Oso melodia ezagunak ditugu esku artean: Game of Thrones telesailarena eta The Magnificent Seven filmarena, kasurako. Haurrentzako filmen doinuak ere izango dira. Musikaren festa handi bat izan dadin saiatuko gara".

Berritasunak eta emozioak ematen diote xarma musikari, haren esanetan. "Jendeak gustuko izaten du musika klasikoa, eta ez da galdu behar; beti egongo da hor. Esperimentatzeko aprobetxatu behar dugu, ordea, eta gauza berriak egin behar ditugu".

Urteetan musika talde edo eragile bakoitzak bere kabuz antolatzen zituen musika emanaldiak bateratu egin ditu Musika Asteak. Santa Zezilia bandak lan handia egin du hainbat urtetan. Hala sinetsita dago Eriz Perez. "Oso garrantzitsua da musika banda bat izatea Urduña bezalako herri txiki batean. Tradizio handiko elkartea da". Taldeak egitarau propioa du jaialdiaren barruan.

Musika Astearen sustraiek heldu diote Urduñari; urteekin finkatu egin da jaialdia. "Jendea zain izaten da, euren agendetan sartua izaten dute". Etorkizunean ere bide horretatik jarraitzeko modua izan nahiko lukete. Eta berritasunak ere ez dituzte baztertu. "Ondo legoke pauso bat aurrera ematea". Hori lortzeko bidea egiten lagunduko dieten bidelagunen bila jarraitzen dute. "Bisitariei bertaratzeko deia egin nahi diegu. Asteburu bakar batean hogei kontzertutik gora ikusi ahal izango dituzte gurea bezalako herri txiki batean".

Hitzek utzitako ondarea josiz

Hitzek utzitako ondarea josiz

Natalia Salazar Orbe

Nire aipamenak izango dira beste laurogei urtean". Hala iragarri zuen Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita bertsolariak. Eta asmatu egin zuen gipuzkoarrak. Txirrita eta aurten euren jaiotzen zein heriotzen urteurrenak betetzen dituzten egileak gogoan izango dituzte hileon, Durangon, Hitzari Gorazarre zikloaren bidez. Gaur hasi eta azaroaren 18ra bitartean hainbat jarduera eta ekitaldi egingo dituzte literaturaren arloan garrantzi berezia izan duten egileak gogora ekarriz.

"2016 urte berezia da literaturaren arloan, hainbat idazleren urteurrena delako. Entzutetsuenak Shakespeare eta Cervantes dira, baina badira beste hainbat ere". Gertuagora etorri, eta hemengo idazleak ekarri ditu gogora Eneko Barberena Plateruena kafe antzokiko zuzendari eta Hitzari Gorazarre zikloaren antolatzaileak. 400 urte igaro dira William Shakespeare eta Miguel de Cervantes literatura ingelesaren eta espainiarraren adierazlerik nagusienak hil zirela. Aldi berean, 150 urte igaro dira Evaristo Bustinza Lasuen Kirikiño irakasle, poeta, kazetaria eta idazlea jaio zela; 110, Felipe Arrese Beitia idazle eta poeta hil zela; eta, 80, Jose Manuel Lujanbio Retegi Txirrita hil zela. Durangon gertaera horien inguruan zerbait euskaraz egin behar zutela iritzita, herriko zenbait eragile elkartu ziren. Berbarok, Karrika antzerki taldeak, Plateruena kafe antzokiak, Udal Bibliotekak, San Agustin kulturguneak eta Gerediaga elkarteak antolatu dute zikloa, udalaren laguntzarekin.

Hala, herritarrei idazle horiek eta haien obra gogorarazteko ahalegina egingo dute herrian. Josemari Carrereren Ipuin berriak saioak emango die hasiera jardunaldiei, gaur. "Egile horiek oinarri hartuta, ipuin kontaketa egingo du. Denak josten saiatuko da ipuinen bidez".

Miguel de Cervantesen obra ezaguna izango du hizpide hilaren 9an Koldo Izagirre idazleak. Musde Kixot zaldunaren mentura ikaragarriak euskaldunon munduan izenburupean, hitzaldia emango du Plateruena kafe antzokian. Modu bitxi batean egingo du Euskal Herriarekiko, eta, zehatzago, Bizkaiarekiko lotura: "Kixote obran dagoen euskaldunon presentzia aztertuko du. Zehatzago, bizkaitarrak azaltzen diren pasarteen berri emango du. Koldok ohiko zorroztasun eta umorez aztertuko du nola agertzen garen islaturik obran".

Bertsolariek hartuko diete lekukoa ipuinei eta kontakizunei. Hala ere, ikus-entzuleek ez dute ohiko bertso saiorik espero behar. Bertso trama antolatu dute azaroaren 11rako. Josu Goikoetxeak idatzitako trama irakurriko du egileak berak, eta narrazio hori bertsoarekin uztartuz joango dira. Horretarako, lau bertsolarik hartuko dute parte ekitaldian: Jon Maia, Miren Amuriza, Eneko Abasolo Abarkas eta Txaber Altubek. "Bertsolariak Josuk egindako narrazio horretan kokatzen joango dira, eta narrazio horretan parte hartuko dute bertsoak abestuz".

Azaroaren 12rako bi ekitaldi prestatu dituzte. Hozkailu barruan lotan literatur instalazioa aurkeztuko dute Miriam Peñak eta Peru Magdalenak, batetik. 9 eta 12 urte arteko haurrentzat da, eta parte hartu nahi duenak aurretik izena eman behar du.

Durangoko kaleetan barrena ere literatura ibilbidea egiteko aukera eskainiko du Gerediaga elkarteak. Hain zuzen, Durangaldeko idazleak Durangon zehar ibilbide literarioa antolatu du. "Durangoko kaleetan hainbat erreferentzia daude idazleei eta literaturari buruz". Hainbat idazle izango dituzte hizpide: Bizenta Mogel, Felipe Arrese Beitia, Kirikiño... "Durangon idazleek duten isla agerrarazteko" baliatuko dute ibilbidea. Hor parte hartzeko ere beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Irakurle kluba ezin zen geratu ziklo horretatik kanpo, noski. Hala, azaroko saioan, Shakespeareren Hamlet obra aztertuko dute. Hilaren 16an izango da. Danele Sarriugartek dinamizatu eta gidatuko du saioa.

Idazle ingelesak protagonismo berezia hartuko du Durangoko zikloan. Karrika antzerki taldeak ere inspirazio iturri gisa hartu du azken egunean taularatuko duen antzezlana konposatzeko: Deshakespearezioa lana egiteko, Shakespeareren hainbat testu uztartu ditu taldeak. "Horiek oinarri hartuta, gaur egungo testuingurura ekarri, eta jolas egingo dute. Hainbat atalez egindako obra bat izango da". 22:00etan antzeztuko dute.

Denak dira estreinaldiak

Barberenak ez du izan askoz gehiegi aurreratzerik zikloko antzezlan, hitzaldi eta bestelako jarduerei buruz. Izan ere, ekitaldi eta lan guztiak ziklo horretarako espresuki sortuak dira. "Dena estreinatuko da zikloaren barruan".

Euskarazko sorkuntzari eta euskarazko sormen lanari bultzada emateko modu bat ere bada Hitzari Gorazarre. Abenduan herrian bertan egingo den Durangoko Disko eta Liburu Azokaren atarietan gauzatuko dute. Hala ere, "ekimen independente bat" da: "Argi genuen 2016an egin behar genuela. Abenduan azokak duen protagonismoa ikusita, eta urrian herrian jaiak izanik, azaroa zen datarik aproposena". Zikloak ez du jarraipenik izango, printzipioz. "Unean uneko zerbait izan da".